Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

DOTRINA CHRISTIANA (1596)

Juan Perez de Betolaza
Iratxe Retolaza

Juan PĆ©rez de Betolazaren Dotrina Christiana en romance y basquence (1596) kristau-ikasbide elebiduna da. Kalahorra eta Kaltzada elizbarrutiko gotzainak –Pedro Mansok– egin zuen itzulpen horren enkargua.

Kontuan hartu behar da, beraz, eliza katolikoak eginiko enkargu bat izan zela, eta enkargu hori, XVI. mendearen erdialdean abiatu zen Erreforma katolikoaren edo Kontraerreformaren testuinguruan kokatu behar da. 1545ean Trentoko Kontzilioa (1545-1643) abian jarri zenetik, Eliza katolikoak protestantismoari aurre egiteko bide ideologiko, politiko eta militarrak indarrean jarri zituen. Garai hartako Eliza katolikoaren jokabideak eragin handia izan zuen euskal kulturan, orduko erabakiek zeharo baldintzatu baitzuten euskal tradizio literario eta kulturala. Izan ere, kristau-ikasbidea herritar elebakarrei helarazteko asmoz, Eliza katolikoak beharrezkoa ikusi zuen tokian tokiko hizkuntzan aritzea. Giro horretan egin zitzaion itzulpen-enkargu hau Betolazari, dotrina hedatzeko euskaraz jardutea premiazko ikusi zuelako Eliza katolikoak. XVII. mendean zehar hedatuko eta errotuko zen prosa erlijioso-didaktikoaren aitzindari izan zen Betolazaren itzulpena.

Kontraerreformaren irizpideei jarraituz, JerĆ³nimo de Ripaldaren kristau-ikasbidea itzuli zuen. Tokian tokiko kristau fededunari zuzendu nahi zitzaion, eta hartara, bizkaieraz egin zuen itzulpena Betolazak. Izan ere, Kalahorra eta Kaltzada elizbarrutietan antolaturik zeuden bizkaierazko hiztun gehienak (Altzibar, 1992; 40). Modu horretan, bizkaiera literarioaren hastapenetan kokatu behar da dotrina kristauaren itzulpen hau, nahiz eta asmo literariorik gabeko itzulpena izan. Ezaguna denez, 1800etik aurrera errotu eta garatu zen bizkaiera literario landu eta eredugarria, J.A. Mogel eta AƱibarrori esker. Hortaz, lehenago argitaraturiko bizkaierazko testuek ez zioten eredu eta tradizio bati erantzuten, lekuan lekuko joerari baizik. Gainera, kristau-ikasbide hauek ulergarritasuna zuten helburu.

Bizkaieraz ere argitaratu zen beste dotrinarik, XVII. mendean: Otxoa de Kapanagak ExposiciĆ³n breve de la Doctrina christiana (1656) liburu elebiduna argitaratu zuen, eta Nicolas Zubiak ere bizkaieraz egin zuen doktrinaren itzulpena, 1691ean, Donostian. 1600-1601eko LogroƱoko sinodoan urtero dotrina argitaratzeko erabakia hartu zen, eta euskaraz argitaratu behar zen probintzietan, gainera, gazteleraz ere agertzeko agindua eman zen (Altzibar, 1992, 40). Azken agindu hori 1698an gelditu zen bertan behera, eta hartara, Otxoa de Kapanagaren eta Nicolas Zubiaren kristau-ikasbideak ere elebidunak izan ziren. XVII. mendean argitaratu zen lehenengoz kristau-ikasbidea bizkaiera hutsean: Arzadunena. Bizkaierazko kristau-ikasbide zabalduena eta hedatuena azken hori izan zen (Altzibar, 1992, 40).

Mikel Zarateren ustez (1970, 12), Betolazaren kristau-ikasbidea balio literario gutxikoa dugu. R.M. Azkuek ere interes gutxiko obratzat hartu zuen Betolazaren itzulpena, baina, Koldo Mitxelenak Betolazaren dotrinaren interesa azpimarratu zuen, ez balio literariongatik, baizik eta XVI. mendeko bizkaieraren lekukotza izateagatik (Urkizu, 2000, 149). PĆ©rez de Betolazaren kristau-ikasbidea urte luzez ezezaguna izan da, eta Koldo Mitxelenaren edizioak egin zuen ezagun, 1955ean (Altzibar, 1992, 40).

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, IƱaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. [euskaraz, 2008: Euskal literaturaren historia. Erein. Donostia]

ALTZIBAR, Xabier (1992): Bizkaierazko idazle klasikoak. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo.

MITXELENA, Koldo (1988): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madril.

SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Elkar. Donostia.

URKIZU, Patri (koord) (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madril.

ZARATE, Mikel (1970): Bizkaiko euskal idazleak. Seminario Ikastetxea. Derio.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus