Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

AGIRRE, TOMAS – “BARRENSORO”

(Errezil, 1898-Algorta, 1982)
Iratxe Martin

Berri gutxi heldu zaigu idazle gipuzkoar honi buruz, eta heldukoetatik gehienak gaztaro eta gerra zibil garaikoak izan dira. Gazi-gozoak (1933) liburuaren bigarren argitaraldiaren hitzaurreari esker, Agirre eskola onekoa zela badakigu; dirudienez, “Comilas-en ikastaldi luzetxoak egiña da Barrensoro. An ikasi ei zituen latin, greko, erretorika eta filosofia. Aldi aretan ez zan euskal-eskola txarra be Comillaskoa. Orixez gero, an eskolatuak izan dira ainbat euskal-idazle bikain: Oiarzabal, Ibiñagabeitia, Aitzol, Etxaniz eta abar.” (Geu, 1984, VII). Hizkuntzetan gizon trebatua izateak itzultzaile lanetan aritzeko aukera eman zion; horretaz gain, idazle, liburuzain eta egunkari eta aldizkari ugaritan kazetari izan zen, baita Errepublika garaian, Bilboko institutuan Bizkaiko Aldundiak sortutako euskal-katedran irakasle ere. Agirrek berak baieztatzen duen bezala (Estornés, 1968), Comillasen ikasten zebilela olerkigintzarekiko grina piztu zitzaion eta, 1931n Tolosan ospatutako olerki lehiaketan, poeta gisa lehen urratsak eman zituen: aipatutako sariketara hiru olerki aurkeztu zituen: “Jose Miguel Amerika’ra bidean”, “Zein ederra dan kezka-gabeko atsedena” eta “Donosti’ri”. Lehiaketa Jose Mari Agirre Lizardik irabazi bazuen ere, Toma Agirre garaiko euskal poeta onenen artean nabarmendu zen eta, hurrengo urtean, 1932an, Kirikiño-saria irabazi zuen “Amaika nekeen semea dek ogia” artikuluarekin.

Toma Agirrek, euskal prentsarekin dauka lotura zuzena. 1913. urtean sortutako Euzkadi egunkarian artikuluak idazten hasi zen Agirre, Barrensoro ezizenaz. Jeltzaleek Euzkadi egunkaria zuten oinarria. Haren “Euzkel-atala” delakoan Kirikiñok korrespontsale-sare handi bat antolatu zuen, informazioa eta hizkuntz eredu bat eratuz.” (Díaz, 1995, 6). Sare horretako partaide dugu Toma Agirre Barrensoro, gerra aurreko urteetan egunkariko euskal atalaren arduraduna izango zena eta, 1933. urtean, Esteban Urkiaga Lauaxetak “Euzkel-Idazle-Batza” elkartea sortzean, harekin eta M. Ziarsolo Abeletxerekin batera, behin-betiko Bizkaiko hautatuen artean egongo zena.

Euzkadin idatzitako artikuluak, bizkaierazkoak nahiz gipuzkerazkoak, Altzibarrek bere lanean zerrendatzen ditu: “Ideologia gaiak: “Sabin …? Hitler …? Zeñena da berarizko abertzaletasuna?” (Euzk 6315, 1933-3-4). Politika: “Zergatik jeiki gara “fascio”tarren aurka?” (Euzk 7374, 1936-8-14; bizkaieraz). Euskara: “Nora doakigu euzkera? Batu gaitezan euskeltzaleak” (Euzk 6741, 1934-7-18); “Zelan gaizkatu euzkerea?” (Euzk 6741, 1934-7-18); “Euzkeldun Batzoki bat Bilbao’n” (Euzk 7002, 1935-6-5); “Noiz arte idazlientzako zartakoak?” (Euzk 7119, 1935-10-19), “Euzkeraren alde barriro be” (Euzk 6664, 1934-4-18); “Ara emen sagasti loretan” (Euzk 6669, 1934-4-24).” (Altzibar, 2005, 613).

Artikuluetan ikusi dugunez, Barrensoro garaiko egoera eta herritarren kezkak agerian uzten ahalegintzen zen; hala ere, artikulu ideologikoak idazteaz gain, abertzale mota jakin bat kritikatzen duten idazlanak ere argitaratzen ditu euskaragatik zuen arduraren erakusgarri. “Euzkeldun-Batzoki bat Bilbao’n” artikuluan, batzokietan euskara gehiago egiteko eskatzen die jeltzaleei; artikulu horrek Lauaxetaren erantzuna eragin zuen: “BBBko landoletan, Euzkadiko aretoetan eta beste toki gustijetan be, amaikatxu euzkera entzun daruagu (…).” (Altzibar, 2005, 605).

