Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

JEAN MARTIN HIRIBARREN

(1810-1866)
Fco. Javier Rojo Cobos

Jean Martin Hiribarren 1810.ean jaio zen Azkainen eta 1866.ean hil, Baionan. Bere garaiko hainbat idazlerekin izan zituen harremanak, besteak beste, Xaho eta Goihetxerekin. Eta idazle joria izan zen, egin zituen idazlanetako asko argitaratu gabe geratu baziren ere.

Hiru obra eman zituen argitara bizi zelarik:

  • Eskaldunak (1853): Hauxe da bere idazlanik ezagunena. Poema luze bat da (bost mila lerro baino gehiagokoa), non Euskal Herriaren loriak goraipatzen diren. Dena dela, honetaz idatzi dutenek azpimarratzen duten bezala, Mitxelena buru (Mitxelena 2001), ez da poema epiko bat. Bertan bertsolaritzan ohikoa den bertso mota erabiliz, denetarik kontatzen da: pertsonaia ezagunen bizitzak, ohiturak, festak, historia… Emaitza, poema oso luzea, non herriaren apologia egiten den. Hiribarrenek poema honetan, herriaren gorespena egiten duelarik, espiritu erromantikoa agertzen du, berez joera klasikoagoetara emana bazegoen ere (Salaberri 2002).
  • Montebideoko berriak (1853): Hau ere bertsoz idatzitako idazlan bat da, aurrekoaren asmo gorenera heltzen ez bada ere. Montevideorako emigrazioaren aurka idatzitako panfleto moduan deskribatzen du Urkizuk (Urquizu 2000: 215).
  • Eskaraz egia (1858): Besteekin alderatuta, bestelako asmoz egindako idazlana da hau. Villasantek apologetika bezala kalifikatzen du (Villasante 1979: 166) eta bertan erlijioaren inguruko hainbat gaiz hitz egiten da: Jainkoa, fedea, eliza, aita saindua, erlijio desberdinak…

Lehen esan bezala, idazle joria izan zen arren idazlan gutxi argitara eman zituen. Argitaratu gabe geratu ziren horietan, besteak beste, poesiak (Laborariak eta Napoleon Lehena aipatzen ditu Salaberrik –Salaberri 2002: 166–), sermoiak eta hiztegi bat, gero P. Lhandek berea egiteko erabiliko zuena, aurkitzen dira.

Idazle honen literaturaren alderdi apologetikoaz gainera (alderdi hau nabarmena da Eskaldunak bezalako poeman), haren alderdi kritikoa eta ironikoa nabarmentzen ditu Urkizuk, Lafitteren iritziari jarraituz (Urquizu 2000: 315).

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 85. orr.

ARBELBIDE, Xipri (2011): Bidegileak. Juan Martin Hiribarren 1810-1866. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.

MITXELENA, Koldo (2001): Historia de la literatur vasca. Erein. Donostia. 123. orr.

SALABERRI MUÑOA, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia. 165-166. orr.

URQUIZU, Patricio (dir.) (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madril. 314. orr. eta h.

VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Editorial Arantzazu. Oñati. 166-167. orr.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus