Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

Hasiera:

paralisi (orobat paralisis g.er., paralesia eta pailesia g.er.) 1 iz higitzeko ahalmenaren galera. ik elbarritasun.

Pedro Mancanella Gaetako hiritarrak, paralisi batengatik, besoaren eta eskuaren erabilera galdu zuen, eta ahoa ere belarriraino okertua zeukan. Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara» - 441. orr.

Gorputzaren eskuin alde osoa paralisi oso larri batek hartuta, mugimenduarekin batera, sentimena, entzumena eta hitza galdu zituen. Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara» - 873. orr.

Paralisiak jota geratu baitzen ezkerreko hankatik betiko. Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa» - 8. orr.

Herrixka berean, paralisiak jotako gazte bat ahoa ireki ezinik eta begiak oker-oker zituela gelditu zen. Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara» - 440. orr.

Paralisiak jo aurretik, ardoa, etxekoa, gasnaren lagungarri, edatea medikuak debekatu zionean. Itxaro Borda   «%100 basque» - 98. orr.

Eta, legenarretik garbi eta paralisitik askaturik, erabateko osasuna lortu zuen. Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara» - 272. orr.

Litekeena paralisiren batekin geratzea, nire emaztearen moduan. Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea» - 140. orr.

Bihotzaren bat-bateko paralisiaz etorri zitzaion heriotza. Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja - 308. orr.

Burmuineko paralisia duen Richard Pascuak, bestalde, oinak erabiltzen ditu teklatuko botoiak zapaltzeko. Berria - Euskal Herria   2004-01-31

Garuneko paralisia dutenei laguntzeko elkartea. Berria - Euskal Herria   2004-09-02

Odoljarioaren eraginez paralisi bat egon daiteke eta Sharonen mintzamena bera ere ukituta egon daiteke. Berria - Mundua   2006-01-07

Paralisia arnasketa sistemara iristen denean hiltzen dira gaixoen %8. Berria - Gaiak   2004-01-16

Paralisi orokorretik entzefalopatia kronikoraino, izaeraren neurositik deliriorik gabeko zorotasuneraino. Xabier Arregi   «Jakitearen arkeologia» - Michel Foucault - 49. orr.

2 irud/hed ik geldialdi.

Dublinek ere arima hautsia du, eta paralisiaz jotzen du bizkortze ahalegin oro. Markos Zapiain   «Errua eta maitasuna» - 69. orr.

Idazten hasteko uneak mito zahar bat dakar, paralisiarena alegia. Askoren artean   «Filosofiako gida» - 361. orr.

Arrazoi guztia edukitzearen pisu astunak harrapatuta, paralisi moduko batek harrapatzen gaitu sarritan. Hasier Etxeberria   «Patri maitea» - 122. orr.

Pedro Manterola da, izatekotan, museoa paralisitik atera dezaketen bakarrenetakoa. Berria - Kultura   2004-05-01

Estatuarekin negoziatzerakoan azken urteetan gertatu diren bezalako paralisiak gertatuko ez diren bermea izatea, Europan presentzia gehiago izatea eta udalerrien eskuduntzak areagotzea. Berria - Euskal Herria   2004-05-12

Azkenik, demokrazia ez da ogi zerutik etorria, arazoak konpontzeko tresna baizik; demokrazia sagaratzeak, paralisia dakar. Markos Zapiain   «Errua eta maitasuna» - 19. orr.

3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Delphine Sallaberry Matxonekoak utzi gaitu nehor beha ez zagolarik pailesia kolpe baten biharamunean. Herria   2004-03-04

4 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Etxe domotiko bat zabaldu dute Bartzelonan, garun-paralisia eta beste zenbait ezintasun dituzten pertsonentzako. Berria - Gaiak   2004-10-05

Petankaren oso antzekoa da, eta gurpildun aulkietan jokatzen da, burmuin paralisi larrien edo ezindu fisikoen artean. Berria - Kirola   2004-09-16

Dokumentuan «alferrikakoa», «porrota» eta «antolakuntza paralisia» eta gisako beste akusazioak egin dizkiote diputatuek, eta milioika dolar alferrik xahutzea leporatu. Berria - Mundua   2006-02-16

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

paralisiak jota (3)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus