Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

Hasiera:

organo2 (orobat organu g.er.; Hiztegi Batuan organo agertzen da) 1 iz haize musika-tresna handia, hauspo bidez bultzaturiko haizeak soinua eginarazten dien hodiez osatua eta klabier bat edo gehiagoren bidez jotzen dena.

Koruak eta organoak kantaz eta musikaz betetzen zuten eliza argitsua. Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea» - 68. orr.

Bederatzi urterekin organoa jotzen ikasten hasi nintzen. Pako Aristi   «Gauza txikien liburua» - 77. orr.

Jesuitetan organoa jotzen zian igandeetan, txanpon batzuk ateratzeko. Xabier Mendiguren Elizegi   «Errautsen distira» - 135. orr.

Ematen zuen organoaren musika hobeto entzuteagatik zeuzkala begiak itxita. Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea» - 415. orr.

Gai zen, ordea, musika-pieza landuak gogoratzeko eta ikasteko; eta are zuzendari aritzeko, interpretatzeko edota organoan inprobisatzeko. Xabier Olarra   «Antropologo bat Marten» - Oliver Sacks - 79. orr.

Orain, About Time azken lanak world music eta rock estiloak konbinatzen ditu, protagonismo guztia Hammond B-3 organoari emanez. Berria - Kultura   2004-07-27

Organoaren erregistro grabeenetan hasi eta pentsa daitezkeen konbinazio guztiak erabiltzen ditu. Berria - Kultura   2004-04-04

Balista eta katapulta-bateriak organo baten hodiak bezalaxe doituak zituen Arkimedesek, bakoitza irispide desberdin batera iristeko eran kokatuak. Jon Muñoz   «Loroaren teorema» - Denis Guedj - 475. orr.

Datorren igandean haren meza kantatu bat duzue katedralean, organo eta guzti. Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago» - 268. orr.

Maiztasuna 2.000 Hz (organo baten nota garaiena) baino apalagoa bada, [...]. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 118. orr.

2 (izenondo eta izenlagunekin)

José Tudelak lehen urtea koruan kantatuko zuten neska-mutilei kantutegia erakusten igaro zuen, organo zahar eta txiki baten laguntzaz. Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak» - 78. orr.

Organo barrokoa ikustekoa da, omen. Piarres Aintziart   «Santiago oinez» - 61. orr.

Organo erromantikoa Donostian. Berria - Kultura   2004-08-03

Gitarra akustiko bat entzuten da, geldo hasieran, organo elektriko leun batekin batera, Organo hidraulikoei buruzkoak, ordea, zein diren horien printzipioak, ezin ditut aipatu gabe utzi. Mikel Hernandez Abaitua   «Ohe bat ozeanoaren erdian» - 89. orr.

Zailena, ordea, urezko organo hura afinatzea izan zitzaion. Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa» - 115. orr.

Biraderadun organo batek Danubio urdinaren doinu kiribil distiratsuz betetzen zituen kaleak. Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos - 332. orr.

Alemana organo ahaltsu bat da, baina ez du frantsesaren delikadezia melodikoa; frantsesa biolin eskisitoa, baina ez du Goethe-ren alemanaren hanpatutasuna, gutxiago Milton-en betetasuna. Joxe Azurmendi   «Espainiaren arimaz» - 145. orr.

3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Organo musika entzuten du alargunak. Imanol Zurutuza   «Errautsera arteko sugarra» - 31. orr.

Abesbatza eta organo kontzertuak, bertso emanaldiak. Joseba Zulaika   «ETAren hautsa» - 25. orr.

Aratseko 9etan, Baigorriko elizan, organo musikaldia: François Espinasse. Herria   2002-08-01

Musika Hamabostaldiko Organo Zikloa atzo hasi zen Donostiako San Bizente elizan. Berria - Kultura   2004-08-03

Hango organo-hotsa gustatu zaizue, barruraino sartzen da. Pako Aristi   «Gelatxo, soinuaren bidaia luzea» - 25. orr.

Ohetik entzun zuela kantua eta organo-soinua, San Frantziskoren elizan elizkizun nagusiak ospatzen ari ziren bitartean. Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara» - 1012. orr.

Lorategiaren gaineko muinora iristean, tutu lodi baten tamainakoak ziren: organo tutu bat baino lodiagoak hala ere, metro batekoa bakoitza. Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa» - 110. orr.

Michelcok perekatu zuen, bere eriekin josteta ari zela mutur punta xuri beltzaren gainean, bere organo tekladearen gainean bezala. Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita» - 191. orr.

Paola Diamantiniz maitemindu zen Paulo Zubia, San Marco katedraleko organo konpontzailearen alaba zaharrenaz. Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak» - 70. orr.

Zsigmond Szathmary Friburgoko Unibertsitateko organo irakaslea. Berria - Kultura   2004-03-23

4 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Ibilbidean, urrutira, kale-organo bat entzun zuen. Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce - 58. orr.

5 organo-jole (7 agerraldi, 5 liburu eta artikulu 1ean; orobat organojole 9 agerraldi, 4 liburutan, organu joile 16 agerraldi, liburu 1ean eta 14 artikulutan –guztiak Herria-koak- organujole 3 agerraldi, 2 liburutan, eta organojoile g.er.; Hiztegi Batuan organo-jotzaile agertzen da) iz organo-jotzailea.

Hemen ziren fraideekin batera abeslari trebe hainbat eta baita organo-jole maisuetakoa ere, on Bitor Zubizarreta, Begoñako organo-jole eta musikari aparta. Pello Zabala   «Zeruan zer berri» - 64. orr.

Igandean, aratsaldeko 4-etan, Donibane Lohizuneko elizan, organo kontzertua, Jose Luis Echechipia organo joile. Herria   2005-06-09

Arras goi mailako organo joileak denak. Herria   2003-04-17

Mary Jane -jantzi laburreko neska txiki bat orduan- zen orain etxeko euskarri nagusia, Haddington Roadeko organo-jole postua baitzuen. Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce - 261. orr.

Garai hartan Bereziartua herriko organojolearekin ikasten zuen, eta teklen basoan botoien sasiartean baino hobeto ibiltzen zela ikusi zuen. Pako Aristi   «Gelatxo, soinuaren bidaia luzea» - 30. orr.

Gure herrietako elizetan diren organo bikain horiek ere, organojolerik ezean mutu geratzen ari diren gisa. Pako Aristi   «Urregilearen orduak» - 133. orr.

6 organo-joletza (corpusean organojoletza soilik)

Beste horrenbeste, organojoletzan. Pello Zabala   «Zeruan zer berri» - 22. orr.

7 organo-jotzaile [21 agerraldi, 4 liburu eta 11 artikulutan] iz organoa jotzen duen musikaria.

Koruko lanez gain, tresnak jotzen zituzten musikari multzo polita ere bazuen, lauta eta organo jotzaileekin batera, txirula, tronpeta, txistua, gaita, biolina, biola, kontrabaxu eta biolontxeloa jotzen zutenez osaturik. Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak» - 67. orr.

Tronpeta jotzaile bat, biolin jotzaile bi, biola eta biolontxelo jotzaile bana, organo jotzaileaz gainera. Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak» - 78. orr.

Konpositore, zuzendari, musikologo, organo jotzaile... asko ziren bere balioak. Berria - Kultura   2004-02-15

Elizan ez dago beste inor, apaiza, organo-jotzailea eta gu, geriatrikokoak. Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean» - 189. orr.

Egitarauaren gainerako piezetan, entzuleria zabalerako aproposagoak ziren lanak eskaini zizkigun organo jotzaileak. Berria - Kultura   2004-10-26

Larunbat arratsaldean Bergaran organo eta soprano kontzertua entzun genuen, Julia Ruiz sopranoaren eta Miguel Bernal organo jotzailearen eskutik. Berria - Kultura   2004-01-21

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus