Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Xabier Alberdi, Pello Salaburu
ALEGIA

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > esplikatiboa

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Birformulazio esplikatibo bat bideratzeko erabiltzen da alegia: hots, aurreragoko diskurtso atal batean adierazitakoa azaltzera, argitzera, osatzera edo zehaztera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Hitz horretaz baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haren bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari lehenago adierazi duenari buruzko azalpen bat datorrela alegia hitzak txertatzen duen diskurtso atalean.

Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari birformulakizun esango diogu, eta azalpen berriari atal birformulatzaile edo, oro har, birformulazio. Beraz, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa argitzera edo azaltzera dator atal birformulatzailea.

(2.1)

Hain zuzen ere, bere helburuen artean jarri du botatzen eta erraustenalegia, deuseztatzen— den zabor kopurua murriztea. [EPD, Berria]

Birformulakizuna

botatzen eta errausten

Azalpena: atal birformulatzailea

alegia, deuseztatzen—

(2.2)

Jokalari txarrena. Gilbert Arenas. Izan zen, baina ez da. Alegia, jokalari puska izan zen, baina erosotu egin da, eta kirolarekin zerikusirik ez duten gaiengatik egin da ezagun. [EPD, Berria]

Birformulakizuna

(Jokalari txarrena. Gilbert Arenas.) Izan zen, baina ez da.

Azalpena: atal birformulatzailea

Alegia, jokalari puska izan zen, baina erosotu egin da, eta kirolarekin zerikusirik ez duten gaiengatik egin da ezagun.

Azpimarratzekoa da diskurtsoaren harian atal birformulatzailea geratzen dela indartuta edo nabarmenduta; beraz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.

Bestalde, aurreko adibideetan ikus daitekeenez, alegiaren bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak (ikus sintaxia) enuntziatu zatiak (2.1.) nahiz enuntziatu osoak (2.2.) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikokoak (perpausak, izen-sintagmak, aditz-sintagmak, izenak, aditzak).

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Hona hemen alegia birformulatzaileak birformulazio-prozesuetan betetzen dituen funtzio nagusiak (ikus bereziki Garcés 2008):

a. Identifikazio- eta zehaztapen-funtzioa: birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzea 

Honetan datza birformulazio-prozesua: alegiaren bidez birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzen zaio atal birformulatzailean; hots, identifikazio edo zehaztapen bati bide egiteko erabiltzen da alegia. Denborazko eta lekuzko esapideak argitzeko erabiltzen da, edota deiktikoen eta sintagma zehaztugabeen erreferentzia identifikatzeko edo zehazteko.

(3.1)

Sortu zenetik -XIX. mende-hasieratik, alegia-, biologiak ez dio utzi egituretan barrentzeari eta funtzioetan sakontzeari. [Sagua, eulia, eta gizakia, François Jacob / Juan Garzia (EHU, 2004) Orr.: 11]

(3.2)

Enbrioiaren eraikuntza bideratzen duten urratsen artean, lehenbizikoak amaren geneek gobernatzen dituzte. Horren ondoren, enbrioiaren beraren geneek baino ezin dute beren gain hartu hurrengo urratsak ziurtatzeko ardura. Izadiaren mirari hori -zelula batetik, arrautza ernaldutik, animalia bat eratzea, alegia- bitalismoari geratzen zitzaion azken babeslekuetariko bat izan da luzaroan. [Sagua, eulia, eta gizakia, François Jacob / Juan Garzia (EHU, 2004) Orr.: 60]

(3.3)

Matematikak ere euskaraz emateko xedea dutela azaldu zuen Iriartek. Ororen buru, ikasleen euskara maila neurtzea da xedea. Azterketak egokitu eta bigarren maila bukatzean EGA agiriaren parekidea sortu nahi dute. Euskaltzaindiarekin elkarlanean egin nahi dute urrats hori. Alta, agiria ofiziala izanen bada ere, agiri horri eskainiko zaion balioari buruzko xehetasunik ez dute aurkeztu. Frantziako Administrazioak erdi itxirik zeukan bertze ataka bat ere ireki da, irakasleen prestakuntzarena alegia. [EPD, Berria]

adibide gehiago:

(3.4)

"Alta, bada balio goren bat gizakiaren desirarik sakonenarekin bat egiten duena eta gizakiaren jokabidea gidatzen duena, oharkabean izan arren: balio izateko desira. (--... .) hots, balio izateko beharrizan sakon bat, besteentzat -norbaitentzat bereziki- norbait izatea, aintzat hartua izatea. Hori gabe, gizakiaren bizitzak ez bide du zentzurik. Eta, ohartuko garen ala ez, horixe da benetako kontua, zinezko munta duena gizakiarentzat: bizitzak zentzurik izatea, alegia. (J.L.A. 138 or.) Eta, Ander eta Bikion isiltasunak garbi adierazten zuenez atal honetako azken hitza oraingoan ezin zitekeela apaizarena izan -bestetan ohi duen bezala-, bada, horra: nik neuk hartu dut neure esku bukaerako punttu hori, honako idi-auskari hau inola ere bertsolari ez naizen arren. [Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008) Orr.: 79]

(3.5)

Baina, egoera hori guztia eragin edo mugiarazi duen proposamena badago: alegia, Eusko Legebiltzarrak abenduaren 30ean onartutakoa. [EPD: Berria]

(3.6)

Saray elkarteko lehendakaria da Nieves Perea: bularreko minbizia duten emakumeak biltzen dituen elkarteko lehendakaria, alegia. [EPD: Berria]

(3.7)

/ (ON) Hemen, berriz, hatz-marka batzuk dauzkagu, horman. / Hatz-marka hauek bereziak dira; hemengo gainerako hatz-markak ez bezala, beherago baitaude, haur batenak dira. Horrek zera adierazten digu, (OFF) alegia, familia osoak bizi izan zirela hemen eta haurrek gurasoei laguntzen zietela eraikuntza-lanetan. [ETB, Explorer 46 , EX03]

Batzuetan, birformulakizuneko erreferentea zehazteko eta enumerazioei bide egiteko erabiltzen da (erlazio matematikoen emaitza adierazteko, zerbaiten zatiak edo osagaiak zehazteko):

(3.8)

Alstom konpainiari diru laguntzak eman ahal izateko hartutako konpromisoak ez dituela bete egotzi dio Europako Batzordeak Frantziako Gobernuari: kontratu publikoak egin eta trenbideak liberalizatzea, alegia. [EPD, Berria]

(3.9)

Luis Mari Oiarbidek esan zuenez, helburua da 2016. urtean Gipuzkoan sortzen den hondakin organiko guztiaren % 55 konpostatzea, alegia 59.000 tona. [EPD, Berria]

(3.10)

Baina bideratutako dirua Europako batez bestekora hurbiltzen joateko eskatu zuten; hau da, Barne Produktu Gordinaren %3 ingurura hurbiltzeko. [EPD-prentsa, Berria]

(3.11)

Aurtengo kopurua gaurkotu ondoren, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta 650,19 eurokoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik bizi den pertsona bakar batentzat, Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldataren % 88 alegia. [EPD, Berria]

(3.12)

Hala kontzeptu nagusien -bai orokor eta komunen, bai berezien- arloa itxita, beste hiru irakasgai geratuko dira, legearen zehaztasunetan gehiago sakontzeko: alegia, delitua (laugarren ikasgaia), horren aurrean emandako erantzuna (bosgarren irakasgaia) eta biktima (seigarren ikasgaia) jorra ditzagun [ZCP-Ak, Adingabeen zuzenbide penala. Jon-Mirena Landa (Koord.), UPV/EHU (2011)]

(3.13)

Laburbildu ditugun ikerketa horiei esker, irakasleak problemak ebazteko jarduera mailakatu dezake, eta ikasleen ezaugarrietara eta mailara egokitu dezake; era berean, ikerketa horiek hausnarketarako elementu batzuk eskaintzen dizkiote irakasleari, ikasleek erabilitako prozedurak eta aurreikus daitezkeen akatsak eta zailtasunak ebaluatzeko, eta, hala, aldez aurretiko kalitateko analisi bat egin dezake. Baina, hala eta guztiz ere, alderdi garrantzitsu bat falta da, alegia: ba al da problemen didaktikaren bat ekintza-plan bat eskaintzen duenik? [EHU, Lehen Hezkuntzako matematikaren didaktika, Chamorro Plaza, M.ª del Carmen (koord.) (EHU, 2010) 10. kapitulua]

(3.14)

- Zuk ondotxo dakizunez, Ruche jauna - esan zion Perrettek -, zerbait ondo ez dabilelako sortzen dira beti misterioak; orri-ertz bat estuegia, ibai bat luzeegia, hatz bat mehegia delako, edo ate bat itxita dagoelako, edo... Jonathan-eta-Léak arnasari eutsi zioten, ea Perrettek huraxe esan behar ote zuen; zera, alegia: "estolda-zulo" bat itxita zegoelako. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 378]

(3.15)

Orra ba, nik jakin nai nukena da... alegia... zera... Erri ontan bazkaitara norbait eraman nai danean, nola esaten zaio? Muj PAm 41. [OEH]

Zenbaitetan, azkenik, birformulakizuneko erreferenteari buruzko informazio edota datu berriren bat gaineratzeko erabiltzen da alegia:

(3.16)

Hasieran, desobedientziaz gain, aginteari atentatua egin, eta lesioak eragin izana egotzi zieten gaztetxeko bost kideei, 28 hilabeteko espetxe zigorra alegia. [EPD, Berria]

(3.17)

Naroa Agirrek pista estaliko pertika jauziko bere marka ondu zuen, atzo, Anoetako Belodromoan. Espainiako marka ondu zuela, alegia. [EPD, Berria]

(3.18)

Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) etxegabekoen azterketa egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehen aldiz. Horretarako, egunero gizarte zerbitzuak erabiltzen dituzten 1.800 pertsonetatik 1.000 laguni inkesta egin diete, alegia, normalean etxeetan bizi ez direnei, ez berena edo senideena den etxean, ez alokairuan, ez etxea okupatuta. [EPD, Berria]

b. Birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzea

Honetan datza birformulazio-prozesua: alegiaren bidez birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzen da atal birformulatzailean; hots, azalpen bati bide egiteko erabiltzen da alegia. Alde batetik, hitzen esanahia argitzeko erabiltzen da (neologismoak, hitz ezezagunak, hitz teknikoak, atzerriko hizkuntzetakoak, latinetikakoak, eta abar). Bestetik, aurreragoko enuntziatu oso baten zentzua edo interpretazioa argitzeko erabiltzen da.

(3.19)

Harizpi bikoitzeko azido desoxirribonukleikoak oso likatasun intrintseko handia du, eta, ondorioz, oso luzeak eta meheak izaten dira molekulak. DNAk masa molar handia du, eta, hala ere, degradatu egin daiteke (masa molarra gutxitu, alegia), disoluzioak pipeteatzean agertzen diren zizaila-gradienteak direla eta. [EHU, Kimika fisikoa, Silbey, Robert J. et al. (EHU, 2006) 21. kapitulua]

(3.20)

Jokalari txarrena. Gilbert Arenas. Izan zen, baina ez da. Alegia, jokalari puska izan zen, baina erosotu egin da, eta kirolarekin zerikusirik ez duten gaiengatik egin da ezagun. [EPD, Berria]

(3.21)

Hain zuzen ere, bere helburuen artean jarri du botatzen eta erraustenalegia, deuseztatzen— den zabor kopurua murriztea. [EPD]

(3.22)

Existitzen ez bada, ordea, zer?... Nekez erakuts daiteke existitzen ez dena! Hortaz? Gauza bat existitzen ez dela esateko, EXISTITZERIK EZ DAUKALA frogatzea da era bakarra. Alegia, delako gauza hori aurkitzeko ezintasunak gauza hori existitzen ez delako ziurtasun erabatekoari eman behar dio bide. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 136]

(3.23)

Horregatik oinarrizko kontu batzuk soilik jarri ditugu, hiru ardatzetan; izan dadila bake egoera batean eta bakea emanez elkarri, alde guztiek bermeak emanez elkarri; errespetu osoa guztion eskubide guztiekiko; eta demokratikoa, alegia, herritarrok esaten duguna aintzakotzat hartuz, herritarrok zer nahi dugun galde eta horixe bete. [EPD]

(3.24)

Zer premia egon liteke zuhaitz askok halako hostoak edukitzeko, udazken oroz erori eta udaberrian atzera irten behar dutenak? Edo animaliek lau hanka izateko? Edo izaki biziek ugaldu behar izateko? Eta gehienetan, gainera, [Zer premia egon liteke] bi elkartu behar izateko hirugarren bat sor dadin? Alegia, zergatik ote den ugalketa, gorputzaren funtzio guztien artetik, hala antolaturik dagoen bakarra, hots, biren artean banaturiko organo baten kargu? [ZIO, Sagua, eulia eta gizakia, François Jacob / Juan Garzia (EHU, 2004) Orr.: 39]

c. Birformulakizunaren esanahia zabaltzea: definizioa

Honetan datza birformulazio-prozesua: alegiaren bidez birformulakizuna definitzen da atal birformulatzailean; hots, definizio bati bide egiteko erabiltzen da alegia. Batez ere, terminoak definitzeko erabiltzen da.

(3.25)

Nukleo kritiko horretan aurkitutako gelaxka unitateen kopurua nukleo kritikoaren eta gelaxka unitateen bolumenaren ratioa da. Urreak aurpegietan zentratutako kristal-egitura kubikoa duenez (eta gelaxka unitate kubikoa), gelaxka unitatearen bolumena a3 da -non a sare-parametroa baita (alegia, gelaxka unitatearen ertz-luzera) -. a-ren balioa 0,413 nm da, problemaren enuntziatuan aipatzen den moduan. [EHU, Materialen zientzia eta ingeniaritza, Callister, Jr., William D. et al. (EHU, 2011) 10. kapitulua]

(3.26)

Eta Laugarrenaz, "nirodha" edo deritzanaz, alegia, azken eta unean uneroko herioa onartzearenaz, duda baino areago ezezko susmoa nik: erraz esaten baita, baina nekez burutzen, horretan saiatu direnak ezin konta-ahala izan diren arren baita gure Asiapunta mende-baldar honetan ere, menderen mendetan, estoikoetatik hasi eta Kant handian barrena beste hainbatenganaino (lastima gure Edorta Orozgoiti buru-ohia buruz kanpo egotea gure zafarrantxo honetan, dezente bai baitzekien gauza hauetaz). [Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008) Orr.: 170]

d. Birformulakizunaren esanahia laburbiltzea: izendapena

Honetan datza birformulazio-prozesua: alegia erabiliz birformulakizuneko formulazio luzea termino bakar batera ekartzen da atal birformulatzailean; hots, birformulakizuna laburbiltzen duen deitura edo termino bati bide egiteko erabiltzen da alegia.

(3.27)

-Guztiak joango gara Zaldiango jauregira, ados -esan zion Reginari bizpahiru hilabete lehenago-, baina ni Frantziara joango naiz lehendabizi, Anselmorekin ohi bezala, ibilgailu gurpildun horietako bat erostera: voiture bat, alegia. [EPD]

(3.28)

Konbinatoria horrek zentzu berria hartzen du halako geneen emaitzak arakatzen direnean, hots, enbrioi-garapena gobernatzen duten proteinak. ADN zati horietariko bakoitzak kate polipeptidiko bat ekoizten du, eremu bati dagokiona: proteina-eredu bat, alegia, zeinaren hiru dimentsioko formaren eta karga elektrostatikoaren agindupean baitaude ezagutze- eta eragite-gaitasunak. Euli-enbrioiaren bizitzaren lehen urratsetan parte hartzen duten eragiketak zuzentzen dituzten gene guztiok, hain zuzen, beste gene batzuen gain eragiten dute, ADN segmentu hori ARN gisa transkribatzeari baietz edo ezetz esanez. [Sagua, eulia, eta gizakia, François Jacob / Juan Garzia (EHU, 2004) Orr.: 61]

e. Azaldu nahi denari sarrera ematea

Gehienetan agerian daude testuetan birformulazioaren bi atalak (birformulakizuna eta atal birformulatzailea). Hala ere, ahozko hizkeran batez ere, alegia sarritan erabiltzen da azaldu nahi denari sarrera emateko, hots, adierazi ez den formulazio inplizitu baten birformulazioari bide egiteko (ikus Martín Zorraquino, Portolés 1999: 4122). Hona adibide adierazgarri batzuk:

(3.29)

--Ta, zer esan dizu? --Esan dit, alegia, abek gaztetxoak, txikitxoak dirala oraindik eta urruti aietara iritsi gabeak dirala. Ib. 44. [OEH]

(3.30)

BEATRIZ.- Baita hiri ere. Esan zidatek, bai, gaur lehenago ixtekoa hintzela, baina ez zieat sinestu. Izan ere, ez hidan ezer esan eta...
MIKEL.- (Esaldiak taxuz lotu ezinik) Izan ere... Alegia... Batzuetan, gauzak hala gertatzen ditun. Eta, gertatzen direnean, datozen bezala hartu behar ditun. Eta kito! Ez dun besterik gertatzen. [Goenkale, 1295 atala, Mamu eta damu Sek.: 14]

adibide gehiago:

(3.31)

MIKEL.- (Moztuz) Hara: "baina" horren zain nengoan... Segi ezak, segi ezak... Datorrena ere ikusten ari nauk-eta...
TXAPAS.- Ba..., zera..., alegia... Bat-batean, hor ikusten dudala nola sartzen hasi den odola tutuan... [Goenkale, 1121 atala, Triste bizi naiz eta Sek.: 13]

f. Beste balio batzuk: ondorioa, dedukzioa…

Bestalde, zenbaitetan —testuingurua lagun— aipatutakoez bestelako balioak bereganatu ditzake alegia markatzaileak. Izan ere, birformulatzaile esplikatiboak, birformulazioaren nolabaiteko hiperonimoak direnez, gai dira erabilera markatuetan bestelako balioak (ondorioa, dedukzioa) eta bestelako birformulazio motak adierazteko (zuzenketa, laburbilketa, berrazterketa).

Ondorioa, dedukzioa, konklusioa. Zenbaitetan eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko. Izatez, hori ez da birformulatzaile esplikatiboen funtzio prototipikoa, baina, testuingurua lagun, ondorioa eta bestelako funtzio argumentatiboak bereganatzen dituzte inferentzia-prozesuetan.

Inferentziazko prozesua gertatzen denean ondorio edo dedukzio bati bide egiteko erabiltzen da alegia: ondorio subjektiboa, emaitza, dedukzioa. Halakoetan, atal birformulatzailearen hasieran paratu ohi da markatzailea eta identifikaziotik edo baliokidetzatik harantzago doa bi atalen arteko lotura: birformulazioa ez da oinarritzen parafrasian, inferentzian baizik. Informazioaren egituraren aldetik, iruzkin berriak ez du errepikatzen lehengo mintzagaia, baizik eta aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen du: ondorengo testuan, esaterako, birformulakizunean adierazten denetik harantzago doa birformulazioa. Gehienetan, aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen da birformulazioan.

(3.32)

Laukizuzena, gero; bi informazio behar dira hura zehazteko. Gero, erronboa, paralelogramoa, trapezioa. Eta, hara, ia-ia ahaztu zaizkit, haiek izanik ugarienak inondik ere: nolanahikoak! Ezer nabarmenik ez dutenak. -Alegia —sartu zen tartean Jonathan—, matematikan lanerako sekula erabiltzen ez direnak. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 156]

(3.33)

-Kontu handiz, bai horixe! Nonbaitik hasi behar, hala ere - baieztatu zuen Léak -, ezta, Ruche jauna? Izan ere, esaldi hau aurkitu dut, Polibio deritzon batena: "Guztiaren bide erdia da hasiera". Alegia, gaizki hasiz gero, okerra luzaroko! [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 164]

adibide gehiago:

(3.34)

"Adimena beldurrez makaldua duen gizon iaio batek bizimodu oparoa eta diru pila eskaintzen dit bere ministro izan nadin; bihar, ordea, kalera bidaltzen banau, hortxe suertatuko naiz zahar eta txiro; alegia, munduan den egoerarik arbuiagarrienean; horra, orduan, pertsona atsegina kondesari eskaintzeko! ". [EPD, Parmako kartusia, Stendhal / Jon Muñoz (Elkar/Alberdania, 2007) Orr.: 174]

(3.35)

Nafarroako Gobernuak bezala, Ormazabalek ere ekarri izan du gogora 2414/61 araudia indargabetuta dagoela. «Artikulu berriak ez du ezer esaten 2.000 metroko distantziari buruz», azaldu zuen iaz kargua hartu eta berehala emandako elkarrizketa batean. Ormazabalen ustez, Gipuzkoaren lurraldea nolakoa den kontuan hartuta, ezinezkoa da 2.000 metroko distantziaren baldintza betetzea. Aldundian konbentzituta daude horrekin. Alegia, Nafarroako epaiak ez direla aurrekari egokiak Gipuzkoarako. [EPD, Berria]

(3.36)

Nola erantzun behar diote botere publikoek haurtzaroari, emakumeen lan merkaturatzeari eta lan merkatuaren premiei? Irudimena baliatuz eta ñabardurak aintzat hartuz. Haurrak eskatzen duena jakinda, egoera bakoitzean erantzun bat eman behar zaio: batzuetan, haur eskola izan daiteke; besteetan, familia. Familia, baina baliabide ekonomikoak eskainiz. Betiere baliabideak ondoen optimizatzen dituen aukera aintzat hartuz. Alegia, guk ezagutzen dugun haur eskola ez dela arazo horri herrialde aurreratuetan eman dioten erantzun bakarra. [EPD, Berria]

Heterobirformulazioa. B solaskideak A solaskidearen adierazpenetik ateratzen du ondorioa (‘heterobirformulazio’ —gazt. ‘heterorreformulación’— deritzo fenomeno horri).

(3.37)

Reginak gogoan behar zuen bere nerabezaroko egun hura, noiz eta, Jainkoaren errukiberatasuna adierazteko-edo, Ernestinak ebanjelioko emakume adulteriogilearen pasartea atera zuen etxekoen artean; gogora zezakeen, halaber, zeinen ados sentitu zen bai ahizparen iritziarekin eta bai Jesusen mezuarekin ere; geroztik, baina, izugarri aldatu ziren gauzak: une hartan, esate baterako, Nazarioz maiteminduta zegoen Regina, aise jar zitekeena markesa anderearen tokian, emakume irainduarenean, alegia, Faustik egindako galderaren haritik; orduan, ordea, burutakizun hark burutik erraietarako bidea egin balio bezala -maiteminduen eremua istantean hedatzen den suarena ere bada-, erraietatik erantzun zion, bizi bezain biribilki: -Nik ezkontza-nahasle guztiak urkatuko nitizken! -Etxe bakoitzean urkabe bat, alegia... -Faustik, irri maleziatsu bat ezpainetan. Faustinaren ateraldiak barre eragin ziezaiokeen Reginari, baina honek ez zuen egin, zalantza baten itzalak hartu baitzion, antza, aurretik egotzitako iritzi biribila: -Baina nola urkatuko nuke markes jauna, markes jaunaren bidez ezagutu banuen Nazario? [Bestea da mundua, Joan Mari Irigoien (Elkar, 2008) Orr.: 259]

(3.38)

Laukizuzena, gero; bi informazio behar dira hura zehazteko. Gero, erronboa, paralelogramoa, trapezioa. Eta, hara, ia-ia ahaztu zaizkit, haiek izanik ugarienak inondik ere: nolanahikoak! Ezer nabarmenik ez dutenak. -Alegia —sartu zen tartean Jonathan—, matematikan lanerako sekula erabiltzen ez direnak. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 156]

Elkarrizketa baten harian galderazko enuntziatu beregain bat osatzeko gauza da alegia birformulatzailea: solaskideari azalpen zehatzago bat edo birformulazio argigarri bat eskatzeko erabiltzen da (—Alegia?):

(3.39)

-Nik, berriz —sartu zen tartean Jonathan, goxo-goxo—, ez dut uste zuk esan bezala gertatu denik kontua. Zuk ez duzu ezertxoren erantzukizunik. Burua mugitu zuen Ruche jaunak, tristuraz. -Dena antolatuta zeukan zure adiskideak —jarraitu zuen Jonathanek—. Bidali dizun gutuna haren testamentua da. Bere heriotza aurreikusi, eta gauzatu egin du noski. -Alegia? [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 104]

(3.40)

-oihukatu zuen Léak, sutan. - Horixe bera uste nuen nik ere. Gero, gogoeta egin, eta hortxe aurkitu dut irtenbidea... beste liburu batean. Neurketa une jakin batean eginez moldatu behar izango zuen Talesek: eguzki-izpiak onarriaren aldearekiko zehazki zut zirenean! -Alegia? -galdetu zuen Léak. -Ai ene! Utzidazu gogoratzen. Oinarriaren aldearekiko zut; horrek esan nahi du alderdi ezkutua alde baten erdiaren berdina dela. Hala, piramidearen garaiera itzalaren luzera gehi alde baten erdia da -bukatu zuen lasterka batean Ruche jaunak. - Tira ba, ez dut tutik ere ulertu -esan zuen Léak. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 50]

Zuzenketa. Testuinguru batzuetan birformulatzaile zuzentzaileen zeregina betetzera iristen da: 

(3.41)

Jonathani, berriz, ez baitzuen eskatu berak ematea bikoteari hasiera, aski zitzaion jatorrizko abantaila hura. Eskua gainean jarri, eta hantxe azpian aurkitzen zuen beti giltza. Jonathan-eta-Léa antz-antzekoak ziren, nola diren elkarren antzeko bi ur tanta; alegia, tantek bezala, ez zuten elkarren antzik batere. Ez zegoen aldi berean hain berdin eta hain desberdin izaterik. "Berbera" ziren, baina estalki desberdinez bilduak. Begiak baizik ez zituzten berdin-berdinak. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 20]

Laburbilketa. Kasu batzuetan azalpen- eta laburpen-kutsua du alegiaren bidez sartzen den enuntziatuak:

(3.42)


Debekuaren ideiak bere baitan dauka betebeharraren ideia. Debekuak dituen infinituetatik kasu partikular bat da betebeharra. Debekua orokorragoa da. Izadiaren lege ezagunetatik edozein adieraz daiteke debeku kopuru finitu baten terminoetan. Betebehar-legeekin, berriz, ez da halakorik! Alegia: izadiaren zenbait lege ezin dira adierazi betebehar multzo edo segida finitutzat.  [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU, 2007) Orr.: 32]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enuntziazioaren elementu garrantzitsua, birformulatzaile paradigmatikoa: esatariak, aurreragoko formulazio “desegoki” baten ordez bigarren bat jartzen du, egokiagoatzat jotzen duena: esatariak, bere aurreko adierazpenaren balizko iluntasunaz jabeturik, agerian utzi nahi du birformulazioaren bidez bere diskurtsoaren zentzua. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketa bat bideratzen da, lehen formulazioa bigarrenari menderatuz. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketak ez du esan nahi, hala ere, argudiaketaren norabidea ere aldatzen denik (Larringan, 1996: 245).

Gainerako diskurtso-markatzaileekin alderatuz, izaera polifonikoa da birformulatzaileek parte hartzen duten egituren bereizgarrietako bat (Garcés 2008: 82-83). Izan ere, zerbait birformulatzean atzera egiten dugu diskurtsoan lehenago adierazitakoa berrinterpretatzeko, eta atzera itzultze horretan ikuspuntu berri bat sartzen dugu, birformulakizunekoarekin bat etor daitekeena edo ez.

argibide gehiago:

Hiru tipo nagusi bereizi ohi dira polifoniari dagokionez (Murillo 2007; Fuentes 2004). Lehenengo tipoan —gehienetan agertzen dena— erlazio polifonikoa ez dago markatuta, ez baita aldatzen hiztuna edo esataria*:

*Oharra: Polifoniari buruzko teorian (Ducrot 1984) hiru kontzeptu hauek bereizten dira: a) hiztuna (gazt. hablante), enuntziatua ematen duena; b) esataria (gazt. locutor), esaten denaren erantzulea; enuntziatzailea (gazt. enunciador), enuntziatuetan agertzen diren ahots edo ikuspuntuen erantzulea. 

(4.1)

«Badakigu ez dugula ezer aldatuko, ezer irauliko, baina literaturaz hitz egiteko gogoa genuen eta horren inguruan elkartu gara aldizkaria egiteko», azaldu du Ibon Egañak, sustatzaileetako batek. Aldizkariak ez du maiztasun jakinik izango, eta blog baten ereduari jarraitzen dio. Hots, argitaratu ahala mezuak ikusgai dituen sareko gune bat da. [EPD-prentsa, Berria]

Bigarren tipoan, esatari bat eta bi enuntziatzaile bereizten ditugu:

(4.2)

Berandu etorriko dela esan du. Alegia, ez da etorriko.

Enuntziatu hori polifonikoa da, ikuspuntu-aldaketa bat gauzatzen baita enuntziatzaileari dagokionez birformulakizunetik atal birformulatzailera: lehen enuntziatuan (birformulakizunean) enuntziatzaile batek (e1) adierazten du —zehar-estiloa erabiliz— norbaitek esan duela berandu etorriko dela; bigarren enuntziatuan (atal birformulatzailean), beste enuntziatzaile batek (e2) —zeina bat baitator esatariarekin— dio etortzekoa den pertsona hori ez dela etorriko (hots, bere ikuspuntutik egiten du aurreko enuntziatuaren berrinterpretazioa).

Hirugarren tipoan, lotzen diren enuntziatuetan bi esatari —eta bi enuntziatzaile— bereizten ditugu. Horixe gertatzen da, adibidez, heterobirformulazioan edota enuntziatuetako batean “hitz aipatuak” (norberarenak edo beste norbaitenak) agertzen direnean.

(4.3)

[Heterobirformulazioa] Laukizuzena, gero; bi informazio behar dira hura zehazteko. Gero, erronboa, paralelogramoa, trapezioa. Eta, hara, ia-ia ahaztu zaizkit, haiek izanik ugarienak inondik ere: nolanahikoak! Ezer nabarmenik ez dutenak. -Alegia —sartu zen tartean Jonathan—, matematikan lanerako sekula erabiltzen ez direnak. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 156]

(4.4)

Insistió en que los aumentos de los pilotos deben ir ligados a los beneficios empresariales, es decir, "si la compañia obtiene esos beneficios, ellos obtienen esas subidas", algo que Iberia no puede garantizar de antemano. (Faro de Vigo, 21/06/2001, CREA)

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Azalpenak emateko ez ezik, informazioa gaineratzeko ere erabiltzen da alegia birformulatzailea. Bestalde, nabarmenduta edo indartuta geratzen da alegia birformulatzailearen bidez txertatzen edo gaineratzen den iruzkina eta informazioa (birformulazioa): birformulakizuna atzenduta, birformulazioa hartu behar da aintzat diskurtsoaren harian.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Argumentazioaren ikuspegitik, gehienetan lehenago emandako argudioa indartzera dator birformulazioa. Inferentzia-prozesuetan dedukzio edota ondorio bati bide emateko erabiltzen da alegia: aurreko enuntziatuan adierazitakotik ondoriozta daitekeen zerbait —batzuetan, ondorio subjektiboa— gaineratzeko balio du.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Azkuek dio (DVEF, MV §732) alafede, alajainko eta antzeko formulen araberako ala egia (“así la verdad”) esapidearen forma laburtu eta lexikalizatua dela.

8. aurkibidera joan Aldaerak

Egungo euskara estandarrean ez du aldaerarik.

9. aurkibidera joan Baliokideak

HAU DA [Euskal Hiztegia, Euskaltzaindiaren Hiztegia: ‘alegia’]

HAU DA, HOTS, ALEGIA [Zehazki: ‘esto es’]

HOTS, HAU DA, ALEGIA [Zehazki: ‘es decir’]

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Alegia birformulatzailea ez dago aztertuta euskal gramatiketan.

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

[Orotariko Euskal Hiztegia: alegia]

alegia (L, BN, Sal, S; SP, Urt II 474, Lar, VocBN, Dv, H), alea (SP), ale. Ref.: A (alea); Lrq /alégià/.

Tr. Además del gral. alegia se documenta alea en Haramburu y Axular y ale en Goyhetche (junto a alegia). Hay tbn., salvo errata, un ej. de aleia en Inza, junto al frec. alegia. En DFrec hay 417 ejs. de alegia, 395 como partícula, 22 como sustantivo.

argibide gehiago:

1. Como si (fuera, fueran...). (Con formas verbales no personales; siempre encabezando la cláusula). "Quasi vero, comme si vraiment, voire" SP. "Alea zuk egin, comme si tu l'avais fait" Ib. "Alea zu bertzera ioaiki zoaz, vous allez comme si vous alliez autre part, bertzelakotz bezala zoaz" Ib. "Alegia, itxuraz, iduriz" HeH Voc. "Alegia adv., feignant, cherchant à tromper par une feinte" VocBN. "Alegia ez atxeman, comme s'il n'avait pas trouvé. Alegia ez ikhusten, comme s'il ne voyait pas (sens irréel)" Lf Gram 344. "Alegia n'est employé qu'en incise, pour traduire comme si, et n'est jamais suivi d'un verbe à mode personnel" Ib. 344, pero éste, siempre con valor irreal, tiene que ser suplido en la traducción. AxN explica alea (284) por alegia.

2. (G, AN, B; Lar). Ref.: A; Asp Leiz2 (aleie). Ciertamente, en verdad, en efecto "(A) fe que" Lar. "Montas, adverbio, significa ahí es decir, que" Ib. "Cierto, ciertamente (Contr. de ala egia?, ¿así la verdad?)" A. "Neretzat al da sagar au? --Zuretzat aleie!" Asp Leiz2.

Tr. Alegia se emplea como partícula propia del habla coloquial, lo que puede explicar su ausencia en los textos hasta finales del s. XIX. Más tarde, cuando se tiende a emplear giros o clichés "castizos" (es decir, propios del diálogo y en gral. de la lengua oral), aparece con profusión en algunos textos guipuzcoanos y alto-navarros. Tiende a ser empleado en "estilo indirecto", en relación con un verbo cogitandi, loquendi, etc.; cf. supra apartado donde se encuentra seguido de oración completiva.

Gañera, emaztegaia besteak aukeratu ta eskeintzea, ezta nai ta nai ez artzeko esatea: ongi badator artu egiten da, gogozkoa ezpada utzi. Alegia, ez lukete danak orrela utziko gure Malentxo. Ag G 146.

alegia, Bidaniko Joanes Muñoaren seme zarrena egoki litzaikenala esan zidanan. Etxde AlosT 36.

alegia, [...] iñoiz entzundakoakin bat-bat zetorrenik. Berron Kijote 158

alegia begi onez ikusi zenbaitek orduan ere hobetze hori. MIH 170

bai o ez). Gizonak egin ziotena eziokean Txurik egingo, ez alegia... Ag G 330. Gabaren ondoren eguzki garbia ziok, nekearen ondoren zoriona. Elduko zaik iri ere, bai alegia. Ib. 361.

3. (G-goi-bet). Ref.: JMB At (alegie); Zt. Es decir, o sea, a saber. (Colocado tanto encabezando la oración explicativa como al final de ésta). "--Eskopeta ori koipiak erria dago-- esan ziyon, alegiya beiñere etziola koiperik ematen" Zt.

Tr. Documentado en textos guipuzcoanos del s. XX (tbn. en Erkiaga).

Konturatu zaneko, bederatziak ziran: etxeratzeko garaia, alegia. TAg Uzt

Amalau olerki oetatik lau, olerki soillak ditugu. Alegia, besterekin zer ikusirik ez dutenak. Aitzol in Ldi UO 4.

Leen aitatutako aldi txar ark, orraatik, zerbait on ere erakutsi zigun. Alegia, Euskaldunok anaitasunera, [...] yo bearrik geundela. Ldi IL 135. (...) 

Eziñ diteke olakorik --Don Kijotek berriz--; diot alegia, eziñ ditekela andere-gabeko zaldun ibiltaririk izatea. "Digo que no puede ser". Berron Kijote 147 (145 tbn. diot alegia)

zera (2). Orra ba, nik jakin nai nukena da... alegia... zera... Erri ontan bazkaitara norbait eraman nai danean, nola esaten zaio? Muj PAm 41. --Ta, zer esan dizu? --Esan dit, alegia, abek gaztetxoak, txikitxoak dirala oraindik eta urruti aietara iritsi gabeak dirala. Ib. 44. --Zera, Xixili, esan nai nizun, zera, alegiya... --Alegiya? --Bai, ba... zera... --Tori alegiya. Ta orain, zuaz emendik eta etzaitiala geiago nere begiyen aurrian jarri. Alz Txib 104s. (...)

[Euskal Hiztegia]

Alegia 2. ( *1745, 1872) Aurreko esaldiaren esangura berdintsua duen, edo haren esplikagarri den esaldi baten bukaeran ezartzen den hitza, "hau da"-ren baliokidea. Hemengo ipuin eta bertsoek iturri bera dute; Graziano Gesaltzako aitona, alegia. || Aurrekoa jasoaz, bigarren esaldiaren hasieran ere ezartzen da. "Eskopeta ori koipeka erria dago" esan zion, alegia behin ere ez ziola koiperik ematen. Zera adierazi dio, alegia ez dadila hemendik aurrera bere andregaiarekin joan.

[Elhuyar]

Alegia. “es decir, esto es”. Zerbait azaldu ondoren, informazioa zehazteko, azaldutakoa argitu edo osatzeko erabiltzen da.

[Euskaltzaindiaren Hiztegia]

Alegia 1 lok. Zerbait azaldu ondoren, informazioa zehazteko, azaldutakoa argitzeko edo osatzeko erabiltzen den hitza, hau da-ren baliokidea. Hemengo ipuin eta bertsoek iturri bera dute; Graziano Gesaltzako aitona, alegia. Eskutitz sail bat zen, karta sail bat, alegia. Gauza bat da arrantza, astoarena, alegia eta bestea arrantza, itsaso-erreketako arrainena. Argiaren zalea da, alegia ez duela beste zuhaitzen itzalik nahi.

2. lok. (Azaldu nahi denari sarrera emanez). Zera adierazi dio, alegia, ez dadila hemendik aurrera bere andregaiarekin joan. Esan dit, alegia, hauek gaztetxoak direla. Esan nahi dut, alegia, aukera izan banu bide horretatik joko nuela.

argibide gehiago:

Harrigarria dirudi, baina Azkueren hiztegian (Diccionario Vasco-Español-Francés, DVEF) eta Lhanderen hiztegian ez da ematen alegia birformulatzailearen berri. DVEFk interjekziotzat jotzen du: “2. (AN-b, arc, B-a-d-l-m-o), se dice como interjección al recordar de repente alguna cosa (...). Alegia eri (BN, L, N-s, S), enfermo simulado. Alegia eztakidala (BN-s, Sc), como si no supiera (...)”.

12. aurkibidera joan Posizioa

'Tarteki' (gazt. 'inciso') eta iruzkin gisa gaineratzen den alegia 'aposatua' —hots, perpaus bereko aurreko sintagma azaltzera datorrena— bi lekutan agertu ohi da. Atal birformulatzailearen amaieran kokatu ohi da maiz, etenaldi baten –koma baten– ondoren eta sintagmari edo esaldiari bukaera emanez (12.1.). Baina baita atal birformulatzailearen hasieran ere (12.2.):

(12.1)

-Guztiak joango gara Zaldiango jauregira, ados -esan zion Reginari bizpahiru hilabete lehenago-, baina ni Frantziara joango naiz lehendabizi, Anselmorekin ohi bezala, ibilgailu gurpildun horietako bat erostera: voiture bat, alegia. [EPD]

(12.2)

Hain zuzen ere, bere helburuen artean jarri du botatzen eta errausten alegia, deuseztatzen— den zabor kopurua murriztea. [EPD]

Alegia 'aposatu gabeak' —perpausen arteko lotura ezartzen duenak—, aldiz, atal birformulatzailearen hasieran agertu behar du ezinbestean:

(12.3)

Azken urteotako kontuetara mugatzearren, esan dezagun, eta horrela aitortu izan dute bertsolariek sarri, bertsolaritzaren inguruko jendea (bertsolariak, entzuleak eta gainerakoak) ia guztiz bat eginda zegoela frankismoaren garaian. Alegia, orain ez bezala, oso talde trinkoa osatzen zuten, ikuspegi, balio eta erreferentzia beretsuei atxikita. Hori dela eta esan ohi dute bertsolariek "Frankoren garaian errazago -eta erosoago- zela bertsotan jardutea". -Entzuleriaren handi-txikia. Zenbat eta handiago entzuleria, txikiago homogeneitatea. [Bat-bateko bertsolaritza, J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua (Bertsozale Elkartea, 2005) Orr.: 146]

(12.4)

Ikaratu egiten gaitu halako krudelkeriak, gupida ezak: azken finean, hurbila izan behar zitzaien mutila bi eguneko bahiketaren ondoren. Baina ikara gainditu eta hausnarketarekin jarraituz gero, egia azaltzen da, alegia, ziurtzat jo dezakegu kasu horietan ere, heriotza zentzumen guztietatik sartzen denean ere, urruntzaile bat dagoela, leungarri bat: ideologia. Entzun eta irakurri izan diedanez, MLNV delakoaren kideek uste dute Espainia eta Euskadi elkarren etsai direla eta berak, buru-argienak eta kausari inor ez bezala emanak izateagatik, aitzindariak direla, indar espainolen garaipena geldiarazteko kapaz diren bakarrak. [EPD, Lekuak, Bernardo Atxaga (Pamiela, 2005) Orr.: 112]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

ALEGIA, 'TARTEKI' GISA (ALEGIA 'APOSATUA'): AURRERAGOKO SINTAGMA BAT —ESKUARKI, AURREKO SINTAGMA— DA BIRFORMULAKIZUNA

Atal birformulatzailearen hasieran agertzen denean koma artean edo —etenaldi baten ondoren (hots, puntuaren, puntu eta komaren, eta gidoi edo parentesi baten ondoren)— eskuinean koma duelarik agertu ohi da.

(13.1)

Horretarako Espainiako Konstituzioaren 118. artikulua betetzea galdegin zion Mahaiari, alegia, ebazpen judizialak betetzea. [EPD: Berria]

(13.2)

Gaur egungo egoeran, ordea, ezer gutxi atera daiteke elkarrizketa sozialetik; batez ere boterearen orekan egon diren aldaketa horiek direla medio. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak ere elkarrizketa soziala defendatzen dute. OIT hiru aldeko erakunde bat da, eta, zehazki, 1919an sortu zen. Oso adibide egokia da, gainera, orduko testuingurua ulertzeko. Hain zuzen, patronala presiopean sentitu zenean agertu zen OITren elkarrizketa sozial hori alternatiba modura. Beraz, ez zen halabeharrez sortu 1919an; alegia, Errusiako Iraultzaren ondoren. [«Elkarrizketa sozialetik ezer gutxi atera daiteke egungo egoeran», AIZPEA AMAS, 2009-07-04]

Atal birformulatzailearen amaieran agertzen denean, ezkerrean koma duelarik agertzen da maiz, baina zenbaitetan komarik gabe.

(13.3)

Sortu zenetik -XIX. mende-hasieratik, alegia-, biologiak ez dio utzi egituretan barrentzeari eta funtzioetan sakontzeari. [Sagua, eulia, eta gizakia, François Jacob / Juan Garzia (EHU, 2004) Orr.: 11]

(13.4)

(...) Ezin diat hitzez hitz, dialogo dramatiko modura alegia, transkribatu gure gonbertsazioa. [Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008) Orr.: 16]

(13.5)

Hasieran, desobedientziaz gain, aginteari atentatua egin, eta lesioak eragin izana egotzi zieten gaztetxeko bost kideei, 28 hilabeteko espetxe zigorra alegia. [EPD]

ALEGIA 'APOSATU GABEA': AURRERAGOKO PERPAUS BAT —ESKUARKI, AURREKO PERPAUSA— DA BIRFORMULAKIZUNA

Perpausen arteko lotura adierazten duenean, atal birformulatzailearen hasieran agertzen da: maizenik, atzean koma duelarik; baina batzuetan ondorengo komarik gabe.

(13.6)

Izan ere, bikotekideek hildako emakumeen erdiek ez zuten inolako salaketarik jarri aldez aurretik; alegia, oso kasu larrien erdia baino gehiago Justizia Administrazioaren esku-hartzetik kanpo gelditzen dira oraindik ere. [EPD: Berria]

(13.7)

Azken urteotako kontuetara mugatzearren, esan dezagun, eta horrela aitortu izan dute bertsolariek sarri, bertsolaritzaren inguruko jendea (bertsolariak, entzuleak eta gainerakoak) ia guztiz bat eginda zegoela frankismoaren garaian. Alegia, orain ez bezala, oso talde trinkoa osatzen zuten, ikuspegi, balio eta erreferentzia beretsuei atxikita. Hori dela eta esan ohi dute bertsolariek "Frankoren garaian errazago -eta erosoago- zela bertsotan jardutea". -Entzuleriaren handi-txikia. Zenbat eta handiago entzuleria, txikiago homogeneitatea. [Bat-bateko bertsolaritza, J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua (Bertsozale Elkartea, 2005) Orr.: 146]

14. aurkibidera joan Sintaxia

Alegia birformulatzaileak perpausaren esparruan nahiz perpausetik gorako mailan betetzen du bere eginkizun diskurtsiboa. Alde batetik, 'tarteki' gisa (gazt. 'inciso') erabiltzen da, perpaus baten barruan, elementu baten eta elementu hori azaltzera edo zabaltzera datorren iruzkin baten arteko lotura ezartzeko (alegia 'aposatua'). Beste alde batetik, testu bateko perpaus biren (edo gehiagoren) arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da (alegia 'aposatu gabea'). 

1) Alegia, tarteki gisa (alegia 'aposatua'): aurreragoko sintagma bat —eskuarki, aurreko sintagma— da birformulakizuna.

(14.1)

Gizartea ez bada gehiegikeria horien aurka protestaka hasten, gureak egin du. Lurraldetasunaren auziaz, berriro ere Euskal Herria zena, historian barrena Euskal Herria izenarekin ezagutu den lurraldea alegia, ez zen osorik sartu Euzkadi izeneko proiektu politikoan, eta Euskadi izenekoan ere ez da sartu. Gauzak horrela, zatiketa bat dago, baina zatiketa horretan "zatitu" asko oso gustura dago bere egoerarekin. [Lekuak, Bernardo Atxaga (Pamiela, 2005) Orr.: 107]

(14.2)

Hain zuzen ere, bere helburuen artean jarri du botatzen eta errausten alegia, deuseztatzen— den zabor kopurua murriztea. [EPD]

Horrelakoetan, tartekatuta eman ohi da atal birformulatzailea: a) aposaturik (14.1.) (maizenik koma artean); b) edo besterik gabe tarteki gisa[1] (14.2.) (sarritan koma artean edota gidoi edo parentesien artean). Eta gehienetan halako paralelismo funtzional bat —'baliokidetasun funtzionala' (ikus Suñer 1999)— egon ohi da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (Euskal Herria zena / historian barrena Euskal Herria izenarekin ezagutu den lurraldea alegia): paralelismo funtzional horrek, bestalde, badu zerikusia informazio-egiturarekin, eskuarki birformulakizuneko mintzagai bera iruzkintzera baitator atal birformulatzailea (gure testuan, adibidez, galdera berari erantzuten diote bi enuntziatuek: Zer ez zen sartu?). Gainera, gehienetan erlazio parafrastikoa dago bi enuntziatuen artean: hau da, nolabaiteko baliokidetza egon ohi da birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean.


[1] Zentzu hertsian ulertuta, elementu nominalen arteko albokotasunezko predikazio-erlazioa baino ez da aposizioa: "El nombre mismo del fenómeno, appositio, del latín apponere —equivalente a «colocar junto a»— nos indica ya que suele existir adyacencia entre los términos en aposición.  Esta circunstancia no es casual, no responde únicamente al mero deseo de un hablante de colocar contiguos dos elementos, sino que es manifestación de la relación predicativa que necesariamente debe mediar entre los dos miembros en aposición. Las aposiciones introducirían, pues, una predicación secundaria (cf. Stowell 1983) de caráctcr nominal [-> §§ 38.1 y 73.2.2], usada para especificar o explicar otra palabra de la misma especie (Suñer 1999: 525). (…) “En los ejemplos anteriores [51a: 'Al final apareció con su hermano, con Pedro'; 52c: 'Se le veía feliz, andaba canturreando, gorgoriteando, por lo bajo'] se respetan ciertos requisitos estructurales comunes a los casos de aposición que se han visto hasta ahora: los dos elementos deben ser de la misma categoria o equiparables funcionalmente y deben poseer cierto grado de afinidad semántica. Sin embargo, si el término 'aposición' se aplica restrictivamente sólo a aquellos segmentos que establezcan una relación predicativa con un nombre o complemento nominal adyacente, ejemplos como (51) o (52) no son propiamente aposiciones puesto que no es posible establecer una predicación con un 'sujeto’ que no sea un elemento nominal” (Suñer 1999: 542-543). Dena dela, lan honetan zentzu zabalean darabilgu 'aposatua' terminoa, beraren barnean aposizioa eta tartekia sartuta (ikus Euskaltzaindiaren 109. araua: 109 Komunztadura aposizioetan).

 

2) Alegia 'aposatu gabea': aurreragoko perpaus bat —eskuarki, aurreko perpausa— da birformulakizuna.

(14.3)

Izan ere, bikotekideek hildako emakumeen erdiek ez zuten inolako salaketarik jarri aldez aurretik; alegia, oso kasu larrien erdia baino gehiago Justizia Administrazioaren esku-hartzetik kanpo gelditzen dira oraindik ere. [EPD: Berria]

Bigarren kasu horretan, atal birformulatzailea ez doa aposaturik edo tarteki gisa, baizik eta perpaus berri bati hasiera emanez. Bestalde, ez da egoten paralelismo funtzionalik birformulakizunaren eta birformulazioaren artean eta ez da iruzkintzen mintzagai bera atal birformulatzailean. Askotan, gainera, ez da parafrastikoa bi enuntziatuen arteko erlazioa: esate baterako, birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean inferentziazko erlazioa ager daiteke. 

ALEGIA 'APOSATU GABEA': AURRERAGOKO PERPAUS BAT —ESKUARKI, AURREKO PERPAUSA— DA BIRFORMULAKIZUNA

Sarri askotan, testu bateko perpaus biren arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da.

(14.4)

Izan ere, bikotekideek hildako emakumeen erdiek ez zuten inolako salaketarik jarri aldez aurretik; alegia, oso kasu larrien erdia baino gehiago Justizia Administrazioaren esku-hartzetik kanpo gelditzen dira oraindik ere. [EPD: Berria]

Gorago esan bezala (ikus posizioa), perpausen arteko lotura adierazteko erabiltzen denean atal birformulatzailearen hasieran jartzen da ezinbestean: hots, birformulazio esplikatiboa gauzatzen duen perpausaren hasieran. 

Zenbaitetan ageriko arrazoi sintaktikorik gabe azaltzen da –(e)la menderagailua atal birformulatzailean: ondorengo testuaren antzekoetan, esaterako, pentsa liteke isilduta dagoela perpaus osagarria gobernatzen duen pentsamenduzko aditza:

(14.5)

Naroa Agirrek pista estaliko pertika jauziko bere marka ondu zuen, atzo, Anoetako Belodromoan. Espainiako marka ondu zuela, alegia. [EPD, Berria]

Azaldu nahi denari sarrera emateko erabiltzen denean ere (supra balioak eta erabilerak), atal birformulatzailearen hasieran jartzen da alegia ([OEH] “Empleado como anafórico [sic], para introducir algo que se va a decir a continuación). v. 1 zera (2)”). Hona adibide bat, erabilera horren adierazgarri:

(14.6)

Orra ba, nik jakin nai nukena da... alegia... zera... Erri ontan bazkaitara norbait eraman nai danean, nola esaten zaio? Muj PAm 41. 

ALEGIA, TARTEKI GISA (ALEGIA 'APOSATUA'): AURRERAGOKO SINTAGMA BAT —ESKUARKI, AURREKO SINTAGMA— DA BIRFORMULAKIZUNA

Maiz, perpaus baten barruan elementu baten eta elementu hori azaltzen edo zabaltzen duen iruzkin baten arteko lotura ezartzeko erabiltzen da alegia (Zabala 1996). Halakoetan, luzera eta maila guztietako kategoria lexikoak eta sintagmak txertatzen ditu alegia aposatuak edo parentetikoak (ikus Zabala 1996: 118; Martín Zorraquino, Portolés 1999: 4070): izen-sintagmak, adjektibo-sintagmak, adberbio-sintagmak, perpausak. Hain zuzen ere, hori da diskurtso-markatzaile honen zeregin nagusietako bat: tarteki gisa txertatzen edo gaineratzen duen iruzkin esplikagarriaren balio birformulatzailea agerian uztea.

(14.7)

Beste zentralak ere, Krutxagak alegia, ez dirudi presa askorik duenik Osasunaren eskaintzari erantzuteko. [EPD, Berria]

(14.8)

Saray elkarteko lehendakaria da Nieves Perea: bularreko minbizia duten emakumeak biltzen dituen elkarteko lehendakaria, alegia. [EPD]

(14.9)

Alfonso horretara inguratua zuan gure mahai-bazterrera, bistan duk, bistan zuan. Orduan proposatu nioan strip-tease totalarena, berari zuzenduz, berari begira, espresuki. Besteak ere baztertu gabe: esku-keinu batez, proposamenak denontzat balio zezakeela adierazi bainien segidan, begirada halere Alfonsoren begitartean tinko. Ezin diat hitzez hitz, dialogo dramatiko modura alegia, transkribatu gure gonbertsazioa. [Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008) Orr.: 16]

(14.10)

Frankek iragarritakoa betetzen bada, alegia, urtearen amaieran Mepamsa ixten badute, Iruñeak eta, oro har, Nafarroak «kolpe gogorra» jasoko dutela iritzi dio LABek, «lanpostu asko desagertuko baitira». [EPD: Berria]

(14.11)

Komeria franko izango ditu Interrek bi gol sartu, eta batez ere, Milango aurrelarien eraginkortasuna murrizteko, alegia, kontrarioak golen bat ez sartzeko. [EPD, Berria]

(14.12)

Izan ere, sindikatu biek salatu dute saltoki txiki askok ezingo dutela lehia jasan, enplegu asko desagertuko direla, eta merkataritza gune handietako beharginen lan baldintzek okerrera egingo dutela.«Kalitateko enpleguaren eta ardurazko kontsumoaren aurkakoa da ordutegi aldaketa», ELA eta LABen ustez. Horregatik eskatu diote Jaurlaritzari «sektorean orain arte legea izan den akordio soziala» errespetatzeko. Alegia, igande eta jaiegunetan dendek itxita segitzearen alde egiteko. [EPD: Berria]

(14.13)

Egoera atmosferikoak erakusten du goiko geruzetan aire masa hotza jaun eta gabe dugula eta, gainera, ez dagoela egonkortuta, alegia, momentu batetik bestera izugarrizko aldaketak izan daitezkeela. [EPD: Berria]

Aurreko adibideetan ikusi denez, askotan, halako funtzio-paralelismoa ageri da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean: izan ere, gehienetan, atal birformulatzaile tartekatuak edo aposatuak eta birformulakizunak kasu-marka eta numero bera izan ohi dute, baina, berez, ez dute zertan komunztadura sintaktikoa gorde. Aski da (Zabala, 1996) elkarrekin identifika daitezkeen elementuak izatea: ondorengo adibidean, birformulakizuna singularra da (matematika-adar guztien zerrenda) eta atal birformulatzailea (azpisailak), berriz, plurala.

(14.14)

Aurrena, ordena kronologikoa eta haren ondoren gaikakoa hautatu zituen Ruche jaunak: liburu bat non kokatu, jatorrizko argitaraldiaren datak erabakiko zuen lehenik, eta liburuaren gaiak, gero. Matematikaren historiako aldi nagusiak erabaki. Horra sailak. Landutako matematika-adar guztien zerrenda osatu gero: azpisailak, alegia. Matematika-adarrak aldatuz joan baitziren garaiz garai, azpisailak ere ez ziren, noski, berdinak izango aldi bakoitzean. Batzuk agortu egin ziren eta desagertu, berriek berenganaturik; beste batzuk, berriz, aldatu eta azpizatitu; azkenik, batzuen batzuk agertu ziren, ordu arte zeharo ezezagunak. [Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 70]

Eskuarki (Zabala 1996), birformulakizunaren ondoren —haren ondo-ondoan— jarri ohi da iruzkina sartzen duen atal birformulatzaile tartekatua edo aposatua (bereziki, birformulakizuna elementu nominala bada).

(14.15)

Artisau batengana gindoazen Abdellahrekin -inork ez omen zuen hark bezala brontzea lantzen Fez osoan-, eta hiru gazte gure artean sartu eta errietan hasi zitzaizkion. Pentsatu nuen gidari gisa jardutea aurpegiratzen ziotela, adinagatik edo, "nagusiei" lana kentzen ari zelako alegia, eta nire arabiera zalantzatian zuzendu nintzaien nagnu újua esanez, hots, anaiak ginela, mutikoaren lagunak. Baina oihuak, amore eman ordez, laztu egin ziren. Orduan Abdellahk, ez baitzen erraz kikiltzen zena, jendetza arteko norbaiti hots egin zion. [Lekuak, Bernardo Atxaga (Pamiela, 2005) Orr.: 217]

(14.16)

Lurpean ura izatea (putzuak, ur-lasterrak, edo, besterik gabe, azal freatiko bat): etxea eraiki bitartean, agorrarazi edo desbideratu egin behar da ura, eta, ondoren, perimetroko itxiturak iragazgaiztu. Lehenengo kasuan, alegia, maila freatikoa zimentazio-planoa baino gorago dagoenean—, jaitsarazi egin behar da uraren maila. [EHU, Eraikinetako instalazioen kalkuluak eta oinarrizko arauak, Arizmendi Barnes, Luis Jesús (EHU, 2008) 4. kapitulua]

Zenbaitetan, berriz, aditzaren aurrean geratzen da birformulakizuna eta aditzaren ondoren birformulazioa: horixe gertatzen da gehienetan, esaterako, birformulakizuna perpausaren galdegaia bada (14.17-14.21).

(14.17)

Horretarako Espainiako Konstituzioaren 118. artikulua betetzea galdegin zion Mahaiari, alegia, ebazpen judizialak betetzea. [EPD: Berria]

(14.18)

"Alta, bada balio goren bat gizakiaren desirarik sakonenarekin bat egiten duena eta gizakiaren jokabidea gidatzen duena, oharkabean izan arren: balio izateko desira. (--... .) hots, balio izateko beharrizan sakon bat, besteentzat -norbaitentzat bereziki- norbait izatea, aintzat hartua izatea. Hori gabe, gizakiaren bizitzak ez bide du zentzurik. Eta, ohartuko garen ala ez, horixe da benetako kontua, zinezko munta duena gizakiarentzat: bizitzak zentzurik izatea, alegia. (J.L.A. 138 or.) Eta, Ander eta Bikion isiltasunak garbi adierazten zuenez atal honetako azken hitza oraingoan ezin zitekeela apaizarena izan -bestetan ohi duen bezala-, bada, horra: nik neuk hartu dut neure esku bukaerako punttu hori, honako idi-auskari hau inola ere bertsolari ez naizen arren. [Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008) Orr.: 79]

(14.19)

Kasu honetan, gainera, birusak gizakien artean kutsatzeko ahalmena ere bazuela berehala ikusi zuten adituek, eta horrek kezkatu zituen, batez ere; izan ere, gaitza ohiko gripea hedatu ohi den gisan hedatuko zela ohartarazi zuten, oso bizkor, alegia. [EPD-prentsa, Berria]

(14.20)

Baina, egoera hori guztia eragin edo mugiarazi duen proposamena badago: alegia, Eusko Legebiltzarrak abenduaren 30ean onartutakoa. [EPD: Berria]

(14.21)

Beraz, azterketa geotekniko guztien aurretik azterketa geologikoa egin behar da. 2.3. Arroka-masen ezaugarriak 2.3.1 Arroka motak Ikuspuntu geologikotik, arrokak hiru multzo handi hauetan banatzen dira jatorriaren arabera: - Igneoak - Sedimentarioak - Metamorfikoak Beren petrofabrikaren arabera sailkatzen dira, alegia, arrokek dituzten mineralen, ehunduraren eta fabrikaren arabera. [EHU, Lurzorua aztertzeko eta ikertzeko oinarriak, Jiménez Jiménez, José (EHU, 2010) 2. kapitulua]

(14.22)

(...) Baina kontua da Lopezekin kanpainak baino ezin direla antolatu: ez du gehiagorako ematen. Oinarrian, ez dauka karismarik, grekoz esatearren, ez du distirarik, aholkulariak saiatu arren, berarekin ezin da distirarik eraiki, alegia, ez du balio propaganda-subjektu bilakatzeko. [EPD-prentsa, Berria, IZENBURURIK GABE, ANDER ITURRIOTZ LAUZIRIKA, 2010-02-05]

(14.23)

Egoera atmosferikoak erakusten du goiko geruzetan aire masa hotza jaun eta gabe dugula eta, gainera, ez dagoela egonkortuta, alegia, momentu batetik bestera izugarrizko aldaketak izan daitezkeela. [EPD-prentsa, Berria, IZENBURURIK GABE, SINADURARIK GABE, 2005-01-29]

Esanak esan, zenbaitetan (14.24) galdegai den birformulakizuna eta birformulazioa elkarren jarraian datoz eta aditzaren aurrean (horrelakoetan birformulazioaren eta aditzaren artean ez da komarik jartzen, jakina). Nolanahi ere, gaurko euskara estandarrean halakoetan birformulazio aposatua aditzaren eskuinaldera eramatea gomendatu ohi da estilo-liburuetan (14.25), “galdegaia + aditza” batasuna ez hausteko.

(14.24)

Horretarako, bide deduktibotik, alegia, orokortasunaren azterketatik (batetik eremu elebidunetan eta bestetik hizkuntzen ikaskuntza/transmisio prozesuetan gertatu ohi dena) abiatu gara, gero, behin orokortasuna aztertuta, maila orokor horretan gertatu ohi dena esparru partikularrera (sei kazeta horien kasu zehatzetara) lekualdatu ote daitekeen ikertzeko. [Bidegorriak hizkuntzentzat, Aitor Zuberogoitia (Elkar, 2005) Orr.: 14]

(14.25)

Horretarako, bide deduktibotik abiatu gara, alegia, orokortasunaren azterketatik (batetik eremu elebidunetan eta bestetik hizkuntzen ikaskuntza/transmisio prozesuetan gertatu ohi dena), gero, behin orokortasuna aztertuta (...)

argibide gehiago:

Ez da batere ohikoa aditzaren ondoren txertaturiko iruzkinak galdegaia ez den elementu bat azaltzea.

(14.26)

Espainiako Konstituzioaren 118. artikulua betetzea galdegin zion Mahaiari, alegia, ebazpen judizialak betetzea. [EPD: Berria]

(14.27)

? Espainiako Konstituzioaren 118. artikulua betetzea horretarako galdegin zion Mahaiari, alegia, ebazpen judizialak betetzea. [EPD: Berria]

Tarteki parafrastiko gisa erabiltzen denean, atal tartekatuaren edo aposatuaren balio diskurtsiboaz jabetzeko ez da ezinbestekoa birformulatzailea agerian uztea, nahiz eta lagungarria den. Bi esaldi hauek, esaterako, baliokidetzat joko genituzke.

(14.28)

Saray elkarteko lehendakaria da Nieves Perea: bularreko minbizia duten emakumeak biltzen dituen elkarteko lehendakaria, alegia [EPD]

(14.29)

Saray elkarteko lehendakaria da Nieves Perea: bularreko minbizia duten emakumeak biltzen dituen elkarteko lehendakaria, alegia. [EPD]

Enuntziatuen arteko erlazioa parafrastikoa ez bada (esate baterako, inferentziazko erlazioa badago), beharrezkoagoa da birformulatzailea agerian uztea.

Bestalde, tarteki parafrastiko gisa erabiltzen denean, atal birformulatzaile osoa ezabatuta ere, esaldiak semantikaren aldetik osoa izaten segitzen du. Perpausen arteko lotura parafrastikoa ez denean, berriz, atal birformulatzaile osoa ezabatzeak ondorioak ditu diskurtsoaren interpretazioan. Era berean, baldin eta birformulakizunean modu zehaztugabean adierazitakoa (bazegoen beste seinale bat) zehaztera edo edukiz eta erreferentziaz betetzera badator, ezin kenduzkoa da atal birformulatzailea: bi testu hauek, esaterako, ez dira baliokideak.

(14.30)

Azken betekizun horrek zertxobait muzindurik zeukan dukesa. Bazegoen beste seinale bat, kondeak aintzat hartzen ez zuena; alegia, dukesa ezin argiago mintzatzen zitzaion kondeari gauza guztiei buruz eta ozen-ozen pentsatzen zuen beraren aurrean, baina, Fabrice aipatzean, ez zuen hitzik esaten, harik eta esan beharrekoa nola adierazi ondo pentsatu arte. [Parmako kartusia, Stendhal / Jon Muñoz (Elkar/Alberdania, 2007) Orr.: 197]

(14.31)

Azken betekizun horrek zertxobait muzindurik zeukan dukesa. Bazegoen beste seinale bat, kondeak aintzat hartzen ez zuena; (alegia, dukesa ezin argiago mintzatzen zitzaion kondeari gauza guztiei buruz eta ozen-ozen pentsatzen zuen beraren aurrean, baina, Fabrice aipatzean, ez zuen hitzik esaten, harik eta esan beharrekoa nola adierazi ondo pentsatu arte. )

Batzuetan, -(e)la menderagailua duen perpaus osagarri baten bidez birformulatzen da zehaztapenen beharra duen birformulakizuneko izen bat (bertsioa, gertatutakoa):

(14.32)

"Kartzelan egon beharko luke, orduan. Munduko lekurik arriskutsuena da paraje hau udan", esan zuen poliziak. Juanek bere bertsioa eman nahi izan zion, alegia Baffinek, uharteko lehen esploratzailea zen partez, segur aski intrusiotzat jo zuela gure etorrera, eta gure ametsen barruan sartu eta heriotzarantz gidatzen ahalegindu zela. Zorionez, Juanek inge-lesez gaizki egiten zuenez, poliziek ez zioten ulertu. [Lekuak, Bernardo Atxaga (Pamiela, 2005) Orr.: 173 ]

(14.33)

Nahiz eta, Javierrek adierazi bezala, Leioatik aski hurbil egon, basamortuko lorea zen, ez baitzeukan inguruan lantoki eta industria pabiloia baizik. Ez zen hain zaila han gertatutakoa irudikatzea, alegia, leku hura baratzez eta belardiz osatutakoa izan zela harik eta eguntto batez Industria Uhin batek irentsi zuen arte. "Halaxe gertatu zen, bai -esan zidan Fernandok-. Umetan oporrak pasatzera etortzen ginen hona. Nerbioi ibaia garbi ikusten zen txaleteko leihoetatik." Fernando, esan beharrik ez, Javierrek aipatutako enpresarioa zen, liburu-dendaren jabea. [Lekuak, Bernardo Atxaga (Pamiela, 2005) Orr.: 236]

Inoiz edo behin, birformulazio-kateak ere gertatzen dira testuetan (birformulatzaile bera errepikatuz edo birformulatzaile baliokideak uztartuz). Halakoetan, birformulazio bakoitza aurrekoaren birformulaziotzat har daiteke:

(14.34)

Ediktuen ondorioz, ehun mila familiak eroan dituzte Noord-West aldera, Ingalaterra herrira, lanbideak, industria, gure herrietako aberastasuna. Erruki hadi gure hondamena dakarten horietaz. Carlos V.a, alegia, Borrero I.aren ondotiko beste hau, alegia, Borrero II.a errege odolgiroa etorri denez geroztik ehun mila pertsona hil dira oinazepean. [EPD, Ulenspiegelen elezaharra, Charles De Coster / Koldo Izagirre (Elkar/Alberdania, 2007) Orr.: 545]

argibide gehiago:

Askotarikoak izan daitezke azalduaren (birformulakizuna) eta azalpenaren (birformulazioa) arteko harremanak: biak izan daitezke mugatuak (14.35.); biak mugagabeak (14.36.); edo bata mugagabea eta bestea mugatua (14.37. eta 14.38.).

(14.35)

Javier Madrazo koordinatzaile nagusiak jakinarazi du koalizio akordio «proportzionala» [mugatua] eskaini diotela Aralarri, alegia, 2004ko hauteskundeetan alderdi bakoitzak lortutako botoen araberakoa [mugatua]. [EPD-prentsa, Berria]

(14.36)

Nafarroako Kutxak 175,6 milioi euro irabazi zituen 2007an. 50,25 milioi euro [mugagabea] gastatuko ditu ekimen sozialetan, joan den urtean egindako etekinen %30 [mugagabea], alegia. [EPD-prentsa, Berria]

(14.37)

Adibide praktiko bat: multinazionalekin batera uraren pribatizazioa negoziatzea, edo baliabideak merkatu-ondasuntzat de? nitzea; izan ere, elementu horiek guztiak negoziaezinak ziren. Gizarte Foroak, azken batean, agerian utzi zuen bi ereduren [mugagabea] artean zegoen gatazka, eredu iraunkorraren eta eredu neoliberalaren [mugatua] artekoa alegia, azken hori gizarte-kontrako eta eramanezintzat ikusia baitzen. Hala eta guztiz ere, gure ustez Johannesburgek balio izan du gizarte iraunkortasunari eta ingurumenari loturiko arazo sorta bat iritzi publikoari aurkezteko; are gehiago, hainbat gizarte eragileren arteko aliantzak sendotzea ahalbidetu du. [Garapen iraunkorra, Itziar Eizagirre / Amaia Lizarralde (Alberdania, 2005) Orr.: 29]

(14.38)

Orkoiengo Emcon enpresak (Nafarroa) berriz ere aldi baterako enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu du. Onartuz gero, 145 langileri eragingo lieke, eta 37 egun iraungo luke, otsailetik uztailera. Urrian, 25 egunerako dosierra aurkeztu zuen lan talde osoarentzat [mugatua]; 250 langilerentzat [mugagabea], alegia. [EPD-prentsa, Berria]

Batzuetan (adibidez, 14.39.), perpaus konpletibo baten bidez zehazten edo birformulatzen da birformulakizuneko sintagma bat (Zigor Kodearen 410. artikuluak dioena): halakoetan, birformulakizuneko predikatuaren gainean (gogorarazi du) eraikitzen da perpaus osagarria ( zigortu behar direla).

(14.39)

Ildo horretan, Zigor Kodearen 410. artikuluak dioena gogorazi du Fiskaltzak; alegia, ebazpen judizialak betetzeari uko egiten diotenak zigortu behar direla. [EPD-prentsa, Berria]

(14.40)

Txostenak oraindik argitzeko dagoen zalantza bat aipatzen du; alegia, ez dagoela zehaztuta Euskal Y abiadura handiko trenaren ibilbidea non lotuko den Lapurdirekin. [EPD-prentsa, Berria]

(14.41)

Elkarrizketa batean galderazko intonazioarekin erabil daiteke bera bakarrik (-Alegia?), solaskideari azalpen zehatzago bat edo birformulazio argigarri bat eskatzeko:

(14.42)

-Nik, berriz —sartu zen tartean Jonathan, goxo-goxo—, ez dut uste zuk esan bezala gertatu denik kontua. Zuk ez duzu ezertxoren erantzukizunik. Burua mugitu zuen Ruche jaunak, tristuraz. -Dena antolatuta zeukan zure adiskideak —jarraitu zuen Jonathanek—. Bidali dizun gutuna haren testamentua da. Bere heriotza aurreikusi, eta gauzatu egin du noski. -Alegia? [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 104]

Beste diskurtso-markatzaile batzuk ez bezala (baina, hala ere, ), alegia normalean ez da agertzen juntagailuekin batera birformulatzaile eginkizunean (?eta alegia; ?alegia eta). Beste adiera edo balio bat duenean, berriz, halako konbinazioak gertatzen dira (ikus, esate baterako, OEHko 2. adiera: alegia).

15. aurkibidera joan Maiztasuna

Gaur egun, oso maiz erabiltzen da euskara batuan: testu mota guztietan; lagunarteko erregistroan zein erregistro formal zainduan; hizkuntza idatzian zein ahozkoan. Are gehiago, jatorriz ahozko eta lagunarteko hizkerari eta euskalki jakin bati (gipuzkerari) lotuta badago ere (ik. OEH, alegia), gure corpusaren arabera gaurko estandarrean (askozaz ere) maiztasun handiagoa du hizkuntza akademikoan; bereziki, azalpenezko testuetan: ZIO ( 94), Zuzen-TA ( 73), PKC ( 61), ZTC ( 37), EPD-lib ( 33), EHU ( 21). Gure datuen arabera, maiztasun nabarmen handiagoa du itzulitako testuetan ( 41,10), jatorrizkoetan baino ( 23,77). [Oharra: ‰ = 100.000ko]

Alegia
(Oharra:
alegia guztiak —izenak barne—
hartu dira kontuan taula honetan)

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

949

94,90

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

1842

73,68

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

6625

61,91

B2. ZT Corpusa

2463

37,31

B1a. EPD liburuak

3372

33,05

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

1174

21,34

B1b. EPD prentsa

1711

16,29

C1. ETBko dokumentalak

56

11,20

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

394

9,60

C2. Goenkale corpusa

958

8,70

Denera

19544 

31,22

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

Jatorrizkoak

8486

23.77

Itzulpenak

11058

41.10

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a. Testu mota guztietan

b. Lagunartekoan eta zainduan

c. Hizkuntza idatzian eta ahozkoan

argibide gehiago:

OEHren arabera, XX. mendean zabaltzen da hizkuntza idatzian; batez ere, gipuzkerazko testuetan. Jatorriz ahozko eta lagunarteko hizkuntzari eta euskalki jakin bati —gipuzkerari— lotuta badago ere (ik. OEH, alegia), gure corpusaren arabera gaurko estandarrean askozaz ere maiztasun handiagoa du erregistro akademikoan (ikus maiztasuna).

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainiera

[OEH, 3. adiera: alegia]

Es decir, o sea, a saber

[Elhuyar]

es decir, esto es

argibide gehiago:

Zehazki, es decir eta o sea dira baliokide hurbilenak. Izan ere, gaztelaniazko esto es eta a saber, mintzagai bera iruzkintzeko erabiltzen dira (Martín Zorraquino, Portolés 1999: 4122-4124), baina ez bestelako mintzagai bat sartzeko (hots, ez dira erabiltzen aurreko enuntziatuaren parafrasia ez den zerbait —adibidez, ondorioa— adierazteko). Alegia-k, berriz, mintzagai bera gara dezake edo mintzagai berria txertatu.

frantsesa

[Elhuyar]

Lok. c´est-à-dire

ingelesa

[Elhuyar, Morris]

Lok. that is to say, in other words

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Ikus alegiaren gainerako adiera eta balioak Orotariko Euskal Hiztegian: alegia

- Izena denean (ik. OEHko 5. adiera: alegia)

- “Balitz (balu) bezala” adieran ez da diskurtso-markatzailea:

(18.1)

Gizonak, kurturik, alegia harri bat hartzen, hartzen du bere gasna. Barb Leg 128. [Ikus OEH: alegia, lehen adiera]

- alegia eta [Ez da diskurtso-markatzaile! Ikus OEH: alegia eta]

(18.2)

Ordena apur bat, beraz: ezin dizuet Hitzaz Mendin egin ditugun bilera guztien akta egin, inola ere. Beti bezala, aukeratu egin behar. Hemen duzue, alegia eta deus ez, lagin bat, atzekoz aurrera kontatua, arestikoenetik aspaldiagokora, hurrenkera normala horrexek izan behar baitu, burutik eginak ez bagaude. Atzokoa, suposatzen da, duela hainbat urte gertatua baino presenteago behar dugula izan. Literatura ez baita marra librea, gaztanberazko oroitzapenen bazka-leku, gaztanberak ez baitu hezurrik, ala bai. [EPD, Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008) Orr.: 26]

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus