Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

LIBURU HAU DA ITSASOKO NABEGAZIONEKOA (1677)

Piarres Etxeberri
Alvaro Rabelli

XVII. mendeko euskal prosa erlijio lanetara ia erabat errenditzen den arren, bada tartetxo bat beste liburu mota batzuentzat. Liburuok ez dira literatura arlokoak, bai ordea zientzia arlokoak. Hala ere, sasoi honetako euskal testuen urritasuna dela eta era guztietako testuekin batera agertu izan dira. Testuok, jakina, ez dira asko, bi baino ez mende osoan, baina euren agerpena garrantzitsutzat har dezakegu, originalak izan gabe, zientzia gai profanoak euskaraz ere landu nahi zirela adierazten dutelako. Nahia edo beharra seguruago, zeren liburu hauek, Etxeberriren Itsasoko nabegazionekoa (Ixasoco nabegazionecoa) eta Dassan├žaren Laborarien abisua (Laborarien abissua), gure herriaren sasoi hartako ekonomiaren zutaberik garrantzitsuenetakoak jotzen baitituzte, nabigazioa edo arrantza eta nekazaritza, hain zuzen. Alde horretatik, ez da harritzekoa liburu hauek biak euskaraz ere eman izana, herri xehe eta euskalduna nagusi zelako jarduera ekonomiko bi horietan. Bestalde, halako liburuak Iparraldean argitaratu izanak argi uzten du Bidasoaz alde bietako euskal literaturaren aldea. Iparraldean literatura pragmatikoagoa dugu zalantzarik gabe, mugatuta bere laburrean, baina literaturaren gustu estetikoak eta bestelako helburuak, dela erlijioa, dela zientzia, elkartzen dakien literatura. Hegoaldean, aldiz, urteak beharko dira euskal literaturari, edota euskal testuei beste barik, helburu estetiko eta pragmatikoa emateko.

Itsasoko nabegazionekoa lanari gagozkiola, itzulpena dela esan behar da. Jatorrizko izenburua Les voyages aventureux du capitain Martin de Hoyarsabal, habitant de Çubiburu da, Frantsesez egina eta 1578an Bordelen argitaratua. Obrak gutxienez beste argitalpen bat izan zuen 1632an, Rouenen. Bigarren argitalpena profitatu zuen Piarres Etxeberrik, Dorre izengoitiz, antza, 1677an euskarazko bertsioa, emendatua, liburuak berak dioskun lez, Baionan argitaratzeko. Etxeberriren liburuaren ale bakarra Pariseko Liburutegi Nazionalean dago gaur egun, nahiko egoera tamalgarrian egon ere. 1985an Txertoa argitaletxeak edizio faksimilea argitaratu zuen Etxeberriren testuaren zenbait pasarte berreraikita. Jatorrizko liburuaren egileaz badakigu Martin Oihartzabal zuela izena, Ziburukoa, eta bere anaiarekin batera Le Marie de Sain-Vincent itsasontziaren zati baten jabea izan zela. Hainbat bidaia egin zuen Ternuara, eta sasoiko beste nabigazio liburu batzuei jarraituz Les voyages aventureux liburua ondu zuen. Aurretiaz esan bezala, XVI. eta XVII. mendeetan hainbat argitalpen izan zuen liburu honek.

Bata zein bestea, jatorrizkoa zein itzulpena, beraz, nabigazioan iaioak ziren itsasgizon bik eman zituzten, euskarazko bertsioa euskara besterik ez zekiten Lapurdiko kostaldeko itsasgizonei nabigazioa irakasteko asmoz eman ere.

Ezin dugu ahaztu Piarres Etxeberriren liburua esku-liburu teknikoa dela, hala ere, Lapurdiko marinelei buruzkoak ikasteaz gain, liburua interesgarria da aipatzen dituen kostaldeko leku-izenak marinelen ahotan nola ahoskatzen ziren ikusteko:

“Bayonaco Bocal Zaharretic Calixeraino (Kadiz)”

Edota ikusteko euskaraz nola emanda dagoen sasoiko nabigazio teknika. Gainera, xumeak badira ere, interesekoak dira arrainen eta hegaztien deskripzioak.

Teknika liburua den aldetik, atalka antolatuta dago, nabigaziorako behar-beharrezko diren arlo eta gaiekin, jakin beharreko ezinbesteko kontuekin. Liburuak berak adierazten duen moduan, honako atalak jorratzen ditu:

“Jaquiteco du├žu liburu hunetan conprenitcen direla arrutac, lecoac, ├žundac eta marea contubac, eta entrada e├žagut├žac halturac hala nola, Lebantecoac, Espainniacoac, Franciacoac, Bretaniacoac, Normandiacoac, eta Picardiacoac, Flandrescoac, Angueleterracoac, Irlandacoac, Escosiacoac eta Ternubacoac”.

Liburua, berez, aholku eta ohar bilduma da. Porturik portuko distantziak ematen ditu eta horretarako kostaldeko ito geografikoak hartzen ditu erreferentziatzat. Portuetako bokalik onenak erakusten ditu kaiaratzeko, moilaratzeko, eta leku arriskutsuez ohartarazten du, non dauden hareatzak, arrokak eta urtaroa zein den haizetatik nola babestu. Atal bakoitza arruta jakin batek betetzen du, distantziak, portuko sarrerak, ur sakonera, mareak eta leku bakoitzeko haize nagusiak aipatuz.

Arauekin batera liburuak marea, gradu, eguzki eta guardia taulak ematen ditu. Interesgarria oso XVII. mendeko itsas nabigazioa zertan zen jakiteko.

BIBLIOGRAFIA

Liburu hau da ixasoco nabigacionecoa/Martin de Hoyarzabalec egi├▒a francezes; eta Piarres Detcheverry edo Dorrec escararat emana, eta cerbait guehiago aban├žatuba. (ed. faksimile) Txertoa, Donostia, 1985.

MICHELENA, L. (1988): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

URKIZU, P. (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madrid.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus