DIALOGOSRB.net PROIEKTUAREN EMAITZAK. Garapen Iraunkorrerako ezagutza praktikoak
DiálogosRB.net Espainiako Biosfera Erreserben Sarearen (RERB) ezagutza-sare bat da. Honako biosfera-erreserba (BE) hauek ordezkatzen dute: Allariz ingurua, Bernesga gaina, Montseny, Nieves mendilerroa eta Lanzarote. Emaitzak BE horietako kudeatzaile eta teknikarien, zenbait unibertsitateko zientzialarien eta BEen esparruko adituen arteko eraikuntza-lan saretuaren ondorio dira. Alde batetik, DiálogosRB.net taldea osatzen dutenak daude; beste alde batetik, kanpoko beste partaide batzuk.
DialogosRB.net-en ezagutza aipatutako biosfera-erreserbetan gauzatutako garapen iraunkorraren esparruko bost esperientzien azterketatik lortu dira. Sare-lana 2017aren hasieran abiarazi zen proiektuko taldearen zirkuluan; ondoren, landa-lanaren bidez informazioa gehitu zen, eta, gero, kanpoko partaideentzat irekitako lana egin zen. 17 taldekideez gain, sarean beste 38 pertsona aritu dira, esperientzien inguruko informazioa ematen, proposatutako eztabaidagaiez eztabaidatzen edo proiektuaren materialak unibertsitateko irakaskuntza-praktiketan aplikatzen.
Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO katedrako koordinatzaile Miren Onaindia DiálogosRB.net taldeko kide izan da. Bestalde, proiektuko kideek katedraren zenbait jardueratan hartu dute parte.
BEak baliabideen kontserbazioarekin eta biztanleriaren garapenarekin konprometitutako arloak dira, UNESCOk MAB programaren (Man and Biosphere – Gizakiak eta biosfera) esparruan aitortuak. Helburuetako bat da garapen iraunkorreko ereduak aplikatzea gizartearekin, ekonomiarekin eta ingurumenarekin lotutako hainbat egoeratan.
Lankidetza ere ekimen honen jatorrian dago. Hain zuzen ere, bost BEetako erakunde arduradunen eta Ramón González Ferreiro fundazioaren (Allariz) arteko akordioaren ondorioa da. Era berean, talde teknikoak ezagutzen eraikuntza partekatuko metodologiarekin egin du lan: bakoitzak bere esperientziaren alderdi egokiena eman du helburu partekatua erdiesteko.
Garatzeko, Biodiversidad fundazioaren babes ekonomikoa erabili da, baita Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioarena ere.
Bestelako dibulgazio-agiri laburrez gain, emaitzen artean hauek daude:
- Aztertutako garapen iraunkorreko bost esperientzien deskripzio zehatza.
- Garapen iraunkorrerako ezagutza praktikoen sintesia.
- Artikulu zientifiko bat biosfera-erreserben egokitze-zikloaren ikerketaz.
- Partaidetza-ikerketako prozesuaren emaitzaren ebaluazioa.
- Garapen iraunkorrari buruzko jardunaldien emaitzak. Jardunaldiak 2017ko azaroaren 7tik 15era bitartean egin ziren.
- Irakaskuntza-erabilera unibertsitatearen esparruan eta aholkuak DiálogosRB.net-eko materialen irakaskuntza-aplikaziorako.
- Ezagutzaren eraikuntza partekatua lortzeko aplikatutako metodologiaren azterketa.
DiálogosRB.net-en emaitzaren hartzaile potentzialak dira garapen iraunkorraren (alderdi guztiak) aplikazio praktikoaren inguruko interesa duten pertsona guztiak: garapenaren planifikatzaileak, zientzialariak eta jakintsuak, eta, oso bereziki, garapenaren esparruko profesionalak eta garapen iraunkorrerako profesionalak prestatzen dituztenak.
DiálogosRB.net proiektuaren helburu nagusia da garapenean iraunkortasun-irizpideak txertatzen laguntzea, prestakuntza- eta hausnarketa-elementuak emanez aplikazio praktikoan esku hartzen duten guztiei. Emaitzek edukiak eta iradokizunak eman ditzakete Nazio Batuen Agenda 2013ko Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) bateratu daitezkeen garapen-ereduen inguruko edozein eztabaidatan. Proiektuaren edukiei dagokienez, bi arreta-gune nabarmentzen dira: egungo beharrizanei egokitutako landa-garapeneko ereduak sortzeko beharrizana eta profesional gaituen prestakuntzaren premia, garapen iraunkorreko modalitateak dinamizatzeko hainbat egoeratan.
Sarearen lan-jardueran sortutako agiriak proiektuaren webgunean lor daitezke (DialogosRB.net edo DialogosRB.es).
Lan-talde