Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

umezurtz (orobat umetxurtx g.er. eta umexurtx g.er.) 1 iz aita, ama edo biak hilak dituen haurra.

Sei haur ziren familian; bi kanpotik ekarritako umezurtzak.  Gotzon Garate   «New Yorkeko kronika beltza», 2004 - 36. orr.

Noren esku uzten gaituzu umezurtzok?  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 698. orr.

Umezurtzak ziren amaren aldetik, baina patuaren zorigaiztoa baino indartsuagoak zirela erakutsi zuten.  Ander Irizar   «Eszterren ondarea» - Sandor Marai, 2003 - 58. orr.

Bi umezurtzen ama.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 268. orr.

Zuekin bizi diren etorkin, umezurtz eta alargunek zer jana izango dute.  Elizen arteko biblia   Dt 14,29

Gizonak orduan mila alargun eta milaka gehiago umezurtz ekarri zituen dorretxearen aurrera.  Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa», 2002 - 174. orr.

Alargunak larrutzen dituzte eta umezurtzak zurrupatzen.  Elizen arteko biblia   Is 10,2

Umezurtzen aita den Jainkoak kontsolatuko baikaitu bere kontsolamendu santuaz.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 175. orr.

Ekialdeko umezurtzen trafikoan espezializatutako GKEko arduraduna.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 144. orr.

Hala, urte erdi batez edo umezurtzarena egiten aritu nintzen.  Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank, 2004 - 178. orr.

2 (izenondoekin)

Alargun babesgabeei eta umezurtz errukarriei.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 61. orr.

Orain, ordea, Humirzah, seguruena, gaixorik zegoen nonbait ere, deabru babesgabea, umezurtz bakartia, aita-amarik gabea, beraz arduratuko zen emazte leialik ez zuena.  Koro Navarro   «Zortzi kontakizun» - Isaac B. Singer, 2002 - 31. orr.

Ez zegoen inor umezurtz gaixoari laguntzeko, haur gosetuari esne tanta bat emango zionik.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 456. orr.

Mundu zaharretik mundu berrira doazela, Mirto Czentovic umezurtz txiro erdi pepelerdoa, xakerako dohain apartek munduko txapeldun izatera goititua.  Markos Zapiain   «Errua eta maitasuna», 2002 - 169. orr.

Hain da aldi berean maitagarria Tom umezurtz malderra, hain apaina eta psikopata!  Markos Zapiain   «Errua eta maitasuna», 2002 - 48. orr.

3 (hitz elkartuetan)

Seme-alabek, dirua jasotzeko, elbarritasunen bat izan behar dute, edo kotizaziorik gabeko umezurtz pentsioa edo baliaezintasunezko pentsioa jaso.  Berria - Euskal Herria   2004-05-05

4 (izenondo gisa)

Bere lagun umezurtzek bere memoriari ohore egiteko mendekura beharturik zeuden dagoeneko.  Joseba Zulaika   «ETAren hautsa», 2006 - 23. orr.

Nola izan guraso umezurtzen alaba, lanera beharturiko esklaboen, giza espezietik erauzi nahi izan diren eta munduko isiltasun gorrarazleak luzaroan isilarazi dituen gizakien alaba?  Joxan Elosegi   «Nola hustu nuen gurasoen etxea» - Lyidia Flem, 2005 - 50. orr.

Errusiar gazte umezurtzek txetxeniarren aurkako gerrarako jasotzen duten formazioa erakusten du.  Berria - Kultura   2004-09-09

Hamalau udaberritako neskatoa alabaina komentu batera bidali eta oinordeko gisa iloba umezurtz bat har zezaten aholkatu zien apezak.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 178. orr.

Etorkin narrasti eta umezurtza zuen bere aurrean orain.  Harkaitz Cano   «Belarraren ahoa», 2004 - 50. orr.

5 (adizlagun gisa)

Berehala umezurtz geratu zen: urtebete besterik ez zuenean aita galdu zuen eta urte bat geroago ama.  Ibon Uribarri   «Loti ederrak» - Yasunari Kawabata, 2006 - 7. orr.

Aitarik gabe gaude, umezurtz; gure amak, alargun.  Elizen arteko biblia   Nk 5,3

Orain umezurtz baikaude, aitarik gabe.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 176. orr.

Haurtzaroan umezurtz gelditu eta nebak ero batekin ezkontarazi zuen.  Gotzon Garate   «India harrigarria», 2001 - 109. orr.

Geldi bitez umezurtz haren haurrak, alargun haren emaztea.  Elizen arteko biblia   Sal 109,9

12 milioi haur umezurtz laga ditu hiesak Saharaz hegoaldeko Afrikan.  Berria - Gaiak   2006-04-12

Gauza da barrakako istripua izan eta handik astebetera hil zela emakume gajoa, Martin eta Ignazia umezurtz utzirik.  Koro Navarro   «Zalakain abenturazalea» - Pio Baroja, 2006 - 63. orr.

Gainbeheraldi luze tristagarri hartan nik deusik ezin eginik, umezurtz sentitu nintzen zinez.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 343. orr.

6 irud/hed

Kontenplatu dugun Egiaren umezurtzak gara.  Piarres Aintziart   «Santiago oinez», 2000 - 233. orr.

Etxerik ez duen umea, umezurtza besterik ez da.  Herria   2001-07-05

Harrapatutako iskiluak (fusilak milaka, eta miloi bat bala) egoki iritsi zitzaizkigun bene-benetan Jurramendi inguruetako karlista umezurtzoi.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 190. orr.

Bide beretik, ahula eta umezurtza zen gure aldizkaritxoa Espainiako (are Europako) kideen artean.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 160. orr.

Zorionaren umezurtz ziren usu bere zeluloidezko kreaturak.  Berria - Kultura   2004-05-16

Denek sinetsi genizkion orduan arbelean idatzitako azalpen doi umezurtzak.  Karlos Linazasoro   «Ez balego beste mundurik», 2000 - 135. orr.

Arimaren zolan nigan zegoen haurra, hilik aurkitu nuen bat-batean; eta helduen mundu aterigabean, umezurtz, neure burua atxeman.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 226. orr.

Nire armairuetan barreiaturik utzi zituen hainbat gauza, oraindik ere jaberik gabe, umezurtz jarraitzen dutenak.  Joxean Agirre   «Romain zen bere izena», 2003 - 132. orr.

Zelai honetan borroka ikaragarria gertatuko da, eta Logres erresuma umezurtz geratuko da.  Juan Kruz Igerabide   «Artur erregearen heriotza», 2005 - 117. orr.

Eta Nafarroa umezurtz gelditu zen.  Edurne Elizondo   «Itoiz, porlanezko gezurra», 2004 - 81. orr.

Handik goiti, umezurtzago nenbilen egunkarian.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 110. orr.

Zelai erdia umezurtz.  Berria - Kirola   2004-06-15

7 umezurtz etxe umezurztegia.

Miamin lehenengo, eta Iowako umezurtz-etxe batean gero, bere ahizparekin egoteak laguntzen zion ez erortzen, ez zapuzten, ez amorratzen.  Berria - Kultura   2006-04-30

Umezurtz etxe batera bidali zituzten Yueren bila.  Berria - Harian   2005-05-01

Berari laguntzeko bi aukera nituen: amarekin hitz egin, ea gauzak hobeagotzen ziren, edo umezurtz-etxeren batekin harremanetan jarri eta hara eraman.  Gotzon Garate   «New Yorkeko kronika beltza», 2004 - 30. orr.

Umezurtz-etxera etorri eta Geethak espetxera amarengana itzuli nahi zuen.  Gotzon Garate   «India harrigarria», 2001 - 124. orr.

Bazuen beste [film] bat umezurtz-etxe batera daramaten ume bati laguntzen dionekoa ere.  Harkaitz Cano   «Belarraren ahoa», 2004 - 50. orr.

Gurasoak naufragio batean hil zitzaikion; anai-arrebak istripu batean galdu zituen; jaso zuten umezurtz-etxea erre egin zen, kixkali.  Karlos Linazasoro   «Ez balego beste mundurik», 2000 - 129. orr.

Louis Courtinat-en kamerak Errumaniako haurrei buruzko testigantza latzak ematen zituen, Errumaniako presidente Nicolae Ceaucescuren umezurtz-etxeetatik demokraziaren garaiko kale libreetaraino.  Berria - Mundua   2004-06-20

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus