Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

MIRANDE, JON

(Paris, 1925-1972)
Amaia Serrano

Jon Mirande idazlea arras ezaguna da Euskal Herrian, dela haren idazlanengatik, dela bizitzari begiratzeko moduagatik. Gurasoak zuberotarrak zituen: aita, Jean Mirande, Garindainen sortua; eta ama, Marie Ayphasorho, Soh├╝tan. Bien bizi maila oso apala zenez gero, lan bila Parisera joan behar izan zuten. Bertan, Maire (1923) jaio zen, baita bi urte beranduago Jon ere, azaroaren 10ean, hain zuzen ere. Frantziako hiriburuan, aitak hotel bateko atezain izateko aukera izan zuen eta, ama, aldiz, etxe zerbitzari aritu zen.

Parisen izan zuten bizimodua xumea izan zen. Boulevard Davouteko apartamentu txiki batean bizitzari ahal zen moduan aurre eginez bizi izan ziren. Jon Mirandek bertan egin zituen bizitzako ia urte guztiak.

Jon Mirandek Nazio Plazako Aragon lizeoan egin zituen ikasketak. Hemeretzi urte zituela, Bigarren Mundu Gerra amaitu baino lehen, Finantza Ministerioan hasi zen itzultzaile. Lantokian, ordea, ez zen ongi moldatzen kideekin eta, ez zuen, inolaz ere, lana atsegin. Sentipen hori islaturik geratu da Paris-Beuret olerkian, batzuetan modu ironikoan: “Nire lankide bikainak / ditut adixkide minak” eta besteetan gardenki: “Seiak yo arte ezin erten / aspertzen naiz, lor betean, / b├╝ro zikintsu batean”. Dena dela, itzultzaile jardunda ere poeta-bizimodua zuela esan liteke. Izan ere, Goulven Pennaodekin (Georges Pinault) batera egoten zen poesia klubetan (Otaegi).

Miranderen pentsaerak garai hartako euskaldunen ideologia eta bizimoduarekin talka egiten zuen: nazismotik hurbil zegoen (nazi bretoiekin izan zuen erlazioa zela bide), misoginoa zen, EAJren euskal nazionalismoa gaitzesten zuen, bai eta marxismoa ere, bi pentsamolde horien sustraiak judo-kristauak zirenez gero, izpiritua ahultzen zutela uste baitzuen. Jon Mirande, gainera, arrazista zen. Halaber, hainbat artikulutan garai batean euskaldunak zintzoak eta bakezaleak izan ez zirela zioen, ez bada “bortitz, urduri, guduzale ta aundi-izan anaiak” (Euskaldun romantiko baten alde). Heterodoxoa eta nihilista izan zen, eta lanetan sexu jarrera apurtzailea erakutsi zuen. Kristautasuna publikoki kritikatzen lehenengo euskalduna izan zen. Pentsamendu hori zuelarik, orduan Euskal Herrian ez zegoen filosofia berri bat sortu nahi zuela esan genezake, “paganismo zaharra berbiztu nahi[rik]” (Azurmendi). Haatik, kritiko guztiak ez daude ados Mirande antikristaua zelako baieztapenarekin: Patri Urkizuren arabera, poetak 1948an kristau eta demokratatzat jo zuen bere burua, betiere zentzu kritikoan. Alabaina, ezin uka daiteke erlijio eta gizarte-mugimenduetan (marxismoan, sozialismoan, eta abarretan) ikusten zuen konformismoa zela poeta gehien gogaitzen zuena.

Hori horrela, ez da harritzekoa Nietzscheren eta Spenglerren eragina jaso izana. Nietzschegandik `Pathos heroikoa┬┤ jaso zuen eta Spenglergandik, berriz, `Mendebaldearen gainbehera┬┤. Izan ere, Mirandek mendebaldeko kultura galbidean zela sinesten zuen, horren islatzat zituen kristautasuna, sozialismoa, demokrazia eta abar (Aldekoa). Horrez gain, Mirande erromantikoa izan zen, baita mugimendua agortua zegoenean ere. Neoklasizismoaren aurka sortutako Sturm und drang mugimendu aurre-erromantikoaren esentzia zuen gustuko eta, erromantikoen bidetik, gizakiaren tolesgabetasuna defendatzen zuen, hezkuntzak eta gizarteak gizakiaren izaera gaizkitzen zuelako ustetan (Otaegi).

Azaldutako ezaugarrien aurrean, Mirande bere garairako goiztiarra zela esan dezakegu. Izan ere, bere idazlanetan egoera nola bizi zuen igartzen da. Etsipena antzematen diogu lehenago aipatutako ironiaz josiriko adierazpenetan.

Familiakoekin frantsesez aritzen zen arren, hogei urterekin euskara menderatzen zuen. Andima Ibi├▒agabeitiaren lagun egin zen Parisen, eta harekin gipuzkera ikasi zuen. Federico Carlos Krutwigen eraginpean, eta Luis Villasanteren proposamena onartuta, baina, lapurtera klasikoa erabili zuen bere lanetarako 1952tik aurrera. Euskara eta frantsesaz gain, beste hamar bat hizkuntza ere menderatzen zituela esaten da; horien artean bretoia. Are gehiago, bretoiaren akademiako kide zen eta, dirudienez, bizirik zein hilik ziren hizkuntza zeltikoak ezagutzen zituen. Muga linguistikoak gainditurik zituenez, ez zen geldi bizi izan, asko atsegin baitzuen bidaiatzea (Bretainian, Ingalaterran, Holandan, Alemanian eta Danimarkan egon zen).

Jon Mirandek 1956an Arantzazuko Biltzarrean parte hartu zuen, eta 1962an Koldo Mitxelenak euskaltzain oso izateko proposamena egin zuen arren, akademiako gehienak apaizak izanik, atzera bota zuten ideia.

Hala ere, hainbat aldizkaritan idatzi zuen, besteak beste, Gernika, Egan (Koldo Mitxelena zuzendari zela), Euzko Deya, Elgar, Euzko Gogoa eta Irrintzin. Gernika aldizkarian ez ezik, Jokin Zaitegik Guatemalatik gidaturiko Euzko Gogoan ere argitaratu zituen poema batzuk, 1950etik 1968ra arte hain zuzen ere. Joxe Azurmendik dioenez, “gero utzi egin zion euskaraz idazteari, euskaltzaleekin izandako haserreren batzuengatik”, 1989: 5. Ibi├▒agabeitiak Caracasen zuen Irrintzin ere eman zituen argitara hainbat lan. Txomin Peillenekin batera, Igela aldizkaria sortu zuen, baina bizitza laburreko aldizkaria izan zen, sei zenbaki soilik kaleratu baitzituen. Horrez gain, Euskal Herritik kanpo ere aritu zen Goulven Pennaoden Ar Stourmer agerkari bretoian (Francis Favereau).

Aldizkarietan agertutakoei bakarrik ez, obra osoari begiratuz gero, abangoardismoa da Jon Miranderen ezaugarri azpimarragarriena, euskal literaturara modernitatea ekarri zuena. Dena dela, lehen esan bezala, ideologiaz gain, egilearen joera apurtzaileak ez zuen harrera onik izan, eta Miranderen poemek zein nobela bakarrak (Haur besoetakoa) urte batzuk igaro behar izan zituzten itzalpean. Poema batzuk aldizkarietan argitaratu zirela-eta, Mirandek bere poetikaren antologia egiteko asmoa azaldu zuen, baita prestatzen hasi ere, baina Andolin Eguzkitza izan zen lan hori amaitu eta, 1976an, Orhoituz izenburupean kaleratu zuena. Urte berean, Gero argitaletxeak Jon Miranderen idazlan hautatuak argitaratu zuen, izenburuak dioen gisan poetaren lan batzuk eskainiz. Obra horiekin batera, F├ęlix Mara├▒ak zuzenduriko Ilhun-argiak/Claroscuros lana argitaratu zuen Euskal Herriko Unibertsitateak, Miranderen poesia osoa jasotzeaz gain, gaztelerara egindako Felipe Juaristiren itzulpenak biltzen direlarik bertan.

Esan bezala, Miranderen obra berritzailea eta probokatzailea zentsuratua izan zen, eta Haur besoetakoa eleberriak ez zuen argitaratzeko inoren laguntzarik jaso. Liburuak, beraz, iluntasunetik aterako zuen norbait lortu arte itxaron behar izan zuen. 1970ean, baina, Gabriel Arestik sorturiko Lur argitaletxeak kaleratu zuen, eta poeta sozial bilbotarrak egin zion hitzaurrea. Hortik aitzina, izan zuen arrakasta tarteko, eleberriaren hainbat edizio egin dira (Erein 1987, 1993, 1996, 2007; Pamiela 1987, 1991; Hordago 1983, esate baterako).

Mirande idazle izateaz gain, itzultzaile ere izan zen. Poe, Saki, Per Denez, Kafka, Garc├şa Lorca eta beste hainbat idazleren obrak euskaratu zituen.

Miranderen lana oparoa izan zen arren, argitaratzeko zailtasunak, Ibi├▒agabeitia lagunaren atzerriratze eta heriotzak, gurasoak galtzeak (batez ere amaren heriotzak sortu bide zion gabeziak), etxebizitzaz aldatu beharrak eta alkohola neurriz gaindi hartzeak Miranderen bizitzako azken urteen gainbehera ekarri zuten. Depresio sakon batean murgildurik egon zen; Xabier Kintanari bidalitako gutun batean zioenez, ez omen zuen “gogaiderik [bere] herritarren artean” eta, gainera, etsipen tonuarekin, euskaldunei zer esan ere ez zekiela aitortzen zuen (Eguzkiza, 1976).

Gaixotasun latz horri aurre egiteko lotarako tratamendua jarri zioten ospitalean eta horrek, dagoeneko zituen arazoak areagotzeaz gain, botiketarako mendekotasuna sortu zion. Lehenago ere bere buruaz beste egiten saiatu zela uste den arren, 1972ko abenduaren 28an hil zen lasaigarri-gaindosi baten ondorioz. Lagunek 1973ko urte hasieran topatu zuten apartamentuan hilik. Gorpua Pariseko Thiais hilerrian datza.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, I├▒aki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

AYERBE ECHEVARRIA, Enrique (zuz.) (2005): Euskal Herri enblematikoa. Ostoa. Lasarte-Oria.

AZURMENDI, Joxe (1989): Shopenhauer, Nietzsche, Spengler MIRANDEren pentsamenduan. Elkar. Donostia.

EGUZKITZA, Andolin (1976): Orhoituz. Kriseilu. Donostia.

MIRANDE, Jon (1984): Gauaz parke batean. Ipuin izugarriak. Elkar. Donostia.

___________. (1992): Ilhun-argiak / Claroscuros. UPV. Leioa.

OTAEGI, Lurdes. Jon Mirande (1925-1972). http://www1.euskadi.net/euskara_sustapena/bidegileak/datos/JON%20MIRANDE.pdf [kontsulta: 2009/12/01]

URKIZU, Patri. Jon Miranderen biografia. http://jonmirande.gipuzkoakultura.net/jon_mirande_biografia_eu.php [kontsulta: 2009/11/30]

FAVEREAU, Francis. Goulven Pennaod, Jon Mirande et la Bretagne. http://lapurdum.revues.org/index1324.html [kontsulta: 2009-12-11]

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus