Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

Hasiera:

zurbil (orobat zurpail g.er. eta zurbail g.er.) 1 izond aurpegieraz ete kidekoez mintzatuz, margula. ik zuhail.

Beltzez jantzita egoten dira, mojak edo alargun gazteak bezala; aurpegi zurbila dute, karminik gabea eta batzuek serioa. Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev - 115. orr.

Logelako iluntasunean paralitikoaren aurpegi zurbil eroria ikusten nuela iruditu zitzaidan. Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce - 16. orr.

Hamasei urte zituela, La Sarriette neska bizi bihurria zen, begitarte zurbilekoa, birjina beltzaran batena bezalakoa. Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola - 102. orr.

Begitarte iluna, aurpegi zurbila eta betzulo handiak zituen. Migel Angel Mintegi   «Denak du bere prezioa» - 21. orr.

Begitarte zurbila zuen, harridurak bereganatua. Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos - 190. orr.

Ilea beti solte eramaten zuenez, bitxia egin zitzaidan Adaren aurpegiera zurbila. Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak» - 31. orr.

Aldamenean, agure argal, burusoil eta zurbil bat zuen, masail-zimela. Koro Navarro   «Artistakume baten erretratua» - Dylan Thomas - 14. orr.

Gizon gaztea zen [...] aurpegi triste eta azal zurbilekoa, beltzarana, artista erromantiko itxurakoa. Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean» - 138. orr.

Beharbada, mutil zurbil argal horrek bere lehenbiziko senarra zekarkion gogora. Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola - 67. orr.

Izenordez Musia zeritzon neska gazte zurbil ezezagunak ere hara begiratzen zuen, zerura. Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev - 25. orr.

Begira zer larruazal zurbila daukan gizagaixoak. Migel Angel Mintegi   «Denak du bere prezioa» - 133. orr.

Oraindik hazten ari zen neska mehe bat zen Lily, larruazal zurbilekoa eta lasto-koloreko ilea zuena. Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce - 263. orr.

Ezkerreko begiaren inguruan ubeldu zurbil bat ari zitzaion zabaltzen Blacki, eta sudurretik odola zerion. Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sorgin harria» - J.K. Rowling - 276. orr.

Mutil zurbil begi-distiratsu hura. Fernando Rey   «Gure etxeko kontuak» - Natalia Ginzburg - 166. orr.

Nola eranzten zen begiratzen zuten, irribarre zurbila ahoan, elkarri eskua emanda. Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola - 169. orr.

Oso gizon gaztea zen, begitartea luzea eta malenkoniatsua, hazpegiak zurbilak eta finak. Joxan Elosegi   «Nola hustu nuen gurasoen etxea» - Lyidia Flem - 53. orr.

Zurbila, baina ez zuria, horia baizik. Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch - 259. orr.

2 (adizlagun gisa)

Zurbil zaude, esan dio; Gaixo zaude?, galdetu dio. Eider Rodriguez   «Eta handik gutxira gaur» - 145. orr.

Doktorea zutik geratu zen, zurbil, izumenak harturik. Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant - 62. orr.

Zurbil zegoen, ilea erabat banatuta. Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea» - 112. orr.

Zurbil eta nahasturik, irribarre egin zuten. Xabier Olarra   «Azken hitzordua» - Sandor Marai - 25. orr.

Paralizaturik eta zurbil geratu zen gizasemea. Harkaitz Cano   «Pasaia blues» - 180. orr.

Zuri-zuri gelditu da Leandro, zainetako odol guztia hustu baliote baino zurbilago. Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean» - 195. orr.

Geldi-geldi geunden, zurbil, gertakizun izugarriren baten zain, belarria erne, bihotza taupadaka, edozein hotsek inarrosten gintuela. Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant - 117. orr.

Ohean eseri nintzen, zurbil ziur asko. Ander Irizar   «Eszterren ondarea» - Sandor Marai - 26. orr.

Begira jarraitu zuen, hildako bat bezain zurbil, kopeta izerdi-patsetan. Koldo Biguri   «On Camillo» - Giovanni Guareschi - 35. orr.

Andereñoak, zurbil, hortzak estututa, sua botatzen zuen begietatik. Koro Navarro   «Zalakain abenturazalea» - Pio Baroja - 117. orr.

Ilunabar aldera itzuli zen Herbert, nekearen nekez zurbil. Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch - 58. orr.

Oso zurbil zegoen, baina harena ez zen heriotzaren zurbiltasuna. Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev - 25. orr.

Esku dardaratiaz lebitaren ertzari heldu, eta, ezpainak zurbil, ozen galdetu zuen, aurpegiak lasaitasun handiagoa adierazten zuela: [...]. Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev - 55. orr.

Ellie, izugarri zurbil zaude. Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos - 362. orr.

Quenurekin elkarrizketa hura izan eta handik bi egunera, txit zurbil iritsi zen azokatik. Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola - 268. orr.

Korobotxka izeneko lurjabe bat azaldu zitzaion etxera, izuikaraturik eta herioa baino zurbilago. Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol - 267. orr.

Hogeita hamar urte inguru zituen, eta larmintza zurbil eta margula. Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi - 179. orr.

3 (bestelakoez mintzatuz)

Kolore zurbila, masaila hezurtsua eta begirada galdua baldin bazituen ere, ezin zitzaion edertasunik ukatu. Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste» - 67. orr.

Arreba, andre Isabel, oso kolore zurbilekoa zen. Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja - 150. orr.

Agian ahulduta neukan espiritua egunak eta asteak koadernoko zerrenda burutik ezin kenduz egon ondoren, lilurapean egon ondoren kobazuloko errainu geldi eta zurbilekin. Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea» - 167. orr.

Eskuak eta aurpegiak urre zurbilezko orbanak ziren. Monika Etxebarria   «Goragalea» - Jean Paul Sartre - 99. orr.

Presarik gabe, eguzki zurbilak ozta-ozta berotzen zituen karrika mortuak ibili nituen. Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua» - 28. orr.

Andre zahar bat argizari isuriaren malko zurbil gatzatuak karrakatzen ari zen ganibet handi batez. Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola - 300. orr.

Urrutiago, ilargiaren argiak eratzen zuen ordeka zurbila, aldika-aldika zeruraino igotzen ziren makal multzoen orban beltzekin. Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant - 95. orr.

Mugitu egiten naiz argitasun zurbil honetan. Foku elektrikoen dirdai zurbila ikusten zen hiriaren gainean, gotorlekuko teilatuen gainetik. Monika Etxebarria   «Goragalea» - Jean Paul Sartre - 47. orr.

Geltokitik aterata, neguko goiz zurbilak argituriko espaloiak urduri ibili nituen. Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua» - 142. orr.

Estalpeko kale nagusiaren gangaren armazoi garaiak argitasunezko ilargi erdi bat ebakitzen zuen zeruaren urdin zurbilean. Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola - 47. orr.

Bidezidorreko harrizko hormak zurbilak iruditzen zitzaizkion, lanbro artean ikusiko balitu bezala. Agustin Otsoa   «Eraztunen Jauna III» - J.R.R. Tolkien - 215. orr.

Baiezko zurbila egin nien bi emakumeei, mehatxu ilun hark bihotza uzkurtuta. Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua» - 150. orr.

Ilargiaren disko zurbil orain ia estaliari begira jarri, eta gogoetan zegoela ematen zuen. Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce - 76. orr.

4 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Beharbada, pertsianan barrena gelaratzen den argiarengatik ere izan liteke, zurbil-puntu bat itsasten baitio larru-azal belztuari. Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch - 259. orr.

· Bi mugimendutan ahoratuta desagertu zen, mihi zurbil-zabalak papera blaitu duen koipea milizkatzen du. Jon Alonso   «Lisboako Setioaren Historia» - José Saramago - 194. orr.

Haren esku zuhurrean dirdir zegien bi errubi zurbil-nahasiz txertaturiko eraztun urre berdezko batek. Juan Garzia   «Bizi alegiazkoak» - Marcel Schwob - 47. orr.

5 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa, elkarketak izenondo balioa duela)

Emakume ezezagun aurpegi-zurbil bat igaro zen, bakarrik, gelatik. Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce - 210. orr.

Kalpar lehoi-kolorea zeraman, luze-luzea, kizkurtua garondo aldean, eta gizena eta aurpegi-zurbila zen. Fernando Rey   «Gure etxeko kontuak» - Natalia Ginzburg - 89. orr.

Beste gazte batzuk, ile leun distiratsukoak, aurpegi-zurbilak, mozkoteak, matrail--hezur markatuak eta begi sakonak zituztenak, [...]. Koro Navarro   «Artistakume baten erretratua» - Dylan Thomas - 189. orr.

6 (izen gisa -en atzizkiaren eskuinean) ik zurbiltasun.

Izutu zintuen haien bisaien zurbilak. Xabier Montoia   «Elektrika» - 151. orr.

Gazte geldi bat zen, "bere zurbilean txukun, erruki emateko moduko prestu itxuraz, erremedio gabe desanparatua...". Pablo Sastre   «Eguzkipekoak» - 41. orr.

· Bizar zuri egunetan egin gabeak aurpegiko zurbila nabarmentzen zion, eta hortzak, aldiz, beltz-beltzak zituen, piparen eraginagatik seguru asko. Anjel Lertxundi   «Ihes betea» - 181. orr.

7 zurbil-zurbil izond

Ama Doloretakoaren akuarelazko kopia bat, begi larriak zeru hotzerantz so zituela, bikain, eta malko mingotsak masail zurbil-zurbiletan behera zerizkiolarik etengabe. Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker - 59. orr.

Munduko gizonik eskuzabal eta ahulena zen Ortiz, argala eta zurbil-zurbila. Hasier Etxeberria   «Patri maitea» - 90. orr.

Nahi duzunaren izenean zin egingo dut zurbil-zurbila dela. Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol - 271. orr.

Argia, nabar-lorearen antzekoa baina zurbil-zurbila. Anton Garikano   «Maitea» - Toni Morrison - 262. orr.

8 (adizlagun gisa)

Kaleko eguzkiak aurpegian jo ziolarik, lotsatu egin zen, zalgurdira igo zen, bizkarra makurtuz, begitartea zurbil-zurbil. Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola - 407. orr.

Bere hanken gainean ikusten zuen trabeska, aurpegiera zurbil-zurbil, begi urdin handiak zabalik, oinazea ezpainetan, harri eta zur, hilda egoteagatik, hantxe hiltzeagatik, hain agudo. Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola - 27. orr.

Bere hanken gainean ikusten zuen trabeska, aurpegiera zurbil-zurbil, begi urdin handiak zabalik, oinazea ezpainetan. Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola - 27. orr.

Dorothy mahai baten gainean zetzan, aurpegia zurbil-zurbil. Fernando Rey   «Hobe nuen etxean gelditu» - Horace McCoy - 163. orr.

Txima horiak ondo lotu gabe, zurbil-zurbil, hildako baten gisan. Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola - 300. orr.

Guardiak, zurbil-zurbil, oihu egin zuen: [...]. Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant - 117. orr.

Senarra, tabakorik gabe, zurbil-zurbil dabil. Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank - 276. orr.

Ez goi-maindire ez estalki zegoen, zurbil-zurbil, gaixotasun larriren batek jota bezala. ile-izpi harroak, errotik mingarriro erauzirik, hatz-mutur zurbilduen artean estutzen ziren, estokan bezala. Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean» - 68. orr.

Elurra zurbil-zurbila zegoen. Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant - 285. orr.

Eguzkiaren eragina da; obraren gainean airean zintzilik dauden lanbro zuri zikinak urreztatzen ditu pixka bat, nire logelara isurtzen da, horail-horaila, zurbil-zurbila. Monika Etxebarria   «Goragalea» - Jean Paul Sartre - 44. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus