Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

FRANTZISKO LAPHITZ

(1832-1905)
Fco. Javier Rojo Cobos

Behar bada, Frantzisko Laphitz izango da euskal literatura hagiografikoaren alorrean aurki daitekeen idazlerik interesgarriena, euskaraz eta literaturari dagokionez oso idazle emankorra izan ez bazen ere. Bere garaian idazle ontzat hartua izan zen, oso estimatua, eta predikatzaile abilaren ospea ere bazuen.

1832.ean jaio zen Arizkunen, Nafarroan, horixe baitzen amaren herria. Dena dela, laster Irisarrira aldatu zen familiarekin, aitaren herrira alegia. Ikasketak ipar Euskal Herrian burutu zituen. 1857.ean apez egin zen eta betharramiten kongregazioan sartu. 1867. urtearen amaiera aldera Ameriketara aldatu zen, hara joanak ziren euskaldunekin lan egiteko. Hasieran Montevideon egon zer eta gero Buenos Airesen arituko zen apez moduan euskaldunen artean, Argentinako bete toki batzuetan ere ibili zelarik. Buenos Airesen bertan hil zen 1905.ean.

Euskal idazle moduan Ameriketara joateak etendura suposatu zion, antza denez sermoiak alde batera utzita euskal literatura idaztea baztertu baitzuen. Hego Amerikara joandako euskaldunen artean, dena dela, euskaraz predikatzaile aritzeaz gainera, haien artean euskaltasuna bermatzen ere saiatu zen.

Euskal idazle moduan, bi dira idazle honek sortutako literatura-lanak:

  • Oderik edo Aita-Sainduaren soldadoa (1862): Olerki historiko bat da, zeinarekin Antoine d’Abbadiek 1862.ean Urru├▒ako euskal jaiak zirela-eta antolaturiko poesia lehiaketan ohorezko aipamen bat merezi izan baitzuen.
  • Bi saindu heuskaldunen bizia (1867): Idazlan honek ekarri zion Laphitzi euskal idazle moduan izan zuen ospea. Bertan era nobelatu batean (teknika tradizionaleko nobeletan ohikoak diren errekurtsoak erabiliz) San Inazioren Loiolakoaren eta San Frantzisko Xabierrekoaren bizitzak kontatzen dira. Bi saindu euskaldunen bizitzak azaltzerakoan Laphitzek kontalari trebea dela erakusten du, irakurlearen arreta eta interesa mantentzeko beharrezkoak diren baliabideak eraginkortasun handiz erabiltzen baitaki, liburua deskribapen bizi eta errazez ere hornitu duelarik. Bestaldetik, Salaberrik liburu honetaz idazterakoan Laphitzek aurkezten duen egitura “kuasiteatrala” azpimarratzen du (Salaberri 2002). Liburu hau nobela izan gabe ia nobela izango balitz bezala irakurri daitekeen euskal literaturako testu berezi horietako da.

Honengatik guztiagatik ez da harrigarria idazle honek eta bere lanak P. Lafitteren laudorioak jasotzea (Villasante 1979).

BIBLIOGRAFIA

ALVAREZ GILA, Oscar (2005): Bidegileak. Frantzisko Laphitz (1832-1905). Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.

MITXELENA, Koldo (2001): Historia de la literatur vasca. Erein. Donostia. 134. orr.

SALABERRI MU├ĹOA, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia. 193. orr.

VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Editorial Arantzazu. O├▒ati. 170-171. orr.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus