Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

zimel (orobat zumail g.er.) 1 izond landare, lore eta kidekoez mintzatuz, mardultasuna eta freskotasuna galdu duena.

Bazter batean, lore zimelak oinarriaren gainean txukun ipinita.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 242. orr.

Egon Schiele pintore espresionistaren Ekilore zimelak margolana enkantean jarriko dute Londreseko Christie's enkante etxean, ekainaren 20an.  Berria - Kultura   2006-04-25

Lehen lerroko emazte panpox batek, urre eta zilarrezko bere girgileria ozenki inarrosiz, arrosa zimel bat aurtiki zion aurpegira.  Itxaro Borda   «%100 basque», 2001 - 75. orr.

Mahaitxo gainetik arrosa gorri erdi zimelak harturik, zakarrontzira bota zituen.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 157. orr.

Arku elektrikoek mahats zimelak ziruditen, haizearen altzoan kulunkari.  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 430. orr.

Ondoren, beste zazpi galburu sortu ziren, zimelak, meharrak eta haizerreak ihartuak.  Jose Antonio Mujika   «Agindutako lurraren bila I», 2002 - 114. orr.

2 (adizlagun gisa)

Iharturik dago mahastia, zimel pikuondoa.  Elizen arteko biblia   Jl 1,12

Dolutan, akiturik dago lurraldea, lotsaz eta zimel Libanoko basoa.  Elizen arteko biblia   Is 33,9

Lirio bat bezain zimel gelditu nintzen.  Fernando Rey   «Zorrotz begiratutako trenak» - Bohumil Hrabal, 2002 - 78. orr.

Urkiletatik askaturik, ile-adats bakan batzuk nora gabe eta zimel zebilzkion lepoaldean.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 44. orr.

3 (izen gisa)

Egungo zimelak biharko lorea.  Herria   2001-01-11

Egungo loreak biharko zimela.  Herria   2001-01-11

4 irud/hed

Gimnasioan lan saio amaigabeak egin ditu, goizez eta arratsaldez, gihar zimelak indartu nahian.  Berria - Kirola   2006-03-29

Apain-mahai gaineko arrosa hori sorta batek isuritako freskura zimela sumatzen zen, gelako giro itogarrian.  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 216. orr.

Hartara gurea ez da inoiz endekatutako maitasun zimela izango.  Harkaitz Cano   «Neguko zirkua», 2005 - 204. orr.

Sebastiao lehen egunean bezala ageri zen, begia ekialdera buruz beti, atzean utzitakoaren oroitzapen zimela bainoago geroan aurki zitekeenaren esperantza lorea gogoan zuela.  Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa», 2002 - 228. orr.

Gertaerak geldo, nagi, zimel, egokitu egiten dira eman gogo diedan ordena zorrotzera.  Monika Etxebarria   «Goragalea» - Jean Paul Sartre, 2003 - 43. orr.

Lurrean zimel eta tente bezain zurrun eta elbarri sentitzen zen itsasoko urek bustitako oholak zapaldu orduko.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak», 2006 - 133. orr.

Begiak zimel zituen, gorputza ihar, arropak pilda txar eginik.  Aingeru Epaltza   «Mailuaren odola», 2006 - 268. orr.

5 (orobat zumel g.er.) mami gutxikoa, giharra; zaila.

Ez zuen dudarik patroi ona izanen zela, halako gorpuzkera zeukan gainera, zalua, zimela, zaintsua.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 124. orr.

Apenas erreparatu omen zion gizonaren gorpuzkera zimel eta segailari.  Joxean Agirre   «Romain zen bere izena», 2003 - 140. orr.

Waltari kubanoa, 25 urte, mutiko zimela eta axola gabea, bere gisako apuña batean pilota azotatuz ari, laster eta jauzi ezin sinetsizkoen punpekari bat ginuen itsaso hainditik etorria.  Herria   2003-12-04

Bi emakume, txiki zaharra bata eta handi zimela bestea.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 59. orr.

Haren aurpegia zeharo arrunta zen, agure zimel askorenaren antz-antzekoa.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 174. orr.

Emakume hark aurpegi zimel eta zurbila zeukan, eta ezpain bilduak.  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 23. orr.

Jakaren mahuka listuetatik irteten ziren eskumutur zimelei erreparatu zien emakumeak.  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 101. orr.

Igandero mezondoan zapatak kenduta hankutsik hamaiketakoak jokatzen zituzten mutil baserritar zimel haiek.  Patziku Perurena   «Trapuan pupua», 2001 - 137. orr.

6 irud/hed

Matson andrea espaloi-ertzera alboratu zen bat-batean, erdeinuzko begirada zimel bat botatzen ziolarik.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 229. orr.

Piamonteko dialekto lakar, zimel, lakonikoa, zeina ez baita egundo idatzi, apustu baten kariaz ez bada.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 23. orr.

7 (hitz elkartuetan)

Aldamenean, agure argal, burusoil eta zurbil bat zuen, masail-zimela.  Koro Navarro   «Artistakume baten erretratua» - Dylan Thomas, 1999 - 14. orr.

Gizon garai aurpegi-zimel bibote latz grisaxka eta azal beltzaraneko bat irten zen bere bikotekidearekin.  Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce, 1999 - 270. orr.

8 (adizlagun gisa)

Greziar indartsu haien artean [...] Bagration ageri zen, zimel, ihar, marko estu-estu batean sarturik, azpian bandera eta kanoi txiki batzuk zeuzkala.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 144. orr.

Sakabi ikusten dute, makal zuhaitzaren irudira zuzen, gorosti hezearen antzera zimel, begi irten ederrekin dantzariei begira.  Iñigo Aranbarri   «Sakabi, soinu txikiaren handitasuna», 2003 - 54. orr.

9 zimel-zimel

Zimel-zimela zegoen, sabela zimur, azala hezurrei josia.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 30. orr.

Bi idazluma, tintaz zikinduak, zimel-zimel, tisiak jotako gaixoaren antzera.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 172. orr.

Eragin eta eragin, pentsamenduaren organoa (--?) zimel-zimel egina utzi arte.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 14. orr.

Mimosen ohorez, ordurako galdua izan behar baitzuten usaina, hantxe liburu-dendako diru-kutxaren gainean zimel-zimel eginda, hegoaldetik hastea erabaki zuen Ruche jaunak.     «Loroaren teorema» - Denis Guedj, 2006 - 346. orr.

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

bezain zimel (3); zahar zimel (3); zimel gelditu (3); zimel zimel (3)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus