Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

YON ETXAIDE

(1920-1998)
Fco. Javier Rojo Cobos

Yon Etxaide Itharte idazle donostiarra 1920. urtean jaio eta 1998.ean hil zen. Idazlea, beraz, gaztea zelarik Gerra Zibilak harrapatu zuen belaunaldikoa dugu, eta bizitza osoan zehar gerra horrek suposatutako etendurak markatuta geratu zen. Izan ere, bere aita Ignacio Mar├şa de Etxaide izan zen, Gipuzkoako integristen buruzagietako bat, gerran altxatu zirenen aldekoa. Yon Etxaidek, ordea, bere burua abertzaletzat zuelarik berarentzat gerra zibila benetan anaien arteko gerra izan zen.

Bere literatur langintza gehiena XX. mendeko 50ko hamarkadan burutu zuen, 1950.etik 1964.era bitartean bere idazlanik garrantzitsuenak argitara eman baitzituen, lehenengo argitarapenen datak kontuan hartuz gero. Eta garai horretako beste idazle askori gertatu zitzaion bezala, orotariko idazlea izan zen. Garaiko aldizkarietan (Egan, Euzko-Gogoa zein Gernika aldizkarietan, adibidez) aldez edo moldez gai historikoez aritzen ziren hainbat artikulu argitaratzeaz gain, literatura genero desberdinetan trebatu zen, itzulpengintzan ere aritu zelarik (adibidez, P├şo Barojaren Las inquietudes de Shanti Andia euskaratu zuen). Edonola ere, nobelagilea izateak bihurtu zuen ezagun euskal literaturan.

Bere idazlan nagusiak besterik ez aipatzearren hauexek dira bere lumatik sortutako idazlanen zerrenda, lehenengo argitarapenean erabili zuen ortografia errespetatuz (kontuan izan Etxaidek argitarapen berriak egiten zituenean era desberdinetako aldaketak egiteko joera zuela, eta ortografia gaurkotu egiten zuela normalean):

Nobelagintzan:

  • Alos-torrea (1950, hurrengo argitarapenetan Usoa Alostorreko izenburuarekin agertuko zena): Lehengo nobela hau egiteko Yon Etxaidek legenda bat hartu zuen oinarri moduan, hain zuzen, Araquistainek idatzitako Gau-illa izenburukoa. Legendan agertzen ziren osagai fantastikoak alde batera utzita, eta argumentuari bai denboraren aldetik bai geografiaren aldetik kokapen zehatza emanez, nobela bat egiten saiatu zen idazlea.
  • Joanak-joan (1955): Pierre Topet Etxahun bertsolariaren bizitzan oinarrituta egindako nobela. Nobela errealista egiteko saio moduan uler daiteke testu hau, non besteak beste pertsonaien grinek berebiziko garrantzia duten. Edonola ere, ez da biografia nobelatua, Etxahunen bizitzari buruzko datuak bere erara erabili baitzituen Etxaidek nobelako pertsonaia eraikitzeko.
  • Gorrotoa lege (1964): XV. mendean kokatutako argumentua du nobela honek. Bertan kontatzen dira o├▒aztarren eta ganboarren artean zeuden borrokak, eta nola borroka horien ondorioz Arrasateren erreketa gertatu zen.
  • Eneko Agerroa (1981): 1981.ean argitaratu bazen ere, aspaldiko proiektua izan zen nobela bat, bere lehenengo proiektua, antza. Idazleak nobela honetan kontatu nahi izan zituen Euskal Herriaren hasierak, argumentua VII. mendearen inguruan kokatuz.

Antzerkigintzari dagokionez hauexek dira bere obrak. Kontuan izan lehenengo aldiz argitaratu zirenean, aldizkarietan agertu zirela, ez liburu moduan:

  • Amayur (1950-1951, Euzko-Gogoa-n): XVI. mendean kokatutako drama historikoa, gaztelauek Amaiurreko gaztelua eskuratzea argumentuaren ardatza delarik.
  • Markesaren alaba (1958, Egan-en, geroko argitarapenetan Markes baten alaba): Itsasertzeko herri batean kokatutako istorioa kontatzen du drama honek, eta bertan ezkontza behartua eta benetako amodioa kontrajartzen dira.
  • Begia begi truk (1962, Egan-en): “Bereterretxeren Kanthoria” izeneko baladaren atzean dauden gertakariak kontatzen dira drama historiko honetan.

Saiakeran:

  • Amasei seme Euskalerri’ko (1958): Euskal Herriko hamasei idazleren biografiak biltzen dira liburu honetan.
  • Etxaide jauna (1986): Aitari buruz idatzitako saiakera. Dokumentu interesgarria da Gipuzkoako integristen giroa ezagutzeko XX. mendearen hasieratik Gerra Zibila hasi arte.

Ipuinak, haur eta gazte literaturaren arlokoak:

  • Purra! Purra! (1’go. liburua) (1953; 1987-1989 urte epean askoz edizio osoagoa argitaratuko zen, sei liburukitan)
  • Pernando Plaentxiatarra (1957).

Ikus daitekeenez, Etxaideren idazlanik garrantzitsuenak 1950.etik eta 1964.era bitartean agertzen dira, hau da, Alos-Torrea-tik Gorrotoa lege-ra doan urte-epean. Epe horretatik kanpo bi obra baino ez dira agertzen, Eneko Agerroa eta Etxaide jauna. Honek ez du esan nahi idazlea geldirik egon zenik, berrargitarapenak egiterakoan behin eta berriro orrazten baitzituen testuak perfekzioaren bila.

Yon Etxaide, batez ere, nobelagilea zen aldetik izan da ezaguna euskal literaturan. Narrazio historikoak egin zituen, baina narrazio historiko horietan molde erromantikoak pixka bat baztertu eta errealismora hurbiltzeko ahalegina egiten du. Edonola ere, bere errealismoan XIX. mendeko literatura errealistaren epigonoak ikusi behar dugu. Argumentuaren aldetik historiara hurbiltzen da idazlea, gertakariak garaiaren aldetik bai geografiaren aldetik ondo zehaztuta. Kontamoldearen aldetik, hirugarren pertsonan eta lehenaldian aritzen den narratzaile orojakilearen presentzia nabarmentzen da. Eta idazleak bere burua narratzaile horrekin identifikatzeko joera zuenez gero, fikzionalitatearen aldetik arazoak sortzen dira batzuetan bere idazlanetan.

Beren nobeletan behin eta berriro agertzen dira konfliktoan dauden alderdiak, konfliktoak maila pribatukoak (familia barruko kontuak) zein publikokoak (gatazka politikoak) izan daitezkeelarik. Konflikto horietan eta eragile moduan grinaren presentzia oso garrantzitsua da. Baina Etxaideren literaturan konfliktoari beti ematen zaio irtenbide bat, kristautasunaren bidez. Bere nobela batzuk “nobela giristino” moduan agertzen dira definituta, irakurleak argi jakin dezan zeren aurrean dagoen. Izan ere, Etxaideren nobelak tesi nobelak dira, non bizitzan sortzen diren arazoak gainditzeko kristautasunaren balioak azpimarratzen diren.

BIBLIOGRAFIA

BEOLA, Ainhoa (1998): Bidegileak. Jon Etxaide (1920-1998), Eusko Jaurlaritza, Gasteiz.

ETXARRI, Joseba (1999): “Yon Etxaideri elkarrizketa”. Jakin 110. urt.-ots. 11-35. orr.

ROJO, Javier. (1999): “Yon Etxaideren idazlanak: historiatik literaturara”, Jakin 110 zenb., urt.-ots., 37-48. orr.

ROJO COBOS, Fco. Javier (2004): Yon Etxaide eta nobela historikoa: Nobela genero honen emaitzak eta mugak, 50eko hamarkadako euskal idazle baten literatur ibilbidean. Doktore-tesia. UPV-EHU. [http://www.euskara.euskadi.net/appcont/tesisDoctoral/PDFak/Javier_Rojo_TESI.pdf]

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus