birformulatzailea

esplikatiboa

alegia

beste era batera esanda

beste hitz batzuetan

beste hitz batzuetan esanda

beste hitz batzuekin (esanda)

beste hitzetan (esanda)

beste hitzez (esanda)

beste modu batera esanda

bestela esanda

erran nahi baita

erran nahi da

esan nahi baita

esan nahi da

hau da

hots

zehaztailea

hain zuzen

hurrenez hurren

zehatz-mehatz

zehatzago esanda

zehatz esanda

zehatz esateko

zehatzago esan

zehatzago esatearren

zehatzago esateko

zehazkiago esan

zehazkiago esanda

zehazkiago esateko

zehazkiago

laburbiltzailea

azken batean

azken baten

azken batez

azken buruan

azken finean

hitz batean

hitz batez

hitz bitan esateko

hitz gutxitan

labur esanda

labur esateko

laburbilduz

laburbilduta

urruntzailea

dena dela

dena den

edonola ere

edozein kasutan

edozein kasutan ere

edozein modutan

edozein modutan dela

edozein modutan ere

edozein moduz

edozein moduz ere

hala ere

halaz ere

halarik ere

hala izanda ere

hala izanik ere

hala eta guztiz ere

hala eta guzti ere

halaz guztiz ere

nolanahi den

nolanahi den dela

nolanahi den ere

nolanahi ere

nolanahi dela ere

nolanahi izanda ere

nolanahi izanik ere

zuzentzailea

are hobeki

are hobeto

barkatu

barka

bestela esanda

(edo) hobeto

(edo) hobeki

egia esanda

hobeto esanda

zer diot?

Xabier Alberdi, Pello Salaburu
BESTE HITZ BATZUETAN ESANDA
 

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > esplikatiboa

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Birformulazio esplikatibo bat bideratzeko erabiltzen da beste hitz batzuetan esanda: hots, aurreragoko diskurtso atal batean adierazitakoa azaltzera, argitzera, osatzera edo zehaztera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Gramatikalizatze-bidean dagoen esapide horretaz baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haren bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari lehenago adierazi duenari buruzko azalpen edo parafrasi bat datorrela beste hitz batzuetan esanda esapideak txertatzen duen diskurtso atalean.

Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari birformulakizun esango diogu, eta azalpen berriari atal birformulatzaile edo, oro har, birformulazio.

Beraz, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa argitzera edo azaltzera dator atal birformulatzailea.

(2.1)

Mapagintza-prozesua deszentralizatzen hasita dago. Mapak egiteko softwarean eta datu-egituretan kodifikatuko da kartografoen jakituria, eta profesionalak ez direnen eskura egongo da. Beste hitz batzuetan esanda, kartografo profesionalek mapagintzaren hasierako etapetako prestakuntza-lanari ekingo diote eta, aldiz, erabiltzaileek mapak egiteari ekin ahal izango diote. [EHU, Kartografiako elementuak, Robinson, Arthur H. et al. (EHU, 2007) 1. kapitulua]

Birformulakizuna

Mapak egiteko softwarean eta datu-egituretan kodifikatuko da kartografoen jakituria, eta profesionalak ez direnen eskura egongo da.

Azalpena: atal birformulatzailea

Beste hitz batzuetan esanda, kartografo profesionalek mapagintzaren hasierako etapetako prestakuntza-lanari ekingo diote eta, aldiz, erabiltzaileek mapak egiteari ekin ahal izango diote.

(2.2)

Bahearen ezaugarriak azaltzeko, hiru parametro behar dira: sare-begiaren zuloa, sare-begiaren zabalera eta hariaren diametroa (ikus 2.16 irudia). Bahean elkarren ondoan dauden bi hariren arteko distantzia da sare-begiaren zuloa; zabalera, ostera, elkarren ondoko bi hariren erdiguneen arteko distantzia -beste hitz batzuetan esanda, sare-begiaren zuloa gehi hariaren diametroa-. [EHU, Sistema farmazeutikoen oinarrizko ezaugarriak eta eragiketak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 2. kapitulua]

Birformulakizuna

(zabalera, ostera,) elkarren ondoko bi hariren erdiguneen arteko distantzia [da]

Azalpena: atal birformulatzailea

-beste hitz batzuetan esanda, sare-begiaren zuloa gehi hariaren diametroa-.

Azpimarratzekoa da diskurtsoaren harian atal birformulatzailea geratzen dela indartuta edo nabarmenduta; beraz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.

Bestalde, aurreko adibideetan ikus daitekeenez, beste hitz batzuetan esanda birformulatzailearen bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak (ikus sintaxia) enuntziatu osoak (2.1.) nahiz enuntziatu atalak (2.2.) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikokoak (perpausak, izen-sintagmak, aditz-sintagmak, izenak, aditzak).

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Hona hemen beste hitz batzuetan esanda birformulatzaileak birformulazio-prozesuetan betetzen dituen funtzio nagusiak:

a. Azalpena edo parafrasia. Gehienetan beste hitz batzuetan esanda diskurtso-markatzailearen bidez aurreko enuntziatu batean —eskuarki, aurreko perpausean edo sintagman— esandakoa birformulatzen da, adierazitakoa argiagotzeko edo hobeto azaltzeko.

(3.1)

Israelek botatzen ditu bonbak, baina palestinarren oinazearekiko munduan dagoen tolerantziagatik eta nazioartearen apatiarengatik gertatzen da hori. Israelek dio su-etena Hamasek apurtu zuela. Hamasek su-etenaren bere zatia errespetatu zuen, eta israeldarrek ez, Zisjordaniari eraso baitzioten. Azken bi hilabeteetan, Israelek Gazan zenbait palestinar hil zituen; orduan, Hamasek erantzun egin zuen, eta hala amaitu zen su-etena. Beste hitz batzuetan esanda: Hamasek ez zuen su-etena bukatutzat eman arrazoirik gabe. [EPD-prentsa, Berria]

(3.2)

Kontuan hartu behar da, alabaina, partikula askoren datuak lortu behar direla, tarte berri horiek ere aztertutako materialaren adierazgarri izan daitezen. Praktikan, nahitaezkoa da harreman estua lortzea tamaina-banaketaren definizio-mailaren eta analisia egiteko behar den denboraren artean; beste hitz batzuetan esanda, harreman estua lortu behar da definizio-mailaren eta neur daitekeen partikula kopuruaren artean. [EHU, Sistema farmazeutikoen oinarrizko ezaugarriak eta eragiketak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 2. kapitulua]

(3.3)

Horiek horrela, Watten lurrin-makina berehala indar eragile nagusi bihurtu zen eta 1800. urterako bostehunen bat ari ziren Britainia Haundian lanean. Garai hartan Ingalaterran ehungintza mekanizatzen hasia zen jadanik eta lurrin-makinei esker fabrikak ur-jauzietatik urruti ipin zitezkeen, su egiteko ikatza eta ura bakarrik behar zutenez gero. Industria astuna ugalduta, garai bateko artisautzak indarra galdu zuen. Beste hitz batzuetan esanda, iraultza industriala hasia zen jadanik. [ZTC, James Watt, Azkune Mendia, Iñaki Elhuyar Fundazioa, 1991 (aldizkari artikulua)]

(3.4)

Elhuyar aldizkariaren ale honetan bertan, gure gorputza osatzeko moduko material plastikoen inguruko ikerketa eta berrikuntzek daramaten bidea ezagutzeko aukera izango duzu. Baina, txoko honetara beste arlo osagarri bateko berri bat ekarri nahi dugu: zango elektronikoena. Beste hitz batzuetan esanda, protesi adituak. Zangoa moztu ondoren, ordezko protesi zurrunaren ordez higitzeko moduko zangoak probatzen hasiak dira. [ZTC, Zango elektronikoak, Elhuyar, Usurbil Elhuyar Fundazioa, 1993 (aldizkari artikulua)]

(3.5)

Egun 30.350 gune babestu daude munduan, guztira 13.232.275 km2. Beste hitz batzuetan esanda, lurrazalaren % 8,83, hau da, gutxi gorabehera Txina eta India batera bezainbeste, beti ere NKNB erakundeak jasotako datuen arabera eta zenbait kasutan gune babestu horien barruan itsaso-zatiak ere zenbatu direla kontuan hartuta. Horiez gain, beste 30.000 gune daude gune babestuen estatusa guztiz betetzen ez dutenak. [ZTC, Munduko gune babestuak, Carton Virto, Eider Elhuyar Fundazioa, 2001 (aldizkari artikulua)]

b. Inferentzia, dedukzioa. Zenbaitetan, testuingurua lagun, aipatutakoaz bestelako balioak bereganatu ditzake beste hitz batzuetan esanda markatzaileak. Izan ere, birformulatzaile esplikatiboak, birformulazioaren nolabaiteko hiperonimoak direnez, gai dira erabilera markatuetan bestelako balioak (ondorioa, dedukzioa…) eta bestelako birformulazio motak adierazteko (zuzenketa, laburbilketa, berrazterketa…).

Bereziki eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko (ikus Garcés Gómez, 2008: 87-104). Izatez, hori ez da birformulatzaile esplikatiboen funtzio prototipikoa, baina, testuingurua lagun, ondorioa eta bestelako funtzio argumentatiboak bereganatzen dituzte inferentzia-prozesuetan.

Batzuetan, beraz, nolabaiteko ondorioa ere adierazten da beste hitz batzuetan esanda birformulatzailea dela medio: laburpena, ondorio subjektiboa, emaitza, dedukzioa. Atal birformulatzailearen hasieran paratzen da beti birformulatzailea eta identifikaziotik edo baliokidetzatik harantzago doa bi atalen arteko lotura semantiko-pragmatikoa: birformulazioa ez da oinarritzen parafrasian, inferentzian baizik. Informazioaren egituraren aldetik, iruzkin berriak ez du errepikatzen lehengo mintzagaia, baizik eta aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen du: beheko testuan, esaterako, birformulakizunean adierazten denetik harantzago doa birformulazioa. Aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen da birformulazioan (zenbaitetan, ondorio subjektiboa).

(3.6)

Europan kokainaren eta crackaren arazoa oraindik ez da hain larria, baina oso kezkagarria bai. Agian kokainaren prezioak zerikusia izango du horretan. Estatu Batuetan kokaina gramoa 600 eta 1.200 pezeta bitartean kostatzen da eta Europan hamar aldiz gehiago. Hori ordea, salmenta-estrategia besterik ez da. Azokara produktu berria sartzen denean prezioa altua izaten du hasieran, baina eskariak gora egiten duenean prezioa jaitsi egiten da. Beste hitz batzuetan esanda, drogazalearentzat hiltzea azkarragoa eta merkeagoa izaten da. [ZTC, "Crack" droga: azken izurritea, Bardino, K. von Elhuyar Fundazioa, 1990 (aldizkari artikulua)]

(3.7)

Organismo bizi baten eta gizarte baten arteko desberdintasuna, autorea orain bukatu den kapitulu honetan erakusten saiatu den bezala, hauxe da: organismo biziak bere bizialdia mugatua du bere izaeragatik beragatik - "gure urteen egunak hiru hogeiko urte eta erdi dira" -, baina historiak ez dio mugarik ezartzen gizarte baten bizialdi posibleari. Beste hitz batzuetan esanda, gizarte bat sekula ez da hiltzen "berezko kausaz", baizik eta suizidioz edo hilketaz hiltzen da beti, eta ia beti lehenengoagatik, kapitulu honek erakutsi duen bezala. [PKC, Historiaren azterketa I, Arnold Toynbee / Iñaki Mendiguren (2000) Orr.: 339]

(3.8)

Israelek botatzen ditu bonbak, baina palestinarren oinazearekiko munduan dagoen tolerantziagatik eta nazioartearen apatiarengatik gertatzen da hori. Israelek dio su-etena Hamasek apurtu zuela. Hamasek su-etenaren bere zatia errespetatu zuen, eta israeldarrek ez, Zisjordaniari eraso baitzioten. Azken bi hilabeteetan, Israelek Gazan zenbait palestinar hil zituen; orduan, Hamasek erantzun egin zuen, eta hala amaitu zen su-etena. Beste hitz batzuetan esanda: Hamasek ez zuen su-etena bukatutzat eman arrazoirik gabe. [EPD, Berria]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Birformulazioaren markatzaile ezohikoa da beste hitz batzuetan esanda. Enuntziazioaren ikuspegitik esatariak, bere aurreko adierazpenaren argitasunik ezaz jabeturik, agerian utzi nahi du birformulazioaren bidez bere diskurtsoaren zentzua: azalpen edo parafrasiak emateko erabiltzen da batik bat (sarritan erabiltzen da testu teknikoetan kontzeptu edo eduki ilunak argitzeko). Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketa bat bideratzen da, lehen formulazioa bigarrenari menderatuz. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketak ez du esan nahi, hala ere, argudiaketaren norabidea ere aldatzen denik (Larringan, 1996: 245).

Gainerako diskurtso-markatzaileekin alderatuz, izaera polifonikoa da birformulatzaileek parte hartzen duten egituren bereizgarrietako bat (Garcés 2008: 82-83). Izan ere, zerbait birformulatzean atzera egiten dugu diskurtsoan lehenago adierazitakoa berrinterpretatzeko, eta atzera itzultze horretan ikuspuntu berri bat sartzen dugu, birformulakizunekoarekin bat etor daitekeena edo ez.

argibide gehiago:

Hiru tipo nagusi bereizi ohi dira polifoniari dagokionez (Murillo 2007; Fuentes 2004). Lehenengo tipoan —gehienetan agertzen dena— erlazio polifonikoa ez dago markatuta, ez baita aldatzen hiztuna edo esataria*:

*Oharra: Polifoniari buruzko teorian (Ducrot 1984) hiru kontzeptu hauek bereizten dira: a) hiztuna (gazt. hablante), enuntziatua ematen duena; b) esataria (gazt. locutor), esaten denaren erantzulea; enuntziatzailea (gazt. enunciador), enuntziatuetan agertzen diren ahots edo ikuspuntuen erantzulea. 

(4.1)

«Badakigu ez dugula ezer aldatuko, ezer irauliko, baina literaturaz hitz egiteko gogoa genuen eta horren inguruan elkartu gara aldizkaria egiteko», azaldu du Ibon Egañak, sustatzaileetako batek. Aldizkariak ez du maiztasun jakinik izango, eta blog baten ereduari jarraitzen dio. Hots, argitaratu ahala mezuak ikusgai dituen sareko gune bat da. [EPD-prentsa, Berria]

Bigarren tipoan, esatari bat eta bi enuntziatzaile bereizten ditugu:

(4.2)

Berandu etorriko dela esan du. Alegia, ez da etorriko.

Enuntziatu hori polifonikoa da, ikuspuntu-aldaketa bat gauzatzen baita enuntziatzaileari dagokionez birformulakizunetik atal birformulatzailera: lehen enuntziatuan (birformulakizunean) enuntziatzaile batek (e1) adierazten du —zehar-estiloa erabiliz— norbaitek esan duela berandu etorriko dela; bigarren enuntziatuan (atal birformulatzailean), beste enuntziatzaile batek (e2) —zeina bat baitator esatariarekin— dio etortzekoa den pertsona hori ez dela etorriko (hots, bere ikuspuntutik egiten du aurreko enuntziatuaren berrinterpretazioa).

Hirugarren tipoan, lotzen diren enuntziatuetan bi esatari —eta bi enuntziatzaile— bereizten ditugu. Horixe gertatzen da, adibidez, heterobirformulazioan edota enuntziatuetako batean “hitz aipatuak” (norberarenak edo beste norbaitenak) agertzen direnean.

(4.3)

[Heterobirformulazioa] Laukizuzena, gero; bi informazio behar dira hura zehazteko. Gero, erronboa, paralelogramoa, trapezioa. Eta, hara, ia-ia ahaztu zaizkit, haiek izanik ugarienak inondik ere: nolanahikoak! Ezer nabarmenik ez dutenak. -Alegia —sartu zen tartean Jonathan—, matematikan lanerako sekula erabiltzen ez direnak. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 156]

(4.4)

Insistió en que los aumentos de los pilotos deben ir ligados a los beneficios empresariales, es decir, "si la compañia obtiene esos beneficios, ellos obtienen esas subidas", algo que Iberia no puede garantizar de antemano. (Faro de Vigo, 21/06/2001, CREA)

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Informazioaren ikuspegitik, nabarmenduta edo indartuta geratzen da beste hitz batzuetan esanda birformulatzaileak txertatzen duen iruzkin edo azalpen argigarria (atal birformulatzailea).

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Argumentazioaren ikuspegitik, gehienetan lehenago emandako argudioa indartzera dator birformulazioa. Inferentziazko prozesuetan, berriz, ondorioa adierazteko erabiltzen da beste hitz batzuetan esanda: birformulakizunean esandakotik ondoriozta daitekeen zerbait utzi nahi da agerian.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Moduzko perpaus adberbial jokatugabe bat da izatez, baina lexikalizatzen hasita dago.

EUDIMA corpuseko datuetatik ondoriozta daitekeenez, litekeena da beste hitz batzuetan esanda birformulatzailea itzulpenen eraginez zabaldu izana gaur egungo euskaran. Izan ere, OEHko testuetan ez dago beste hitz batzuetan (esanda) birformulatzailearen arrastorik eta, bestalde, egitura eta itxura bertsua dute gaztelaniazko, ingelesezko eta euskarazko esapideek: (dicho) en/con otras palabras; in other words; beste hitz batzuetan (esanda).

 Beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda/esateko)
agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

Jatorrizkoak

71

0,21

Itzulpenak

195

0,71

     

8. aurkibidera joan Aldaerak

Moduzko edo helburuzko perpaus jokatugabe bat dago —beste hitz batzuetan esanda/esateko…— aldaera nagusien jatorrian:

                  a) beste hitz batzuetan esanda (esateko…) > beste hitz batzuetan

                  b) beste hitzetan esanda (esateko…) > beste hitzetan

                 c) beste hitz batzuekin esanda (esateko…) > beste hitz batzuekin

                 d) beste hitzez esanda (esateko…) > beste hitzez

Lehian dabiltza birformulatzaile gisa perpaus menderatua eta haren forma laburtua: beste hitz batzuetan esanda / beste hitz batzuetan; beste hitzetan esanda / beste hitzetan. Egungo euskaran lau aldaera horiexek dute maiztasunik altuena eta badirudi haietan nolabaiteko lexikalizazioa[1] eta gramatikalizazioa[2] gertatzen hasita dagoela.

[1] Martín Zorraquinok (2010: 96) azaltzen duenez: “La constitución interna de los marcadores del discurso refleja a menudo un proceso de lexicalización (de fijación) —muchos de los marcadores son, como se ha indicado, locuciones de distinto tipo—, combinado con un proceso de gramaticalización”. Zenbait diskurtso-markatzaile, bestalde, predikatuetatik sortuak dira (ibid., 163):  “Ciertas oraciones, fijadas también, han dado lugar a ciertos marcadores del discurso: esto es, es decir, vale decir, o sea (y o sea, o séanse) (cfr. Casado Velarde, 1991). Y, como  hemos visto, otros marcadores del discurso son el resultado de la fijación de formas verbales apelativas: mira, oye, anda, vamos, etc. o performativas: digo, quiero decir, etc.”.

[2] Honela azaltzen du Cuenca-k (2012: 282) zer den gramatikalizazioa: “La gramaticalización presupone: a) un cambio de categoría (reanálisis), por el que un elemento léxico pasa a ser gramatical o uno gramatical desarrolla una nueva función gramatical, y b) una modificación del significado (cambio semántico), que implica una pérdida o esquematización del contenido semántico denotativo y un incremento de los valores pragmáticos, de tipo procedimental.”

9. aurkibidera joan Baliokideak

Beste hitz batzuetan (esanda/esateko) eta beste hitzez/hitzetan (esanda/esateko) birformulatzaileen baliokidetzat jo ditzakegu egungo euskaran birformulatzaile gisa erabiltzen diren esapide hauek guztiak: bestela esan(da), beste era batera esanda/esateko, beste modu batera esanda/esateko.

Gure corpusaren arabera, gaurko euskaran baliokideen artetik bestela esanda esapideak ditu maiztasunik altuena eta tradiziorik onena[1]. Ondoren, beste era batera esanda, beste modu batera esanda eta beste hitz batzuetan (esanda) datoz. Eta maiztasun dezente apalagoa dute beste hitzetan (esanda) eta beste/bertze hitzez (esanda…) birformulatzaileek eta haien aldaerek. Hona baliokide bakoitzaren agerpen kopurua eta maiztasuna:

Birformulatzaile baliokideen maiztasunak (EUDIMA corpusa) [*Oharra: ‰ = 100.000ko]

Bestela esanda/esateko…

1032 agerpen, ‰ 1,64

Beste era batera esanda/esateko…

462 agerpen,   ‰ 0,73

Beste modu batera esanda/esateko…

231 agerpen,   ‰ 0,36

Beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda/esateko)

257 agerpen,   ‰ 0,41

Beste hitzetan/hitzez (esanda/esateko)

104 agerpen,   ‰ 0,16

 

Baliokide erabatekoak dira esapideok guztiok, bai balio semantiko-pragmatikoari dagokionez, bai posizioari eta sintaxiari dagokienez.

[1] Nolanahi ere, bestela esan(da) esapideak ez bide du oso tradizio luzea. Izan ere, XX. mendearen bigarren zatikoak dira OEHko lekukotasunak (“Kamiñazpi”: bestelan esanda; Orixe: bestela esan; Mitxelena: bestela esan) eta haietako gehienak, gainera, Mitxelanari zor zaizkio.

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Birformulatzaile hau (beste hitz batzuetan esanda) ez dago aztertuta euskal gramatiketan.

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

Orotariko Euskal Hiztegiko (OEH) testuetan ez dago beste hitz batzuetan (esanda) birformulatzailearen arrastorik eta horregatik ez dago jasota esapide gisa hiztegian. OEHk badakar, ostera, beste/bertze hitzez esapidea, nahiz eta azpisarreran ez dituen bereizten esapidearen adberbio-erabilera eta birformulatzaile-erabilera (Ikus orobat Orotariko Euskal Hiztegian: bestela > bestela esan):

BESTE, BERTZE HITZEZ. Con otras palabras. Neskato hagitz bertutetsu da, bainan atzeman eta erori zen; orobat da bertze hitzezko edergailluez. SP Phil 353s. Zeruaren esperantzan, edo, bertze hitzez erraiteko [birformulatzailea], Fedean eta Erlijionean. Lap 52 (V 28). Bera etzen kontu hari, edo bertze hitzez, [birformulatzailea] berak etzuen axolarik ez izenaz, ez onthasunez. Jnn SBi 136. Bertze hitzez erratera [birformulatzailea[1]]. Ib. 154. Akta horiek egin ditazke ere bertze hitzez edo bertze moldez. CatJauf 20. "Beude zuen gerriak loturik", edo beste itzez, [birformulatzailea] lanerako gertu egon. Ir YKBiz 282. Beste itzez esateko [birformulatzailea]. Vill Jaink 113. (OEH, beste sarrera)

 

Beraz, bertze/beste hitzez (erraiteko/esateko…) esapideak badu tradizioa XIX. mendeaz geroztik: OEHren arabera, Etiene Lapeire, Bazilio Joanategi, Polikarpo Iraizozkoa, Luis Villasante; eta Klasikoen Gordailuaren arabera[2], Mixel Elizanburu[3]. Eta, hain zuzen ere, tradizioa duen aldaera hori da Zehazki hiztegiak[4] jasotzen duena con otras palabras esapidearen ordain gisa (ik. palabra sarrera). Bestela, oro har, ez daude jasota esapide hori edo haren aldaerak euskara hutsezko hiztegietan. Eta hiztegi elebidun gutxitan ageri dira azpisarrera gisa halako esapideak. Elhuyar hiztegiak[5], esaterako, gaztelaniazko con otras palabras esapidearen ordain hauek dakartza (ik. palabra sarrera): beste hitzez, beste hitz batzuetan (esanda), beste hitzetan (esanda), bestela esanda.

Kontua da egungo euskaran —EUDIMA corpuseko datuen arabera, behintzat— askozaz ere erabiliagoa dela forma berria —beste hitz batzuetan (esanda) [257 agerpen], tradizioa duen forma eta haren aldaerak baino —beste/bertze hitzez (esanda) [11 agerpen], beste hitzetan (esanda) [93 agerpen]—.

[1] Hona esaldi osoa (Klasikoen Gordailuaren arabera): “Zenbeit aldiz iduritzen zaiku badugula jasan ahal baino gehiago; gure gurutzeak, edo bertze hitzez erratera, gure atsegabeak eta oinhazeak handiegiak direla.”

[2] http://klasikoak.armiarma.com/corpus.htm

[3] Hona Mixel Elizanbururen adibideak (Lehenagoko Eskualdunak zer ziren): Bertze hitzez errateko, Jainkoa, aiphatu lege heiek baino gorago gelditu da eta deusek ez dezake limita haren puxantzia. / Bertze hitzez, diote nahi dutela kestione guzietan jakin zoin arrazoin diren alde, eta zoin diren kontra. / Bere ustez izpiritu handia eta azkarra duten gizon batzuek erranen dute haurrak ez bazuen minhartu, hori izan zela, bakharrik errekontru uros bat, edo haren orduko zorthe dohatsu hat, finean, bertze hitzez, hala beharra. / Hori hala da, zautan ihardesten; bainan bertzen zorigaitzak ez dezake egin gure zoriona; bertze hitzez, ez gaitezke onak izan preseski bertze asko eta asko hala ez direlakotz. 

[4] http://ehu.es/ehg/zehazki/

[5] http://www.elhuyar.org/hizkuntza-zerbitzuak/EU/Hiztegi-kontsulta

12. aurkibidera joan Posizioa

Ez du mugikortasunik: salbuespenak salbuespen, atal birformulatzailearen hasieran agertzen da.

(12.1)

Itxuraldatzea, bestalde, plastikoa edo elastikoa izan daiteke, behin betikoa den edo behin-behinekoa; beste hitz batzuetan esanda, itxuraldatze plastikoa da solidoaren itxura aldatu duen kanpo-indarra desagertu ondoren ere irauten duena; itxuraldatze elastikoa, berriz, lehengora itzultzen dena izango da -material batzuek atzera berreskura dezakete kanpo-indarra jasan aurretik zuten bolumena- (ikus 2.49 irudia). [EHU, Sistema farmazeutikoen oinarrizko ezaugarriak eta eragiketak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 2. kapitulua]

(12.2)

Gauza bat da erabaki emaileak autoritatea izatea edo ez, eta autoritate hori erabiliz emandako erabakia baliozkoa izatea edo ez, baina beste gauza bat da, oso bestelakoa, erabakia zuzena edo okerra izatea. Beste hitz batzuetan esanda, epaileak autoritatea izateak - autoritate gorena izanik ere - ez du esan nahi auzi bati erantzuna emateko orduan ezin duenik akats edo oker judizialik egin. [Zuzenbidea, TA, Okerrik egin al dezakete epaileek?, Neyl MacComirck (Eleria / Eusko Ikaskuntza, 2003 )]

(12.3)

Bestalde, zoramenari buruzko diskurtsoen batasuna izango litzateke objektu ezberdinen eraldaketak definitzen dituen arauen jokoa, denboran zehar ematen diren objektu horien ez-identitatea, euren artean ematen den haustura, euren iraupena eteten duen barruko jarraitasun-eza. Modu paradoxiko batean, enuntziatu-multzo bat bere indibidualtasunean definitzea objektu horien sakabanaketa deskribatzea izango da, eurak banatzen dituen zirrikitu guztiak atzematea, euren arteko distantziak neurtzea, beste hitz batzuetan esanda, euren banaketa-legea formulatzea. [PKC, Jakitearen arkeologia, Michel Foucault / Xabier Arregi (2003) Orr.: 41]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Etenaldi artean agertu ohi da, eta hori idazkeran komen bidez islatzen da. Koma artean idazten da, eta, etenaldi handi baten ondoren (hots, puntuaren, puntu eta komaren, eta gidoi edo parentesi baten ondoren), eskuinean koma duela.

(13.1)

Baina desberdintasun-tarteak bat datoz lehenagoko usteekin: desberdintasuna, batez beste, 5,4, 2,2 eta 1,8 hazbete kubikokoa izan zen beltzentzat, amerindiarrentzat, eta zurientzat, hurrenez hurren. Beste hitz batzuetan esanda, emaitzak espero zuen emaitzarantz okertu ahal izan zituenean, beltzek zatirik okerrena eraman zuten, eta zuriek, berriz, onena. [PKC, Gizonaren neurketa okerra, Stephen Jay Gould / Oihane Lakar (2008) Orr.: 103]

(13.2)

Akats orokor bat dago Thurstonen argudioan: esaten du OAGak ez direla testen mendekoak, eta faktore berak agertuko direla behar bezala egindako edozein test-multzotan. Thurstonek aldarrikatu zuen test bakar batek beti OAG bera adieraziko lukeela, baina, horretarako, egiturek "osoak eta zehatzegiak" izan behar dutela (1947, 363. orr); beste hitz batzuetan esanda, adimenaren bektore guztiak behar bezala identifikatuta eta kokatuta daudenean bakarrik adieraziko lukeela. [PKC, Gizonaren neurketa okerra, Stephen Jay Gould / Oihane Lakar (2008) Orr.: 372]

(13.3)

Azken eremuan, P/P0 balio handietan, gas molekulen hainbat geruza eratuko dira solidoaren gainazalean. Vm nola kalkulatu, beraz, konpondu beharreko arazo bat da; izan ere, balio hori ezagututa edo, beste hitz batzuetan esanda, bolumen hori zenbat gas molekulak betetzen duten jakinda, solidoaren azalera espezifikoa lortuko dugu. [EHU, Sistema farmazeutikoen oinarrizko ezaugarriak eta eragiketak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 2. kapitulua]

(13.4)

Bestalde, zoramenari buruzko diskurtsoen batasuna izango litzateke objektu ezberdinen eraldaketak definitzen dituen arauen jokoa, denboran zehar ematen diren objektu horien ez-identitatea, euren artean ematen den haustura, euren iraupena eteten duen barruko jarraitasun-eza. Modu paradoxiko batean, enuntziatu-multzo bat bere indibidualtasunean definitzea objektu horien sakabanaketa deskribatzea izango da, eurak banatzen dituen zirrikitu guztiak atzematea, euren arteko distantziak neurtzea, beste hitz batzuetan esanda, euren banaketa-legea formulatzea. [PKC, Jakitearen arkeologia, Michel Foucault / Xabier Arregi (2003) Orr.: 41]

Noizean behin, ondoren bestelako puntuazio-zeinua duela (bi puntuak: <:>) agertzen da.

14. aurkibidera joan Sintaxia

Beste hitz batzuetan esanda birformulatzaileak, batik bat, perpausetik gorako mailan betetzen du bere funtzio diskurtsiboa. Alegia, gehienetan testu bateko bi enuntziaturen arteko lotura edota paragrafo baten eta ondorengo enuntziatuaren arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da (beste hitz batzuetan esanda 'aposatu gabea'). Bakanka, hala ere, perpaus baten barruan, elementu baten eta elementu hori azaltzen edo zabaltzen duen iruzkin baten arteko lotura ezartzeko erabiltzen da (halakoari aposatua deituko diogu).

1) Beste hitz batzuetan esanda 'aposatu gabea': perpaus biren arteko lotura

(14.1)

Horren ondoren, eragilea aplikatuko diogu emaitzari: (9.45) Eragileen arteko biderkaketak elkartze-propietatea betetzen du. (9.46) Hala ere, eragileen arteko biderkaketak ez du, oro har, trukatze-propietatea betetzen; beste hitz batzuetan esanda, emaitza desberdinak lortzen dira eragileak aplikatzeko ordenaren arabera. [EHU, Kimika fisikoa, Silbey, Robert J. et al. (EHU, 2006) 9. kapitulua]

adibide gehiago:

(14.2)

Ortogonaltasuna dela eta, datuak transferitzen dituzten aginduetan, onartutako edozein helbideratze modu erabiltzeko aukera izan beharko litzateke. Azken hiru aholkuetatik (primitiboak eskaintzea irtenbideen ordez, aukera desberdinen abantailen eta desabantailen analisia sinplifikatzea, eta ez utzi konstanteak exekuzio-denboran erabakitzeko) ondorioztatzen da hobe dela gauzka ahalik eta sinpleen egitea. Beste hitz batzuetan esanda: agindu-multzoaren diseinuan, gutxirekin asko lortzen da. [EHU, Konputagailuen arkitektura, Hennessy, John L. et al. (EHU, 2009) B eranskina]

2) Beste hitz batzuetan esanda 'aposatua' edo parentetikoa: perpaus bereko bi sintagmaren arteko lotura

(14.3)

Bestalde, zoramenari buruzko diskurtsoen batasuna izango litzateke objektu ezberdinen eraldaketak definitzen dituen arauen jokoa, denboran zehar ematen diren objektu horien ez-identitatea, euren artean ematen den haustura, euren iraupena eteten duen barruko jarraitasun-eza. Modu paradoxiko batean, enuntziatu-multzo bat bere indibidualtasunean definitzea objektu horien sakabanaketa deskribatzea izango da, eurak banatzen dituen zirrikitu guztiak atzematea, euren arteko distantziak neurtzea, beste hitz batzuetan esanda, euren banaketa-legea formulatzea. [PKC, Jakitearen arkeologia, Michel Foucault / Xabier Arregi (2003) Orr.: 41]

adibide gehiago:

(14.4)

Urguiluz beteriko aitak horrela ospatu nahi zuen alabaren adorea. ABENDUA EZ DA BENIDORM bezalako leku batean egoteko garairik onena, hondartzak ia paseatzeko ere balio ez duelako, kale arteko giroa baxua delako, hiria, beste hitz batzuetan esanda, dietak edo gaitzak argaldutako gaixoaren modukoa delako. Arnasa falta zaiola nabari da. Hala ere, egun onak ari ginen pasatzen Teresa, Sara Xian eta hirurok, hotzari ihesi etorritako jubilatuen artean. [EPD, Ordu bietan frontoian, Jokin Ansorena (Alberdania, 2010) Orr.: 300]

BESTE HITZ BATZUETAN ESANDA 'APOSATU GABEA'

Testu bateko perpaus batzuen arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) bideratzeko erabiltzen da gehienetan beste hitz batzuetan esanda birformulatzailea: txertatzen duen perpaus birformulatzailearen (birformulazioaren) hasieran jartzen da beti (ikus posizioa).

(14.5)

Gero eta gene gehiago ari gara sekuentziatzen eta aztertzen gizakiaren arraza-taldeetan zer aldakortasuna duten ikusteko; eta, desberdintasun genetiko horietan oinarritutako zuhaitz genealogikoak berreraiki ahala, badirudi zantzu eta eredu bakarra ari dela indarra hartzen: Homo sapiensa Afrikan sortu zen; hortik mundu osora zabaltzea ez zen hasi orain dela 112.000-280.000 urtera arte, eta azkeneko ikerketak (teknologikoki sofistikazio-maila altuena dutenak) tarte horretako mutur gazteenerantz begira daude. Beste hitz batzuetan esanda, Afrikakoa ez den dibertsitate guztia - zuriak, horiak, gorriak; hopietatik hasi eta norvegiarretaraino eta fijiarretaraino - ez da ehun mila urte baino askoz zaharragoa. [PKC, Gizonaren neurketa okerra, Stephen Jay Gould / Oihane Lakar (2008) Orr.: 442]

(14.6)

Israelek botatzen ditu bonbak, baina palestinarren oinazearekiko munduan dagoen tolerantziagatik eta nazioartearen apatiarengatik gertatzen da hori. Israelek dio su-etena Hamasek apurtu zuela. Hamasek su-etenaren bere zatia errespetatu zuen, eta israeldarrek ez, Zisjordaniari eraso baitzioten. Azken bi hilabeteetan, Israelek Gazan zenbait palestinar hil zituen; orduan, Hamasek erantzun egin zuen, eta hala amaitu zen su-etena. Beste hitz batzuetan esanda: Hamasek ez zuen su-etena bukatutzat eman arrazoirik gabe. [EPD, Berria]

(14.7)

Solido metalikoek oso ezaugarri bereziak dituzte. Metalek elkarren artean lotura sortzen dutenean, ez dute lotura ionikorik sortzen; ezta lotura kobalenterik ere, lotura berezi bat baizik. Lotura-mota honetan, lotura metalikoan hain zuzen, metala osatzen duten atomoen balentzi elektroiak ez daude atomo jakin bati lotuta; atomo guztiei baizik. Beste hitz batzuetan esanda, metala osatzen duten atomo guztiak elektroi guztiak elkarbanatzen ari dira une berean. Balentzi elektroiek, hodei elektronikoa edo elektroi-hodeia eratzen dutela esaten da. [ZTC, Fisika eta kimikaren lehen oinarriak B.B.B.-2, Elhuyar, Usurbil / Irazabalbeitia Fernandez, Inaki / et alii Elhuyar Fundazioa, 1994 (liburua)]

Sarritan isilduta geratzen da birformulazioan aurreko perpauseko aditza (aipatu aditz gobernatzailea, ondorengo adibide honetan).

(14.8)

Horietatik 1,8 milioi, 2004an gastatuko ditu. Halaber, hitz eman du oraingo zuzendaritzakoek beren postuetan jarraituko dutela eta ez duela enpresa sei urtean salduko. Langileei dagokienez, MECek eta Comauk ziurtatu dute «enplegu maila» gordeko dutela. «Arrazoi fisiologikoengatiko irteerak eta merkatuaren testuingurua errespetatuz» egindako doikuntza soilik aipatu dute. Beste hitz batzuetan esanda, langileen aldez aurretiko erretiratze planarekin jarraituko dutela. [EPD, Berria]

BESTE HITZ BATZUETAN ESANDA, TARTEKI GISA (BESTE HITZ BATZUETAN 'APOSATUA')

Gehienetan perpausak lotzen ditu, baina zenbaitetan perpaus baten barruan —maiz, parentesi edo gidoien artean— elementu baten eta elementu hori azaltzen edo zabaltzen duen iruzkin baten arteko lotura ezartzeko erabiltzen da (beste hitz batzuetan 'aposatua' [1]). Halakoetan, askotariko kategoria lexikoak eta maila askotako sintagmak txertatzen ditu beste hitz batzuetan esanda aposatuak (ikus Martín Zorraquino, Portolés 1991: 4070): izen-sintagmak, adberbio-sintagmak, kausazko perpausak, perpaus osagarriak…

[1] Zentzu hertsian ulertuta, elementu nominalen arteko albokotasunezko predikazio-erlazioa baino ez da aposizioa: "El nombre mismo del fenómeno, appositio, del latín apponere —equivalente a «colocar junto a»— nos indica ya que suele existir adyacencia entre los términos en aposición.  Esta circunstancia no es casual, no responde únicamente al mero deseo de un hablante de colocar contiguos dos elementos, sino que es manifestación de la relación predicativa que necesariamente debe mediar entre los dos miembros en aposición. Las aposiciones introducirían, pues, una predicación secundaria (cf. Stowell 1983) de caráctcr nominal [-> §§ 38.1 y 73.2.2], usada para especificar o explicar otra palabra de la misma especie (Suñer 1999: 525). (…) “En los ejemplos anteriores [51a: 'Al final apareció con su hermano, con Pedro'; 52c: 'Se le veía feliz, andaba canturreando, gorgoriteando, por lo bajo'] se respetan ciertos requisitos estructurales comunes a los casos de aposición que se han visto hasta ahora: los dos elementos deben ser de la misma categoria o equiparables funcionalmente y deben poseer cierto grado de afinidad semántica. Sin embargo, si el término 'aposición' se aplica restrictivamente sólo a aquellos segmentos que establezcan una relación predicativa con un nombre o complemento nominal adyacente, ejemplos como (51) o (52) no son propiamente aposiciones puesto que no es posible establecer una predicación con un 'sujeto’ que no sea un elemento nominal” (Suñer 1999: 542-543). Dena dela, lan honetan zentzu zabalean darabilgu 'aposatua' terminoa, beraren barnean aposizioa eta tartekia sartuta (ikus Euskaltzaindiaren 109. araua: 109 Komunztadura aposizioetan).

(14.9)

Bahearen ezaugarriak azaltzeko, hiru parametro behar dira: sare-begiaren zuloa, sare-begiaren zabalera eta hariaren diametroa (ikus 2.16 irudia). Bahean elkarren ondoan dauden bi hariren arteko distantzia da sare-begiaren zuloa; zabalera, ostera, elkarren ondoko bi hariren erdiguneen arteko distantzia -beste hitz batzuetan esanda, sare-begiaren zuloa gehi hariaren diametroa-. [EHU, Sistema farmazeutikoen oinarrizko ezaugarriak eta eragiketak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 2. kapitulua]

(14.10)

Hain zuzen, gaur egun trantsizio demografiko deituriko fasean gaude, edo beste hitz batzuetan esanda, nola edo hala orekan dauden bi faseren artean kokatutako hazkunde demografikoan: antzinako faseko ezaugarriak dira jaiotza- eta heriotza-tasa altuak, eta etorkizunekoak, aldiz, jaiotza- eta heriotza-tasa txikiak. Dagoeneko herrialde garatu asko azken fase horretan daude, eta bertara doaz abiadura handiagoan edo txikiagoan lurralde gehienak. [ZTC, Energiak eta erregaiak, Grenon, Michel Udako Euskal Unibertsitatea, 2002 (aldizkari artikulua)]

(14.11)

Urguiluz beteriko aitak horrela ospatu nahi zuen alabaren adorea. ABENDUA EZ DA BENIDORM bezalako leku batean egoteko garairik onena, hondartzak ia paseatzeko ere balio ez duelako, kale arteko giroa baxua delako, hiria, beste hitz batzuetan esanda, dietak edo gaitzak argaldutako gaixoaren modukoa delako. Arnasa falta zaiola nabari da. Hala ere, egun onak ari ginen pasatzen Teresa, Sara Xian eta hirurok, hotzari ihesi etorritako jubilatuen artean. [EPD, Ordu bietan frontoian, Jokin Ansorena (Alberdania, 2010) Orr.: 300]

(14.12)

Bestalde, zoramenari buruzko diskurtsoen batasuna izango litzateke objektu ezberdinen eraldaketak definitzen dituen arauen jokoa, denboran zehar ematen diren objektu horien ez-identitatea, euren artean ematen den haustura, euren iraupena eteten duen barruko jarraitasun-eza. Modu paradoxiko batean, enuntziatu-multzo bat bere indibidualtasunean definitzea objektu horien sakabanaketa deskribatzea izango da, eurak banatzen dituen zirrikitu guztiak atzematea, euren arteko distantziak neurtzea, beste hitz batzuetan esanda, euren banaketa-legea formulatzea. [PKC, Jakitearen arkeologia, Michel Foucault / Xabier Arregi (2003) Orr.: 41]

Zenbaitetan, aurreko enuntziatuko izen-sintagma bat perpaus berean birformulatu beharrean, beste perpaus batean birformulatzen da, aurreko perpauseko aditza isilduta.

(14.13)

Egun 30.350 gune babestu daude munduan, guztira 13.232.275 km2. Beste hitz batzuetan esanda, lurrazalaren % 8,83, hau da, gutxi gorabehera Txina eta India batera bezainbeste, beti ere NKNB erakundeak jasotako datuen arabera eta zenbait kasutan gune babestu horien barruan itsaso-zatiak ere zenbatu direla kontuan hartuta. Horiez gain, beste 30.000 gune daude gune babestuen estatusa guztiz betetzen ez dutenak. [ZTC, Munduko gune babestuak, Carton Virto, Eider Elhuyar Fundazioa, 2001 (aldizkari artikulua)]

(14.14)

Elhuyar aldizkariaren ale honetan bertan, gure gorputza osatzeko moduko material plastikoen inguruko ikerketa eta berrikuntzek daramaten bidea ezagutzeko aukera izango duzu. Baina, txoko honetara beste arlo osagarri bateko berri bat ekarri nahi dugu: zango elektronikoena. Beste hitz batzuetan esanda, protesi adituak. Zangoa moztu ondoren, ordezko protesi zurrunaren ordez higitzeko moduko zangoak probatzen hasiak dira. [ZTC, Zango elektronikoak, Elhuyar, Usurbil Elhuyar Fundazioa, 1993 (aldizkari artikulua)]

Aurreko adibideetan ikusi denez, askotan, halako funtzio-paralelismoa ageri da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (paralelismo diskurtsiboa, baina ez nahitaez sintaktikoa): alegia, atal birformulatzaile aposatuak eta birformulakizunak kasu-marka eta numero bera izaten dute maiz. Baina, azken adibidean ikus daitekeenez (zango elektronikoena [berria] / beste hitz batzuetan esanda, protesi adituak), ez dute zertan komunztadura sintaktikoa gorde: aski da elkarrekin identifika daitezkeen elementuak izatea.

Birformulakizunaren ondoan —haren ondo-ondoan, eta sarri gidoi eta parentesien artean— jarri ohi da eskuarki iruzkina sartzen duen atal birformulatzaile aposatua; bereziki, birformulakizuna elementu nominala bada.

(14.15)

Bahearen ezaugarriak azaltzeko, hiru parametro behar dira: sare-begiaren zuloa, sare-begiaren zabalera eta hariaren diametroa (ikus 2.16 irudia). Bahean elkarren ondoan dauden bi hariren arteko distantzia da sare-begiaren zuloa; zabalera, ostera, elkarren ondoko bi hariren erdiguneen arteko distantzia -beste hitz batzuetan esanda, sare-begiaren zuloa gehi hariaren diametroa-. [EHU, Sistema farmazeutikoen oinarrizko ezaugarriak eta eragiketak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 2. kapitulua]

Zenbaitetan, berriz, aditzaren aurrean geratzen da birformulakizuna eta aditzaren ondoan birformulazioa: horixe gertatzen da normalean, esaterako, birformulakizuna perpausaren galdegaia izanez gero.

(14.16)

Hain zuzen, gaur egun trantsizio demografiko deituriko fasean gaude, edo beste hitz batzuetan esanda, nola edo hala orekan dauden bi faseren artean kokatutako hazkunde demografikoan: antzinako faseko ezaugarriak dira jaiotza- eta heriotza-tasa altuak, eta etorkizunekoak, aldiz, jaiotza- eta heriotza-tasa txikiak. Dagoeneko herrialde garatu asko azken fase horretan daude, eta bertara doaz abiadura handiagoan edo txikiagoan lurralde gehienak. [ZTC, Energiak eta erregaiak, Grenon, Michel Udako Euskal Unibertsitatea, 2002 (aldizkari artikulua)]

Aurreko adibideetan ikusi denez, edo juntagailuekin batera (edo, beste hitz batzuetan esanda,) erabiltzen da batzuetan.

15. aurkibidera joan Maiztasuna

EUDIMA corpuseko datuen arabera, beste birformulatzaile esplikatibo batzuekin alderatuta (hau da: ‰ 40,38; alegia: ‰ 28,19; hots: ‰ 23,42) oso maiztasun apala dute beste hitz batzuetan (esanda)  eta beste hitzez/hitzetan (esanda/esateko) esapideek egungo euskaran [*Oharra: ‰ = 100.000ko]: hurrenez hurren, ‰ 0,41 eta ‰ 0,16. Bereziki, diskurtso akademikoan —azalpenezko diskurtsoan— erabiltzen dira (Pentsamenduaren Klasikoak, Zuzenbideko testu akademikoak, EHU, ZTC). Gainerako corpusetan oso bakanetan agertzen dira.

Beste hitz batzuetan/batzuekin… (esanda/esateko…)

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

Pentsamenduaren Klasikoak

154

1,43

Zuzenbidea/akademikoak

34

1,36

EHUko eskuliburu itzuliak

23

0,41

ZT corpusa

20

0,29

EPD liburuak

26

0,24

ZIO corpusa

2

0,2

Zuzenbidea/ lege-testuak

3

0,07

EPD prentsa

9

0,07

Goenkale corpusa

5

0,04

ETBko dokumentalak

0

0

denera

276

0,43*

*Oharra: Taula honetan erauzleak automatikoki emandako datuak agertzen dira. Balio ez duten adibideak kenduta, zertxobait jaisten da maiztasuna (276 > 257; hots, ‰ 0,43 > ‰ 0,41).

 

Maiztasun apalagoa du beraren baliokide batzuek baino. EUDIMA corpuseko datuen arabera bestela esanda esapideak du maiztasunik altuena (‰ 1,64). Ondoren, beste era batera esanda (‰ 0,73), beste modu batera esanda (‰ 0,36) eta beste hitz batzuetan (esanda) (‰ 0,41) datoz. Eta maiztasun dezente apalagoa du beste hitzetan (esanda) birformulatzaileak eta haren aldaerek (beste/bertze hitzez…) osatzen duten multzoak (‰ 0,16).

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a.  Azalpenezko testuetan erabiltzen da, batik bat, beste hitz batzuetan esanda birformulatzailea: Pentsamenduaren Klasikoak, Zuzenbideko testu akademikoak, EHU, ZTC.

b. Askozaz ere maizago erabiltzen da hizkera zainduan, lagunartekoan baino. Adierazgarria da, alde horretatik, Goenkale-ko (100.000ko 0,01) maiztasun guztiz urria.

c.  Hizkera zainduari eta azalpenezko testuei lotuta dagoenez, ahozko hizkuntzan agertzekotan erregistro edo testu mota horietan agertuko da.

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainiera

En otras palabras

frantsesa

pour le dire autrement / d'une autre manière/ d'une autre façon; en d'autres termes

ingelesa

in other words; (Morris) bestela esateko: to put it a different way

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Beti da birformulatzaile.