Planetaren ekosistemen kontserbazio egoeraren gainean ez zegoen ebaluazio global eta sistemikorik, 2001ean Nazio Batuko Idazkari Nagusiak, Kofi Annan-ek, “Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa”nazioarteko Programa zientifikoa martxan jarri zuen arte. Programa hau honako errealitate enpirikoan oinarritu zen: ekosistemek, bere kontserbazio-mailaren arabera, giza ongizaterako funtsezkoak diren onurak ekartzen dizkiote gizakiari, hala nola, elikagaiak, zura, ura, karbonoaren metaketa klima globalaren kontrolerako, polinizazioa uzten ekoizpenerako, uraren arazketa, lurzoruaren eraketa, mantenugaien asimilazioa, balio estetikoak, heziketakoak, aisialdikoak edota espiritualak. Bere helburua izan zen, Lurreko ekosistemetan eragindako aldaketek giza ongizatean dituzten ondorioez kudeatzaileak, politikariak eta publikoa oro har kontzienteak izan zitezen informazio mardula eta zientifikoki baliozkotuta sortzea, eta bestetik, aldaketa hauei aurre egiteko aukerak ematea.
Ebaluazioak unera arte 95 herriko 1.300 zientzialari baino gehiago (zientzia biogeofisiko eta sozialetako adituak) nahasi ditu eta izaera multieskalarra izan du, eskala lokal, nazional, eskualdekoa eta globala landuz. Ebaluazioa mundu guztiko herrietatik banatutako 75 ikerketa kasu baino gehiagotan burutua izan da edo izaten ari da.
Nazio Batuen Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa Nazioarteko Ikerketa Proiektuaren izaera dinamiko eta transformatzailea dela eta, programaren jarraipena burutzen ari da gaur egun “Ecosystem Assessment Follow-up” izenarekin ezagutua. Jarraipen hau, zenbait ebaluazio azpi-globalen bitartez egiten ari da (maila lokal, nazional edo eskualdekoan). Programa honen helburua MAren ondorio eta gomendioen inplementazioa sustatzea da. Ebaluazio azpi-global hauen artean, alde batetik, Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa Espainian aurkitzen dugu, Biodibertsitatea Fundazioak finantzatuta eta Madrilgo Universidad Autónoma-ko Ekologia Saileko Sozioekosistemen Laborategiak Koordinatua. Bestalde, ebaluazio azpi-global hauen arteanEuskadiko Ekosistemen Zerbitzuen Ebaluazioa daukagu, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuta eta UPV/EHU-ko UNESCO Katedrak eginda.