Gerraren ondorioz, gero eta konprometituago agertu ziren Euzkadiko euskal atalean idatzi zuten idazleak: Agirre “Gayak” atalean, gerrari buruzko berriak ematen hasi zen; “… Otxandianok pairatzen zuen erasoaz mintzo zen. Hurrengo egunetan Otxandianoko gatazkaz ezezik, Prietoren hitzaldiaz ere mintzo zen. Nafarroari buruzko aipamenak ere egin zituen Agirrek.” (Díaz 1995: 255). Garai hartan, Euzko aldizkaria argitaratzen hasten da Manu Ziarsoloren zuzendaritzapean; hor ere “Toma Agirre beste aldizkari batzuetan ez bezala ipuinak eta testu literarioak ezezik Euzko-n agertzen zen atalik politikoen eta konprometituenetariko batez, “Langilien arazuak” izenekoaz ere arduratzen da” (Diaz 1995: 91). Hala ere, Sabino Aranaren euskara moldeak erabiltzearen ondorioz, aldizkari honek ez zuen arrakasta handirik izan, eta idazle hauen guztien ametsari aurre egiteko, 1937. urtean Eguna, euskara hutsean idatzitako lehendabiziko egunkaria, plazaratzen da. Egunkariak Bilbo tropa faxistek hartu zuten arte iraun zuena (urte eta erdi eskas). Gerrak behartuta, Eguna Euzkadiren euskal atalaren garapena izan zen; nahiz eta gerrari buruzko idazlanak gailendu ziren, argitaratutako literatur lanak garrantzi handikoak izan ziren. Toma Agirrek euskara trebatu, zorrotz eta arina erabili zuen bere artikuluetan. Errepresioak egunkariaren itxiera bizkortu zuen, eta egunkariko idazle gehienek erbesterako bidea hartu behar izan zuten; haien artean zegoen, noski, Barrensoro. Bilbo utzi eta Sevillara abiatu ondoren, idazteko ohitura ahaztu ezin izan arren, Sevillan bertan negozio ugaritan aritu zen Agirre “andik Afrikara, Canarias eta Portugalera tresnasaltzaille ibili dan aldi guztian…” (Geu, 19984, VI).

Olerki eta artikuluez gain hiru liburu argitaratu zituen Agirrek: Gazigozoak (1933) liburuko idazlan gehienak egunkarietan azaldutako lanak dira; “Liburu horretan 26 orrialdeko ipuin luzea dakar, zazpi ataletan uzitua dan maitetasun istorioa. Jarraian lantxu laburrak eta Walter Scott-en poema bat, Moringer zalduna; hurrena, Barojaren, Papiniren eta Silvio Pellico-ren lanen atalak. Guztia jasean eta irakurterrez. Lanok, gorago adierazo dogunez, euskalki bitan maneaturikoak.” (Erkiaga 1985). Uztaro eleberria 1937an kaleratu zen. Lan horretan, Euskal Herriko baserri giroa islatzen du autoreak eta, Kortazarrek (2003) azaltzen duen bezala, eleberri modernistek dituzten ezaugarri batzuk esanguratsuak badira ere, ohiturazkoen zama handiagoa da. Hirugarren lana, Sevillan eta gaztelaniaz idatzi zuen Agirrek De la angustia a la Paz y al sosiego, 1968an argitaratua, poema, kantu, balada eta sonetoen bilduma da. Bilduma horretakoak dira, kasurako, “Piropo a la sevillana”, “Mari pepa, la de Utrera” eta “Buenaventura de una gitana”.

80ko hamarkadan, azken urteak alabarekin bizitzeko, Toma Agirre Euskal Herrira itzuli eta 1982an Algortan hilko da idazlea.

BIBLIOGRAFIA

AGIRRE’TAR, Toma (1984): Gazigozoak. Geu. Bilbao.

ALTZIBAR, Xabier (2005): “Lauaxeta eta Euzkadi egunkariaren euskal atala”. Euskera. L-2. 559-626.

ALTZIBAR, Xabier (1997): “Etxagerrateak sorturiko Eguna, lehen euskal egunkaria”. Oihenart. 14. 47-56.

DÍAZ NOCI, Javier (1995): “Euskal komunikabideen historia laburra”. Argitaragabea. http: //www.ehu.eus/diaz-noci/inedit/I3.pdf

DÍAZ NOCI, Javier (1995): “Euskal informazio-kazetaritza abertzalea: Euzkadi eta Euzko (1913-1934)”. Uztaro. 15. 81-95.

DÍAZ NOCI, Javier (1995): “Euskal prentsaren sorrera eta garapena (1834-1939)”. Cuadernos de Sección. Medios de comunicación. 5. 8-298. Eusko Ikaskuntza. Donostia.

ERKIAGA, Eusebio (1985): “Gazigozoak”. Idatz & Mintz. 9 maiatza. 31.

ESTORNÉS LASA, Bernardo (1968): Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco. Volumen III, Literatura. Auñamendi. Donostia.

KORTAZAR, Jon (2003): Euskal literatura XX. mendean. Prames. Zaragoza.

ONAINDIA, Santi (1976): Euskal Literatura V. Etor. Donostia.

ZAITEGI, Jokin (1950): “Barrensoro”. Euzko Gogoa. 1 urtarrila. 13-15.

ZUBEROGOITIA, Aitor & ZUBEROGOITIA Pedro (2008): Bertan Bilbo. Bizkaiko hiriburua eta euskara: XX. mendeko historia. Bilboko Udala. Bilbo.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus