Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

LAU-URDIRI GOMENDIOZKO KARTA, EDO GUTUNA (1718)

Joanes Etxeberri, "Sarakoa"
Alvaro Rabelli

Lau-Urdiri Gomendiozko karta da (Lau-Urdiri Gomendiozco carta edo Guthuna) Sarako Joanes Etxeberri (1668-1749) medikuaren lanetarik bakarra egilea bizi zela inprimatzera heldu zena, 1718an, Baionan. Lan honen ale bakarra Harriet abatearen esku egon zen, eta inprimatzera heldu ez ziren Escuararen Ethorquia edo hatsapenac (1712) eta Escual-herri eta escualdun guztiei escuarazco hatsapenac icasteco —laugarren lana den hiztegi eleanitz baten egiletasuna dudazkoa da—- Julio Urkijoren berreskuratze lanari esker iritsi ziren guregana. 1907an Urkijok Parisen argitaratu zuen Obras Vascongadas del doctor labortano Joannes D’Etcheberri izeneko edizioan Gomendiozko kartak hogeita hiru orrialde zituen. Gomendiozko karta edo Gutuna Uztaritzeko Lapurdiko Biltzarrari egindako eskaria da. Gutuna Joanes Etxeberriren Agustin semeak aitaren eskuizkribuekin batera eraman eta Biltzarraren aurrean irakurri zuen. Gutun honetan Joanes Etxeberrik dirua eskatzen zuen bere lanak argitaratzeko, batez ere gazteei latina irakasteko asmoz egin eta argitaratu ez zen Latina ikasteko euskarazko hastapenak argitara eman zedin. Biltzarraren erantzuna hamar urteren buruan heldu zen eta ezezkoa izan zen. Itxura batean, Biltzarrak bestelako kezkak zerabiltzan —lurren errentak jasotzea— eta ez euskara lantzea. XVII. mendean Dominique Bidegarai behenafarrari gertatu zitzaion bezala, Etxeberriren lanak ez ziren inprimatu, eskuizkribu iraun zuten harik eta Urkijok Zarautzeko frantziskotarren etxean aurkitu eta 1907an argitaratu zituen arte.

Ildo horretan, Gomendiozko karta noraezeko testua da Etxeberriren asmoak jakiteko, bere lan guztiak bertan aipatzen dituelako, hasita zeuzkan lanak, eta era berean, Gomendiozko karta beste lanetan irauli zituen ideien laburpena delako. Gutunaren amaieran, argumentazio luze baten ostean, bere asmoak agertzen ditu:

“Halacot├ž, bada Euscualdunen pena eta nequea hau icusiric hasi nint├žen Escuaraz, Latinez, Francesez eta Espainolez hiztegui baten moldat├žen; bidehartaz Euscualdun guztioc eta bereciqui ene hertar Lau-urtarrec cembait fagore, eta lagunt├ža i├žan le├žaten gatic; bere herritic camporat ilkhi gabe, cembait hitzcunt├žaren parte bederen ikhasteko. Ordea noiz-eta-ere uste bainuen ait├žina neramala neure obra, gogora cit├žaitan, deusguti balio ├žuela ene trabailluac, eta cimemdugabeco obraren pare i├žanen ├žela: baldin lehenbi├žiric ez banituen moldat├žen Escuarazco lehenbi├žico hatsapenac, Latin ikhasteco; ├žeren hauc baitira cein-nahi hitzcunt├žatan cimenduaren ├žainac, eta erroac.”

Bi mendeen arteko idazle hau —gehiago XVIII. mendekoa— Ilustrazioaren zenbait ideien aitzindari izan zen gure artean. Joanes Etxeberrik Iparraldeko euskarazko literaturaren lekukoa pasa zion Hegoaldeari. Urteetan Beran, Hondarribian eta Azkoitian —hil zen herrian— egon zen osagile Etxeberri, eta Larramendik piztuko zuen giroari aurre hartuz, bere euskara ereduaren aldeko lan apologikoa egin zuen euskara hutsez. Esan daiteke Joanes Etxeberri lapurtera klasikoak eman zuen azken idazlea izan zela. Axular zuen maisu, Lapurdiko bestelako idazleen artean, eta bere prosa estiloan maisuaren parera doi-doian heldu zen. Bere lana interesgarri bihurtzen da kontuan hartzen badugu Joanes Etxeberri idazle laikoa dela, ez zuela erlijio-lanik idatzi, eta euskara noranahiko hizkuntza zela frogatzen ahalegindu zela. Idatzietan jorratu zituen gaiek, ordura arte euskaraz nekez paratuak, horrelaxe erakusten dute gainera.

Etxeberri apologista funtzional eta pedagogikoa izan zen, jakintsua eta poliglota, hizkuntzez asko zekiena, euskara egoera txarrera eramandako arrazoiez ederto jabetzen zena eta, besteek ez bezala, euskaraz idazteko arta hartu zuena. Hiru dira bere lanetan tai gabe agertzen dituen asmoak:

  • Munduko hizkuntzak ikasi behar dituzten euskaldunei lehenbizi latina irakastea.
  • Euskaldunak euskaraz idaztera bultzatzea.
  • Euskara zein altxor ederra den erakustea.

Lanik gehienak ez argitaratzeak, euskal literatura klasikoan ohikoa den bezala, beste idazleenganako balizko eragina zapuztu zuen.

Gomendiozko karta, beraz, lan epistolarra da, gai profanoa jorratzen duen prosaz idatzia, saio didaktikora hurbiltzen den lana. Etxeberriren lana hertsi-hertsian literariotzat hartzerik ez badago ere, bere lan apologetikoak behintzat badira estilista on baten emaitza. Gomendiozco Carta ederto batean egituratuta dagoen lan diskurtsiboa da, helburu zehatza bilatzen duen argumentazio fina eta hartzaileak —Lapurdiko biltzarkideak— kontuan hartzen dituen herri hizkeraren eta kultuaren arteko hizkera tarteko.

Bitxia da Joanes Etxeberrik izenburuan darabilen Lapurdiren etimologia: “Lau-urdi”. Oihenartek Lapurdirako proposatutako “Lapur” etimologia errefusatu egiten du Etxeberrik antza, eta Lapurdiko lau ibaiei erreferentzia eginez —Bidasoa, Biduze, Errobi, Urdazuri— eman zuen “Lau-urdi” delako izena.

Gomendiozko karta erretorikaren estiloan kokatu behar dugu bete-betean. Hain zuzen, exordio edo maxima batek zabaltzen du argumentazioa, argumentazioaren lehen giltza:

“Jaincoac Gui├žonari eman diot├žan gau├ža hoberenetaric, eta abantaillatuenetaric bat delarican mint├žoa: cein pena eta neque handia den Munduan hambat hitzcunt├ža mueta differentetacoen i├žaiteaz.”

Ostean, argumentazio ordenatu, zabal eta luzeari ekiten dio egileak. Filosofia, erlijioa eta historia gaiak darabiltza, hala nola, oharrak eta aholkuak agintzen dizkie biltzarkideei. Argumentazio egitura honetan lehendabizi aurretiaz euskararen bikaintasunak jartzen ditu, eta azkenean, behar duena esan eta eskatzen du. Helburu zehatza bada ere, eskaria egitea alegia, euskararen bikaintasunak gogoraraztean ikusi behar dugu, irakurlea hunkitzeko beharra, proposatzen duena sinets dezan. Beraz, hemen euskararen alde apologia helburua ondo baino hobeto prestatutako estrategia da. Estrategia argumentatibo horretan guztian gaien hurrenkera garrantzitsua da. Lehen-lehenik erlijioaren aipamena egiten da. Hizkuntza Jaungoikoak berak emandako dohaina da, zeinaren bidez geure arima salbatzen baitugu. Ostean gai profanoak jorratzen ditu, erlijio gaiak sakabanatuta tartekatzen baditu ere. Goitik beherako argumentazioa da, ideia garrantzitsuenetatik azken xedera abiatzen dena. Filosofia gaietan hizkuntzaren ahaltasunaz mintzatzen zaigu, gizakien gobernurako abantailaz, giza eta abereen arteko aldeaz —hizkuntza da gizaki egiten gaituena— giza hizkuntzaren eta bestelako lengoaien arteko aldeaz. Historiari heltzen dionean, hizkuntzen jatorriaz berba eginez hasten da. Hizkuntzen jatorri eta antzinatasun horren haritik ez du bere ikuspegi ideologikoa ezkutatzen, azkenean defenditu egingo baitu, ustezko jatorri nobleak alde batera utzita, hizkuntzarik onena lantzen den hizkuntza dela, lantze literarioa duen hizkuntza bereziki. Horretan, hain zuzen, dakusa Etxeberrik euskararen ahulezia. Euskaldunen axolagabekeria dela-eta ez da lanketa literarioa egin, eta eskoletan ere horrexegatik ez da erabiltzen. Gaurko ikusmiratik Etxeberrik oso arrazoi modernoak darabiltza euskararen lantze eza azaltzeko. Etxeberrik alferrekotzat jotzen du euskararen aldeko apologia sutsua, horrek euskara lantzera ez bagaramatza. Eta lantzeko gogo horretatik, ondorioz, dator gutunaren amaieran datorren eskaria, gutunaren helbururik behinena, bere asmo guztiak laburtzen dituena:

“heldu nat├žait├žue neure obrattoaren ofrendatzera, aguian bide hunetaz gure herrico semeec cembait lagunt├ža, edo fagore errecibituco dutela; eta oraino, ├žembait lo dat├žan-ere Escuaraz isquiribat├žera, behar-bada at├žar-aracico.”

Etxeberrik bere burua Axularrekin identifikatzen du, haren hitz eta esaldi batzuk oso-osorik errepikatzen ditu. Eta Axularrek Geron egin zuen bezala, Etxeberrik etengabe laguntzen du argumentazioa Bibliako eta klasikoen aipuekin, sasoiko ohiko erudizioaren eredura. Baina Axularrek ez bezala, Etxeberrik erdizka itzultzen ditu euskarara, edo denak ez behintzat, latinez emandako aipuok. Aipuak emanez Etxeberrik egiten duena frogatu nahi du. Bere mesederako autoritatea bilatzen du aipuetan.

Oro har, Axular bezain oparoa ez bada ere, Etxeberri benetako estilista da. Adizkietan joko interesgarriak egiten ditu; sarri forma laburtuak erabili arren —tut, tuzu, tugu— “behar”, “nahi”, eta “iduri” aditzak dituzten esaldietan, joko ederrak egiten ditu, elementuen ordena edo aditza aldatuz, jarioa aspergarria suerta ez dadin; baldintzetan “baldin …ba” segida luze eta aberatsak egiten ditu, argumentuari bidea zabaltzeko, badaki galdera erretorikoak sarri egiten eta erantzuten; oparotasuna lortzeko, atributuak eta esanahi berbera duten esaerak errepikatu eta metatzen ditu; “Eta” eta “edo” juntagailuen erabilera zabal-zabala da; hitz jokoak eta paralelismoak semantikoak eta sintaktikoak ez dira falta. Joskerari dagokionez, darabilen joskera ederra da, erraza, herri taxukoa, eta ororen gainetik, zuzena eta naturala, bortxa gabea; artean Larramendiren eragin faltagatik, erromantzeen joskerara errenditzen zen euskal joskera.

Joanes Etxeberri XVII. mendeko Lapurdiko idazle klasikoen azken hatsa da, Lapurdiko euskara maisuki erabili zuen azkenetakoa, behinik behin, kalitate horretako idazlerik ez zen egon XVIII. mendeko Iparraldeko literaturan.

BIBLIOGRAFIA

(1907): Lau-Urdiri Gomendiozco Carta, edo Guthuna. J.D’Etcheberri, Sara-co Dotor Miricuac. Bayonan, Mateo Roquemaurel Imprimat├žaillea…; 1718, in Obras Vascongadas del doctor labortano Joannes D’Etcheberri. Paris. Julio Urquijo (ed). Paul Geuthner..

BILBAO, Gidor (1992): Larramendiren garaikide bat: zenbait xehetasun Joanes Etxeberri Sarakoaz.

ERZIBENGOA, J., EZKIAGA, P.(1978): Euskal literatura. Gero. Bilbo.

IBON, S. (1971): Euskal literaturaren historia. Lur. Donostia.

IBON, S. (1975): Historia social de la literatura vasca. Akal. Madrid.

JUARISTI, J. (1987): Literatura vasca. Taurus. Madrid

MITXELENA, L. (1988): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

RUIZ ARZALLUS, I├▒igo (1980): Etxeberri Sarakoa: apologista eta literato: Axularren eragina.

VILLASANTE, L. (1979): Historia de la literatura vasca. Aranzazu. O├▒ate.

Enciclopedia General Ilustrada del Pais Vasco. Au├▒amendi. Zarautz, 1977.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus