Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

Hasiera:

orbel 1 iz zuhaitzetatik eroritako hosto ihartuen multzoa.

Hostoak hasi dira orbel bihurtzen, amaitu dira oporrak. Joxerra Garzia   «Itsasoan euri» - 77. orr.

Darling andreak arretaz aztertu zituen: orbela zen, bai, baina seguru zegoen hosto haiek ez zirela Ingalaterrako zuhaitz batekoak. Julen Gabiria   «Peter Pan» - James Matthew Barrie - 35. orr.

Egurra eta orbela biltzen suari bizi-bizi eusteko. Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sorgin harria» - J.K. Rowling - 192. orr.

Ibai zuloan orbelak estaltzen du zorua eta ustel usain hezea hedatzen du. Pello Lizarralde   «Larrepetit» - 50. orr.

Kasik oharkabean, orbelaren gainean etzan eta arrodaka hasi nintzen orduan ere... Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago» - 620. orr.

Gero orbela bordako zoruan hedatu dute, eta, minutu batzuen buruan bi lagun etzanda egoteko moduko tokia atondu dute. Pello Lizarralde   «Larrepetit» - 17. orr.

Artzain txakurra, orbela usnatu ondoren, deitu beharrik gabe hurbildu zitzaion. Joxemari Urteaga   «Ordaina zor nizun» - 147. orr.

Hozkailua hutsik dago, ohea egin gabe du; orbela lurrean dabil alde batera eta bestera, hautsitako leihotik sartuta. Oskar Arana   «Lotsaizuna» - John Maxwell Coetzee - 240. orr.

Haizeak orbela harrotzen zuen, eta hodeietan gordetako euria haizeari txanda hartu zain zegoen. Anjel Lertxundi   «Ihes betea» - 75. orr.

Lurzoruan orbela astintzeko beste jotzen zuen haizeak. Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean» - 169. orr.

Haizeak daraman orbela bezala, arrapaladan, bere aurretik igarotzen dira. Oskar Arana   «Lotsaizuna» - John Maxwell Coetzee - 249. orr.

Han-hemen orbela bera baino zoroago dabiltzan hotsek diote Napoleonek ihes egin duela Elba uhartetik. Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean» - 274. orr.

Orbelak duen jolas-sena bezalakorik ez dago. Julen Gabiria   «Peter Pan» - James Matthew Barrie - 228. orr.

Gero, orbelezko ohatze batean etzan eta aurki zegoen lo zerraldo. Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne - 388. orr.

Erretorika hutsa da, haizeak alferrik gizendutako orbela. Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean» - 294. orr.

Ibai sakonetan, hondoa ikusten ez den horietan, hitzak orbelaren pare dira, ia geldirik, poliki-poliki arrastaka doan erraldoi baten bizkar bustian. Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten» - 170. orr.

Nire oroitzapenak deabruaren poltsako urrezko txanponen parekoak dira; ireki eta orbela baizik ez zegoen. Monika Etxebarria   «Goragalea» - Jean Paul Sartre - 71. orr.

2 (izenondoekin)

Mugazainen begipetik urruti, afari legea egin eta orbel gorriaren gainean etzan ziren, estalki bana gorputzaren babesgarri. Joxemari Urteaga   «Ordaina zor nizun» - 160. orr.

Baina batez ere sugeek izozten zioten odola; oina orbel mugikorrean hondoratu eta haien buru meheak ikusten zituen sustraien nahaspila itzelean sigi-sagaka. Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola - 138. orr.

-Estimatzen dizut, Jolivet jauna -erantzun zuen Harry Blountek, lankideak urki baten gerizpean prestaturiko orbel iharraren gainean etzanda jarririk. Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne - 262. orr.

Han-hemenka, argituz zihoan behelainoaren adarretan, gune arriskutsuak kokatu zituen: orbel sarria, zenbait sastraka, gizon bat ezkutatu ahal zuten harkaitz handiak... Joanes Urkixo   «Gerlari zuria» - 8. orr.

Hala, orbel izutia ere haizean. Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak» - 162. orr.

Orbel ugari zegoen pilatuta belartzetan eta zidorretan, baina bustia zegoen azken orduetako euriagatik. Anjel Lertxundi   «Zorion perfektua» - 141. orr.

· Zuhaitz erdi biluzien aldameneko orbel usteltzen hasiarena nagusitzen zen gau giro oraino ez hotzegian. Xabier Montoia   «Baina bihotzak dio» - 45. orr.

3 hosto ihartua.

Hego-haizeak ekarritako orbelak jaso eta garbitzen. Koldo Izagirre   «Agirre zaharraren kartzelaldi berriak» - 153. orr.

Karramarroak eta karakoilak dabiltza herrestan orbel eta gorbelen artean. Koldo Izagirre   «Idi orgaren karranka» - Victor Hugo - 66. orr.

Pinaburu, orbel eta pinu-orratz deseginez betetako bidexka ihintz-tantaz blai denari. Xabier Olarra   «Azken hitzordua» - Sandor Marai - 144. orr.

4 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Orbel sorta batzuk besterik ez zeuden. Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne - 346. orr.

Charlierekin eskolara bidean, udazkeneko orbel-pilatan kriski-kraska, eta istil-putzuetako izotzetan zinpi-zanpa. Mirentxu Larrañaga   «Peaceful soldadua» - Michael Morpurgo - 155. orr.

Ez zebilen haizerik, jada ez zen orbel-dantzarik. Anjel Lertxundi   «Ihes betea» - 80. orr.

5 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Laster hasiko zen euria, haizeak kale bazterretako zumar-orbela harrotzeari utzitakoan. Anjel Lertxundi   «Ihes betea» - 73. orr.

Mikel Strogoffek eta Nikolasek etzanda ipini zuten urki orbelaren gainean, ahal zutenik eta ongien. Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne - 336. orr.

6 orbelpe-

Champs-Elysées-etara itzuli nintzen; kontzertu kafetegiek su guneak ematen zuten orbelpean. Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant - 359. orr.

7 orbel-kolore (corpusean orbelkolore soilik) izond/iz

Orbelkoloreak salbatzen du igela; ile ugariaren babesak, zorria. Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak» - 44. orr.

Eta Ada ordu arte mozorrorik gabe bazegoen ere [...] zein unetan doi hasi ote zen orbelkoloreaz babesten, eta Danelekin bizi izandako bizpahiru urteak ederresten? Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak» - 44. orr.

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

orbela biltzen (4); orbela harrotzen (3)

orbelaren gainean (7)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus