Azken bolada honetan, edozein egunetan, mota guztietako komunikabideetan gure herriarentzat zama larria den langabeziari buruzko hainbat aburu eta iritzi agertu direla ikusirik -eta guzti-guztiak begirunez entzutea merezi dutelarik-, langabeziari aurre egiteko neurriak ahaztu gabe, gure sailaren hausnarketak eta gogoetak agertzea ere komenigarria ez ezik, beharrezkoa, areago, ezinbestekoa ere delakoan, egunkari honetan argitaratzen diren artikuluetako baten bidez gure gai lazgarri honetarako jarrera eta jitea helarazi nahi dut zuregana.

Ikusten denez, idazlea jira-biraka dabil, hainbat ideia errepikatuz, zioa, nahiak eta gaia nahastuz. Eta ez hori bakarrik, zazpi lerroko esaldi bakarrean mendeko perpaus ugari sartuta, irakurketa zangotrabatu ere egin du. Ez ote litzateke hobe izango ideiak esaldi txikiagotan bildu eta errepikakeriak saihestuko bagenitu?

Azkenaldi honetan, langabeziari buruzko iritziak sarri agertu dira komunikabideetan. Ezin ukatu iritzi guztiak entzutea merezi duela; ezinbestekoa da, arazo larria baita gure herrian. Horregatik, gure sailaren hausnarketak ere ekarri nahi ditugu orrialde hauetara, gure sailaren jarrera agertzeko, baita langabeziari aurre egiteko zein neurri hartu edo proposatu ditugun.