Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

EUSKALERRI’KO LEEN-GIZONA (Eusko-lurretan lenengo izan ziran gizonen edesti laburra) (1934)

Joxe Migel Barandiaran
Axun Aierbe

Euskalerri’ko leen-gizona Itxaropena Argitaldariak kaleratu zuen 1934an eta gerora, batetik, Lur argitaletxeak eman zuen argitara 1972an, Lehen euskal gizona izenburua zuena, X. Kintanak osaturiko hitz-zerrenda batekin batera; bestetik, 1985ean azken izenburu horrekin berarekin argitaratu zuen Txertoa argitaldariak 1972ko edizioari jarraiki; eta azkenik, On Jose Migel Barandiaranen idazlan guztiak jasotzen dituen bilduma osatzerakoan, XI. liburukian (213.-333. or.) —Vasconia Antigua: Tras las huellas del hombre (V) du izenburua– eman zuen berriro argitara La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxeak 1979an –hain zuzen ere, aipuetarako baliatu duguna. Lan honen gaztelaniazko idatzaldia 1934an bertan eman zuen argitara Itxaropena Argitaldariak eta La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxeak, berriz, 1979an idazlan guztien bildumako liburuki berean, euskarazkoaren segidan, eman zuen argitara gaztelaniazkoa (335.-457. or.) El hombre primitivo en el País Vasco izenburupean.

Barandiaranek lan honetan Euskal Herriko historiaurrea eta erromatartze-aldia aztertu zituen, sarrera labur baten ondoren, sei ataletan banaturik: aurrenekoan, Lehen Paleolitoa; bigarrenean, Geroztiko Paleolito Aroa; hirugarrenean, Goien Paleolito Aroa; laugarrenean, Epipaleolito eta Neolito Aroak; bosgarrenean, Eneolito-burdinori eta Burdina Aroa; eta seigarrenean, Erromatartze-aldia. Historiaurreari eskainiak dira, bada, lehen bost atalak, eta seigarrena dugu historiaurreaz gerozkoa. Sei atal horiez gain, Euskal Herriko historiaurreari buruzko bibliografia jaso zuen Barandiaranek, eta bere hainbat lanen zerrenda ere bildu zuen. Halaber, irudi ugariz hornitu zituen atalak eta amaieran hainbat argazki eman zituen argitara, eranskin gisara.

Sei atal horietan Euskal Herriko historiaurrea eta erromatartzea aztertu bazituen ere, datu orokor ugariz horniturik daude azalpenak, Euskal Herriko historiaurrea behar bezala kokatu ahal izateko historiaurreaz eginiko gainerako aurkikuntzak kontuan harturik. Horretarako, atal bakoitzean zehaztasun handiz adierazten du aro horretaz zein aurkikuntza eta non egin diren, eta horiekin lotzen ditu Euskal Herrian eginiko aurkikuntzak. Lehen bi ataletan oso datu orokorrak ematen ditu, Euskal Herriko datu ezagun urriekin batera. Hirugarren atalean, berriz, Goi Paleolitoaz mintzatzerakoan, Europako hego-mendebaldea erreferentzia-gune nagusitzat harturik, bi herri-multzo bereizten ditu, hain zuzen ere, “pranko-kantauritarrena (euskaldunena) eta kapsatarra” (241. or); eta hortik abiaturik, batetik, Asturiasetik Dordoina eta Ariège ibaien arteko lurraldean eginiko aurkikuntzak ditu mintzagai, eta bestetik, Mediterraneo itsasoa inguratzen duten lurrak: Europaren hegoaldekoak, Afrikaren iparraldekoak eta Ekialde Hurbilekoak. Ondoren, kontuan izanik euskaldunak lehen herri-multzokoak direla, Goi Paleolitoa banandurik dagoen hiru aldien arabera aztertzen ditu Euskal Herrian eginiko aurkikuntzak: “Aurignac-, Solutré– eta Madeleine-aldiak” (241. or.), eta Izturitzen, Angelun, Santimamiñen, Ermitian eta beste hainbat tokitan eginiko aurkikuntzen berri ematen du, irudi ugari baliatuz. Laugarren atalak ere antzeko egitura du, eta bosgarrenan, pranko-kantauritarren herri-multzoaren barruan, “Pirene-lantzea” (275. or.), –Pirinioetako kultura izendatuko genukeena– aztertzen du berariaz, eta erromatartzea aztergai duen seigarren atalean ere Pirinio inguruetan bizi ziren leinuak2 ditu mintzagai: baskoiak, barduliarrak, karistiarrak eta autrigoiak. Irudi ugariz hornituriko lana izaki, deigarria da erromatartzeaz mintzatzean inolako irudirik ez agertzea atal horretan.

Hizkera landua, aberatsa eta bizia darabil Barandiaranek, esaldi zehatz, labur eta trinkoak osatuz. Barandiaranek erabilitako euskalkiari dagokionez, Azkaratek hauxe esana du: “gerraurreko lanetan, bizkaieraren eragin txiki batzuek gora behera batipat gipuzkerazko lexikoa eta joskera ageri dira” (1992: 1.125-1.126). Sintaxiaren aldetik, “euskal egitura jatorren erabilera” nabarmendu du Azkaratek (1992: 1.127) perpaus osagarriak erabiltzerakoan. Bestetik, gorago aipatu bezala, mintzagai dugun ikerlana euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu zenez, euskarazko testua gaztelaniazkoaren “morrontza itsua alde batera utziz” (1992: 1.128) idatzia dela nabarmendu zuen.

Euskara landua eta jasoa eraiki nahirik, hiztegiaren eta terminologiaren aldetik, euskararen berezko baliabideak (eratorpena eta hitz-elkarketa) erabiliz eraturiko ordainak emateko ahalegin nabaria egin zuen eta “lexiko “garbizalea”ren aldeko joera” erakutsi zuen (Azkarate 1992: 1.126-1.128) eta zenbait aranismo aurki daitezke (edesti, edeslari, edesti-aurre, enda, ludi, txadon3…), baina baita hainbat mailegu ere (kuartzita, paleolitos, azagai, bison, hyaena, phoca…). Barandiaranek erabilitako termino eratorri eta elkartuen sailkapen eta bilduma zehatza egina du Azkaratek, besteak beste, mintzagai dugun Euskalerriko Leen-gizona baliatuz (1992: 1.128-1.131). Azkenik, aipatzekoa da hainbatetan, maileguarekin batera euskal hitz sortu berria ere eskaintzen digula Barandiaranek: “Paleolitos edo ar-landu garaia; Mesolitos edo Epipaleolitos-garaia; Neolitos edo arlaban-garaia; eta azkenik Menasta-garaia4”  (225. or.), “rinokeros edo adarbakar” (230. or.), “rhinokeros edo adarbakar” (251. or.), “suarrizko arkaxkar edo mikrolito” (241.-242. or.), “Protoneolitos edo Leen-neolitos” (269. or.) “Megalitos edo urraida-aldian” (286. or.), “uskurtz edo erlijioa” (299. or.)…

BIBLIOGRAFIA

AZKARATE, Miren (1992): “Miren Azkarate Villar anderearen Euskaltzaindian sartzea”. Euskera 1992-3. 1.119-1.139.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus