Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

Hasiera:

sentikor (orobat sendikor g.er.) 1 izond erraz hunkitzen dena. ik sentibera.

Liburu honetako heroiak sentikorrak dira, eta nobela osoa malkoz josia dago. Jon Muñoz   «Harreman arriskutsuak» - Choderlos de Laclos - 16. orr.

Sentipen hark eragiten zion bere baitara biltzea, sentipen haren erruz zeukaten auzoek hotz eta hantustetzat berez apal eta sentikor hutsa zen mutila. Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste» - 69. orr.

Oso sentikorra zen, olerkari on guztiak bezala. Lander Garro   «Orain galdera berriak ditut» - 167. orr.

Urteek sentikor bilakatu naute [...] neure baitatik atera eta besteenganako kontzientzia berri bat sortzen sentitu dut. Pako Aristi   «Note book» - 52. orr.

Euskara eta Euskal Herria errotik maite dituen militante sentikor baten lanak daude bilduak liburuan. Berria - Kultura   2004-03-10

Uko horrek ez ninduen haserretzen, atsekabetzen ninduen; neure adiskide sentikor horrek ez ote zizkidan kontsolamendu batzuk zor? Jon Muñoz   «Harreman arriskutsuak» - Choderlos de Laclos - 320. orr.

Adinak ez dit oraino adiskidantzari sentikor ez izateko heineraino hoztu. Jon Muñoz   «Harreman arriskutsuak» - Choderlos de Laclos - 335. orr.

Merkatari ezin pragmatikoagoen aldean, ohoreekiko sentikorra zen. Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz - 92. orr.

Ez uste igurikitzen dudanik zu noizbait sentikor bihurtzea: baina nire nahira erori gabe, nire iritzira bildua izanen zara azkenik. Jon Muñoz   «Harreman arriskutsuak» - Choderlos de Laclos - 206. orr.

Sentikor natzaio orobat zure kontseiluak iradoki dituen adiskidantzari. Jon Muñoz   «Harreman arriskutsuak» - Choderlos de Laclos - 68. orr.

Paristar sentikorren gogoan zirrara sakona eragiteko. Koro Navarro   «Kontakizunak» - Edgar Allan Poe - 132. orr.

2 kanpoko zerek nabarmen eragiten diotena. ik sentibera 5.

Poeta sentikorra, gazte sentibera. Berria - Kultura   2004-02-22

Eguraldi koska bakoitzarekiko guztiz sentikor azaltzen dira sagarrondotto xumeok. Pello Zabala   «Naturaren mintzoa» - 125. orr.

Nataliaren ukitu leuna sorbaldan, hatz sentikor hura marra bertikal bat marraztuz bere azalean. Aritz Gorrotxategi   «Egurra Pinotxori» - 63. orr.

Organo sentikor eta praktikoa da belarria, baina ez da, bihotza bezala, bizitzeko guztiz beharrezkoa. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 117. orr.

3 (testuinguru teknikoetan) ik sentibera 6.

Klitoria, berriz, errezeptore sentikorrez josita dago. Luis Elberdin   «Sexua noiznahi» - 30. orr.

Cuvier baleen sonar sistema oso sentikorra da, eta erdi mailako frekuentzia erabiltzen du. Berria - Gaiak   2004-08-07

Gune sentikor horien azpiko nerbio-amaierak aztertzen badira [...] denak berdinak direla ikusten da; ezerk ez du adierazten zergatik erantzuten dieten estimulu desberdinei. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 83. orr.

Haren mukosa sentikorra oso izurtua eta tolestua da, eta horrek ahalbidetzen dio leku txikian azalera handia hartzea. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 144. orr.

Argazkiari begira, paper sentikorrean geldituriko indizeetatik ahalik eta erantzun gehien jaso nahian dabil. Eider Rodriguez   «Eta handik gutxira gaur» - 105. orr.

Emultsio sentikorrean zehar igarotzean baliatu ez den argiaren parte bat, zeluloidearen oinarriak islaturik edo barreiaturik, geruza sentikorretara irits daiteke atzera. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 103. orr.

Film horrek, sentikorragoa izanik ere, irudi pikortsuagoa ematen du. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 95. orr.

Begiak puntu baterainokoan argazki-makina baten antza badu ere, erretina-xafla sentikor bat balitz bezala ikus badaiteke ere, [...]. Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont - 23. orr.

Larruazaleko gune batzuk beroarekiko dira sentikorrak; beste batzuk, hotzarekiko, eta beste batzuk, berriz, presioarekiko. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 83. orr.

Baditu zelula batzuk presioarekiko sentikor direnak, arteria handietan, bai eta beste zelula batzuk ere zabaldurarekiko sentikor direnak. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 196. orr.

Nerbio-amaierak oso sentikorrak dira beroarekiko. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 73. orr.

Garunaren berezko jarduera elektrikoa detektatzeko gai den erregistragailu sentikor bat da elektroentzefalograma. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 252. orr.

4 (testuinguru teknikoetan, hitz elkartuetan ) ik sentibera 7.

[Erretina] zelula argi-sentikorrez eta bestelako ehunez osatutako pila korapilatsu baten azpian dago. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 92. orr.

Film edo plaka argi-sentikor bat, han eratuko baita argazkilariak atera nahi duen objektuaren edo eszenaren irudia. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 88. orr.

5 hunkigarria.

Beste pasarte batzuk bertan dituzu, soinu apartarekin eta Cassandra Wilson, Irvin Mayfield Jr (unerik sentikorrena), Aaron Neville eta Buckwheat Zydecoren eskutik, besteak beste. Berria - Kultura   2006-01-12

Une horietan, balada sentikorrak nagusi egiten direnean, Flaco Jimenez handiaren laguntza dauka, haren akordeoiaren intziriak Downsen beraren ahotsarekin bat eginez. Berria - Kultura   2006-03-23

Ahots lodi eta doinu sentikorrean, horrelako zerbait kantatu zuen, gutxi gorabehera: [...]. Xabier Mendiguren Elizegi   «Errekarteko koadernoa» - 106. orr.

6 bihotzetikoa.

Atso-agure saldo batek inguraturik zeuzkan, nork doluminik sentikorrena adierazteko lehian. Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll» - 136. orr.

Jean bere senarrari, seme alaberi, herren, suhi eta familiako guzieri, gure dolumin sentikorrak. Herria   2005-02-03

Mintzaldi sentikorrak erran dituzte. Herria   2003-02-27

Ziur dakit Lizardiri buruzko Orixeren olerki batetik hartutako hitz sentikorrak direla. Karlos Linazasoro   «Ez balego beste mundurik» - 79. orr.

Modu honetara, omenaldi xumea eta sentikorra eskainiko diote herriko olerkariari. Berria - Harian   2005-08-02

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

izaki sentikor (4)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus