Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BAKEAN ├ťTZI ARTE (1994)

Itxaro Borda
Ur Apalategi

1994eko maiatzean argitaratutako Bakean ├╝tzi arte zubereraz idatzitako eleberri detektibeskoan, Itxaro Bordak (1959) ordura arteko poetika aldatu eta ziklo literario berri bati hasiera ematen dio. Bizi nizano munduan (1996) eta Amorezko pena ba├▒o (1996) izango dira momentuz trilogia izatera baino iritsi ez denaren bigarren eta hirugarren atalak. Eleberri hauen arteko lotura egiten duten osagai nabarmenenak honakoak dira: pertsonaia nagusi bera –Amaia Ezpeldoi izeneko detektibe errurala–, herri xume edo marjinatuaren kezkak intriga poliziako baten aitzakiaz deskribatzeko xedea eta euskalduntasunaren periferia bat esploratzeko nahia bertako euskalkia erabiliz narraziorako (eta ez bakarrik dialogoetarako). Zikloari hasiera ematen dion obra izanki, Bakean ├╝tzi arte-ri dagokio Amaia Ezpeldoi eta inguratzen duen unibertsoaren mitologia txikiaren osagai errepikakorrak aurkeztea.

Nobela honen eta ondorengo bien ardatza, genero detektibeskoan ohi denez, detektibearen pertsonaia bera da. Are garrantzitsuagoa da Amaia Ezpeldoi aintzat hartzen bada bera dela narratzailea, eta oso modu subjektiboan kontatzen dituela gertatzen zaizkion abenturak. Jakin bedi, adibidez, intriga nagusia (argitu beharreko “misterioa”, nahiago bada) hamar bat lerrotan laburbildu daitekeela, nobela 180 orrialdetara iristen delarik. Gaxpar B├╝ztanobi jubilatuaren desagerpena dela eta, honen emazteak Amaia deitzen du senarra aurki diezaion. Bitartean, Zuberoako biztanleria zatiturik dago, gasa produzitzen duen enpresa handi batek Espainia eta Frantzia lotuko lituzkeen gasoduktoa bertako baserritarren lurretatik igaroarazi nahi duelako. Jakina, azkenean detektibeak deskubrituko du bi gertakariek –Gaxparren desagerpenak eta gas-hodiaren inguruko gatazka sozialak– lotura dutela. Ulertuko zenez, garrantzitsuena, hemen, ez da intrigaren garapena, baizik eta narratzailearen estiloa eta gaurko Zuberoaz nahiz bizitzaz beronek duen ikuspegi berezia.

Generoarekin jolas egiten du Itxaro Bordak eta, horregatik, osagai tipikoenak –detektibe bakarti hau whiskizalea da eta Thelonious Monk-en Round midnight entzuten du bere bulegoan dagoenetan– osagai askoz ere atipikoagoekin nahasten ditu. Kasurako, Amaia Ezpeldoi detektibe errurala izateaz gain, emaztea da, eta hori gutxi balitz, bisexuala eta arraz sentimentala. Bestalde, esan beharra dago, ezker abertzalearen erreferentzia kulturalak direla nagusi (bere bertsiorik punk edo alternatiboenean, zehatzak izateko –nobelaren izenburuak berak aditzera ematen duenez, Hertzainak rock taldearen jarraitzaile sutsua da detektibe hau) eta ikuspegi iraultzaile eta engaiatu honetatik begiratzen dio munduari Amaia Ezpeldoik. Munduarekiko jarrera honen adierazle dira bai Zuberoako jende konformistarekiko erakusten duen jarrera bai kanpotar frantsesekiko erakusten duena. Zuberoako jende “normala”, Jojobar izeneko tabernako ohiko bezeroen bitartez erretratatzen digu, bere bertsiorik kontserbatzaile eta akonplejatuenean erretratatu ere. Zuberotar kontzientzia gabeak edo alienatuak dira azken hauek Amaia manexina1 zuberotartuarentzat. Turista frantsesak, berriz, mendian zehar egindako txango batean gurutzatzen ditu eta oso modu “basurdean” jokatzen du beraiekin, ikuspegi zentralista eta zibilizatzailea duten kolonizatzaile gisa dituela agerian utziz. Bi kasuetan, Amaia Ezpeldoik gizartean ondo integratutako jendearekin komunikatzeko ezintasuna erakusten du. Hala, bere moduko “marjinalekin” baino ez du harreman sakonik garatuko nobelan zehar: mundu modernora ondo egokitu ez diren zaharrak, rock kontzertuetan ibiltzen diren gazte alternatiboak (Jim), beste euskalki minorizatuetan ari diren euskaldun zenbait (Joana Garalda izeneko zaraitzuarra edo Haitz Zumeta bizkaitarra). Prosopopearen bitartez, gainera, Bordak Erdi Aroko ahaide nagusien garaiko kanta famatuenetako bateko pertsonaiarekin solasean jartzen du Amaia. Behiala jauntxo boteretsu batzuk eraildako Bereterretxe biktima paradigmatikoaren agerpenak, eleberriari ukitu fantastikoa emateaz gain, Zuberoaren oraina eta iragana lotzen ditu, marjinatuen balizko leinu edo sendi bat sortuz.

Eleberri herrikoia izan nahi du Bakean ├╝tzi arte-k, baina ez kostunbrismoak ulertzen zuen zentzuan, baizik eta zentzu engaiatu batean. Menderatu politiko zein marjinatu sozial guztien izenean hitz egiten du Amaia Ezpeldoik eta Zuberoako “benetako herriaren” bozeramaile edo behintzat partaide dakusa bere burua.  Hizkeraren aukerak (zuberera) eta erregistroarenak (egunerokoa, modernoa, garbitasun linguistikoaren kezka zipitzik gabe) berretsi baino ez dute egiten herrikoia izateko anbizioa. Prentsari adierazi bezala, Itxaro Bordak Zuberoako herriarentzat eta herri horren laguntzaz idatzi du eleberri hau (bukaerako eskerretan hainbat pertsona eskertzen ditu liburuaren idazketa fase ezberdinetan emandako laguntza linguistikoagatik), euskalkia eta euskalki hori bizi duen jendearen biziraupena bermatzeko helburua aitortuaz.

Anbizio literario herrikoi honi lotuta ulertu behar da, baita ere, eleberriak erakusten duen Zuberoako lurraldea bere osotasunean esploratzeko grina. Izan ere, eleberri ibiltaria da hau: izan mountain bike batean, 4L zahar batean ala oinez, Amaia Ezpeldoik Zuberoako herri gehientsuenak kurrituko ditu ikerketak iraungo duen denboran zehar. Eleberrian ez da inor ahantzi nahi, zuberotar orok izan behar luke liburuko gertaerekin identifikatzeko aukera.

Amaia Ezpeldoiren joan etorriak hizpide dituen trilogiaren lorpen literario handiena narrazioaren tonuan datza, gure uste apalean. Itxaro Bordak askatasun handiz darama narrazioa, generoak eskatzen duen zehaztasun ia mekanikoa axolagabeki gutxietsiz eta lehentasuna bere pertsonaia nagusiaren barne munduari emanez. Izan ere, Amaiaren digresio existentzial edo autobiografikoak etengabe tartekatzen dira inkestaren kontakizunarekin, eta bestalde, sentitu egiten da Bordak zuberotar hizkera “exotikoa” erabiltzeak ematen dion plazerrari ez diola inoiz uko egiten. Liburuak desberdina izan nahi du (euskal produkzio estandarretik urrun kokatua), zapore berezia eman nahi dio Bordak, eta lortu egiten du. Amaia Ezpeldoi narratzaile-pertsonaiaren kontakizun ezin subjektiboago eta ezin “exotikoagoaren” estiloak irakurketan zehar soma daitezkeen intrigaren eraikuntzaren ahulezia nabarmenak ia ahantziarazi egiten dizkigu. Kontatzeko modu berezi horren beste ezaugarri nagusietako bat -bidenabar, Itxaro Bordaren literaturgintza osoan, baita ziklo nobelesko hau baino lehenagokoan ere aurkitu daitekeena– tonu nahasketan datza: lirismoa eta tribialitatea etengabe txirikordatzen ditu Bordak, naturaltasun handiz. Laburbiltzeko, esan daiteke, eleberriak hezurdura xaloa –xaloegia nobela poliziakoa izateko– izan arren, unibertso literario sinesgarri –nahiz ez baitezpada errealista– bat sortzea lortu duela autoreak bere narrazio estiloaren poderioz. Ondoko bi nobeletan ere unibertso literario honetan murgilduko da, garai bateko telesail amerikar batzuetan bezala, elementu berberekin konbinaketa berriak egiteko saioetan, eta elementuoi atal batetik bestera bilakaera txikiak (baina ez funtsezkoak)egin ditzaten utziz.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus