Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

SATORRAK BAINO LURPEAGO (2000)

Pedro Alberdi
Asier Barandiaran

Pedro Alberdik (Eibar, 1957) argitaratutako hirugarren liburu hau saio-liburua edo entsegua dugu. Aurretik haur-literaturako liburu bi kaleratu zituen arren, fikzioa (neurri handi batean) laga eta euskal kulturaren garai zehatz eta giltzarri izandakoa aztertzeari ekin zion. Joseba Jaka beka lortu zuen entsegu bat idazteko, eta horrek gure ustea berresten du.

Hala eta guztiz ere, entsegu bat dela zalantzan jar dezakeenik ere egon liteke gure bazterrotan. Are gehiago liburuaren hasieran Hamaika pauso eleberriko fikziozko pertsonaia bi ageri zaizkigunean. Baina berehala konturatzen gara garai jakin bat (literaturaren bidez, nahi bada) ulertzeko edo berrulertzeko ahalegina dela, ez modu akademikoan, ez bada gogoeta  edo hausnarketa bidez. Fikziozko tantek, gainera, ez dute entsegu-izaera itzaltzen, lan hau fikzioaren eta testu akademiko edo teorikoaren erdibideko lekuan dagoelako (Cervera 2005: 14).

Memoria historikoa aldarrikatzen den garaiotan euskal munduaren gertuko (edo jadanik ez hain gertuko) 60 eta 70eko hamarkadak ezezagunak bilakatu dira hainbat euskaldunendako, batez ere gazteak-edo diren gaur egungo euskaldun eta hiritar askorendako. Beraz, berreskuratu, hamarkada horiek ere memoriaren ahanzturatik berreskuratu behar direla ematen du. Eta liburu hau oroimenaren hutsune hori betetzera datorrela dirudi; agian, modu erdi-militantean (70ko hamarkadatik aurrera, bereziki) bizi izan zituen egile baten ikuspuntutik; edo, agian, oso ikuspegi gipuzkoar-bizkaitar batetik (Epaltza 2002).

Aipatu garaietara hurreratuta, halere, badira xehetasun asko gaur egungo egoeratik ikusita harrigarri samarrak suertatzen zaizkigunak, orduko giro hartan benetan gertatu zirenak. Gertaera xume baina adierazgarri hau horren lekuko izan daiteke: Oteizak ETAren Zutik aldizkariko portada diseinatu zuen behin. Orduan ETA zer zen eta orduko giroa nolakoa zen ezagutu behar da keinu hura ulertzeko ezen, urte batzuk igarota, ETAren aurkako bihurtu zen Jorge Oteizak egina zuen keinu hura.

Entsegu hau irakurriz erraza da egoera hartan jartzea, eta hori izan daiteke lan honen merituetako bat; izan ere, ez da garai bateko ideia politikoen inguruko entsegu bat soilik, hori lehenengo zutabetzat hartzen ahal dugun arren: orduko sasoian zenbaitek zeuzkaten ideia politikoak euren adierazpen literarioekin uztartua, euren kultura ekitaldiekin harremanetan, eta argitalpenen bidezko polemekin nahas-mahas bizi-bizi aurkezten dira gure begietara. Eta ez hori bakarrik: literatur berrikuntzak, klandestinitateko bilerak, eta abarrek osatzen dute liburu honen bigarren zutabea, zutabe kulturala dei dezakeguna. Hirugarrenik, beste zutabe bat dugu (Rojo 2001): gertaera sozialak, musikalak (kantautore edo zenbait musika-talderen kontzertuak) edota kiroletakoak izan daitezkeenak (futbol, boxeo eta herri-kirolei lotutakoak), hainbat euskaldunengan besteek bezainbesteko arrasto sentimentala utzi dutenak, eta sarritan malenkoniaz gogoratzen direnak. Ikuspegi sentimental hori aurreko zutabeen “humanizazioa” ekartzera datorrela ematen du.

Orduko testuinguruaren sarea, beraz, aski modu sarrian aurkezten zaigu, eta, agian, urte haiek modu “konprometituan” bizi izandako norbaiti ere ordukoaren testuingurua modu zabal eta sakonagoan ezagutzeko aukera eman izan dio entseguak. Zer esanik ez garai haiek bizi izan ez genituenoi.

Garai aldakor eta bizi hura ulertzeko gogoz sumatzen dugu egilea. Ez gaia hausnartua izatearen faltan delako, baina bai irakurketa berria (XXI. mendekoa) behar duelako beharbada.

Halaxe, azken finean, horixe da entsegu baten zeregineko bat: errealitatea (errealitate historikoa barne) behin eta berriz interpretatzea (Rodríguez 11). Gaur egungo gazte (euskaldun?) askorendako surrealistak ematen duten baieztapen eta adierazpen askok bazuten beren zentzua, edo beren testuingurua, behintzat, garai hartan. Adierazpen batzuk bitxiak eta erradikalak izan ziren, zalantzarik gabe. Gizatasunaren aurkakoen artean, esate baterako, erpina jotzen dutenetako batzuk Federiko Krutwig-enak ditugu: poliziak errukirik gabe eta ahal zela torturatu ostean akabatu behar zireneko haiek, adibidez (109 or.). Giza bizitzaren jabe inor ez dela ahazteaz gain, tortura beti (beti, beti, beti…) arbuiagarri dela ere ahazten da, edo ahazten zen, batzuetan. Bitxia da, baina: adierazpen horiek badute berezko testuingurua eta euskaldun askok eta asko “irentsi” egin zituzten; eta Krutwigek (harrez geroztik ere) presentzia eta pisu handia izan du euskal kulturan. Justifikazioak eta zurikeriak bilatu gabe, horrelakoak esatera nola ailegatu zen azaltzen digu Alberdik.

Hamarkada hauetan zehar egiten dugun ibilbidean konturatzen gara, bestalde, euskal kultura modernitatearen abangoardian egokitzeko ahaleginez. Orduko zentsurak eta oztopoek zaildu egin zituzten euskalgintzan eta euskal kulturgintzan jarduten zutenen lanak. Are gehiago, zaildu ez ezik, batzuk ozpindu egin ziren, euskalgintzako beste kideekin izandako polemika eta eztabaida sutsuak direla eta. Sarri entsegu honetan ageri den Gabriel Aresti dugu horren adibide sinbolikoetako bat. Euskal nortasunarekiko ikuspegiak euskaldunak eurak bereizten zituen. ETAkoen ikuspegi marxistak hamaika eztabaida ekarri zituen, gainera. Borroka armatuarekiko zalantzak ugaritu egin ziren ETAko kideen artean ere, zenbait eszisio eta banaketa eraginik (poli-miliak, biltzarretako eztabaidak, borroka armatuari agur esandakoak, amistiaren osteko ETAkide ohien “bergizarteratzeak”, eta abar).

Hasieran aipatutako hari-mutur batetik berriro ere tiraka, ezin da oharkabean pasatzen utzi entsegu honek baduela alde original bat: fikziozko alderdia dei dezakegunaz ari naiz. Izan ere, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso eleberrian agertzen diren bi pertsonaia ageri dira entsegu honetan ere. Pertsonaia paradigmatikoak dira, nolabait esatearren, kasu honetan zenbait paradigma berri proposatu zituztenen mundu errealean txertaturik,  Saizarbitoriaren beraren mundu errealean txertaturik. Iñaki Abaitua eta Eduardo Ortiz de Zarate ditugu pertsonaiok. Lehenengoa hiztegigilea da eta bigarrena ETAko liberatua. Orduko ekimenaren bi lerro nagusiak ordezkatzen dituzte. Arlo kulturala, Iñaki Abaituak ordezkatzen du eta iraultzailea, Ortiz de Zaratek. Biak dabiltza baina, “satorrak baino lurperago”; hau da, klandestinitatean edo zentsurari marro eginez. Pertsonaia bakoitzak ezagutu beharko lituzkeen pertsona, egile eta gertaerak dira entsegu honi bidea zabaltzen diotenak, eta handik egilea tiraka ari da etengabe, modu zirkularrean, eztabaidak eta gertaerak behin baino gehiagotan agertuz eta modu berezian lotuz.

Abaitua eta Ortiz de Zaratek duten harremanak zirkulu bat osatzen du entsegu honetan, garai hartan kulturgintzak eta iraultzak harreman nahasi eta “zirkularra” izan zuen eran, nahiz eta hari ere bere bukaera etorri zitzaion (entseguaren hondarrean nola edo hala iradokitzen den legez).

Pedro Alberdiren ekarpen nagusienetako bat gertaerak, pertsonak eta joera ideologikoak espazioan eta denboran lotzeko ahalegina delakoan nago. Ez dirudi horiek guztiak kritikatuak edo baloratuak izatearren aurkezten direnik. Egileak, behintzat, ez du horretan modu esplizituan parterik hartzen. Irakurleari dagokio, jasotako testigantzak kontuan harturik, garai hartako epaia egitea. 

BIBLIOGRAFIA

ALBERDI, Pedro (2000): Satorrak baino lurperago. Alberdania. Irun.

CERVERA, V.; HERNÁNDEZ, B.; ADSUAR, Mª D. (2005): El ensayo como género literario. Universidad de Murcia. Murcia.

EPALTZA, Aingeru (2002): “Abentura tristea” in Nabarra, 2002-12.

RODRÍGUEZ, Fito; IRUSTA, Antton (2005): Saiakeran saiatzeko gida. Euskal Idazleen Elkartea. Donostia.

ROJO, Javier (2001): “60ko hamarkada” in El Correo. 2001-02-14

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus