Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

Hasiera:

ordez 1 adlag adierazten denaren lekuan, ordainetan edo haren truke. ik orde.

Ile ordez sugeak, atzamar zorrotzak eta hagin beldurgarriak zituztela irudikatu ohi ziren. Antton Olano   «Fidel izan beharraz» - Oscar Wilde - 171. orr.

Etxeko atalburuan ere, egungo elorri ordez lehen lizar adaskak paratzen ziren gurutzean. Patziku Perurena   «Trapuan pupua» - 243. orr.

Bost filosofo ordez, hamar sartuko dituzte agian. Joxerra Garzia   «Itsasoan euri» - 192. orr.

-Dirudienez, hegazkinak, mendebaldera ordez, ekialdera hartu zuen. Koro Navarro   «Zortzi kontakizun» - Isaac B. Singer - 108. orr.

Ni bertaratu orduko, ukondotik helduz, komisaria barrura ordez atarian dagoen lorategira eraman ninduen. Joxean Agirre   «Romain zen bere izena» - 42. orr.

"Baina" ordez "eta" jarriko lukeena fidagarriagoa litzaidake. Joxerra Garzia   «Egonean doazen geziak» - 30. orr.

· Dolu handiegia dute eta ez dituzte ordez sortzen direnak laztantzen ahal. Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma» - 132. orr.

Ordez, Wernerren ikustera joan zen. Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma» - 103. orr.

Praktika ukatzen da, eta, ordez, hitza eskaintzen. Juan Martin Elexpuru / Bego Montorio   «Filosofia apaingelan» - Sade - 50. orr.

Zemai egin ere bai, buruz beherako orekan jarriko zela gure hamaseigarren solairuko balkoiko eskubandaren gainean, eta nik ozta-ozta eragotzi; ordez-edo, whisky botila bat jaurtiki zuen delako Urliak fatxadan behera... Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch - 98. orr.

2 (-en atzizkiaren eskuinean)

Urrearen ordez ikatza eman nahi diguten garaiak bizitzen ari gaituk, okari oka. Anjel Lertxundi   «Ihes betea» - 235. orr.

Berriro burua altxatu zuenean aurpegia erabat desitxuratua zuen, malkoen ordez behazuna edo pozoiren bat xurgatu balu bezala. Joxean Agirre   «Romain zen bere izena» - 64. orr.

Bigarren mutantearen buruan hanka bat eratu bada antenaren ordez, seinale mutazioak gene bat indargabetu duela. Juan Garzia   «Sagua, eulia, eta gizakia» - François Jacob - 62. orr.

Gurpilak jiraka jarraitzen zuen nire buruan; orain, ordea, arestiko zenbakien ordez, izenak erakusten zizkidan. Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea» - 37. orr.

Betaurrekoen ordez ukipen-leiarrak jarrarazi zizkion; haren armairua erabat berritu zuen. Oskar Arana   «Brooklyngo erokeriak» - Paul Auster - 48. orr.

Nahi duzu zure ordez joan nadin... Eneko Bidegain   «Anbroxio» - 36. orr.

Arauzko alkandora faxistaren ordez, kokospeko beltz xelebre bat, arra bat zabal, zeina mugimendu zakar bakoitzean jakaren ertzetatik irteten baitzitzaion. Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi - 50. orr.

Gona estu ñimiñoa janzten zuen, lehengo eguneko plisatuaren ordez. Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll» - 251. orr.

Oharkabekeria eta ausartzia erakutsi dugula, tipien ordez handiak hautatuz eta berdin ongiaren ordez gaizkia eta hoberenaren ordez tzarrena. Piarres Xarriton   «Enkiridion» - Martin Azpilkueta - 54. orr.

Urruneko autoaren burrunba isilaren ordez, urruneko urratsen harrabots idorrak sendi izango dituzu. Filipe Bidart   «Bakartasunaz bi hitz» - 11. orr.

Sodio-kloruroaren ordez potasio-kloruroa baliatzen hasiak dira goi-sukaldari aitzindari batzuk. Edorta Agirre   «Baietz okerreko bidea aukeratu! » - 38. orr.

Baina horren ordez, are gauza bitxiagoa egin du: negar zotinka hasi da. Urtzi Urrutikoetxea   «Zoririk ez» - Imre Kertész - 48. orr.

Londres laster geratu zitzaien oso atzera, eta haren ordez landa berde txukunak ageri ziren. Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sekretuen ganbera» - J.K. Rowling - 64. orr.

Horren ordez, bere soldadu-ibilerei buruz galdetzen nion. Anjel Lertxundi   «Ihes betea» - 26. orr.

Zer ikusten dugu honen guztiaren ordez? Juan Martin Elexpuru / Bego Montorio   «Filosofia apaingelan» - Sade - 291. orr.

Gauza horiek bihurtzen ditu on, haiek egokiro antolatzean egon beharko lukeen onaren ordez. Imanol Unzurrunzaga   «Hainbat idazlan» - San Agustin - 121. orr.

Hori gabe, oraindik ere Teodosiar kodea izango genukeen erromatar legea lurraldeko lege zen probintzietan, Justinianoren legeen ordez. Iñaki Iñurrieta   «Legeen espirituaz II» - Montesquieu - 204. orr.

-Joera dugu aurrean dugunaren ordez, aldez aurretik nagusitu zaigun klixea ikustekoa. Iñaki Iñurrieta   «Kuskue tanden» - 115. orr.

3 (aditzaren era burutuaren eskuinean) beharrean.

Bere gorputzak, ilun-bistan, "hari beltza eta zuria bereizi ezin diren unean", sendoagoa ematen zuen, beteagoa; hogei urte izan ordez hamar gehiago balitu bezala. Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea» - 169. orr.

Partida egin ordez belazeetan etzan ziren, alkandorak erantzirik. Eider Rodriguez   «Eta handik gutxira gaur» - 18. orr.

Urteak betetzen zituen mutila ospitalean zegoen festan egon ordez. Koro Navarro   «Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean» - Raymond Carver - 60. orr.

Hobe haragi minbera ukitzen ez segitzea, goxatu ordez gehiago erretzen baitu. Xabier Mendiguren Elizegi   «Uda betiko balitz» - 33. orr.

Liluratu ordez, politikak, gaur egun, nazkatu egiten du. Txema Ramirez de la Piscina   «Ikus gaitzazuen» - 114. orr.

Erantzun ordez, Xerealek irakurtzen jarraitu zuen: [...]. Iñaki Iñurrieta   «Kuskue tanden» - 11. orr.

Baionan hotelez hotel ibili omen zen bere lagunekin, jendarmeengana jo ordez. Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste» - 164. orr.

Mitina ematen zuen ebanjelioa esplikatu ordez. Koldo Izagirre   «Agirre zaharraren kartzelaldi berriak» - 236. orr.

-Orangutan deitu ordez tximino deitu izan balit behintzat! Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja - 272. orr.

Bera joan ordez, alaba bidali zuen. Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean» - 98. orr.

-Zergatik ez zuen ihes egin, hala ere, bere burua hil ordez? -galdetu zuen Perrettek. Jon Muñoz   «Loroaren teorema» - Denis Guedj - 105. orr.

4 (-tzeko atzizkiaren eskuinean) ipar beharrean.

Zeren ahultzeko ordez indartzen baitira, esperientzia horretan azkarturik, beren arteko elkartasun sare berezia antolatuz, Frantziako administrazionearen traba guzien gainetik. Filipe Bidart   «Bakartasunaz bi hitz» - 120. orr.

Ez zuen ulertzen zergatik euskarazko ehortz-elizkizunetan, tristezia larriaren aztaparretan behera amiltzeko ordez, abesteko gutizia oldartzen zen herritarren bihotzetan. Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma» - 155. orr.

Gizakien bihotzak sendotzeko ordez haien hondatzen dakitenak, gogaikarri dira, bai beren buruentzat, bai besteentzat. Piarres Xarriton   «Etika» - Spinoza - 517. orr.

Oraino luze luzea etzanik dagoela, besoak eta zangoak tiratu, hortzak tinkatu eta xutitzeko ordez berriz matalazaren gainera uzten du bere gorputza. Eneko Bidegain   «Anbroxio» - 114. orr.

Zeruko graziak ohoratzeko ordez, aterpeko nesken graziari eskerrak bihurtu zituzten mundu triste honen edertasun garrantzisuenari amor emanez. Piarres Aintziart   «Santiago oinez» - 206. orr.

Egoerari pentsatzeko ordez behar genuen gure izpiritua bertze norabide baterat igorri. Ramuntxo Etxeberri   «Skyroom» - 297. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus