Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

Hasiera:

tximeleta (ximeleta g.er.) 1 iz lau hego aski handi, gehienetan kolore asko edo bizikoak, dituen intsektua (Lepidoptera). ik inguma; pinpilinpauxa; pinpirin.

Bi tximeleta hegan jolasean dabiltzanean. Pello Zabala   «Naturaren mintzoa» - 395. orr.

Udako gauetan ehunka tximeleta ibiltzen dira bueltaka, elur malutekin antz handia dutenak. Bernardo Atxaga   «Lekuak» - 183. orr.

Saramagori irakurtzen nioenez, tximeletarentzat ez dago gaurik, goizarekin jaiotzen baita eta gauarekin hiltzen. Anjel Lertxundi   «Mentura dugun artean» - 163. orr.

Tximeletaren hego-kolpeak ere aroa aldabidean ezar baitezake. Pello Zabala   «Zeruan zer berri» - 184. orr.

Tximeleten usaimena harrigarria izaten da eta zentzumen nagusi bezala erabiltzen dute zenbait kasutan. J.M. Olaizola "Txiliku"   «101 gau» - 217. orr.

Su-lamara hurbiltzen den tximeleta bezala. Xabier Mendiguren Elizegi   «Arima enkoniatuak» - 79. orr.

Nor dago prest desiraren sutan erretzeko, tximeleta bat garraren inguruan bueltaka erretzen den moduan? Iñaki Iñurrieta   «Kuskue tanden» - 194. orr.

Kandela handien argitasunak liluratu duen tximeleta bat balitz bezala. Jon Alonso   «Lisboako Setioaren Historia» - José Saramago - 375. orr.

Landa-herrietan, emakumezkoa ez da tximeleta baino zoriontsuagoa. Koldo Izagirre   «Idi orgaren karranka» - Victor Hugo - 103. orr.

Inork aditu al du, akaso, ze hots-mota egiten duen tximeletak hegalak astintzen dituenean? Josetxo Azkona   «Patata soro bat» - 94. orr.

Gutunazal zuri bat ikus nezakeen tximeleta bihurturik Londresko hiri osoaren gainetik hegan, azkenean tximinia batetik beherantz sartzen zen arte. Joxemari Iturralde   «Euliak ez dira argazkietan azaltzen» - 237. orr.

Ez al dakizu tximeletak haizearen ezpainetatik ihesi joandako musuak besterik ez direla? Pako Aristi   «Urregilearen orduak» - 35. orr.

2 (izenondo eta izenlagunekin)

Sits edo tximeleta emeak feromona horien lurrinak airean jartzen dituen momentutik, inguruko ar guztiak aztoratzen ditu. J.M. Olaizola "Txiliku"   «101 gau» - 218. orr.

Armiarma goseek beste [sare] batzuk egiten zituzten, eta goizean tximeleta txikiak eta beste hainbat intsektu agertzen ziren haietan. Juan Kruz Igerabide   «Txoria» - Oh Jung-hi - 85. orr.

Kuskuan gordetako tximeleta ahularen egoskortasunarekin. J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak» - 14. orr.

Poesia tximeleta hori bat da. Pako Aristi   «Urregilearen orduak» - 54. orr.

Tximeleta urdin txiki bat zegoen han orratz batez zeharkatua. Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea» - 330. orr.

Betiko mimoa dakusa bertan, betiko bere numeroa egiten: pailazoz jantzita, aurpegia tximeleta gorri bat. Harkaitz Cano   «Neguko zirkua» - 156. orr.

Gauezko tximeletak -gehienetan sitsak dei daitezkeenak- direla usainaren bidez orientatzeko behar eta ahalmen gehiena daukatenak. J.M. Olaizola "Txiliku"   «101 gau» - 218. orr.

Neguko tximeletak. Pello Zabala   «Naturaren mintzoa» - 42. orr.

Sigi-saga zebilkidan Sara, tximeleta urduri bat bezala. Joan Mari Irigoien   «Ipuin batean bezala» - 160. orr.

3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Dantzaldiak zeuden gauero areto zuri eta urre-koloreetan, tximeleta-hegalen antzera dardaratzen ziren gas-lanparen gar dardartien argiaren pean. Xabier Olarra   «Azken hitzordua» - Sandor Marai - 65. orr.

Hurbildu zitzaidan eta sofaraino eraman ninduen tximeleta hegoen gisako musuekin. Juan Martin Elexpuru   «Esku bakarrarekin irakurtzeko kontuak» - Pilar Cristobal - 66. orr.

Emakume bat biluzik, tximeleta hegalak hedaturik, hegan balihoa bezala egunsenti berri baten bila. Koldo Izagirre   «Agirre zaharraren kartzelaldi berriak» - 82. orr.

Dagoeneko, tximeleta efektua lortu du: Lacandonako oihanean piztutako berba gai da, une honetan, munduko beste edozein puntatan oihartzun egiteko. Txema Ramirez de la Piscina   «Ikus gaitzazuen» - 105. orr.

Bere intsektu eta tximeleta bilduma. Joan Mari Irigoien   «Odolean neraman» - 181. orr.

Errosario aleak bezala, listariak hainbat objektu txiki zeuzkan tartekatuta, eta, batez ere, tximeleta formako figuratxoak. Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea» - 57. orr.

4 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Gau-tximeleta bat jirabiraka zebilen egongelako lanpararen inguruan. Fernando Morillo   «Ortzadarra sutan» - 53. orr.

Zeta-tximeleta emeak oso urrutitik erakartzen ditu arrak. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 145. orr.

Gogoko nuen haien izenei zerien doinua aditzea, amak hizpidera ekartzen zituenean: almirante gorri, pauma, aza-tximeleta, Adonis urdina. Mirentxu Larrañaga   «Peaceful soldadua» - Michael Morpurgo - 27. orr.

Hantxe zegoan emakume-tximeleta, dekorazio moduan erabilia portafolio batean. Koldo Izagirre   «Agirre zaharraren kartzelaldi berriak» - 84. orr.

5 irud/hed

Baina ezin sabeleko tximeletak baretu. Urtzi Urrutikoeetxea   «Auzoak» - 85. orr.

Sabelean tximeletak eta golkoan kabitu ezinik bihotza. Edorta Jimenez   «Sukar ustelaren urtea» - 241. orr.

6 lepoko tximeleta tximeleta-begizta.

Egongelako ate aurretik igaro zenean, Harryk osaba Vernon eta Dudley ikusi zituen esmokinez eta lepoko tximeletaz dotore-dotore jantzita. Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sekretuen ganbera» - J.K. Rowling - 16. orr.

7 lepo tximeleta tximeleta-begizta.

Topatua zuen lepo-tximeleta zeraman gizon noble bat. Pello Lizarralde   «Denak hasperenka» - Gianni Celati - 54. orr.

8 tximeleta-begizta begizta txiki eta zurrunaren forma duen gorbata.

Laranja-kolore biziko festa-kapela zeraman, tximeleta-begizta birakaria eta irribarre nabaria bere aurpegi zabal maltzurrean. Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sekretuen ganbera» - J.K. Rowling - 115. orr.

9 tximeleta-balbula karburagailuko balbula, gasen bolumena doitzen duena.

Automobil batean, adibidez, erregai-kontsumoari loturik dago beti energia-ekoizpena; tximeleta-balbula zapaldu, eta erregai gehiago erretzen da, eta bertantxe abiadura handitzen. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 201. orr.

10 tximeleta-lepo tximeleta-formako alkandora-lepoa.

Banketxean dirua daukan gizon baten aurpegia zen, arrakastaren ispilu ezin hobea, gorbata handi beltz batek estututako tximeleta-lepo baten gainean ezin ederkiago kokatua. Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos - 29. orr.

Bi abokatu ari ziren eztabaidan, zein bere espaloitik, biek ere frak beltza eta tximeleta-lepo zurrunak jantzirik. Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos - 381. orr.

11 tximeleta-ttattarra tximeleta-begizta.

Beti gizontxo baten antzera jantzita joaten zen, jaka ongi estuak eta tximeleta-ttattarrak. Fernando Rey   «Gure etxeko kontuak» - Natalia Ginzburg - 64. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus