Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

JOXE AUSTIN ARRIETA

(1949-)
Fco. Javier Rojo Cobos

Joxe Austin Arrieta joan den mendeko azken bi hamarkadatan (trantsizio garaiko nobelagintzan kokatzen du Aldekoak –Aldekoa 2004–) euskal literaturaren erreferentzi puntu ezinbestekoa bihurtu zen. Hasteko esan behar da orotariko idazlea dugula, literaturaren aldetik gehienetan nobelistatzat hartu izan bada ere, bere literatur produkzioan narrazioak, poemak, nobelak eta saiakerak aurki baitaiteke. Edonola ere, batez ere nobelagile eta itzultzailea den aldetik jaso du onespena.

Hauexek dira, alor desberdinetan argitara eman dituen jatorrizko idazlanak:

Nobelaren arloan:

  • Abuztuaren 15eko bazkalondoa (1979)
  • Manu militari (1986)
  • Terra Sigillata (2008)

Narratiban:

  • Bidaia-Termitosti (1978)
  • Labur aroz (1997)

Olerkian:

  • Arrotzarena – neurtitz neurgabeak (1983)
  • Bertso-paper printzatuak (1986)
  • Mintzoen mintzak (1989)
  • Graffitien ganbara (1996)
  • Orbaibar (2003)

Saiakera:

  • Berriro eta behin (euskara dela eta) (2013)

Ikus daitekeenez, literatura produkzioan poema liburuak nabarmentzen dira kopuruaren aldetik.

J.A. Arrietaren literatura produkzioan agertzen diren ezaugarri nagusiak direla-eta, euskal nobelagintzaren alorrean nabari daiteke idazle honek generoa berritzeko ahalegina erakusten duela, XX. mendeko literatura-joera modernoak euskal literaturan txertatuz, hori bai, oinarrizko kezka etikoak baztertu gabe. Gauzak horrela, Heinrich Böll-en Pailazo baten aburuak bezalako idazlan baten presentzia nabaritu daiteke lehenengo nobelan (Kortazar 1980). Bestaldetik, inguruko literaturetatik osagaiak hartu eta intertestualitate joko konplexuak egitea bigarren nobela (Manu militari) eraikitzeko ardatz bihurtzen da. Olaziregiren ustez, intertestualitate joko hau hasieran erakargarria suertatzen da baina berehala bihurtzen da irakurlea galtzen deneko labirintoa (Olaziregi 2002, 103).

Poesiaren alorrean, bestaldetik, euskal tradizioan oinarrituta poesia modernoa egiteko asmoa nabarmentzen da.

Idazle honen beste kezketako bat hizkuntza izan da, euskara bera, euskararen kalitatea alegia. Eta alde honetatik aipagarriak dira idazle honen eskutik sortu diren itzulpenak. 1985.ean M. Yourcenar-en Hadrianoren oroitzapenak liburuaren euskal bertsioa berari esker etorri zenean, erakutsi zuen euskara literatura hizkuntza malgua eta aberatsa izan zitekeela, inguruko literatura hizkuntzen parekoa. Itzulpengintzaren alorrean eskaini duen azken emaitza, hori ere tour de force moduan ulertu behar duguna, Proust-en Denbora galduaren bila osatzen duten liburuena da. Izan ere, 2010.ean Swann-enetik izenburuko atala argitaratu zen, berriro ere Arrietak bere idazketa aberats eta malguaren froga utzi duelarik.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 200-206. orr.

KORTAZAR, Jon (1980): “A. Arrietaren Abuztuaren 115eko bazkalondoa“. Jakin 17-18 znb. 117-123 orr.

OLAZIREGI, Mari Jose (2002): Euskal eleberriaren historia. Labayru Ikastegia, Amorebieta-Etxanoko Udala. Bilbo. 101-103. orr.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus