Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BUSTINTZA, EBARISTO – “KIRIKIƑO”

(1866-1929)
Miren Billelabeitia

MaƱariako “Etxanoa” etxean 1866ko urriaren 26an jaio zen Ebaristo Bustintza, baina zazpi urteko zela etorkizunean atseden une eta idazki ugariren helduleku izango den herri bereko “Zumelaga” etxera aldatu zen familia. Lehen ikasketak herriko eskolan eginik, Durangon jo zuen gero, eta 1878an familia Almansara (Albacete) aldatu zenez, bertan burutu zuen Batxilerra. Hamazazpi urtez Madrilen dugu bide ingeniari izateko asmoz, baina helburua baztertuz Zientzi Fakultatean burutu zituen Fisika eta Matematika ikasketak. Madrilen ostatuz bizi izan zen, M. Primo de Rivera eta Martzelo Torrontegi kide ziren ikasle taldearekin. Honekin eginiko solasaldiek lagundu zioten euskaltzaletasuna bizten.

Lizentziatu berri SigĆ¼enzan aritu zen Matematika irakasle, 1899an Bilbora itzuli arte. R.M. Azkuek hartu zuen han laguntzaile, Zerutar bat, lehen idazlana argitaratu zion Euskalzale aldizkariko laguntzaile. Aldizkari, egunkari euskarazko lan zein irakasle jardunei eskainiriko astia Gran VĆ­ako “Sociedad Minera de San Antonio de Montellano” lantegian zuen karguaz tartekatzen zuen. Garai honetan ezkondu zen iloba Basilirekin eta Bilbon jardun zuen 1928an MaƱariara erretiratu zen arte. Zumelagan, hartu zuen heriotzak 1929ko urtarrilaren 31n.

XX. mendearen hasiera berritze aroa izan zen batez ere Bizkaian. Politika arloko aldaketez batera, abertzaletasunaren jaiotza, hizkuntzan eta literaturan ere berregitea izan zen eta “Garbizaletasuna”-ren ondorioz testu ulergaitzak sortu ziren euskaldun arruntentzat literatura gutxi batzuentzat geldituz. Bustintza aldaketen gunean izan zen hasieratik, joera berrion lekuko. Sarritan esan da jokabide “garbizale”on salbuespen ia bakarra zela, herriko jendea gogoan hartuta idatzi zuela, baina bada bestelako iritzirik (Laka, 1986, 27) idazlearen herrikoitasuna irakurlego jakin bat erakartzeko dela esanez. Bere literatur hizkuntzaren garapenean, babesle zuen Azkueren itzala ikus daiteke lehen garaian, eta S. Aranaren eskolakoa ondoren. 1919ko irailean hain zuzen, “Euskaltzaindia” eratu berria zela eztabaida biztu zen Euzkadi egunkarian J.M. Oyarbide eta G. Muxikaren artikuluak agertu zirenean erakundea goratuz eta hizkuntzaz harturiko erabakiak bete beharrekoak izango zirela esanez. Gogor erantzun zien Bustintzak, bere iritzi eta irizpideak zituela adieraziz, eta Euskaltzaindiaren erabakiekin kritiko izateko eskubidea aldarrikatuz. 1920an, uko egin zion Azkueren bidez erakundeko kide izateko egin zioten eskaintzari, ez baitzen bere ustez nahiko garbizale eta Sabindarren iritziei lotua.

R.M. Azkuek KirikiƱo Bilbora ekartzeko zuen interesa begi bistakoa da. Lanak lortu eta laguntzaile hartu zuen Euskalzale aldizkarian. Honen egitasmoa, ale bakoitzaren buruan diren irakastaldiek erakusten dutenez, Azkueren hizkuntza eredua zabaltzea zen eta euskaldungo arruntari zuzendutako aldizkaria izanik ere, hizkuntza garbiago bat lortzea. 1902-1903etan, Azkueren aginduz Ibaizabal astekari sortu berriaren zuzendari aritu zen Bustintza. Badirudi argitalpenaren asmoa eredu berria sartzea zela baina pixkanaka eta orduko euskaldungoak ohitura zuen idazkeratik gehiegi urrundu gabe. Esan daiteke hau izan zela idazleak bete nahi zuen egitasmoa, euskaraz irakurtzen ohituegi ez zegoen euskaldungoa erakarri kontakizun umoretsu eta errazen bitartez. Bizkaiko Diputazioak euskarazko eskola bat zuen aldi hartan, han ere jardun zuen euskara irakasle, Azkueren ordez hasieran, eta bere kabuz gero, hogeita lau urtetan.

Baina lanik handiena 1913an “Euzko Alderdi Jeltzalearen ideologiari loturik argitaratzen hasi zen Euzkadi egunkarian egin zuen, “Euskal Atala” zeritzanaren zuzendari jarri baitzuten hasieratik. 1928an utzi zuen arte egunero argitaratu zituen bere lanak eta beste askorenak zuzendu. Aurrerantzean “KirikiƱo” izengoitia erabiliko du “MaƱari”, “Bloa” edo “Boldro” baztertuz.

Baina asko idatzi zuen arren, ez zuen libururik atera. Lan gehienak egunkarietan agertu ziren, eta ipuinak, zatika bada ere, aldizkari eta egunkarietan. Horregatik, oso aipatua zen arren, ezezaguna ere gertatu da. Euskaltzaindiak bost ipuin eman zituen argitara bizkaieraz eta gipuzkeraz 1956an Donostian. Xabier Pereak Euzkadi egunkarian 1913tik 1928ra egunero idatziriko lanak bildu ditu 16 aletan; batzuk, Labayru Ikastegiak kaleraturiko hiru aletan argitaratu dira Bilbon. Baina aipagarrienak Abarrak (Bilbao, 1918), Bigarrengo Abarrak (Zornotza 1930), Abarrak…eta abar (Bilbao, 1966) dira.

Abarrak (1918) bilduman kaleraturiko 21 ipuinek Ibaizabal, Euskalzale eta Euzkadi-ren orrietan ikusi zuten argia. Horregatik agian, gutxienez bertsio bi dituzte gehienek. Hau da Bustintza bizi zela egindako argitalpen bakarra eta arrakasta handikoa izan zela esan daiteke; idazleak berak lanaren argitalpenari egindako hitzaurrean argitzen duen asmoa, “euzkeraz irakurteko zaletasuna” biztea, bete egin zela. Ipuin, gehienek, barregarriek eta egoera barregarriaren bitartez bukaerarako ipuina borobiltzen duten esaldia zein aholkua eskaintzen dutenek, heziketa asmoa azpimarratzen dute. Ez dira egoera-adierazle narrazio laburrak, ekintzak eta ahaleginak dira nagusi, dinamismoa. Horretan ez da elkarrizketak bizitasun erakusle legez duen balioa baztertu behar. Edizioaren hasieran “barru-gitxidunak” zeritzotela dio idazleak, eta egia esan ipuingilea ez da bere testuetan gogoeta luze eta sakonen zale. Argi zuen idazkion helburu herriarentzako irakurgai izatea zela, eta hura ez zegoela trebatua irakurketa sakonak euskaraz burutzen. Ez zuen irakurlegoa etsirik utzi gura, egoerak, kokapenak, pertsonaien deskribapenak oso azaletik aipatzen dira, hasiera neutro eta zehaztugabeak moldatuz. Edukia, pertsonaien egiazko izaera, beren psikologiaren irudipena, egoera aldaketak elkarrizketaren bitartez emango dira. Pertsonaiok bada, hurbileko egingo zaizkio irakurleari, herritar xumeak, ezagun egin daitezkeen pertsonai eta egoerak aurkezten direlako. Tenore honetan, umorea da idazleak irakurlearekin lortu duen etxekotasunaren beste erakusle bat, pertsonaien karikatura itxura agerian utzi eta uste gabekoaren errekurtsoa erabiliz. Bada, hala ere, giza-jokabideari buruzko irakaspena bilatzen duenik. Hauxe da Itziar Lakaren ustez (1986: 29or.) idazlearen saiorik landuena, kontakizuna XIX. mendeko folletinaren eredura hurbilduz.

Bigarrengo Abarrak (Zornotza, 1930), “Euzko Pizkundea”k idazlea hilda gero Jaungoikozale-ren moldiztegian egindakoa, 43 ipuinek eta 3 olerkik osatzen dute. Ipuinek aurreko liburuaren hariari jarraitzen diote; laburrak, barregarriak edo pasadizo antzekoak gehienak. A. Santi Onaindiaren ardurapean bilduriko Abarrak …eta abar (Bilbao, 1966) edizioan aurreko liburu biak eta Euskalzale zein Ibaizabal aldizkarietan agertutako lanak dira. 1980an, berriro S. Onaindiaren ardurapean eta Geu Argitaldariak gauzaturik Abarrak bilduma agertuko da. Baina izenburu hori izanik ere Bigarrengo abarrak dela zehazten da liburuaren lehen orrialdeko izenburuan. Edizio hau, MaƱariako herriak KirikiƱori eginiko omenaldia zela eta osatu zen.

Euzkadi egunkariaren lehen orrian E. Bustintzak luzaroan ateratako “Egunekoa” izeneko zutabearen bilduma da Egunekoa (Bilbo, 1981) liburua. Gaiak ugariak dira: eguneroko gai eztabaidagarriak politika eta euskara tarteko, jaien ingurukoak, Euskal Herriko historia gertaerak, jazoerak… Edo geuk edo inork ez. Euskeraren alde (Bilbo, 1984) aleko idazlanak ere Euzkadi egunkaritik hartuak dira, aberria eta Euskararen inguruan bilduak.

Uste orokorra Bustintzak gai arinak eta irrigarriak erabili zituela bada ere, ez da hau egia osoa. Gai sakon eta Euskal Herritik kanpokoak ere landu zituen. Guda nagusia (1914.1918) (Bilbo, 1989) bilduma da honen adibide. Izenburuak argitzen duenez, liburuaren gorputz Guda Nagusiko kronikak dira.

Gehien landutako generoa narrazioa izan arren, antzerki eta olerkian ere egin zituen saioak. Bigarrengo Abarrak -en hiru olerki dira, eta Euskaltzale- Bazkunak kaleratutako kantu liburuetako hainbat kopla bereak dira: “Ene aberri polit ederra”, “Jagi, jagi”, Santa Ageda koplak…. Zenbait olerkik saria izan zuten: “Fides” 1901ean Bilbon euskal jaietako Lore jokoetan, Migel de Unamuno mahaiburu zela, eta 1924ean Gure Herriak eratutako kopla sariketan aipamen berezia eman zioten “Nai dan lez… Aal dan lez!” olerkiari. Antzerki aldetik, Anton Berakatz bakarrizketa antzeztu zen 1914ean. A. Etxaberen Lelo euskaratu zuen eta J. Elizondoren Txomin Arraio komeria eta A. Barriolaren Meza Barriya bizkaieraz jarri.

Ipuinek lortutako ospearen arrazoi nagusietako batzuk ikusi ditugu: egunkari eta aldizkarietan argitaratuak izatea, idazlea bere kazetaritza testuei esker herritarren artean ezaguna izatea eta irakur zaletasuna piztu nahi izatea, hurbileko egoera arin barregarri eta ulerterrazak aurkeztea… Baina baliabide guztiok alperrekoak zitezkeen erabilitako hizkera itxi eta ulergaitza izan balitz. Neurri baten garbizalea dugu KirikiƱo, baina ez garbizaletasuna zuzen eta estuki jarraitzen duenetarikoa, baizik eta irakurleak duen ahalmen apala kontutan izanik, zuhurki bigunduriko joera garbizalearen erakusle. Ez du irakurle xumea begi aurretik galdu nahi, eta lehen abagunean kikildu nahi, bai ordea jakin-mina eta ikasnahia piztu eta hizkuntzarekiko joera ez oso zuzenak aldatzen saiatu. Bere hizkera beraz, muga horietan ibiliko da, oreka horren lehian. Hainbat hitz berri aurki daitezke, erdal hitzen ordezko, S. Aranaren eraginari jarraituz. Hari honi jarraiki oharrak egiten dizkio irakurleari zailak izan daitezkeen hitzak eta aditz sintetikoen erabilera argitzeko. Honen erabilera esaterako, ugariago ikus daiteke liburuaren azken alderantz, progresio bat jarraituko balu bezala eta bere irakurlegoak ikasi duenaz ziur balego legez.

Irakurleria trebatu nahiak baina ez du bere hizkeraren bizitasuna murriztuko ezta ere irakurlearenganako hurbiltasuna. Ardura nagusia bere lanak garaiko irakurleek ulertzea zen, aitzitik joera “garbizale”z idazten zutenengan hori zen arazorik handiena, literatura irakurlego minoritario batentzat idaztea. KirikiƱok argi eta garbi dio berak bere ingurukoentzat idazten duela, horretan egin zuen ahaleginik handiena. Ipuinok labur eta, itxura baten azalekoak diren arren, benetako gertaera eta fantasiaren arteko nahasketa izanik, maisu-lan txikiak izatera heldu dira idazleak narrazioak egiteko duen etorri eta baliabideei.

Era askotako gaiak aurki daitezke haien artean, baina begikoenak euskara eta Euskal Herriarekin zerikusia dutenak ditu. Euskara eta euskaldunentzat toki eta trataera berezia du. Askok aitortu dute Bustintzak berak bakarrik irakurle gehiago erakarri zituela bere aldian jarrera garbizaleari jarraitu zioten beste idazle guztiek baino. “Orixe”rekin batera euskaraz gehien idatzi duen idazlea da ziur asko, eta, Tx. Agirre kenduta, herrikoiena eta ezagunena. Eragin handia izan zuen bere garaiko gizartean. Irakasle bezala ikasleak euskaldundu eta euskaltzaletu zituen. 24 urtetan bilbotar asko igaro baitzen haren eskoletatik. Irakurleak bere lanak irakurtzera bultzatzeaz gain, gizarte osoan giro bat sortu zuen, Euzkadi egunkariaren euskal atalaren zuzendaria zelarik idazlan guztiak begiratu ohi zituen argitaratu baino lehen eta herrietako idazle askori lotsa kentzen lagundu zion idaztera bultzatuz. Idazle berriengan izan zuen konfiantza eta egin zuen eragile lana agerian geratu zen Bustintza hil ondoren Euskadin eta beste egunkarietan agerturiko artikuluetan.

BIBLIOGRAFIA

AGIRRE J.M. (1981): “Sarrera” in KIRIKIƑO (1981): Egunekoa. Labayru. Bilbo. 9-21 orr.

ETXEBARRIA, Igone (1992): Ebaristo Bustinza Lasuen “KirikiƱo” (1866-1929). Bidegileak. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.

KORTAZAR, J. (2000): Euskal Literatura XX. Mendean. Prames. Zaragoza.

LAKA, I. (1986): “Evaristo Bustintza “KirikiƱo”” in Abarrak. Euskal Editoreen Elkartea. Klasikoak bilduma. Bilbo.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus