Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

KARMELA (1886)

Piarres Harispe
Ur Apalategi

Donostiako Euskal-erria aldizkarian agertu zen –bukatu gabe– antzerki hau lehen aldiz –oholtza gainera iritsi gabe, haatik–, urte batzuk beranduago, XX. menderen hasieran, Parisen argitaratuko zelarik osorik. Halere, Karmelaren erroak XIX. mende hasierako drama erromantikoan bilatu behar dira, eta eskola lapurtarreko Jean Duvoisin (Maria Nafarroakoa) edo Jean Martin Hiribarren (891an Eskaldunak gerlan) lirateke aitzindariak. Jakina denez, antzerti tradiziorik badago gurean, herri antzerkigintzan aurkitzen dugu hau  –Zuberoan, batik bat– eta musika zein kantuarekiko lotura zahar hori nekez hautsiko du antzertiak oso berandu arte. Jakin badakigu operak arrakasta gehiago lortuko duela euskarazko antzerti “modernoak” baino (aski zabaldua ote da anekdota? R. M. Azkuek bere hiztegiaren eta beste ororen gainetik jartzen zuen operagintzan eginiko lan gaur egun ezezaguna). Halere, badirudi Donostian –batez ere Marcelino Soroarekin– izan zuela sartze bat euskarazko antzerti berriak. Ez gaitu harrituko, hortaz, sortzez Lohitzundarra izan eta ikasten Larresoroko seminarioan ibili arren Donostian agertu bazen obra honen lehen bertsioa, bertako ortografiara egokituta gainera: “mendi bertze aldeko anaiek bezela nai izan dut eskribitu”, hitzaurrean egileak aitortu eta defenditzen duen bezala.

Hiribarrenen lanarekin batera, bertsotan idatzita egotean datza bere originaltasunik handiena. Mende erromantikoan hainbat idazlek egin moduan Orreagako guduaren ingurumarian kokatzen du ekintza Harispek. Jakin behar da Errolanen kantorearen euskaratze baten egile ere badela autorea. Halere, hemen inporta zaiona ez da gertaera historikoa bera, baizik eta euskaldunen arteko liskarra. Bidenabar, esana gera dadila egiantzekotasun historikoa edo deskribapenaren errealismoa ez direla autorearen kezka nagusiak. Protagonista nagusiak Harisperen asmakuntzak dira. Lerenburu euskaldunen buruzagi Gernikarra, bere zazpi –nola ez– semeak eta alaba bakarra, alde batetik. Bestetik, Araneder “barneko” etsaia, zeinaren seme Ramon Lerenbururen alabarekin dabilen. Dramaren –Harispek berak “Egin-doakabe” deitzen dio dramari– lehen ekitaldian –autoreak “egimen” dio– bekaizkeriaz Araneder zaharrak Rafael Lerenburu (buruzagiaren seme maitatuena) hiltzen du, Altabizkarko gudua hasia delarik. Karmelak, bere anaiek bezala etxea armaz defendituko du eta preso hartuko dute. Bigarren ekitaldian, Ramon, Arandererren semeak, zeinak ez dakien nor den bere aita, txikitatik apaiz batek hezi duelako, Karmela askatzen du. Euskaldunen gorazarrean idatzitako drama historiko honen gai paraleloa, hirugarren ekitaldian ikusten denez, Araneder “euskaldun gaiztoaren” erredentzioa da, Harispek berak dioenez, “heriotze handi batez handitzen eta altxatzen” baitu obraren amaieran. Hutsen ordainetan, bere burua sakrifikatzen du euskaldunek Karlomagnoren aurka egiten ari diren gerlan. Esan gabe doa obraren oinarri morala orbainik gabea dela eta, lanbidez apaiza zen autoreak aldarrikatzen duenez, “Eskualdunen errelijione saindua eta arima ederrak” ikustera eman dituela antzezlanaren bitartez. 

Obraren bi argitalpenak erkatuz gero, eta bereziki autoreak hurrenez hurren paraturiko bi hitzaurreen argitara, ohartzen gara urte batzuetan euskal kulturaren testuingurua asko aldatu zela. Izan ere, lehen hitzaurrean ez bezala bigarrenean Harispe kezkaturik agertzen zaigu bere euskararen zuzentasuna dela eta ez dela. Badirudi epe labur batean euskararen “jakintsun” eta “legetsun jaunek” boterea hartu dutela tarte horretan, eta linguistikoki zuzenaren agintea indarrean ezarri dutela. Egoerak asaldaturik, Harispek tradizio herrikoia defenditzen du euskara onaren oinarri gisa, bide batez berak erabilitako Donibane aldeko lapurtera herrikoi jatorra aldezten duelarik.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus