Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Maribi Unamuno Garate
HALA ERE

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > urruntzailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Birformulazioan bi atal bereizten dira. Lehenengo atalari birformulakizun deritzo eta bigarrenari atal birformulatzaile; hala ere birformulatzaile urruntzailea bigarren atalean agertzen da eta birformulazio eragiketari bidea zabaltzen dio.

Birformulazio urruntzailea bideratzen da hala ere-ren bidez. Batzuetan, lehen atalean adierazitakoa bertan behera uzten da, ez da baliogabetu ere egiten, baina atal birformulatzailean konklusio diferentea aurkezten da; bigarren atal honen balioa egiten du bere enuntziatzaileak. Beste batzuetan birformulakizunetik inferi daitekeenaren kontrako ideia adierazten da atal birformulatzailean, eta hauxe egiten da nagusi.

(4.1)Birformulakizunean hizkuntza deskribatzeko erabili diren termino batzuk aipatzen dira (zientzialari kognitibo batzuek gaitasun psikologiko gisa, gogoko organo gisa, sistema neural gisa edota modulu konputazional gisa deskribatu izan dute hizkuntza.) , ideia horien balioa zalantzan jarri gabe, idazleak gogokoago duen beste termino bat gehitzen du (Hala ere, aitor dut, nik nahiago dut deitura bitxiago bat: "sena".) eta horixe egiten du bere.

(2.1)

Gaitasun konplexu eta espezializatua da hizkuntza; haurrarengan berez garatzen da, oharkabean, irakaspen formalik gabe, azpian duen logika ulertu gabe, eta kualitatiboki berdina da gizabanako guztiongan, informazioa prozesatzeko edo bestelako gaitasun kognitibo orokorragoetatik bereizia. Arrazoi horiek direla-eta, zientzialari kognitibo batzuek gaitasun psikologiko gisa, gogoko organo gisa, sistema neural gisa edota modulu konputazional gisa deskribatu izan dute hizkuntza. Hala ere, aitor dut, nik nahiago dut deitura bitxiago bat: "sena". [Hizkuntza-sena, Steven Pinker / Garikoitz Knörr (EHU, 2010) Orr.: 10]

Birformulakizuna

zientzialari kognitibo batzuek gaitasun psikologiko gisa, gogoko organo gisa, sistema neural gisa edota modulu konputazional gisa deskribatu izan dute hizkuntza.

Azalpena: atal birformulatzailea

Hala ere, aitor dut, nik nahiago dut deitura bitxiago bat: "sena".

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

a) Atal birformulatzailean orientazio diferentea duen ideia azaltzen da.

a1) Lehen atalean adierazitakoa bertan behera uzten da, ez da baliogabetu ere egiten, baina atal birformulatzailean konklusio diferentea aurkezten da; atal honetan kokatzen du indargunea enuntziatzaileak (5.1-5.4)

(5.1) Birformulakizunean adierazten denez, Franco zehaztasun fotografikoz ari da Pontito herriko bazterrak oroitu eta margotzen, dirudienez ez du ezer ere ahaztu (Zehaztasun ia fotografikoz dihardu Francok, kopiatzeko ahalmen mikroskopiko txundigarriz, Pontitoko xehetasunez hogeita hamar urteren buruan oroitzean.), pentsa daiteke margolan hain xeheek herriaren irudi guztiz fidela eman behar dutela, eta hala bada ere, diferentzia agerikoa da, hau da, margolanetako Pontito eta errealitatekoaren arteko diferentzia agerikoa da (. Eta, hala ere, aldi berean, alde nabarmenek harritu ninduten: margolanek pentsarazten duten baino askoz txikiagoa da Pontito; kaleak estuagoak dira, etxeak irregularragoak, elizdorrea txikiago eta zabalagoa.), Pontito erreala margolanetatik inferi daitekeena baino txikiagoa da.

(3.1)

Zehaztasun ia fotografikoz dihardu Francok, kopiatzeko ahalmen mikroskopiko txundigarriz, Pontitoko xehetasunez hogeita hamar urteren buruan oroitzean. Eta, hala ere, aldi berean, alde nabarmenek harritu ninduten: margolanek pentsarazten duten baino askoz txikiagoa da Pontito; kaleak estuagoak dira, etxeak irregularragoak, elizdorrea txikiago eta zabalagoa. [Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Xabier Olarra (EHU, 2003) Orr.: 174]

(5.2) Atal birformulatzailean hiztunak bizarra itzal murritza baizik ez zela adierazten du (Henrikerenaren aldean soilgunez beteriko itzal murritza baizik ez zen) atal birformulatzailean, ostera, diskurtsoa espero ez den norabidean jarri eta bizar horren ezpain inguruko itzalaz harrotasuna azaltzen du (Hala ere, harro nengoen ezpain inguruko itzalaz.) 

(3.2)

Laket izan zitzaidan ganbera hartakoak itzuli zidan irudia. Frantzian barna bidaiatzen ari ginela gelditu nintzen bizarra egitetik. Ministroren batek kargu hartua zidan horretakoz. Ez, ordea, nabalara makurrarazi. Henrikerenaren aldean soilgunez beteriko itzal murritza baizik ez zen. Hala ere, harro nengoen ezpain inguruko itzalaz. [Izan bainitzen Nafarroako errege, Aingeru Epaltza (Elkar, 2009)]

(5.3) Jurisdikzio orokorra aipatzen da birformulakizunean (Jurisdikzio arruntari dagokio arlo kriminaleko auzien eta epaiketen gaineko eskumena;), ideia hori ez da baliogabetzen, bere horretan uzten da, baina atal birformulatzailean aipatzen dena da gogoan hartu beharrekoa (hala ere, salbuespen gisa hartuko dira legeek Senatuari, gerra eta marinako auzitegiei, eta administrazio- nahiz polizia-agintariei erreserbatutako kasuak.) eta salbuespenetan jartzen da arreta 

(3.3)

Jurisdikzio arruntari dagokio arlo kriminaleko auzien eta epaiketen gaineko eskumena; hala ere, salbuespen gisa hartuko dira legeek Senatuari, gerra eta marinako auzitegiei, eta administrazio- nahiz polizia-agintariei erreserbatutako kasuak. [Biltegia: 0.1. DEUSTU_Estatuko legeria DEUSTU_2006_Zz_Pz_Prozedura Kriminalaren Legea (636 agerpen)]

(5.4) Birformulakizuneko ideia, ikasteko etxean gelditzea zen (Hortaz, etxean geratu nintzen, gogor ikasteko asmotan), Atal birformulatzailean ez da ideia hori ezabatzen ez baliogabetzen, baina norabide diferentekoa ezartzen da (Hala ere, sarritan guk uste ez bezala gertatzen dira gauzak, eta halaxe izan zen uda hartan ere. Gure etxeko ezagun baten ezagunaren bitartez etorri zitzaidan lanerako eskaintza, udan zehar arratsaldeetan gizon bat zaintzeko.) ikasteko ustean gelditu etxean eta, ustekabean, lan egiteko proposamena heldu.

(3.4)

Hori dela-eta, bertan behera utzi nituen kanpora joateko planak; bestela lagunekin joango nintzen kanpinean aste pare bat pasatzera nora edo hara, baina ezin eramango nituen anatomiako apunte eta liburuak motxilan. Hortaz, etxean geratu nintzen, gogor ikasteko asmotan. Hala ere, sarritan guk uste ez bezala gertatzen dira gauzak, eta halaxe izan zen uda hartan ere. Gure etxeko ezagun baten ezagunaren bitartez etorri zitzaidan lanerako eskaintza, udan zehar arratsaldeetan gizon bat zaintzeko. -Barkatu baina ni oraindik ez naiz erizaina gaixoak zaintzeko -esan nuen. [Arima enkoniatuak, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2006) Orr.: 130]

a2) a1) azpiatalean aipatzen den modu berean gauzatzen da birformulazioa, diferentzia batekin, eta zera da, atal birformulatzaileko ideia ezezka formulatuta dagoela (5.5-5.6)

EZEZKA

(5.5) Birformulakizunean txertaketaren komenigarritasuna aipatzen da (Azken aldi honetan, jende gazteagoarentzat ere txertoa komenigarria dela esaten duenik ere ez da falta. Agian talde handiago horren barruan umeek bere leku berezia dute;) baina enuntziatzaileak atal birformulatzailean nabarmentzen duen ideia, kontrako zentzuan adierazita dago, hau da, ez dino noiz edo nori komeni zaion, baizik eta noiz eta nori ez zaion komeni (; hala ere, txertoa ez da inoiz gomendatzen 6 urtetik beherakoentzat. ), lehenengo atalarekiko norabide diferentea hartzen du, eta ganiera, ezezka formulatuta dago.

(3.5)

Aditu guztiak bat datoz txertaketa ezinbestekoa dela esaten dutenean, bai adinean aurrera doazen pertsonentzat eta baita, bihotzeko gaitzik, akats inmunologikorik edo arnas-gaixotasun kronikorik dutenentzat. Azken aldi honetan, jende gazteagoarentzat ere txertoa komenigarria dela esaten duenik ere ez da falta. Agian talde handiago horren barruan umeek bere leku berezia dute; hala ere, txertoa ez da inoiz gomendatzen 6 urtetik beherakoentzat. Horrez gain, txertoa ez litzateke sekulan jarri beharko pertsonak katarroa duenean; hobe da lehenik katarroa sendatzea eta ondoren txertatzea. [Presta gaitezen negurako, Agirre Lasarte, Jabier Elhuyar Fundazioa, 1996 (aldizkari artikulua)]

(5.6) Birformulakizunean Molekula txikien kanpo-mintzaren iragazkortasunaz dihardu (Porinen jardunari esker, kanpo-mintza nahikoa iragazkorra zaie molekula txikiei.), ideia ez da zalantzan jartzen, ez eta baliogabetzen, baina beste norabide bat hartu (Hala ere, kanpo-mintza ez zaie iragazkorra entzimei edo bestelako molekula handiei.) eta kanpo-mintza iragazkorra ez deneko kasuak dakartza harira, ideia ezezka adierazita kasu honetan ere.

(3.6)

Halaber, mintza zeharkatzen duten proteinak dira (3.37a irudia), eta, elkarrekin bilduta, 1 nm inguruko zulotxoak sortzen dituzte mintzean (3.37b irudia). Porinen jardunari esker, kanpo-mintza nahikoa iragazkorra zaie molekula txikiei. Hala ere, kanpo-mintza ez zaie iragazkorra entzimei edo bestelako molekula handiei. [Mikroorganismoen biologia , Madigan, Michael T et al. (EHU, 2007) 3. kapitulua]

b) Batzuetan birformulakizunetik inferi daitekeenaren kontrako ideia adierazten da atal birformulatzailean, eta hauxe egiten da nagusi.

Ondoko adibidean, lehenengo atalean adierazten denaren edo handik inferi daitekeenaren kontrako ideia azaltzen da bigarrenean, eta berau da nagusi (5.7-5.12)

 

(5.7) Birformulakizunean esandakotik (Zaharrenak 50 urte baino gehiago zituen) inferi daitekeenaren kontrakoa adierazten du atal birformulatzaileak (eta hala ere beltz zituen oraino buruko ileak eta bizarra.) Espero zitekeen 50 urte baino gehiagoko edonork buruko ileak eta bizarra urdinduta izatea, hala ere, beltz zituen eta ideia hori nagusitzen da.

(3.7)

Zaharrenak 50 urte baino gehiago zituen eta hala ere beltz zituen oraino buruko ileak eta bizarra. [Izan bainitzen Nafarroako errege, Aingeru Epaltza (Elkar, 2009) Orr.: 69]

(5.8) Mutur banatako ideologien jarraitzaile izanik, pentsa zitekeen elkarren artean ikusiezina gailenduko zela, horixe pentsa daiteke birformulakizunean adierazten denetik (Planck pozez zoratzen zegoen gerraren bezperetako abertzaletasun-orgian, eta publikoki agertu zen gero alemaniar kausaren alde; Einsteinek, berriz, bakezalea izaki, deitoragarri zeritzon gatazkari, nazioarte guztian zabalduriko zoraldi gaitz bat begitantzen baitzitzaion.), atal birformulatzailean, ostera, diferentzia ideilogikoak baztertu eta elkarren lagun min izan zirela adierazten da (Bi gizonek albo batera utzi zituzten beren desberdintasun politikoak, hala ere, eta adiskide min bihurtu.), espero zitekeenaren guztiz alderantzizko ideia.

(3.8)

Planck pozez zoratzen zegoen gerraren bezperetako abertzaletasun-orgian, eta publikoki agertu zen gero alemaniar kausaren alde; Einsteinek, berriz, bakezalea izaki, deitoragarri zeritzon gatazkari, nazioarte guztian zabalduriko zoraldi gaitz bat begitantzen baitzitzaion. Bi gizonek albo batera utzi zituzten beren desberdintasun politikoak, hala ere, eta adiskide min bihurtu. [Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 53]

(5.9) Birformulakizunean adierazten da zikindurik zeukala lumaje berdea (Zikindurik zeukan lumaje berdea;) hortaz pentsa daiteke dena zela berdea, baina ideia hori ukatzen ez bada ere, enuntziatzaileak luma muturretako kolore gorri-gorri hartzen du aintzakotzat eta konklusio diferente horri ematen dio garrantzia (hautsaren azpian, ezagun zuen, hala ere, gorri-gorriak zirela hegaletako luma muturrak)

(3.9)

Aulki baten bizkarraldean jarri zuen Maxek hegaztia, Jonathan eta Léa anai-arrebak gosaria bukatzen ari ziren mahai apaletik gertu. Begirada bat bota zuten biek loroa zegoen lekurantz. Berrogei zentimetro luze, hantxe zegoen hura kolokan bere hanka ilunen gainean. Zikindurik zeukan lumaje berdea; hautsaren azpian, ezagun zuen, hala ere, gorri-gorriak zirela hegaletako luma muturrak. [Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2006) Orr.: 15]

(5.10) Birformulakizunean adierazitako ekintzan adierazten den ideiatik etsaia suntsituta geratuko dela inferi daiteke (Gaur, agian, gure galerak hamar aldiz ordainarazi ahal diezazkiokegu etsaiari) baina atal birformulatzailean azaltzen da kalte-egilea bera izan daitekeela kalterik handiena pairatzen duena (eta, hala ere, gu izan gaitezke kaltetuak.), paradoxikoa da inori norberak jasotako kaltea halako hamareko kaltea itzulitaita, norberak jasotea kalterik handiena. badirudi lehenengo ataleko eta bigarreneko adieren arteko paradoxa atal birformulatzailearen argudioa indartzeko baliabide dela.

(3.10)

Osgiliathen emango du kolpea, behin egin zuen bezala, Boromirrek pasabidea itxi zion hartan. -Hura saiakera hutsa besterik ez zen izan -esan zuen Faramirrek-. Gaur, agian, gure galerak hamar aldiz ordainarazi ahal diezazkiokegu etsaiari eta, hala ere, gu izan gaitezke kaltetuak. Izan ere, berari ez zaio inporta armada osoa galtzea. Guk, aldiz, konpainia bakar bat bera ere ezin dugu galdu. Eta urrunera bidalitako konpainien atzerabidea arriskutsua litzateke, eraso oldarkorra gertatuz gero [Eraztunen Jauna III, J.R.R. Tolkien / Agustin Otsoa (Txalaparta, 2004) Orr.: 105]

(5.11) (Itxura eskasa, iharra;) adierazten du birformuilakizunak eta jarraian, atal birformulatzaileak (baina hala ere erakargarria.) haren erakargarritasuna aldarrikatzen du, espero zitekeenaren guztiz kontrakoa

(3.11)

Itxura eskasa, iharra; baina hala ere erakargarria. [Farorantz, Virginia Woolf / Anton Garikano (Ibaizabal, 2001) Orr.: 150]

(5.12) Birformulakizunean adierazten den patio garaia izatetik (Patio garaia zen,) une horretan patioan zein beste lekutan ezin daitekeela egon inferitzen da, patio garaian patioan, ziega garaian ziegan, presondegiko bizimodu erabat inork antolatuaren arabera atal birformulatzailean, ordea, salbuespena aipatzen da (baina hala ere utzi egin zidaten ziegan sartzen,) inferitu daitekeenaren kontrakoa.

(3.12)

Patio garaia zen, baina hala ere utzi egin zidaten ziegan sartzen, zuzendariak eskuzabal jokatzeko agindua emana zien giltzadunei. [Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Koldo Izagirre (Elkar, 1999) Orr.: 271]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enuntziatuko atal bietarik birformulatzailean adierazitakoa gailentzen da, hura da garrantzitsuena.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Informazioa emanaz datorren dikurtsoan, informazioa osatu dezake eta ideia garrantzitsuena sartzen du.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Argudioen arteko kontrakotasuna ezartzen du; inferentzia logikoa partzialki mugatu zein osorik baliogabetu egin dezake.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

hala adizlaguna +ere partikula

8. aurkibidera joan Aldaerak

Halarik ere, halaz ere

9. aurkibidera joan Baliokideak

Hala izanda ere, Hala izanik ere

Hala eta guzti ere, hala eta guztiz ere; halaz guztiz ere

Guztiarekin ere

Dena dela, Nolanahi ere

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

[EGLU III]

Aurkaritzako lokailuetan aipatzen du. “Aurkaritzari dagozkionak dira denak ere. Forma eta aldakin desberdin ugariz ageri dira sail honetako lokailuak. Perpaus kontzesiboaren pareko direla esan daiteke, nolabait: (...)(151) Aberatsa da eta, hala ere, pobre bizi da. (...) Hala ere eta halere multzokoak genituzke aurrena, hedatuenak eta euskararen eremu osoan erabiltzen direnak:” [EGLU III, 121 or.]

[Sareko Euskal Gramatika]

Testu mailako loturak atalean, aurkaritzako lokailuetan sailkatzen durekin batera.

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

[Euskaltzaindiaren hiztegia]

hala ere 1 lok. Aurreko perpausetik espero denaren aurkakoa gertatzen dela adierazteko erabiltzen den

hitza. Ik. halere; hala eta guztiz ere; halarik ere. Tycho Brahe gizon jakintsua zen, hala ere haur denboran sorginen gainean aditu zituen ipuinekin geratu zen atsoak topatzeko beldurrez. Maitasun lurtarra, baina irakurlearen bihotza esku leunez ukitu duen maitasuna, hala ere. Indar guztiak eskuetan izaki eta hala ere jendearen beldur.

2 lok. Gainera. -Eramango gaituzu? -Bai, eta pozik hala ere.

3 lok. Eskerrak; gaitz erdi. Hala ere!, alde egiten dute; ez, ordea, han daude oraino nazkagarri haiek! Hala ere lagunekin datorrenean!

Hala eta guztiz ere Hala ere. Egun eta ordu guztien kontu zorrotza hartuko didate; eta hala eta guztiz ere,hain ardura gutxiz biziko naiz? Urrea urre da beti,baina, hala eta guztiz ere, leundu beharrak izaten ditu.

[Orotariko Euskal Hiztegia]

HALA ERE (Lar, Añ (G, AN), Dv, H; ala bere H; ala be V-gip). Ref.: Etxba Eib y Elexp Berg (ala be). a) Sin embargo, a pesar de todo. "(Aun) assí", "(sin) embargo" Lar. "(En) medio de eso, con todo eso" Lar y Añ. "Ainbeste diru eta ala be kontentu ez" Etxba Eib. v. halere.
Tr. De uso gral. en la tradición guipuzcoana. Tbn. se documenta en textos vizcaínos orientales (cf. ALAN BERE). Al Norte es relativamente poco frecuente desde el s. XVIII.
(s. XIX).
Bazekian soldadu errukarri ark gastigo andia izango zuela egia konfesatzen bazuen; ala ere naiago izan zuen bizitza galdu. Mg CC 122.
(s. XX).
Urepele, derautzut aitortu beharra / ederrez etzarela munduan bakarra, / bainan hala ere nik zu zaitut izarra. Xa Odol 107.

b) Por otra parte. Martin, mutil liraña, egokia eta galanta zan soldadu joan zanean, baña orain ala ere oso pinduta eta gizenago zegoan. Zab Gabon 52.

d) Así pues. v. HALA BADA. Hala ere lehenbizirik heldu zaio gogoari pensamendu arin bat, gero tinkhatzen da haren gainean. "Nam". SP Imit I 13, 5 (Ol ba)..

e) Igualmente, del mismo modo. Nere etsairik gaitzenari bezala begiratuko diot [gorputz huni], eta hala-ere eginen. Dv LEd 113.

g) Así. (v. supra (3) ejs. de nola (...) hala (...) ere). Manatu zioen bere eskutariari arren akhaba zezan lehen-bai-lehen. Hala ere egin zitzaion. Lg I 218.

h) "Sobre todo. Etxian gauza guztiak ditturaz maitte, baña alabe liburuak" Etxba Eib.

i) Como también. Nondik eta noren ganik bada, ethorri zaiote sinheste hori populu guzieri, denbora eta leku guzietan? Argitueri [...] hala ere, salbaia, bertze gauza guzien gainean, ilhunbe handietan pulunpatuak zireneri? Lap 63 (V 32).

j) (V-gip ap. Elexp Berg; G-azp). "Iritziko aditzen aurrean (uste, pentsau...) erabiltzen da, indartzeko. Bazatozte? Ala be pentsatzen giñuan zeoze pasau ete jatzuen bidetan" Elexp Berg. "Ala be uste neban enebala sekula akabauko lan petral ori" Ib.

k) "Zera, honakoa, zentzuan entzun dakieke adin handikoei. Ta gero ori neurri zanian, ba, asko izango zan da, esan i eban ala be: "Joño, ementxe beste sokakaa bat"" Elexp Berg.

l) Farrari eziñ eutsi izan zioten; eta aiñ ala ere, Don Kijote erabat lotsatu egin zan. "Y fue de manera que Don Quijote vino a correrse". Berron Kijote 46.

[Hauta Lanerako Euskal Hiztegia]

—HALA ERE. ( 1571) Ik. halere 1. Tycho Brahe gizon jakintsua zen, hala ere haur denboran sorginen gainean aditu zituen ipuinekin geratu zen atsoak topatzeko beldurrez. Maitasun lurtarra, baina irakurlearen bihotza esku leunez ukitu duen maitasuna, hala ere.

[Elhuyar]

hala ere
1

a pesar de todo, sin embargo

Ez zaitut maite, baina hala ere zurekin bizi naiz: no te quiero, pero a pesar de todo vivo contigo.

Goiz esnatu naiz, hala ere berandu iritsi naiz lanera: me he levantado temprano, sin embargo he llegado tarde a trabajar.
2

además, por otra parte; por cierto

Paula eta Martin agiraka zebiltzala, eta gogor hala ere, urrutitik ezagutu zuen Manuelek: Manuel se dio cuenta desde lejos que Paula y Martin estaban discutiendo, y duramente por cierto.

[Hiru mila hiztegia]

Hala ere: junt. Sin embargo, con todo, a pesar de todo

[Labayru]

Halan be(re) 1. lokail. Sin embargo, a pesar de todo Ez daukagu goserik, halan bere guztia beharrean bizi gara. Dana dala, oin, orain

12. aurkibidera joan Posizioa

Atal birformulatzailean agertzen da; batez ere hasieran eta tartean; gutxitan amaieran.

(12.1)

Bai, gauza zakar asko esaten zituen, aitortu zuen Ramsay andreak; gorrotagarria zen etengabe hartan jardukitzea, eta James are eta etsiago uztea; baina hala ere ez zien ametituko haren bizkar irri egiten. [Farorantz, Virginia Woolf / Anton Garikano (Ibaizabal, 2001) Orr.: 13]

Hasieran

(12.2)

Bere harrokeriak salatzen du Israel. Hala ere, ez dira beren Jainko Jaunarengana itzultzen, ez dabiltza haren bila. [Elizen arteko Biblia, Askoren artean (Idatz, 2004) Os 7,10]

Tartean

(12.3)

Idazten ari garen garaian, hala ere, Mendebaldeko munduaren etorkizun politikoa oraindik iluna zen; zeren eta, behatzaile bati ziur iruditu arren batasun politiko hori lehentxeago edo geroxeago etor litekeela era batera edo bestera, hala ere ezin baitzen asmatu noiz eta nola. [Historiaren azterketa II, A.J. Toynbee / Iñaki Mendiguren (Klasikoak, 2000) Orr.: 36]

Amaieran

(12.4)

Gauzak ongi zihoazen, eta are hobeto joango ziren esperantza ez zuten galtzen hala ere. [Eraztunen Jauna III, J.R.R. Tolkien / Agustin Otsoa (Txalaparta, 2004) Orr.: 385]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Birformulatzailearen hasieran kokatzen denean, ezkerrean puntua eta eskubian koma izaten du batzuetan; koma artean edo ezkerrean puntu eta koma eta eskubian koma elementuez inguratuta ere ager daiteke.

(13.1)

Elementu kokoide txikiak era independentean hazteko gai diren mikoplasma unitate txikienak dira (0,2-0,3 µm-ko tamaina). 0,1 µm-rainoko diametroa duten zelula-elementuak ere ikusi ohi dira mikoplasma-kulturetan, baina horiek ez dira hazteko gai. Hala ere, 0,2-0,3 µm neurtzen duen ugalketa unitate minimoa da aske bizi daitekeen zelularik txikiena. [Mikroorganismoen biologia , Madigan, Michael T et al. (EHU, 2007) 13. kapitulua]

Atal birformulatzailearen tartean, koma artean

(13.2)

Ehuneko apalak erakusten dituzten horietako zenbait herritan, hala ere, asko dira unibertsitate mailakoak ez diren goi ikasketak (goi mailako lanbide heziketa, adibidez) egin dituztenak; horren adibideak dira Danimarka eta Irlanda. [Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur, Juan Ignacio Pérez / Pello Salaburu (Pamiela, 2003) Orr.: 22]

Atal birformulatzailearen amaieran, ezkerrean koma eta eskuman puntua.

(13.3)

Kontuan izan merkatuan badaudela gaitz horietariko askotarako txerto eraginkorrak, baina garatze-bidean dauden herrialdeetan ez dira eskuragarriak izaten maiz (hori da elgorriaren, kukutxeztularen eta tuberkulosiaren kasua; § 20.16 atala). Argi dagoenez, gaitz infekziosoak osasun publikoaren arazo handia dira munduan; arazoak konponbidea du, hala ere. [Mikroorganismoen biologia , Madigan, Michael T et al. (EHU, 2007) 22. Kapitulua]

Ohikoena izan ez arren, komarik gabe ere azal daiteke.

(13.4)

Perrettek behin eta berriz esanagatik tinduak ileak hiltzen zituela, han jarraitzen zuen hala ere margorik nabarmenen bidea urratzen, kolorez aldatuz, astea joan astea etorri. [Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2006) Orr.: 20]

(13.5)

-Zure hitzek ez naute batere lasaitzen - esan zuen Pippinek, baina hala ere loak hartu zuen berriro. [Eraztunen Jauna III, J.R.R. Tolkien / Agustin Otsoa (Txalaparta, 2004) Orr.: 15]

14. aurkibidera joan Sintaxia

Perpaus soilean

(14.1)

Denborari dagokionez, bat-bateko betebeharrak eta betebehar iraunkorrak bereizten dira. Hurrengo ikasgaietan sakonago landuko ditugu bi betebehar horiek. 2.4. Betebeharraren ondarezko alderdia Kode Zibilak ez du ezer esaten betebeharraren ondarezko alderdiari buruz. Ez du argitzen ondarezkotasuna betebeharraren ezaugarria den ala ez. Hala ere, hura ondoriozta daiteke honako hauetatik: [Zuzenbide zibila III (Betebeharren zuzenbidea, erantzukizun zibila eta kontratuen teoria orokorra), Ibon Viteri (UPV/EHU, 2011)]

(14.2)

Laket izan zitzaidan ganbera hartakoak itzuli zidan irudia. Frantzian barna bidaiatzen ari ginela gelditu nintzen bizarra egitetik. Ministroren batek kargu hartua zidan horretakoz. Ez, ordea, nabalara makurrarazi. Henrikerenaren aldean soilgunez beteriko itzal murritza baizik ez zen. Hala ere, harro nengoen ezpain inguruko itzalaz. [Izan bainitzen Nafarroako errege, Aingeru Epaltza (Elkar, 2009)]

Perpaus elkartuan

(14.3)

Asko ez, baina nolakoak haiek! Eguzki galgatan eta aldaparik pikotsuenean, inguruan korrika txanda emateko laguntza handirik gabe aritu ziren, baina, hala ere, aurrera, segi eta segi [Gutxi, baina nolakoak, GARIKOITZ GOIKOETXEA, 2009-03-28 Berria]

(14.4)

Donostiako udal agintariak, hala ere, pozik daude bi elkarteok egin duten urratsarekin. [Berdintasunaren eredu?, AGURTZANE SOLABERRIETA, 2007-01-18 Berria]

(14.5)

Transzendentetzat aitortzen ditugu, hala ere, objektu bat beste batetik aldez edo moldez bereizten laguntzen duten tasun guztiak. [Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU-ZIO Bilduma, 2007) Orr.: 19]

(14.6)

Espainiako Gobernuko presidentearen hitzak baino adierazgarriagoak izaten ari da, hala ere, PPren eta bere inguruaren erantzun ezin bortitzagoa [Instruktorearen zain, SINADURARIK GABE, 2006-01-15]

Ohikoa da eta juntagailuarekin batera azaltzea

(14.7)

Zaharrenak 50 urte baino gehiago zituen eta hala ere beltz zituen oraino buruko ileak eta bizarra [Izan bainitzen Nafarroako errege, Aingeru Epaltza (Elkar, 2009) Orr.: 69]

Ohikoa da baita baina juntagailuarekin batera azaltzea ere

(14.8)

-Zure hitzek ez naute batere lasaitzen - esan zuen Pippinek, baina hala ere loak hartu zuen berriro. [Eraztunen Jauna III, J.R.R. Tolkien / Agustin Otsoa (Txalaparta, 2004) Orr.: 15]

(14.9)

Patio garaia zen, baina hala ere utzi egin zidaten ziegan sartzen, zuzendariak eskuzabal jokatzeko agindua emana zien giltzadunei. [Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Koldo Izagirre (Elkar, 1999) Orr.: 271]

15. aurkibidera joan Maiztasuna

Euskara Batuan maiz erabiltzen da, edozein kontestutan; ugariago, hala ere, prosan eta testu akademikoetan ahozko ekoizpenean baino. Gehiagotan itzulitako testuetan (%55) jatorrizkoetan baino (%44), baina ez alde nabarmen bereizgarriz.

hala ere

agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

795

79.50

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

3411

62.01

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

1314

32.04

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

1715

68.60

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

7351

68.70

B1a. EPD liburuak

4134

40.52

B1b. EPD prentsa

4895

46.61

B2. ZT Corpusa

3518

53.30

C1. ETBko dokumentalak

171

34.20

C2. Goenkale corpusa

3611

32.82

denera

30915

49.38

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

jatorrizkoak

15999

44.81

itzulpenak

14916

55.44

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

Edozein testu motatan erabil daiteke.

Erregistro zainduan sarriago lagun artekoan baino.

Idatzian sarriago ahozkoan baino.

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainiera

[OEH]

Sin embargo, a pesar de todo. "(Aun) así",
"(sin) embargo" Lar.

[Elhuyar]

1-a pesar de todo, sin embargo
2-además, por otra parte; por cierto

frantsesa

[Elhuyar]

cependant, toujours, néanmoins

ingelesa

[Elhuyar]

nevertheless, however; still, though, yet

[Morris]

4. hala ere however, nevertheless;
hala eta guztiz ere nonetheless | nevertheless| despite everything

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

[OEH]

(Exclamativo). --Berorren lengusu Medelek kale ta guztiko uri berria Leaburun egiteko ustea omendu. --Jesus ta bat ala ere! A Ardi 32

c) Ciertamente. "Gizonezko jatorra alaere (G-azp-goi), merezi dute zigortzea, ondo alaere! (G-azp-goi)" Gte Erd 148.

e) Igualmente, del mismo modo. . Jainkoari etzaio ahantziko; eta behar-orduan laguntzaileak igorriko darozkitzu. Ongi egiten duenak hala ere atzematen du. Dv Lab 10.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus