Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

Hasiera:

orezta (44 agerraldi, 27 liburutan; orobat orizta 12 agerraldi, 2 liburu eta artikulu 1ean;) 1 iz larruazalean eratzen den orban ilun biribila. ik orin.

Markok, ordea, amarengandik hartua, orezta bat zuen lepondoan, mitxeleta baten irudikoa. Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa» - 192. orr.

Esan beharra dago hogei duroko baten neurriko orezta zuela kokospeko zintzur-korapiloa baino beherago. Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean» - 374. orr.

Orezta bat zuen bizkarrean, eskuinean, erdialdean, bizkarrezurretik gertu, margolari batek margotua bezala. Lander Garro   «Orain galdera berriak ditut» - 53. orr.

Frankotan erran dizuet haren matelondoko orizta ez zela parte onekoa. Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll» - 310. orr.

Grace polita zen, neska irlandarren oreztak zituen, baina behar ziren lekuan jarriak. Karlos Zabala   «Buda zoriontsuen etxea» - João Ubaldo Ribeiro - 123. orr.

Bere aurpegi itsusiko oreztak. Itziar Otegi   «Axenario» - Jules Renard - 143. orr.

Garaia, argala eta baldar samarra zen, oreztaz betea, esku eta hanka handikoa eta sudur luzekoa. Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta Azkabango presoa» - J.K. Rowling - 87. orr.

Oreztaz beteriko beso lodiak. Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos - 21. orr.

Oreztaz jositako gazte alai eta oso maitatu bat, ile beltza tente moztuta daroana. Urtzi Urrutikoetxea   «Zoririk ez» - Imre Kertész - 52. orr.

Orban, orezta, ebakiondo edo anputazioren bat? Rafa Egiguren   «Mentxakaren aitorpena» - Jose Ramon Goikoetxea - 212. orr.

Orezta-moduko incomodité txiki batzuk agertu baitzitzaizkion eskuineko oinean. Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol - 246. orr.

Ikertzaileek azaldu dutenez, melanomaren zelulek ohiko oriztak baino BRN-2 proteina gehiago dituzte. Berria - Gaiak   2004-03-18

2 (izenondoekin)

Emakume txiki, lodikote eta kementsu bat da, orezta beltzekikoa, motz-motz ebakitako ile sarri eta lodiduna, leporik gabea. Oskar Arana   «Lotsaizuna» - John Maxwell Coetzee - 96. orr.

· Bere ezjakintasuna adibidez, eta are gehiago orezta ilez betea, eta titiak, umerik hazi gabea izateko oso baitzituen eroriak. Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean» - 375. orr.

3 irud/hed

Gaztain sagar aurpegi-gorriak, errege sagar horiak, oreztez beteak. Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola - 318. orr.

4 (hitz elkartuetan)

Berez ia eskua ere ez zen, baizik eta zerbait moztua, biguna, hezurtsua, zimeldua, argizari oreztaz betea. Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch - 213. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus