Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ATXAGA, BERNARDO

(Asteasu, 1951)
Jon Kortazar

Joseba Irazu Garmendia, Bernardo Atxaga, 1951eko uztailaren 27an jaio zen Asteasu herrian. Aita arotza zuen, eta ama inguruko herrietako maistra. Amaren irudiak itzal handia izan du egilearen literaturan, bai irakasleen irudia agertzen delako, bai amaren irudiak zer esan handia eman duelako bere fikzioan.

Bernardo Atxaga ezizena, dirudienez, arrazoi bigatik hartu zuen egileak: alde batetik, euskaraz idazteak arriskua ekar zezakeen garaietan, identitatea ezkutatzeko modu bat zen; beste alde batetik, abangoardiari omenaldi egitea ere omen zen. Dena dela, ezizenaren jatorriaz bertsio desberdinak zabaldu ditu idazleak: lehenbiziko idazteko makina utzi omen zion pertsonaren oroigarri gisa hartu omen zuen Bernardo izena, eta Atxaga, berriz, eskolako adiskidea zuen haurtzaroko lagun hari omenaldi eginez. Hala ere, Jose Irazu Garmendiak benetako abizena omen du Atxaga.

Asteasun jaio bazen ere, Asteasutik Andoainera joan zen bizitzera familia, eta herri horretako liburutegian zaletu omen zen irakurtzera Bernardo Atxaga: han ezagutu zituen, haur eta gazte literaturako idazleez gain, literatura unibertsaleko idazlerik handienak.

Batxilergoa Donostiako La Salle ikastegian egin zuen, Koldo Izagirre ere ikastetxe berean zela. Beraz, ikaskideak izan genituen idazle biak. Bada, hantxe hasi zen Atxaga eskolako lanak idazten eta eskola mailako lehen sari literarioak irabazten.

1968 urte miresgarri eta mitikoko urrian heldu zen Bilbora lehen aldiz egilea, eta Sarrikoko Ekonomia Fakultatean hasi zituen unibertsitate-ikasketak. Garai hartan Sarriko eztabaida kulturalen eta politikoen gune genuen. Txabi Etxebarrietak, adibidez, 1967an bukatu zituen bere ikasketak fakultate hartan. Ikastegian maiz agertzen ziren aldizkariak, literarioak zein politikoak, eta, halaber, pentsakizunaren aberastasuna maiz agertzen zen asanbladen eta ekintza kulturalen bidez. Bernardo Atxaga garai hartan Ramon y Cajal kalean bizi zen, Deustu auzoan. Laster hasi zuen Bilboko idazleekin harremana; ezaguna da Gabriel Arestirekin (1933-1975) izan zuen harremana, eta, gutunen bidezkoa izan bazen ere, erabatekoa izan zen.

1971ean Valladolideko Francisco de Cossío Saria irabazi zuen, El Norte de Castilla egunkarian argitaratu zioten “Los que anhelamos escribir” deitu zuen artikuluaren bidez. Artikulu horren izenburuak oso ongi adierazten du zer nahi zuen Bernardo Atxagak.

Aresti Bilboko poetak Euskal Literatura 1972 liburuan Borobila eta puntua antzertia argitaratu zion Asteasuko idazle hasberriari. Ale berean da haren beste lan bat ere: “Oskar edo nola egin behar den publizitaterako prospektu berri bat”. Izenburu horretan irakurtzen denez, Atxagaren literaturan esparru desberdineko moduak biltzea zen helburu nagusia. 1973an Ekonomikako ikasketak bukatu zituen, eta Madrilera joan zen soldadutza egitera. Garai horretan hasi zuen Ziutateaz liburuaren idazketa. Liburua urte batzuk beranduago argitaratu zuten, 1976an hain zuzen ere. Madrilen izan zen artean, anaia Atxagaren anaia bi kartzelaratu zituzten, arrazoi politikoengatik.

Abangoardiako joerari loturik dauden Ziutateaz eta Etiopia liburuekin lotzen da maiz egilea, eta ez da zalantzarik obra biotan abangoardiak eta esperimentalismoak utzitako aztarna nagusi dela. Autopoetika batean, Atxagak adierazten zuen berea “pop” kultura lantzea izan dela; kultura horrek era berean jokatu du alde “esperimentalarekin” –berritasuna ekarri duen neurrian, gizartearen aldaketaren alde egin duen ahaleginagatik– eta “popularra” izateko gogoarekin, biak orekan, biak batera onartuz.

1975ean, bere bide literarioari hasiera eman baino lehen, Andoainera itzuli zen Atxaga, eta Koldo Izagirrerekin eta Ramon Saizarbitoriarekin batera Ustela aldizkaria jarri zuen martxan. Aldizkariak hiru ale besterik ez zituen argitaratu, eta hirugarrena agertu zenerako Atxaga Bilbon zegoen, proiektutik kanpo. Sasoi hartan banketxe batean hasi zen lanean, baina laster utzi zuen lana: Bilbora itzuli eta idazle profesional gisa hasi zen; artean mila lanbide desberdinetan ari zen: gidoilari, euskara-irakasle Txurdinagako Institutuan, etxeetan eskolak ematen (Ainhoari, adibidez, Portugaleten)… Egileak inoiz adierazi izan duenez, aseguruak saltzen ere ibili omen zen Bilboko auzokoetan barrena.

1977an Pott aldizkaria jarri zuen martxan Bilbon. Aldizkariaren partaide izan ziren Jimu Iturralde, Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorika, Manu Ertzilla eta Jon Juaristi. Sei ale atera zituen 1977ko eguberrietatik 1980ko ekainera. Aldizkariak literatura autonomoaren alde egin zuen izandako bizitza laburrean. Aldizkariak sorturiko zorrak –batez ere Pott tropikalak ekarri zituenak– kitatzeko asmoz, Bernardo Atxaga ipuin lehiaketetan aurkezten hasi zen, bai eta zenbait sari irabazten ere. Gaien zein inpresioaren aldetik ahalegin ikaragarria egin ondoren, 1980an aldizkaria desagertu egin zen: Atxaga Bartzelonara joan zen Filosofia karrera egitera, Jimu Iturralde Ondarroako institutua utzita Donostiara joan zen irakastera, Ruper Ordorika musika munduan murgildu zen, eta Joseba Sarrionandia kartzelan sartu zuten.

1978ko bukaeran Etiopia poesia-lana eman zuen argitara Santutxuko liburu-denda baten adierazpide fiskala erabiliz. Etiopia liburuak euskal literatura garaikidean izugarrizko garrantzia izan du. Abangoardia guztietan gertatzen den bezala, zinemak garrantzi handia du liburuan, eta ez bakarrik gai gisa edo topikoen iturri gisa: ez da hori soilik, zinemaren sintaxiak eratzen du poesia hori.

“Batetik, begiradaren azpian kokatzen den poesia da, ikusten dena hartzen du kontuan, eta begiradak ikaragarriko pisua hartzen du lanean, eta horretatik datorkio irudiaren garrantzia. Hizkera poetikoaren gunea ez dago metaforan, esaldiak, eta aditzak, sortzen dituzten efektuetatik dator berritasuna.

Bestetik, zinemak joskera berezia du. Zatia, fragmentua, da bere unitatea, eta unitatea txikiak bilduz sortzen da poemaren haria, horregatik paralelotasunak osatzen du poemaren batasuna, eta harekin batera yuxtaposizioak, esaldien erkaketak, bata bestearen atzetik joateak, eta lotura irakurlearen gogoetan gertatzen da. Joskera horretan, esaldi nagusiak paper berezia jokatzen dute esanahiaren, mezuaren indarra bere baitan baitago, haiek baitira adierazpenaren oinarri.

Euskal literaturan tradizio berri bat osatzera zetorren liburua, osotasun klasikoa hautsia ikusten zuelako, eta beraz, pentsatzeko era berri bat eskatzen zuelako: Unean, eta zatian oinarritua” (Kortazar, 2003, 72).

Liburuak, dena dela, ezaugarri nagusi bi ditu: batetik, abangoardiaren indarra adierazi zuen, eta, era berean, haren bukaera sinatu; bestetik, Afrikara begira egindako liburua zen, ez soilik Rimbauden irudiak hartzen zuelako izpi nagusia, baizik eta urte batzuk lehenago (1974an) Etiopian egindako gerrak oihartzun handia utzi zuelako testuan. Azken batean, Bernardo Atxagaren literaturaren lotura-hari nagusia Afrikan jarritako ardura da. Etiopia liburuarekin hasi, eta hor daude Zazpi etxe Frantzian zein Lezio bat Ostrukari buruz (1994) edo Afrikari eskainiriko Erlea aldizkariko 4. alea (2011), Afrikan sufritzen den esplotazioaren aurkako salaketa gotor gisa, horra hor, hortaz, Atxagaren literatura konprometitua.

1979tik aurrera, Bilboko marrazkilaria zen Juan Carlos Eguilleorrekin batera album zoragarri batzuk argitaratu zituen, eta haur literaturan lehen pausoak eman zituen: Nikolasaren abenturak eta kalenturak (1979), Ramuntxo detektibe (1979). Bide horretatik Erein argitaletxearekin kolaboratzen hasi zen, bai haur literaturaren alorrean (Chuck Aranbarri dentista baten etxean, 1982), bai gazte-literatura gisa agertu ziren Sugeak txoriari begiratzen dionean (1983), Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian (1984) liburuen bidez.

Atxaga 1983an itzuli zen Bartzelonatik Euskal Herrira, eta 1984an Jimu Iturralderekin batera beste literatur-talde bat sortu zuen: Akademia Sekretua. Akademia Sekretuaren Egutegia izan zen haien emaitzarik garrantzitsuena.

Pixkanaka-pixkanaka, Bernardo Atxagak Obaba eremuko literatura osatu zuen: zubi lana Bi anai (1985) nobela fantastiko-miresgarriak egin zuen.

1988an Obabakoak lana agertu zenean, lur ikara handia gertatu zen da euskal literaturaren munduan. Izan ere, liburua aurreko hamar urteetan osaturiko lanen bilduma dugu. Haren eragina handitu egin zen hurrengo urtean Espainiako Narratiba Saria jaso zuenean; ordura arte ez zen halakorik gertatu euskal literaturan, eta bat-batean bazirudien euskara mundura jalgi zela, Etxeparek nahi zuen bezala.

“Es una obra formada por una red de historias que tienen el común denominador de situarse en una geografía literaria”.

Horra hor liburuaz Atxagak emandako definizioa. Oso zaila da Obabakoak bezalako lan nagusi bat hemen dugun espazioan aztertzea, baina egin dezagun haren nagusitasunerako hurbilpen bat zenbait zertzeladaren bidez.

Batetik, generoaren kontua dugu. Dagokiguna ez da nobela, ez eta ipuin-bilduma soila ere, beste zerbait da: historien ehuna. Atxagak adierazi duenez, alfonbraren metafora erabil dezakegu guk ere: alfonbra baten haritik azpitik lotuak agertzen dira, kanpoan beste irudi bat agertu arren. Horrela landu du Atxagak liburua: azpitik hari guztiak lotuz osotasuna eman arte, azpitik loturik daude lanaren forma guztiak.

Geografia mitiko bat osatu du Atxagak. “Obaba” izena haurtzaroko lo-kanta batetik dator, eta, beraz, haurtzaroko mundua adierazten du. Baina geografia mitiko horren puntu bat besterik ez da. Haurtzaroko mundu mitikoa da, baina baita ere hiria presente ez den mundu batekoa, baso-mundukoa, arrazoiarekin soilik bizi ez den mundu baten agerpena. Gainera, kontaketaren mundua ere bada. Villamedianako geografiak, berriro landa-geografiak, historien agerpena errazten du. Idazkera ahalbideratzen.

Askotan adierazi izan denez, fantasia-literaturaren azpian, kausalitate magikoa dago, nobela errealistaren kausalitate logikoarekin hautsi duen mundu ikuskera, alegia. Kausalitate magikoan, antzekotasunek edo kointzidentziek, “benetako” kausak beste garrantzi dute” (Kortazar, 2003, 80-81).

Sari asko jaso zituen liburuak: Kritika Saria, 1989; Espainiako Narratiba Saria, 1989; Euskadi Saria, 1989; European Literay Prize Sarian finalista, 1990; Millepages Saria, 1991; Trois Couronnes Saria, 1995. Lana 26 hizkuntzetara itzuli izan da.

Urte berekoa da Henry Bengoa Inventarium (1988) hibridoa, literatura bera liburutik kanpo zabaltzeko ahaleginaren etsenplu nabarmena. Bernardo Atxagak garbi izan du beti literatura ezin dela liburuetan soilik geratu, eta horregatik saiatu izan da literatura beste arlo batzuekin lotzen: artearekin (Zumetarekin loturak), musikarekin (Ruper Ordorikarekin eta Xabier Muguruzarekin kolaborazioak, Mikel Laboarekin izan dituenak ahaztu gabe), bideoginzatrekin… Halaber, hibridoen generoetan kokatzen dira hain ezagunak izan ez diren Lezio berri bat ostrukari buruz (1994), Mendian gora (1996) eta Groenlandiako lezioa (1998).

1990an lan-jarrera aldatu egin zuen Atxagak, Donostiako Uda Ikastaroetan egindako hitzaldi batean estetika aldatzera zihoala adierazi zuen. Abangoardiako literatura alde batera utzi eta askoz ere literatura zuzenago baten alde egin zuen gerora. Literatura zuzena alde bitatik: irakurtzeko errazagoa, eta gaurkotua, historikoki Euskal Herriak bizi zuen egoerari aurre eginez.

Urte hori garrantzizkoa izan zen, egileak estetika aldatu zuen, bai eta bizilekua (Gasteiz aukeratu zuen bizitoki) eta argitaletxea ere: Behi euskaldun baten memoriak, Espainiako Gerra Zibilaz egin zuen saioa, 1991an agertu zen Iruñako Pamiela Argitaletxean. Hala ere, ez zuen guztiz eten Erein argitaletxearekin. Hortxe agertu ditu gero ere haur-literaturako pertsonaietan oinarrituriko serieak: Siberiako ipuin eta kantak sorta 1982an hasi zuen; Bestalde, Astakiloen sailari 1987an eman zion hasiera Elkarren. Era berean, lehenago Markoni deitzen zen txakurra (1995) Xola bihurtu zen urte berean beste edizio batean; eta, Banbulo, aldiz, 1998. urtean jaio zen.

1990ekoa da Etiopiako poemez eta beste poema batzuekin osaturiko Poemas & Híbridos lana. Visor etxeak argitaratu bazuen lehen aldiz, Plaza y Janés etxeak argitalpen oso zabal bat egin zuen ondoren. Poesiaren alorrean Bernardo Atxagak eman duen orain arteko azken emaitza Nueva Etiopía deituriko lana da, hori ere hibridoen artean koka dezakeguna. Bertan, alde batetik, Bernardo Atxagaren testu musikatuak daude, eta haien letrak, Etiopiakoak izan ala ez izan, kantariek eurek abestuak. Bestetik, garai desberdin eta molde desberdinetako testuak biltzen dira, liburukia eta CDa batera ematen zituen ahalegin horretan. 1991ean Garziarena aldizkariaren proiektua jarri zuen martxan Atxagak, eta bertan aritu ziren Jimu Iturralde, Ruper Ordorika eta Javier Muguruza, besteak beste.

Bestalde, horrela sortu zen Atxagaren trilogia nagusia: Gizona bere bakardadean (1993), Zeru horiek (1995) eta Soinu jolearen semea (2003). Trilogiaren asmoa garbia da: euskal errealitatean murgildu eta irakurleari gatazkari buruzko irudia eskaini. Bizi den –duen– mundua du gai nagusi egileak, eta 1991ean egindako estetika-aldaketak eman zion nagusitasuna Bernardo Atxagak egin nahi zuen euskal gizartearen argazkiari.

“Ekintza Bartzelonatik hurbil dagoen hotel batean kokatzen da, kartzelan egondako eta organizazioa utzia duten lau euskaldun dira hoteleko jabe, eta haietatik batek, Carlosek, onartzen du organizazioko lagun bi babestea, nahiz eta jada urrunduta dagoen organizaziotik.”

(Kortazar, 2003, 83)

Anbiguotasunez beteriko joerak Carlosen galera dakar, nobelaren amaierak berriro errurik gabekoen heriotzara dakar, eta inoiz bukaera hori irakaspen gisa ulertu izan da: Carlosek errua duenez, bukaera txar bat dagokio, hain zuzen ere, bere bizitzan organizazioa guztiz utzi ez izanagatik. Ezagunak dira nobelaren barnean erabilitako zenbait teknika berezi: Carlosen barneko hiztunen agerpena, John Bergerrek egin zuen bezala, edo zinematik harturiko zenbait eszenen tratamendua (adibidez, eulia edalontzi baten barnean itotzen denean.

Bernardo Atxagak hitz hauekin adierazi izan du liburuaren asmo nagusia:

“Nire bizi-esperientzatik hurbil daudenei buruz hitz egiten dut nobela honetan, eta pertsonaiak berak ere neurri handi batean errealitatetik hartuak dira, bereziki 1968ko maiatzaz geroztik mundura ireki zen gazte jende ilusionatuaren esperientzia, hogei urteren buruan ilusioa galeraren setioan eroriz joan direnak.” (Diario Vasco, 20-03-94)

Zeru horiek nobelak betetzen du zikloaren bigarren aldia. Hor ere gai errealista bati buruz hitz egiten digu nobelagileak. Irene kartzelatik atera berri den pertsonaia du nobelak ardatz nagusi, erreinsertzio-arauak onartu ditu, eta horregatik irten da kartzelatik. Bartzelonatik Bilbora sei orduko bidaia egin behar du autobusean, sei ordu horiek kontatzen ditu nobelak. 37 urte ditu Irenek eta presio handiak jasotzen ditu bidean: poliziak eurentzako lan egin dezan nahi du. Kinka horretatik irten behar du Irenek, toki estu batean mugituz. Autobusaren erabilpena oso esanguratsua da nobelaren barnean: toki estua da, itxia, mugimenduan ari dena, neurri batean heterotopia bat, eta toki horretatik oroimenen bidez, ametsen bidez edo etorkizunean izango dituen asmoen bidez irten dezake Irenek. Funtsean, pertsonaia bati buruzko nobela berezia eta garrantzizkoa idatzi zuen Bernardo Atxagak.

Hona hemen nola kontatu zuen nobelaren hasiera puntua:

“Un día fui testigo de una pintada: dos jóvenes escribían un nombre en una pared, y luego añadían el calificativo de traidora. Bueno, me dije, aquí está el nuevo tema. Trataría de imaginar la vuelta a casa de aquella traidora […] Creo que lo primero es el personaje. Procuro pegarme a él y seguirle durante un trecho de su vida. Y de ahí sale todo” (El dominical, 21-04-96).

Zeru horiek argitaratu ondoren, zenbait aldaketa izan zituen Bernardo Atxagaren bizitza pribatuak. Zalduondon erosi zuen etxe handia eta hara joan zen bizitzera 1995ean; 1998an lau hilabete egin zituen Emory Unibertsitatean, Estatu Batuetan; bere alabak jaio ziren (1998 eta 2000). 1999an bere ezizenaz nekatuta zegoela esan zuen, eta ezizenez aldatuko zuela: nekadura baten aztarnak ziruditen azalpen horiek. Urte berean Euskadi Literatura saria irabazi zuen gazteleraz agerturiko Lista de locos y otros alfabetos lanari esker. 2002an Eusko Ikaskuntzako Saria jaso zuen.

2003koa dugu Soinujolearen semea. Espazio zabalak agertzen ditu nobelan egileak (Euskal Herria zein Estatu Batuak, San Frantzisko hiria…). Denborari dagokionez ere arnas handia dago: 1936ko Gerra Zibiletik hasi eta gaurko egunetara; nolabait, pertsonaiek gure gizartearen ibilbide historia marrazten dute. Gerra Zibila, ETAren sorrera Obaba herrian, modernitatearen agerpena, pertsonaien aldaketa, organizazioan izandako jokabideak, Bilboko langile borrokak, eta azkenean Euskal Herria utzi eta deserrira doan pertsonaiaren bideak; gaurko gure gizartearen fresko nagusia eskaini nahi da lanean.

Daviden historia kontatzen zaigu Joseba izeneko adiskideak idatzitzako idaztiaren bidez. Davidek aitarekin duen harremana, lehenik, eta, gero, nola konturatzen den aitak errepresio frankistan parte hartu zuela. Era berean, 60ko hamarkadan Daviden kontzientzia pizten deneko bidea kontatuko zaigu, bai eta 70eko hamarkadako bere ekintza politikoa. Nobelaren haria, baina, ETA utzi eta Euskal Herritik joan denean hasten da, euskal diasporaren irudia agertzen delarik nobelan.

Aipatzekoak dira, halaber, nobelaren beste zenbait alderdi. Batetik hurbilketa bat egiten du egileak autofikziora, Joseba adiskide-idazlea Bernardo Atxagaren niaren irudikapena baita. Bestetik, testua testuaren barnean agertzea dugu. Eta, batez ere, Bernardo Atxagak gizartean diren interesak aztertzeko eta idazteko duen maisutasuna ere ageri da. Funtsean, oroimenari buruzko nobela horretan Euskal Herriak bizi izandako historia kontatzen du egileak.

Nobelaren ondoren saiakera bi argitaratu zituen Atxagak: Lekuak (2005) eta Markak. Gernika 1937 (2007). Azken horretan Gerra Zibilak oraindik gure gizartean duen pisuari buruzko arduraz ari da idazlea.

2009an berriro argitaratu zuen fikzio nagusi bat Atxagak: Zazpi etxe Frantzian. Militarismoaren eta kolonialismoaren salaketa nagusi bat da. Nobelak duen tonu poetiko jasoa azpimarratu du kritikak, eta, era berean, toki itxiek duten garrantziaz, Bernardo Atxagaren antzerti sena sortzeko.

Urte horretan, Euskaltzaindiak babesturiko Erlea aldizkari literarioaren abentura jarri zuen martxan Atxagak, zuzendari gisa.

Atxagaren hainbat nobela eraman izan dira pantailetara. Obabakoak liburuan oinarrituriko Obaba filma egin zuen Montxo Armendarizek; Aizpea Goenagak ongi zabaldu ez den Zeru horiek filmatu zuen, eta 2011n Imanol Royok Bi anai pelikula bihurtu du.

BIBLIOGRAFIA

KORTAZAR, Jon (2003): Pott Banda. Bilboko Udala. Bilbo.

KORTAZAR, Jon (2005): Bernardo Atxaga: Basque Literature from the End of the Fraco Era to the Present. Center for Basques Studies. University of Nevada. Reno.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus