Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Maribi Unamuno Garate
NOLANAHI DELA ERE

1. Saila > azpisaila

birformulatzailea > urruntzailea

2. Balioa

Nolanahi ere markatzailearen aldaera honetan izan aditza orain aldian jokaturik azaltzen da, -la partikula modalaz hornituta, dela.

Atal birformulatzailean kokatu ohi da, hasieran gehienetan, erdian sarritan eta amaieran inoiz edo behin, nolanahi ere kokatzen den modua berean.

Nolanahi ere-k betetzen dituen funtzioak betetzen ditu, hau da, birformulakizunean adierazitakoa gorabehera, atal birformulatzailean adierazten denak du garrantzia handiagoa edo horrixi ematen dio hiztunak errelebantziarik handiena.

(2.1)

Baten batek dio metala odolean sartzen eta hura apurka-apurka ahultzen duelako gertatzen dela hori; beste batzuok areago pentsatzen dugu Jainkoen mendeku dela, baina nolanahi dela ere Rodmundarroi axola gutxi zaigu gure bizia laburra izatea, zeren aberats baikara, jendeen baitan itzala baitugu, eta mundua ikusteko aukera. [Sistema periodikoa, Primo Levi / Juan Garzia (Alberdania, 1998) Orr.: 115]

(2.2)

Nolanahi dela ere, ni ez naiz emakume bakarrarekin konformatzen den horietakoa. [Zortzi kontakizun, Isaac B. Singer / Koro Navarro (Alberdania-Elkar, 2002) Orr.: 128]

NOLANAHI ZELA ERE (3)

Lokailuak, orokorrean, forma lexikalizatutzat jo arren, dela, izan aditza orain aldiko forma jokatuan, inoiz edo behin zela iraganekoa izan daiteke, gutxitan gertatzen bada ere.

(2.3)

Nolanahi zela ere, arrazoi zeukaten bisitariek, egoera ez zen aldatua, auskalo okertua ez ote. [Denak du bere prezioa, Migel Angel Mintegi (Ibaizabal, 2002) Orr.: 279]

3. Balio oinarrizkoa

Ikus NOLANAHI ERE

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus