Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ARANBARRI, IÑIGO

(Azkoitia, 1963)
Asier Barandiaran

Egungo beste euskal idazle batzuen antzera, irakaskuntzan dihardu institutu publiko batean. Beste euskal idazle askoren antzera, era berean, zenbait aldizkari literariotan aritua eta zaildua izan da: Susa aldizkariaren zuzendaritzan, garai batean, eta Susa argitaletxeak sorturiko Bazka aldizkarian, gerora.

Poesiak eman zion, baina, Iñigo Aranbarriri idazletzat kontsideratua izaten hasteko txartela. 1986an, 23 urte zituela kaleratu zuen lehenengo poesia-lana: Jonas Poisson (Susa, 1986). Felipe Juaristik liburu horren sarreran esaten duenez, “Poema hauek hanka bat, ahulena, Biblian daukate, eta bestea, gotorrena, zineman”. Eta horrelako klabeak behar eta beharko ditugu Iñigo Aranbarriren poesiara hurreratzeko. Hurreratzeko diot, eta ez ulertzeko, horretarako ez baitaude idatziak bere testuak. Izan ere, irudimen handiko testuak dira, surrealismoaren lurraldean ari dela behin eta berriz, konbentzionala den ororen kontrako erreboltari legez (Kortazar 1997: 384). Kanpotik hartutako irudiekin baino, barnean egositako aldarria dugu, eztanda egiteko sortua, barne bisioez josia, adierazpide abangoardista batera garamatzana. Egiturak badauka berezko esanahia. Jonas pertsonaia biblikoaren balea barruko hiru egunak dira poemategia zedarritzeko aitzakia, garapen jakin baterako esparrua emanik eta balea gizartearen sinboloa izaki.

Bigarren poesia liburuak bide hermetiko beretik jarraitu zuen, nahiz eta erreferentzia kulturalista anitz lagatzen dituen han-hemen, oskola baten zirrikituak bailiran, irakurleari (eta ikertzaileei) pentsarazteko, lan eragiteko. Dortokak eta elurrak (Susa, 1989) liburuari buruz ari gara. Dortokek oskola dute… eta memoria handia. Literaturak berak ematen dio Aranbarriri poesia egiteko materia. Metaliteratura hori eginez, oroimenari eragiten dio, ez tradizioari jarraipena emateko, ezpada bere poesia pertsonala egiteko: material haiek baliatuz norberarekiko abandoardista izatearren. Dortokaren irudia aurreneko liburutik datorkion joera zoomorfiko baten jarraipena da. Iñigo Aranbarriren bestiarioa esanguratsua da, eta aberatsa. Lekuak ere sare kulturalista propioa osatzeko baliagarriak zaizkion elementuak dira, barne-bidaia poetikoaren adierazle direlako, batetik, eta bere mapa sentimental sarritan mingarriaren berri ematen dutelako, bestetik.

Iñigo Aranbarriren lituratura-gaitasuna ez da poesiarekin agortzen, baina. Poesia-liburu bion ostean nobela bat karrikaratu zuen 1994an: Emon biar yako (Susa). 1960ko hamarkadan kokaturik dago eta bertan Julen Azkue editore eta inprimatzailea dugu protagonista. Iñigo Aranberriren nobela alorreko opera prima horretan ez du edonolako prosa erabiltzen. Oso trinkoa da, elipsiz beteta, irakurlearen esku utzirik esaten ez dena, asma dezan. Elipsirako joera horrek garai bateko zentsurapeko komunikazio hautsia ematen du aditzera, eta horrela lortzen du garai bateko euskal literaturaren jardunaren inguruan omen zegoen zentsurarekiko beldurra edo jokaera. Bide batez, giro ilun eta bakartua islatzen da, adierazi nahi eta ezinak sortzen duen ezinegona areagotuz.

Emon biar yako nobelan bezala, denboran atzera egitea ez da hutsala Iñigo Aranbarrirengan. 1996ak Gerraurreko literatur kritika (Bilbao Bizkaia Kutxa eta Labayru Ikastegia) izeneko lana kaleratu zuten Koldo Izagirrek eta biek. Biek kaleratu zuen, halaber, Juan Bautista Bilbao “Batxi” idazle erdi ahaztuaren Hau mundu arrano hau (Susa, 1997). Arnasa hartzen eta arnasa botatzen ari delako seinale ditugu lan horiek. Antzematen da oso kontuan hartzen dituztela (Iñigok zein Koldok) euskal tradizioan izandako egileak eta, batez ere, euskal literaturaren kritikak egindako ibilbidea. Esaterako, Gerraurreko literatur kritika-n arreta berezia eskaintzen zaio Pizkundue mugimendukoek poesiaren funtzioaz zuten ikuspegiari. Orduko abangoardistak inspirazio-iturri bilakatzen direla ematen du, ez egiten zutena XX. mendearen hondarrean berriro ere egiteko, ez bada haien jarreretatik eta ekarpenetatik ondo datozkiena bereganatzeko.

Sasoi hartan beste arnasa-hartze bat izan zen, Chiapas aldera egin zuen bidaia. Han ikusi eta ikasitakoez dihardu Zapata-ren oihana (Susa, 1997), baina ez horrenbeste bere aldeko iritziak inposatuz, baizik eta koadroaren argi-ilunak agerian utziz, eszeptizismorako tartea beti presente izanik.

Prosazko liburuon ostean, hirugarren poesia-liburuaren txanda etorri zen: hurrengo urtean, 1998an, Harrien lauhazka argitaratu zuen, liburu hori berori egiteko “Joseba Jaka” beka jaso ondoren. Poesiaren suziria ez zeukan itzalita 1989an Dordokak eta elurrak idatzi zuenetik. Gai nagusia aberria den arren, nahiago izan du gai hori lurraren ikuspuntutik edo kontzeptutik landu. Aurreko poesia liburuak baino modu eta hizkera gertuagoan landuta daude bertako poemok. Gabriel Arestiren sinboloa berenganaturik, agian, harria da lur (aberri) horren irudi zehatz eta poetikoa, eta bere azal lakarrean etika eta sena nahasian itsasten dira, goroldioa legez. Lurrean kokatutako lekuak dira berriro ere barne- eta kanpo-bidaiaren imajina, harrizko aberri horren inguruan bueltaka. Hala ere, irudiek aurreko poesia-liburuetan baino “bidaia” laburragoa egiten dute, gardenagoak dira eta aurrekoetan ez bezala, berbaldi poetikoaren erritmoa eta musikaltasuna nabarmentxo ageri zaizkigu.

Poesiaren aro bat itxita geratzen da Harrien lauhazka agertu ostean. Ondorenean saiakeraren aroa datorrela ematen du. Lau obra etorri ziren jarraian: Gure mendea (Argia, 2000), Hitzak eta giltzak (Alberdania, 2001), Loiolakorik ez balitz (Uztarria, 2005) eta Hizlandia (Susa, 2006).

Gure mendea-n, auzolanean edo, XX. mendearen halako kronika bat egiten du. Anekdota hutsetatik abiatuta, mendearen kronika zorrotzak eraikiten ditu. Koldo Izagirrek euskal literaturarekiko duen jarreraren antzerakoa dauka azkoitiar honek. Harekin lan batzuk egindakoa da, eta hark bezala, honek ere “euskararen gorputz hilean eta bizian barrena sakabanatuak ditugun ontzurreak bildu eta aztertzea” du gogoko. Horrelako zerbait egiten du Hitzak eta giltzak lanean: gogoeta eta azterketa iradokigarri batzuk egiten ditu zenbait hitz eta kontzeptuaren inguruan, gertuko eta urrutiko errealitate sozial eta kulturala testuingurutzat hartuta. Izan ere, elkarrekin egindako lanak gustuko dituela igartzen da. 2005ean kaleratutako Loiolarik ez balitz Jose Luis Otamendirekin batera egindako lana da. Loiolaren inguruan, batez ere Azpeitia eta Azkoitian mendeetan zehar izan den literatura uztaren azterketa egiten dute bertan. Ez da testuen antologia hutsa. Testu bakoitzari estudio bat datxekio eta horrek aberasten du liburuaren ekarpena. Beste hats-hartze bat. Hizlandia ere beste liseriketa-saioa dugu, kasu honetan prentsatik datorkigun hitz-uholdearena. Berria egunkarian 2004-2006 urteen artean Aranbarrik idatzitako artikuluen antologia da.

Saioaren aroa (edo aro bat, behintzat) igaro ostean, nobelari eutsi zion Aranbarrik bere Zulo bat uretan-en (Susa, 2008). Intriga sorraraztea ez da txantxetako gauza eta idazle osoa delako froga izan daiteke nobela hori. Itoitzeko urtegia egin behar zela eta, ubide hartako herrixkak biztanlez ez ezik, hildakoez ere hustu behar dira. Beraz, kanposantuko hezurrak identifikatzen ibiliko dira batzuk. Imanol kazetaria, berriz, istorioaren fikziozko narratzailea dugu. Memoria historikoaren gaian (azken boladan, modakoa) mugitzen da istorio hori, Gerra Zibileko eta gerra osteko zenbait pertsonaiaren ahaztura baitago jokoan, urtegi berriaren mehatxupean.

BIBLIOGRAFIA

FERNÁNDEZ, José Jabier (1990): “Poesiarik gabe bada maitasunik” in Euskaldunon Egunkaria. 1990-03-27.

JUARISTI, Felipe (1986): “41 poema salbatu zituen naufragoa” in ARANBARRI, Iñigo (1986): Jonas Poisson. Susa. Zarautz.

KORTAZAR, Jon (1997): Luma eta lurra. Bilbao Bizkaia Kutxa & Labayru Ikastegia. Bilbao.

KORTAZAR, Jon (zuz.) (2006): Egungo euskal poesiaren historia. Euskal Herriko Unibertsitatea. Argitalpen Zerbitzua. Bilbao.

ROJO, Javier (2008): “Hezurren aldarria” in El Correo. 2008-05-31.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus