Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

JUAN BAUTISTA EGUZKITZA

(1875-1939)
Fco. Javier Rojo Cobos

Juan Bautista Eguzkitzaren bizitzan eta literaturan bi zutabe nagusi agertzen dira, euskalgintza eta erlijioa. XX. mendeko lehen hereneko beste idazle askok bezala, bi oinarri horien gainean eraiki zuen J.B. Eguzkitzak bere ibilbidea, biak bat eginik.

Idazlearen bizitzari buruzko zenbait datu aipagarri aurkitzen dira. Gogoangarriak hauexek: 1875.ean jaio zen Lemoan; Gasteizeko mintegian abade ikasketak egin zituen eta bertan izan zen irakasle; 1904.ean Lekeitiora joan zen eta bertan bizi izan zen zen Gerra Zibila heldu arte; gerran atxilotu egin zuten eta baita epaitu ere, baina azkenean aske utzi zuten beraren kontrako ezer ez baitzegoen; jaioterrian, Lemoan alegia, hil zen 1939.ean.

Erlijioaren eta euskalgintzaren inguruan ardaztutako ibilbide hori azaltzeko Andres Urrutiak sei arlo hauek bereizten ditu (Urrutia 2001: 4):

  • Erlijio idazlea eta itzultzailea
  • Sermolaria
  • Gizarte-auziaren erakustea
  • Euskaltzain osoa eta kultur egilea
  • Etnografoa, ikerlaria eta kazetaria
  • “Jaungoiko-Zale” elkartearen partaidea

J.B. Eguzkitzak euskal letren alorrean egin zuen ibilbidean gehienetan herri xehea zuela helburu, jende arruntarentzat idazten zuen, eta idazlan zein sermoietan hartzaile hari egokitzen saiatzen zen, garaiko idazle askorengan zabaltzen ari zen muturreko garbizalekeriatik urrunduz.

Literaturaren alorretik begiratuta, Urrutiak aipatutako alor horietatik guztietatik hirugarrena nabarmentzen da, Eguzkitzak argitara eman baitzuen Gizarte-auzia izenburuko liburua, Ekin aldizkarian (“Jaungoiko-Zale” elkartearen agerkarian) argitaratutako artikuluetan oinarrituta. Bertan, gizarte arazoak zirela-eta, aita santu Leon XIII.ak elizaren ikuspuntua plazaratzeko argitaratu zuen Rerum Novarum entziklikan agertzen diren ideiak, sindikalismo katolikoaren oinarria izango zirenak, azaltzen ditu.

BIBLIOGRAFIA

EGUZKITZA, Juan Bautista (1990): Gizarte-Auzia. Erein – Euskal Editoreen Elkartea. Donostia.

ERKIAGA, Eusebio (1976): “Eguskitza Meabe, Juan Bautista (1875-1939). Bere bizitza eta lanak”. Euskara XXI. 217-238. orr.

ONANINDIA, Santiago (1976): “J.B. Eguzkitza’ren eleiz-idazlanak”. Euskara XXI. 238-250. orr.

URRUTIA, Andres (1990): “Juan Bautista Eguzkitza Meabe (1875-1939)”. In Eguzkitza 1990: 9-21

URRUTIA, Andres (2001): Bidegileak. Juan Bautista Eguzkitza (1875-1939). Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.

VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Editorial Aranzazu. Oñati. 361-362 orr.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus