Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Julio Garcia
(EDO) HOBETO

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > zuzentzailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Aurreko enuntziatuaren segmentu bat edo enuntzitua bera —osoa edo zati bat—desegokitzat jotzen du esatariak, edo ez da, haren ustez, behar bezain egokia, eta aldatu edo zuzendu egiten du. Zuzenketa horretan, lehen segmentu horren ordez, beste bat sartzen du, egokiagoa, hobea, zuzenago edo zehatzagoa:

(2.1)

Era berean, de Gomme Gosporten garai berean egindako lan garrantzitsuen arduraduna izan zen. Harresien (edo, hobeto, hiri "zaharreko" harresien) barruan zegoen Portsmouthen eremua nahikoa izan zen 1495era arte, Henrike VII.ak Mill Pondetik harago errege-ontziola independente bat eraikitzea agindu zuen arte; orduan, Portsmouthen bigarren nukleo historikoa sortu zuen. [[EHU] Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Morris, Anthony Edwin James (EHU, 2010) 8. kapitulua]

Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’.

Birformulakizuna

Harresien

Azalpena: atal birformulatzailea

(edo, hobeto, hiri “zaharreko” harresien)

Diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa (harresien) zuzentzen du atal birformulatzaileak (...edo, hobeto, hiri “zaharreko” harresien), informazio zehatzagoa emanez.

Markatzailearen bidez uztarturiko diskurtso atalak hala enuntziatu osoak nola enuntziatu zatiak izan daitezke. Atal horiek, kategoriari dagokionez, askotarikoak izan daitezke: izenak, adjektiboak, izenlagunak, aditzak...

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Batzuetan, formari eragiten dio zuzenketak. Beste batzuetan, edukia zuzentzen da; partziala edo erabatekoa izan daiteke zuzenketa hori. Eta beste batzuetan, aurreko enuntziatutik segitzen diren inferentziak zuzentzen dira.

a) FORMAren zuzenketa

(3.1)

Hormen estradosa drainatzeko (eraikinaren oinarriko eraikuntza-elementu guztiak inguratu behar dira), lehenengo, kanpoaldea geotestilezko xafla batez iragazgaiztu, eta, xaflaren eta hormaren artean, hormari atxikirik, "arrautza-ontzi" deritzon xafla drainatzaile noduludun bat jarri ohi da. Sistema hori osatzeko, legar edo -hobeto- hartxintxar drainatzailez betetzen da hormaren kanpoaldea; ura, hala, behealdeko drain bateraino iragazten da. [[EHU] Eraikinetako instalazioen kalkuluak eta oinarrizko arauak, Arizmendi Barnes, Luis Jesús (EHU, 2008) 4. kapitulua]

Forma, hots, adierazlea zuzentzen da. Zuzenketa horrek ez dakar ez edukiaren zuzenketarik, ez erreferentearen aldaketarik. Elkarren sinonimotzat jo daitezke bi segmentuak; esatariak  bigarrena hobesten du baina.

(3.2)

Hau horrela bada ere, egun Ingalaterran eta Galesen abokatu bezala diharduten gehienek unibertsitate mailako ikasketak dituzte, eta zuzenbide fakultatean hiru urtez ikasi ondoren, Bachellor of Laws titulua dute. Inolako zalantzarik gabe, ingelesen beste berezitasun bat abokatuen, edo, hobeto, legearen praktikan lan egiten duten gizon eta emakumeen artean egiten duten desberdintasuna da: abokatuen artean solicitor-ak eta barrister-ak desberdintzen dituzte. [[Zuzen. TA] Ingalaterran eta Galesen epailetzara sarrera, I. Ordeñana (Eleria / Eusko Ikaskuntza, 2002 )]

Adibidean (3.2.), esataria, abokatu terminoaren desegokitasunaz jabetu da: ingelesez, ez dago ezein terminorik bere baitan lanbide horretan jarduten duten guztiak hartzen duenik, baizik eta “abokatu” mota bakoitzak bere izena du. Eta desegokitasun horretaz ohartuta, egoera hobeto adierazten duen egitura bat (kasu honetan iruzkin bat) sartu du: legearen praktikan lan egiten duten gizon eta emankuneen.

b) EDUKIAren zuzenketa

b.1) Erreferentearen zuzenketa partziala

(3.3)

Espainia da arima bat agonian dagoena ("agon" edo borroka unamunotarrean), kristautasuna bezalaxe; arima espainolaren esentzia, harentzat, kristautasunaren esentzia baino ez delako beharbada. Katolikotasunarena, hobeto. Katolikotasunean Unamuno faszinatzen duena irrazionaltasuna da -eromena- eta ideal baten infinitua. Hori da berak Cervantes-en obran ere irakurtzen duena. Unamuno-k Erdi Aroaren nostalgia sentitzen du; higuin ditu "los hidalgos de la Razón" - modernitate zientifikoa, kritikoa. Saio horretan bere asmoa da "xxxx" - eromenaren erreskatea (ez derrigor idealismoarena: fanatismoa eta intolerantzia ez da gutxiago ospatzen). [[EPD lib.] Espainiaren arimaz, Joxe Azurmendi (Elkar, 2006) 148. or.]

Atal birformulatzaileak ez du erabat baliogabetzen lehen enuntziatuko erreferentea (kristautasuna), baizik eta erreferente zehatzago bat adierazten du. Atal birformulatzaileak txertaturiko erreferentea lehen erreferente horren barruan kokatua dago; haren azpimultzo da. Hots, hiperonimia/hiponimia erlazioa dago bi unitate lexikoaren artean: kontzeptu orrokorretik zehatzera doa esataria.

b.2) Erreferentearen zuzenketa osoa

(3.4)

(7.1) ereduaren interpretazio grafikoa egiten badugu, edo, hobeto, aurkeztu diren bi bertsio zenbatesgarriena, hau da, (7.2) eta (7.3) bertsioena, lehen eratorritako adierazpenen bidez egiazta daiteke bi balio soilik hartzen dituela, batez beste, Y aldagai esplikatuak. [Alonso, A., Fernández, F. eta Gallastegui, I Ekonometria (2010); UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua (EHUskaratuak)]

Erreferentearen zuzenketa osoan, lehen enuntziatuko erreferrentea [(7.1) eredua] baztertzen da, desegokia delako, eta haren ordez erreferente berri bat adierazten da [(7.2) eta (7.3) ereduak], egoerari dagokionez egokiagoa dena.

(3.5)

Aukeran dauden arauen artetik ebolutiboki egonkorra zein izango den, ereduaren helburua da hori aurkitzea. 4. Emeek askatasun bera dute beren arau propioak garatzeko. Haien kasuan, arrak propagandaren sendotasunaren arabera aukeratzen dituztenez, aukeraketari buruzkoak dira arauak (gogoratu emeek, edo, hobeto, emeen geneek ezin dutela arren kalitatea arrek bezala zuzenean hauteman). [[PKC] Gene berekoia, Richard Dawkins / Eider Carton (2008) 368. or.]

b.3) Enuntziatuaren zuzenketa partziala

(3.6)

Hegelek Rousseaurekin, Montesquieurekin (ikus The Spirit of the Laws, XIX, 4 eta hur.) eta Herderrekin bere Nazioaren Espirituan duen zorra begi-bistakoa da. Spinozarekin dituen harremanak beste era batekoak dira. Hegelek garrantzi handiko bi ideia hartzen ditu edo, hobeto, egokitzen ditu Spinoza deterministarengandik. [[PKC] Gizarte irekia II, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2009) 352. or.]

Adibidean (3.6.), aditz orokor baten ordez (hartu), eduki semantiko zehatzagoko aditz bat (egokitu) erabiltzen da, baina aldaketa horrek ez dakar enuntziatuaren baliogabetzea.

(3.7)

Zehazkiago: urritu egin zen idazlanaren beraren egiturak eta produzitzeko eta sortzeko prozesua aztertzeko interesa, eta testuaren eta irakurlearen arteko erlazioaren (edo agian hobeto: eragin-trukearen) azterketak hartu zien aurrea. [Literaturaren kritikaren historia Viñas, D / Iñurrieta, I. (2011) (EHUskaratuak)]

Atal birformulatziearen bidez, (5.7.) adibidean, esatariak ez du birformulakizuna bere osotasunean zuzentzen, baizik eta zehazten du zer erlazio mota den testuaren eta irakurlearen artean.

(3.8)

Ez estutu. Aurrera jarraitu zuen Ruche jaunak: -Hala, harmonia musikalak adierazteko gauza suertatu ziren zenbakizko erlazioak! Hobeto, hotsen bidez adierazitako zenbakizko erlazioa zen harmonia bera. [[ZIO] Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) 118. or.]

b.4) Enuntziatuaren zuzenketa osoa

(3.9)

Horrela, zaila da gizabanako bakoitzarentzat ia norbere natura bilakatu den heldugabetasun horretatik irtetea. Hartara ohituta, gustu hartu dio, eta ezinezkoa zaio jada bere ulermena erabiltzea, ez baitzaio inoiz laga hura erabiltzen. Dogmak eta formulak, bere dohain naturalen erabilpen edo, hobeto, deserabilpen— arrazionalerako instrumentu mekanikoak, bere behin betiko heldugabetasunerako oin-bilurrak dira. [[PKC] Pentsamendu ilustratua - idazlan hautatuak II, Kant, Burke, Volney, Cordoncet / Haritz Monreal (2005) 8. or.]

Erabat baliogabetzen da lehen enuntziatua (3.9.) adibidean. Antonomia-erlazio semantikoa dago erabilpen eta deserabilpen unitate lexikoen artean, eta erlazio hori dela bide baliogabetzen da lehen enuntziatua.

(3.10)

-esan zion Reginak, markesaren parez pare paratu zenean, estropezuka, eskuin eskuko hatz erakuslearen mugimenduak hitzen esanahira egokituz, ni eta zu, zu eta ni. Markesak ez zion erantzun, ezta keinurik egin ere; edo, hobeto, keinurik gabeko keinu bat egin zion, bere nora eza adierazten zuena, Reginaren hitzak ulertu ez balitu bezala; segidan, baina, irri baten itzala izan zitekeena egin zuen. Eta zerbait esatera zihoan, doña Normak albotik aurrea hartu zionean, markesa andereari begira honela mintzatzen zela [[EPD lib.] Bestea da mundua, Joan Mari Irigoien (Elkar, 2008) 45. or.]

(3.11)

Eta berak baietz, pozik hartu zuela eskaera, baina zutabeak berrirakurtzean konturatu zela ez zuela iragarritako ezer ere asmatu, eta lotsa ematen ziola artikulu horiek berrargitaratzeak, bere ezjakintasuna agerian utziko zutelakoan. Ba argitara itzak iragarpenik gabe, esan nion, edo, hobeto, aldatu iragarpenak eta egoki itzak benetan gertatutakoari; total, ez duk inor konturatuko, jarraitu nuen nire alderik maltzurrena azalaraziz. Horrorizatuta begiratu zidan: txantxetan ari nintzela azaldu behar izan nion. Arazoa zen, gehitu zuen, iragarpen-zutabe horiek gabe labur samar geratzen zitzaiola liburua, eta ez zekiela argitaletxean onartuko ote zioten. [[EPD lib.] Itzalak, Iban Zaldua (Erein, 2004) 96. or.]

c) INFERENTZIAren zuzenketa

(3.12)

Duela hamabost edo hogei orri aipatu dizuedan enkontrua zen hau, eta kontu horren gainean hitz egiteko unea iritsi den honetan, lotsaz gaixotzen naiz gure artean gertatu zenaren oroitzapenarekin. Pertsona hura, edo, hobeto, arazo deitzea nahiago dudan gauza hura, batek daki nongo leize barrenetatik azaleratutako izaki amesgaiztozko hura, hogeita hamar urteko UPSko mandatari baten mozorroarekin zebilen, eta gorputz gihartsu eta sasoikoa eta begirasun haserretua ageri zituen. Ez, ez da zuzena haserrea hitza nik haren aurpegian ikusi nuena azaltzeko. [[EPD lib.] Brooklyngo erokeriak, Paul Auster / Oskar Arana (Alberdania, 2006) 136. or.]

Adibidean (3.12.), lehen enuntziatutik, egitura neutroa edo konnotaziorik gabea erabili baita (pertsona hura), ondoriozta daiteke esatariak ez duela inolako irizpiderik (ez aldekorik ez kontrakorik) hizpide duen pertsonarengana. Atal birformulatzailean, ordea, hiztunak argiago erakusten du zer jarrera duen pertsona horrengana.

(3.13)

Beheranzko eskala horren maila guztietan daude senarraren botere legal guztiak dituzten gizonak. Gaizkile doilorrenak dauka emakume zorigaiztoko bat berarekin ezkonduta edo, hobeto, lotuta, eta emakume horren kontra hil ez beste izugarrikeria guztiak egin ditzake, eta, nahikoa kontuz ibiliz gero, hil ere egin lezake lege zigorrik jasotzeko arrisku handi barik. (balore-iritzia) [[PKC] Askatasunaz, Emakumeen menpekotasuna eta Sozialismoari buruzko kapituluak, John Stuart Mill / Alberto Gabikagojeaskoa (2004) 179. or.]

Adibidean (3.13.), testuak adierazten duen testuinguruan, semantikoki markatua da atal birformulatzailean erabilitako aditza (lotu), eta konnotatzen duen egoera lehen aditzetik (ezkondu) ondoriozta edo inferi daitekeenaz bestelakoa da.

(3.14)

Zor zaie algebraren erabileraren orokortzea, greziarren artean gai klase bakarrera mugatzen baitzen. Metalak transformatzeko bilaketa kimerikoak, eta hilezkortasun edabearenak, kimikan egin zutena histen duen arren, zientzia horren berrezarleak, edo, hobeto, sortzaileak, izan ziren; ordura arte zientzia hori farmaziarekin edo arteen prozeduren ikerketarekin nahasten baitzen. [[PKC] Pentsamendu ilustratua -idazlan hautatuak II, Kant, Burke, Volney, Cordoncet / Haritz Monreal (2005) 327. or.]

Adibidean (3.14.), zientzia hori bestek sortua dela inferentzia zuzentzen da atal birformulatzailean.

(3.15)

Hala ere, ez naiz eremu honetara mugatuko. Hitzaldi hau hiru partetan banatzea da nire plana. Hasteko, zenbait ohar eginen ditut ezagutzaren teoriari buruz eta ondoren eboluzioaren teoriaren inguruko zenbait metodo problemaz ariko naiz, azkenean eboluzioaren teoriaren beraren zenbait aldetan murgildu edo, hobeto, txipli-txapla ibiltzeko.[[PKC] Ezagutza objektiboa, Karl Popper / Alberto Gabikagojeaskoa (2002) 281. or.]

Adibidean (3.15.), murgildu aditzaz iradokitzen da azterketa sakona egingo dela, eta zuzenketaz, ostera, azterketa gaingiroki egingo dela adierazten da.

(3.16)

Giza espezieak oraindik ere asaldatu egiten du haren koadroa kontenplatzen duen filosofoa; baina ez du gehiago umiliatzen, eta gertuko esperantzak erakusten dizkio. Zientzien martxa azkarra eta distiratsua bilakatzen da. Lengoaia algebraikoa orokortzen, sinplifikatzen, perfekzionatzen da, edo, hobeto, ordura arte ez zen osatu ere egin. [[PKC] Pentsamendu ilustratua - idazlan hautatuak II, Kant, Burke, Volney, Cordoncet / Haritz Monreal (2005) 350. or.]

Adibidean (3.16.), biformulakizunetik ondorioztatzen da legoaia aljebraikoa bazela lehendik; atal birformulatzaileak, ordea, baliogabetu egiten du inferentzia hori.

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Elementu edo enuntziatu bat sartzen da, eta haren bidez osorik edo partzialki zuzentzen da aurreko enuntziatu bat.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Segmentu berria (dela enuntziatu osoa, dela enuntziatu atal bat) enfatizatu egiten du.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Entzuleak segitzen du birformulakizunari darraion diskurtso-sekuentzia (eta ez birformulakizunekoa) dela diskurtsoaren jarraipenean aintzat hartu beharrekoa.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Moduzko adberbio bat (hobeto) da diskurtso-markatzaile honen jatorria. Gutxi gramatikalizatua dago, eta gehienetan edo juntagailua hartzen du lagun (edo, hobeto); egia esan, sekuentzia hori (edo, hobeto) agertzen da, oro har, testuetan markatzaile gisa.

8. aurkibidera joan Aldaerak

(EDO) HOBEKI

9. aurkibidera joan Baliokideak

Hobeto esan, hobeto esanda...

10. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

[OEH]

Hobeto

2. Mejor dicho. v. HOBETO ESAN, HOBETO ESATEKO. *Salduten dau zorionez / edo obeto adinonez. Zav Fab RIEV 1907, 531. Nork sortuak dira kanta oiek? Nun sortuak, obeto. Lek SClar 109. Tigri ibaia zan partiarren muga, ta Arari, gaurko Saona, germandar edo, obeto, galitarrena. Ibiñ Virgil 33n. Ordukoak nolako ziren edo, hobeto, nolako agertzen zaizkigun. MIH 235.

11. aurkibidera joan Posizioa

Birformulatzailea atal birformulatzailearen hasierako muturrean agertzen da gehienetan, aurrean edo juntagailua duelarik; nolanahi, bakankago bada ere, birformulatuaren atzean ere ager daiteke.

(11.1)

Hirugarren premisa metodologikoa (bigarrenaren osagarria, hobeto) zientismoa da, positibismoa: natur zientzietako metodoak aplikatzen dira giza zientzietan eta ez da besterik onartzen. [[EPD lib.] Volksgeist - Herri gogoa. Ilustraziotik nazismora, Joxe Azurmendi (Elkar, 2007.) 208. or.]

12. aurkibidera joan Puntuazioa

Markatzailea (hobeto) etenaldien artean doa, aurrean edo juntagailua duelarik zein ez duelarik (juntagailurik lagun izan gabe, gutxiagotan bada ere). Etenaldiak koma bidez gauzatzen dira gehienbat; markatzailea esaldiaren bukaeran joan ezik, kasu horretan bigarren komaren ordez puntua ageri baita.

(12.1)

Desio horiek ere, jakina, berriro azter daitezke. Desiorik gehienak nola adierazten diren ikusita, ezerk ez du demostratzen guk benetan zer desio dugun hobeto argitzen digun karakterizaziorik dagoenik. Baina aitortu behar dugu lehenago edo geroago helburu konparatu ezinezkoak erdiesteko daukagun posibilitatea edo, hobeto, probabilitatea, helburuon artean arrazionaltasunez deliberatuta hautatu beharko dugularik. [[PKC] Justiziaren teoria, John Rawls / Alberto Gabikagojeaskoa (2008) 630. or.]

(12.2)

Unamuno-ren Vida de don Quijote y Sancho, espainolismoaren gogo-jardunak nolabait, izkribu distiratsu bat da, eta eusko seme batek sekula idatzi duen obrarik erreakzionarioena izatetik oso urruti ez da ibiliko. Espainia da arima bat agonian dagoena ("agon" edo borroka unamunotarrean), kristautasuna bezalaxe; arima espainolaren esentzia, harentzat, kristautasunaren esentzia baino ez delako beharbada. Katolikotasunarena, hobeto. Katolikotasunean Unamuno faszinatzen duena irrazionaltasuna da -eromena- eta ideal baten infinitua. [[EPD lib.] Espainiaren arimaz, Joxe Azurmendi (Elkar, 2006) 148. or.]

Edo juntagailuak, oro har, ez du komarik ezkerraldean.

Komarik gabe:

(12.3)

Estatuei edo nazioei dagozkien gaietarako epaile bakartzat arrakasta historikoa jarriz, eta erasoaren eta defentsaren artekoak bezalako bereizkuntza moralak baliogabetzeko ahaleginarekin, kontzientzia-moraltasunaren kontra arrazoiak azaltzeko premia agertzen da. Hegelek "egiazko moraltasuna edo, hobeto, bertute soziala" deitzen duena "moraltasun faltsuari" kontrajarririk— ezarriz lortzen du hori. [[PKC] Gizarte irekia II, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2009) 82. or.]

Komarekin:

(12.4)

Zor zaie algebraren erabileraren orokortzea, greziarren artean gai klase bakarrera mugatzen baitzen. Metalak transformatzeko bilaketa kimerikoak, eta hilezkortasun edabearenak, kimikan egin zutena histen duen arren, zientzia horren berrezarleak, edo, hobeto, sortzaileak, izan ziren; ordura arte zientzia hori farmaziarekin edo arteen prozeduren ikerketarekin nahasten baitzen. [[PKC] Pentsamendu ilustratua - idazlan hautatuak II, Kant, Burke, Volney, Cordoncet / Haritz Monreal (2005) 327. or.]

Parentesien edo marren artean:

(12.5)

Langileek euren xede pertsonal guztietarako kapitala dute; kapitalistak, ordea, etekinak baino ez ditu, eta etekinok kapitala bere beharrei erantzuteko barik langileenei erantzuteko erabiltzen dituenean bakarrik ateratzen ditu. Kapitalaren etekinek kapitalarekin berarekin (edo haren zati zirkulatzailearekin, hobeto) normalean duten proportzioa produziturikoan kapitalistari dagokion parteak langileek gehituriko partearekiko duen ratioa da. [[PKC] Askatasunaz, Emakumeen menpekotasuna eta Sozialismoari buruzko kapituluak, John Stuart Mill / Alberto Gabikagojeaskoa (2004) 287. or.]

(12.6)

Volksgeistaren moda demodée espainola -atzeratu eta gaizkiulertua- anakronismo bat iruditzen zaio. xxxx geroago ez da aspertuko, gaizki ulertu dela esaten". Ortega-rengatik esan behar da, herriaren gogo kontzeptuarekin nahiko kritiko izan dela hobeto, kontzeptu horren erabilera batzuekin— eta nahiko positibo eta esplikatiboa ber denboran jendaurre espainolarentzat, alferrik izan bada ere. Baina esango genuke, bera ere kontzeptuarekin katramilatua dabilela, eta azkenean "zirkunstantziak" harrapatuta gelditu dela nolabait - alegia, eskemek eta plan teamenduek harrapatua, zeintzuek zeharo betetzen baitzuten ingurugiro kultural guztia, antsi-antsiatua Espainiaren esentziaz eta defektu kapitalaz eta gaixotasunaz eta gainbeheraz. [[EPD lib.] Espainiaren arimaz, Joxe Azurmendi (Elkar, 2006) 157. or.]

13. aurkibidera joan Sintaxia

Gehienetan, edo juntagailuarekin batera agertzen da birformulatzailea, bi-biak ondoz ondo daudelarik. Zenbaitetan, hala ere, atala birformulatzailearen mutur banatan ageri dira, adibidean ikus daitekeen bezala:

(13.1)

Garatu dezakegu, esate baterako, ekonomikoki ahulak direnak babesteko programa politiko arrazional bat. Egin ditzakegu esplotazioa mugatzeko legeak. Muga dezakegu lan-eguna; baina ezin dezakegu askoz gehiago egin. Aseguratu ditzakegu, legez, langileak (edo herritar guztiak, hobeto) baliaezintasunaren, langabeziaren, zahartzaroaren kontra. [[PKC] Gizarte irekia II, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2009) 144. or.]

Denetariko izaeretako eta kategorietakoak izan daitezke elementu birfomulatu eta zuzenduak.

a) Perpaus osoa:

(13.2)

Maiz pentsatu izan dut Optikan "guztizko islapena" deritzon fenomenoa ideia abstraktuen eta errealitate konkretuen arteko erlazioaren - pragmatismoak ulertzen duen modura - sinbolo on bat dela. Jaso ezazue urez beteriko edontzi bat begiak baino goratxoago eta begira uretan zehar haren azalera, edo, hobeto, begira ezazue antzera batean akuario bateko horma lauan zehar. [[PKC] Pragmatismoa, William James / Alberto Gabikagojeaskoa (2002) 109. or.]

b) Galderazko perpausa:

(13.3)

Hobe litzateke datu objektiboen ordez, interes bat apropos adierazten duten datu espezifikoak konparatzea, epaileen jarduerarekin eta ekintzen ondorioekin. Eta epaileen esanek ondorio frogagarriak baldin badituzte, erantsi horiek ere konparazioari. Zer gehiago aipa daiteke? Edo, hobeto, ba al da hain aipagarria den besterik? [[Zuzen TA] Zuzenbide errealistaren teoria bat: Hurrengo pausoa, R. Dworkin (Eleria / Eusko Ikaskuntza, 2007 )]

c) Izen-sintagma:

c.1) Izen-sintagmaren buru-izena:

(13.4)

Desio horiek ere, jakina, berriro azter daitezke. Desiorik gehienak nola adierazten diren ikusita, ezerk ez du demostratzen guk benetan zer desio dugun hobeto argitzen digun karakterizaziorik dagoenik. Baina aitortu behar dugu lehenago edo geroago helburu konparatu ezinezkoak erdiesteko daukagun posibilitatea edo, hobeto, probabilitatea, helburuon artean arrazionaltasunez deliberatuta hautatu beharko dugularik. [[PKC] Justiziaren teoria, John Rawls / Alberto Gabikagojeaskoa (2008) 630. or.]

c.2) Izen-modifikatzaileak (izenlagunak, erlatibo-perpausak):

(13.5)

Tokian tokiko, edo, hobeto, Estatuan Estatuko, izen desberdina hartzen duten epai organo hauek (Circuit Court101, Court of Common Pleas102, District Court103, Superior Court104 edo Supreme Court105) beren eskuduntzapean beheragokoak baino lurralde esparru handiagoa eta pertsona gehiago badituzte ere, kopuruz asko gutxiago dira106, Estatu orok gutxienez mota honetako auzitegi bat duelarik. [[Zuzen. TA] Amerikar Estatu Batuetako auzitegi antolaketa: Lerro nagusiak (1), I. Ordeñana (Eleria / Eusko Ikaskuntza, 2003 )]

(13.6)

Zenbait positibistak esan dute hizkuntza bateko adierazpenak hiru klasetan - (I) adierazpen egiazkoak, (II) adierazpen faltsuak eta (III) esanahirik gabeko adierazpenak (edota, hobeto, ongi eratuta ez dauden adierazpenak) banatzea nahiko "naturala" dela, eta, paradoxak eta, aldi berean, sistema metafisikoak, esanahirik gabeak direlako, ezabatzeko bidea ematen duela. [[PKC] Gizarte irekia II, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2009) 425. or.]

(13.7)

Aristotelesengan eta Nietzscheregan aurkitzen dugu, besteak beste, kontzeptu hori. Ona plazera dela definituz gero, hedonismoa daukagu; zoriontasuna dela onartuz gero, eudemonismoa, eta horrela. Onuragarritasunaren printzipioa bere molde klasikoan ulertuko dut, hau da, desioaren asetzea bezala edo, hobeto, desio arrazionalaren asetzea bezala. [[PKC] Justiziaren teoria, John Rawls / Alberto Gabikagojeaskoa (2008) 82. or.]

d) Mendeko perpausak:

(13.8)

Ameba, ordea, ezin da kritiko izan bere igurikapen edo hipotesien aurrez aurre; ezin da kritiko izan, ezin dielako aurpegi eman bere hipotesiei: bere zati ditu. (Ezagutza objektiboa bakarrik kritika liteke: subjektiboa, objektibo bihurtzen denean baino ezin kritika liteke. Eta objektibo, pentsatzen duguna esaten dugunean bihurtzen da, edo, hobeto, idazten edo inprimatzen dugunean). [[PKC] Ezagutza objektiboa, Karl Popper / Alberto Gabikagojeaskoa (2002) 55. or.]

(13.9)

Aliceri esan zion, gauean, adi egon zelarik hori esaten zion bitartean besarkatuta edukitzeko. Segidan erantsi zuen "Ez duzu kezkatu behar, ez da zure errua". Alice askatu eta beste gelara joan zen, negar egiteko gogoa etorri baino lehen, eta Fabiok bere burua gorrotatu zuen, benetan pentsatzen zuelako, edo, hobeto, bazekielako, emazteak zuela errua. Alice zelatatua sentitzen hasi zen. Egunen itxurazko kontaketa zeraman, markatxoak egiten zizkion telefono ondoko agendari. [[EPD lib.] Zenbaki lehenen bakardadea, Paolo Giordano / Koldo Biguri (Alberdania, 2009) 231. or.]

14. aurkibidera joan Maiztasuna

Beste mota batzuetako birformulatzaileen aldean, hala nola esplikatiboen aldean, gutxitan agertzen da testu idatzietan birformulatzaile hau. Mota honetako birformulatzaileak testu idatzietan gutxi agertze hori, nonbait, testu idatziaren ezaugarri bati zor zaio: testu idatzia, oro har, ez da bat-batekoa, baizik eta planifikazio handiagoa izaten du ahozkoak baino, eta igorleak denbora gehiago du mezua prestatzeko eta, beraz, daitezkeen okerrak zuzentzeko.

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

ZIO corpusa

6,0

0,10

EHUko eskuliburu itzuliak

2,0

0,036

Zuzenbidea / lege-testuak

0,0

0,00

Zuzenbidea / akademikoak

7,0

0,12

Pentsamenduaren Klasikoak

17,0

0,31

EPD liburuak

6,0

0,11

EPD prentsa

0,0

0,00

ZT Corpusa

0,0

0,00

ETBko dokumentalak

22,0

0,4

Goenkale corpusa

0,0

0,00

Denera

60,0

1,1

15. aurkibidera joan Erdal baliokideak

gaztelania

mejor, mejor aún (aún mejor), o más bien

16. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

— Moduzko adberbioa: erabilera nagusia da testuetan, gehiagotasunezko konparazioa adieraziz.

(16.1)

Loan hondoratu baino lehentxeago, bere oheko errezel astunei begira, "ohe-zeru" esateko "baldakino" hitza "Bagdad"etik zetorrela ustekabean gogoratzeak sortua zion irribarrea. Biharamunean, aurrez iragarria zuenez, bere azalpentxoa egin zuen Léak matematikako eskolan. Loturaren kontu hura bota zuenean, uste baino hobeto atera zitzaion. [[ZIO] Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) 236. or.]

— Argumentu-operatzailea: esatariak bigarren aukerarekin ez du baliogabetzen lehena, bi aukerak baitira baliagarriak, baina bigarrena hobesten du.

(16.2)

Agente bakoitzari egotzitako galerak, dela marjinala edo batez bestekoa, eskaintzen prezioak zuzenduko dituzten faktore gisa erabil daitezke edo, hobeto, benetan ekoitzitako edo sortutako kantitateen faktore zuzentzaile gisa erabil daitezke, eta, hala, handizkako merkatuan egiten dituzten eskaintzen bidez, agenteek bere galerak barneratuko dituzte. [[EHU] Energia elektrikoaren sistemen analisia eta operazioa, Gómez Expósito, Antonio (koord.) (EHU, 2010) 1. kapitulua ]

(16.3)

Ohiko soluzioa da oso kota baxuan ponpa-putzu bat jartzea. Han biltzen dira eraikineko ur guztiak, eta puntu horretatik, motoponpa baten bidez —edo, hobeto, biren bidez—, erregistro-putzuraino edo kutxatila aurrefabrikaraino bulkatzen dira urak; handik, berriz, grabitateaz baliatuz eramaten dira, aurreko kasuetan bezala, kolektore publikora. [[EHU] Eraikinetako instalazioen kalkuluak eta oinarrizko arauak, Arizmendi Barnes, Luis Jesús (EHU, 2008) 4. kapitulua ]

(16.4)

Hortaz, Legionellaren kontrako tratamendu termikoek tenperatura altuak behar dituztenez, material egokienak UNE arauak betetzen dituzten kobrea, altzairu herdoilgaitza eta material plastikoak dira; altzairu galbanizatua, aitzitik, ez da egokia instalazio zentralizatuetarako, baina, gure iritziz, onargarria da banakako instalazioetan (geroago azalduko ditugu zergatiak), baldin eta UNE-19.040/93 klasekoa edo, hobeto, UNE-19.041/93 klase indartukoa bada. [[EHU] Eraikinetako instalazioen kalkuluak eta oinarrizko arauak, Arizmendi Barnes, Luis Jesús (EHU, 2008) 2. kapitulua]

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus