Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

Hasiera:

mozorrotu (orobat mozorratu g.er. eta mozorroztu g.er.), mozorro(tu), mozorrotzen 1 da/du ad mozorroa jarri edo jantzi.

Danelek eginahal guztiak egin zituela Herioz mozorrotu zena deskubritzeko, baina ez zuela artean deus argirik atera. Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak» - 134. orr.

Orain hementxe zagok, berak hil duen Fatima zenaren soinekoekin mozorrotua. Patxi Zubizarreta   «Mila gau eta bat gehiago» - Anonimoa - 237. orr.

Gizonez mozorroturik agertu zen Atenea, oinetan sandalia hilezkor urreztatuak jantzirik, eta eskuan lantza handi eta astun bat zeramala. Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero - 12. orr.

Deabrua omen zen, zaldi zuriz mozorroturik. Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago» - 129. orr.

Beltzez jantzita eta aurpegia mozorrotuta zeuden batzuk, baina inor ez zen identifikatu; ez nekien nortzuk ziren. Jokin Urain   «Errotarria» - 144. orr.

Beste ehizaldi bat antolatuko dugu, eta, gau erdian, isil-gordeka eta mozorroturik itzuliko gara jauregira. Patxi Zubizarreta   «Mila gau eta bat gehiago» - Anonimoa - 15. orr.

Umetatik zetorkion mozorrotzeko zaletasuna. Harkaitz Cano   «Pasaia blues» - 119. orr.

Ardiz mozorrotutako otsoak dira juduak, lo baleude bezala egon dira orain arte kuzkurtuta. Anjel Lertxundi   «Ihes betea» - 46. orr.

2 irud/hed

Kostunbrismoak, errealitatea islatu baino, eder ustez mozorrotu du, beti ere iraganarekiko liluraren erakarmenez. Anjel Lertxundi   «Mentura dugun artean» - 151. orr.

Ez dira udak, "sanmartinetako uda txikiak" baizik, udazkena mozorrotu eta negua iragartzen dutenak. Iñaki Mendiguren   «Historiaren azterketa II» - A.J. Toynbee - 12. orr.

Estanflazioaren agerpenak pentsamolde neoklasikoa itzularazi zuen (monetarismoz mozorroturik); haren ondorioak oso argiak izan ziren 1980ko hamarraldian. Koro Navarro   «Ekonomiaren globalizazioa» - Jacques Adda - 150. orr.

Islam garailearen panteoian, Jainko haragitu kanporatua Ali jainkotuaren forman mozorrotuta itzuli zen isilka. Iñaki Mendiguren   «Historiaren azterketa II» - A.J. Toynbee - 109. orr.

Gatazka politikoa eliz eztabaiden itxurapean mozorrotuta gera zitekeen. Iñaki Mendiguren   «Historiaren azterketa II» - A.J. Toynbee - 223. orr.

Eszedentzia baten pean mozorrotu zuten dena. Harkaitz Cano   «Pasaia blues» - 45. orr.

Edozer mozorrotu dezakeen kultura babesle bat sortu. Harkaitz Cano   «Pasaia blues» - 116. orr.

Gainerako guztia jantzi kontua da: erdarazko ikerketa euskarazko soinekoz jantzi-mozorrotua baino ez. Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae» - 125. orr.

3 (era burutua izenondo gisa)

Bi lagun mozorrotuk hil zuten Julio, tabernatik irten berritan. Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten» - 81. orr.

Ongi begiratu nion eta ikusi nuen gizon mozorrotu bat zela. Pello Lizarralde   «Denak hasperenka» - Gianni Celati - 103. orr.

Atrakatzaile mozorrotu bat Konde Zitalaren etxea garbitzera joan zen gau batez. Pello Lizarralde   «Denak hasperenka» - Gianni Celati - 39. orr.

Itsasontziraturik, Atenea mozorrotua Telemakoren alboan eseri zen, eta aldeko haizea sorrarazi zuen. Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero - 16. orr.

Nork argiago, nork modu mozorrotuago batez, idazle guztiok istorio bera kontatzen omen dugu bizitzan zehar. Anjel Lertxundi   «Mentura dugun artean» - 171. orr.

Versailleseko Administrazio Auzitegiak Espainiaratze agindua bertan behera utzi zuen 2000ko irailean, «estradizio mozorrotua» zenez legez kanpokoa zela argudiatuta. Berria - Euskal Herria   2004-04-03

· Idatzi bat irakurri zuten, eta mozorrotu batzuek espainiar bandera bat erre zuten. Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten» - 179. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus