Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ETIOPIA (1978)

Bernardo Atxaga
Jon Kortazar

1978an euskal poesiaren esparrua irauliko zuen liburua argitaratu zuen Bernardo Atxagak, orduan 27 urte zituen idazle gazteak. Etiopia liburuak laster lortu zuen sona handia, eta euskal poesian utzitako aztarna haren estetika jarraitu duten egile berriengan izan zuen eraginak nabarmentzen du ezer baino gehiagok. Liburu zaila baina eraberritzailea da Etiopia, ordura arte gutxi landu zen estetika abangoardistari lotua, eta, era berean, haren agerbidea adierazten zuena, eta, ironikoki, baita haren desagerpena ere.

Etiopia liburua Pott Bandaren liburu sailean argitaratu zen Santutxuko liburu-denda baten argitalpen baimena erabiliz. Poema-liburuak sona handia lortu zuen laster, bai argitaratu ziren kritiken bidez, bai Ruper Ordorikak egin zion musika zabalkundearen bidez, eta baita ere, ezbehar bat zela medio, laster agortu zelako, izan ere urteetan liburu aurkitu ezina bihurtu zen.

Liburuaren lehendabiziko proposamenak harritu egiten du: poesia isiltasuna adierazteko bidea zen. Arthur Rimbaud poeta (1854-1891) nagusiaren itzalari jarraiki, Atxagaren poema-liburuak haren omenez egiten du bidaia Etiopiara. Rimbauden eragina erabatekoa da testuaren barnean: Rimbaudek poesia utzi zuen isiltasunean murgilduz, beraz, isiltasuna hitzen bidez adieraztean (bestela mututasuna litzateke) Bernardo Atxaga poetak gizartean sorturiko anabasa adierazi nahi du, gizartearen bortizkeriaren aurkako joera. Rimbaud oinarrizko poeta bihurtu zaigu liburuan: beragandik dator isiltasunaren ideia, beragandik Etiopiaren ideia; poeta frantsesak, ezaguna denez, Etiopiara egin zuen bidaia. Rimbauden imajinak sortzeko ahalmena bideratzen da poema-liburuan.

Ezaguna denez, Etiopia izenburuaren azpian utopiaren ukazioa agertzen da, eta, beraz, zentzu politikoa. Kontuan hartu beharko litzateke 1978rako Etiopia lurraldeak milaka zorigaitz jasanak zituela: 1974tik aurrera gerra amaigabean hondoratua zen, Haile Selassie enperadore deituak boterea galdu zuen aspalditik zetorren gizarte krisi baten erdian… Hortxe ikus daiteke Bernardo Atxagak urteetan zehar mantendu duen Afrikarekiko interesaren lehen puntua.

Etiopia sinboloak adierazten duen utopiaren aurkako joera (distopia zen berez herria) harearen sinboloan datza. Gabriel Arestiren poesia sozialak harrian bazuen bere sinbolo maitatuena, literaturaren autonomiaren alde egiten duen Pott Bandaren estetikak harea maite du, harri desegina, utopia desegina, etsipenaren mugetan kokatzen den gizartearen itzala.

Irudiz osaturiko bidaia da Etiopiak proposatzen duena. Irudi poetikoz osaturikoa, irudimenari bere indarra emanez, liburuak hizkera ironikoa proposatzen du, lirismoaren aurka, sublimazioaren aurka, erromantizismoak utzitako sentimenduen espresioari uko eginez, Etiopiak eguneroko hizkera arruntean jartzen du arreta.

Zinemaren teknikari –irudiaren munduan bizi baita espresio poetikoa– Etiopiak elkarloturiko esaldietan jartzen da oinarri espresiboa.

Egiturari dagokionez, zirkuluen egitura aukeratu zuen Bernardo Atxagak liburuaren egitura laberintikoa adierazteko. Orain gutxi argitaratu den artikulu batean Iñaki Aldekoak (2009, 16-18) honela deskribatu ditu Etiopian agertzen diren erreferentzia kulturalak:

  • Atarikoak: Biblia eta Duvoisin kapitaina, Marlowe, Eliot, Axular, Dante-ren Jainkozko Komedia, Kung-fu, Frantzia/Panama, Erroma, Neron, Kioto, Afrikako portuak, Rimbaud, Etiopia, Folk Singer, Marcel Schwob.
  • 1. zirkulua: “Kavila” poema afrikarra, Western tradizionalak, Galapago irlei buruzko dokumentala.
  • 2. zirkulua: Jacques Rigaut poeta surrealista, Caryl Chessman-en (1960), eta Sacco eta Vanzetti-ren (1922) heriotz zigorrak.
  • 3. zirkulua: Bizkaiko lo-kanta bat: “Obabatxue”.
  • 4. zirkulua: Gerard de Nerval, surrealismoaren poeta aitzindari eta suizida, Casiopea eta Pollux, Isis eta Pandora eta Bereniceren ilea, Conan Doyle-ren Mr. Watson pertsonaia, Lope de Agirre eta Urtsuako alaba.
  • 5. zirkulua: Catalina de Medeci, Lauaxeta, Lizardi eta Rimbaud.
  • 6. zirkulua: Ungaretti poeta italiarra, I Ching txinatarraren jakinduria liburua, Arthur erregearen tradizioko Fata Morgana.
  • 7. zirkulua: Pigmeo poema bat eta Genet, Espartako ezkuta herdoildua, Kheops, Khefrén eta Mikerinos Egiptoko piramideak, Rainer Maria Rilke, Nefertiti.
  • 8. zirkulua: Tiovivo tebeoa, Otis Redding, Mirande, Vietnam, Abebe Bikila, Eldorado, Axular: “Joan zatzaizkit lurretik”, Egiptoko zazpi izurriteak, Bonny and Clyde filmea, “Only you” pop kanta, King Kong filmea, Humphrey Bogart aktorea.
  • 9. zirkulua: Etxahun, Persia, Bilbao, Micenas eta Grezia.
  • 10. Epilogoa: Etiopia, Francis Picabia / Arthur Cravan, Barcelona, Akra, Ezra Pound, “Baionako barraraino” kantaren puska, Malon: Beckett-en pertsonaia, Nueva York.

Zerrendak oso begi bistan uzten du zein ikuspegi zabalarekin jokatu zen poema idaztean, bai toki izenen aldetik geografia oso bat landu nahirik, eta bai erreferentzia literarioei kasu eginez, mundu estetiko anitzak agertzen doazelarik testuaren barnean. Mundu berri bat hasi zen hazten euskal poesiaren eremuan, bizitza oso bat adierazi nahi zuena, eta era berean, poetak bizi izandakoa tartekorik gabe agertzen zen poeman, bizitzaren eta artearen muga guztiz zen ibilgarria, batetik bestera joateko bidea oso zabala zen.

Dena dela, abangoardiako bidea nihilismoz beterik agertu zen, eta jaio bezain laster, handik gutxira, Bernardo Atxagaren estetikak beste bide bat hartu zuen; Etiopia liburuak bigarren edizioa ezagutu bazuen ere, egileak beste bide batzuk hartu zituen, eta abangoardiako joerak jaio bezain laster bukatu zuen bere bidea, Bernardo Atxagak literatura argiago baten alde egin baitzuen.

2010ean Neuchateleko Unibertsitatean Atxagaren omenez egindako Mintegi batean, Bernardo Atxagak adierazi zuen, Etiopia idatzi zuen garaian abangoardista zela, inguruko indarkeria politikoak bultzaturik eta eguneroko bizitzaren gristasunaz angustiaz osaturik. Giro horren barnean sortu zen poema-liburua.

Mintegi berean, Lourdes Otaegik, zalantzarik gabe egilearen itzalpean egindako lan batean, Etiopia hartu zuen mintzagai, eta “amesgaizto bortitz eta izugarria” bezala definitu zuen liburua. Dena dela, 1990ean, liburuaren berrantolaketa egiten zuen egileak Nueva Etiopian, eta han amesgaiztoaren eragina desagerturik da.

Bere ustez liburuaren azpian arlo nagusi hauek agertzen dira:

  1. Abangoardia berria. Isiltasunaren agerpenarekin, “ezin esananaren” joera nagusia adierazten da. Kultura-garaiekin lotura egin nahi da, eta mundu tradizionalak mundu ofizialetik ihes egiteko bideak eskaintzen ditu. Abangoardia berriaren zutabeak hauek omen ziren: Tel Quel aldizkaria (1960ko hamarkadan) eta Italiako 1963ko abangoardia. Literaturak bazuen funtzio soziala betetzeke, hain zuzen ere, iraultzaren alde egitea, eta gizarte ofizialetik urruntzea.
  2. “Novisimo” deituriko Espainiako talde poetikoarekin lotura. Talde horretan Vázquez Montalbán, Carnero, Azua, Sarrión, Gimferrer eta Ana María Moix, Panero, Molina ari ziren Espainiako poesia joera jaso batera eraman nahian. Errealismotik irten nahi zuten, eta kultura-aipuek ikaragarrizko agerpena zuten haien poesian. Hizkera berritu egin zuten, eta irudien mundua zabaldu. Ez da esan beharrik, baina, ez dira errazak irakurlearentzako. Erreferente-munduak sortu egiten zituzten, eta auto-erreferentzialtasuna handia zen haien poesian. Estetizismo kutsua abangoardiarako egindako bidaiarekin biltzen zen. Ezra Pounden poesiaren eragina handia zen.
  3. Frankfurteko eskolaren eragina erabateko zen. Poesia desarmonikoa eta itsusia sortu nahi zuten, gizartean nagusia zen errealismoaren eta lirismoaren aurka. Modernitatearen eta postmodernitatearen inguruan kokaturik Etiopiak fenomenologian kokatzen zituen bere erraiak eta kontzientziaren muga adierazi nahi zuen. Kulturaren egonezina oso presente zen bai testuan, baia liburuaren inguruko gizarte sortzailean.

Ezaugarri formalen artean hauek aipatu beharko lirateke: hizkeraren esperimentazioa, sentsibilitatea ukatu, lirismotik urrundu eta irudiaren eta hizkeraren arteko lana egin; kontsumo munduaren agerpena, hizkera arruntaren agerpenarekin; eguneroko hizkuntzak merkatuaren adierazpideak maite ditu; hizkera ironikoa, hizkera arruntaren alde egiten delarik poesia horretan; zatiketaren ezaugarri nagusiak dira pilaketa eta collagea, pilaketa. Kaosa eta anabasa gizakiaren agerbideak dira, etsipenaren eta minaren seinale. Hautsi da anphora eta zatiaren nagusitasuna erabatekoa da testuan. Etiopia berez, labirinto bat da, eta zentzu horretan espazioarekin eta denborarekin hausten duen liburua litzateke (Kortazar, 1994, 170-179).

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2009): “Bernardo Atxagaren Etiopia” in ELKAR LANEAN: Juan Mari Lekuonari Omenaldia. Iker. 23. Euskaltzaindia. Bilbo. 3-24.

ANDRES-SUÁREZ, Irene; RIVAS, Antonio (eds.) (2011): Bernardo Atxaga. Arco Libros. Madrid.

KORTAZAR, Jon (1994): Laberintoaren oroimena. Erein. Donostia.

KORTAZAR, Jon (2001): Oroimenaren eszenatokiak. Pott bandaren poesia. Labayru Ikastegia. B.B.K. Bilbo.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus