Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ONAINDIA, SANTIAGO

(1909-1997)
Jon Kortazar

Orotariko lanak egin zituen Aita Santi Onaindiak euskal letren munduan. Literaturarekin loturiko bizitzak forma desberdinak hartzen ditu: olerkaria izan zen, kultur eragilea, aldizkarien sortzaile eta bultzatzailea, antologia-egile ezaguna…

Aita Santi Onaindia Amoroton jaio zen 1909an. 1921ean Larreako (Zornotza) karmeldarren komentuan sartu zen. Nobiziatua 1926an hasi zuen, eta Gasteizen eta Santutxuko Karmelon ikasketak burutu ostean, 1934an apaiztu zen.

Idazlearen lana 1936ko gerra aurrean hasi zen ezagun izaten euskal letren munduan. Hainbat artikulu argitaratu zituen garaiko zenbait aldizkaritan: Donostiako Euskal Esnalean, adibidez, edo Gasteizko komentuan ikasleen artean ateratzen zuten Renacer aldizkarian nahiz ordeneko Karmengo Argian. Gainera, bere poemak Euzkerea aldizkarian eman ziren argitara; horrela izan zuen Esteban Urkiaga “Lauaxeta”rekin (1905-1937) ezagutzeko aukera izan zuen. Olerki Egunak lehiaketetan ere parte hartu zuen, eta bere lana Eusko Olerkariak mugimenduaren barnean egin zen ezagun.

Gerra garaian Eusko Gudarosteko kapellau izan zen, Kirikiño batailoiko gudarien artean. Guda ostean kartzelaratua izan zen eta El Dueson, Okan, Ventas de Bañon, eta Karmonan izan zen preso. 1940tik aurrera zenbait komentutan izan zen. Garrantzitsua da Eibarren (1954) eta Larrean (1957) egindako lana. 1957tik gerorakoak Larrean egin zituen Aita Santi Onaindiak. 1990ean Eusko Jaurlaritzak Letren Merezimendu Saria eman zion.

Santi Onaindiak lan handia egin zuen euskal letren munduan. Hemen bere hiru lau arlo besterik ez ditugu aipatuko.

a) Antologiak. Kronologia gogoan hartuta, Oinaindiaren lehen liburua Milla euskal olerki eder (1954) antologia da. Euskal literaturaren antologia erraldoia da. Neurri batean, antologia enblematikoa izan zen, euskal literaturaren aberastasuna ikusgarri egin zuelako euskararen presentzia soziala urria zenean. Euskal literaturaren antologia eta historia eskaintzen zuen liburuak. Nazioarteko presentzia izan zuen antologiak, hainbat erakusketetan agertu zelarik.. Gaurko olerkarien euskal lan aukeratuak (1985) poesia-antologia ere aipagarria da.

b) Argitalpenak. Santi Onaindiak euskal literaturako zenbait idazleren lanak argitaratu zituen: Arrese Beitiaren poemak (1957), Lauaxetarenak (1974 eta 1985) edo Enbeitarenak (1966), esaterako. 1959tik aurrera eta 1970era artean –eta geroago bigarren epean Eusko Ikaskuntzaren sasoian– Olerti aldizkari poetikoa zuzendu eta eragin zuen, garai bateko euskal poesiaren testigantza mugaezina.

c) Autobiografia. Prosazko lanetan eskergarriak dira haren biografia, Oroi txinpartak (1984), non garaiko hainbat euskal idazlek egin zuten bezala, gerra garaiko oroimenak toki handia hartzen baitute; edo Eskutitzak (1974) euskal kulturako protagonistek Onaindiari bidalitako eskutitzen bilduma da.

d) Poesia. Gerra aurreko mugimendu poetikoaren jarraitzaila izanik, Aita Santi Onaindiaren poesiak erruralismorako joera du; sinbolismoaren eta modernismoaren ildoetan mamituriko estetika da Onaindiarena. Hainbat liburu argitaratu zituen: Goiznabar (1970) 1929-1950 urteetako poesia bilduma eta Nere baserria (1975, baina 1985ean argitaratua). Bi horiek Olerki guztien bilduma (1989) liburuan bildu ziren, liburuetan agerturikoez gain aldizkarietan barreiatuak ere.

Poema bilduma horren hitzaurrea sortu zuen Juan Mari lekuonak hiru ezaugarri nagusi aipatzen ditu Aita Santi Onaindiaren poesian:

a) Alegoriarako joera. “Poemetako protagonistak behin baino gehiagotan izadiko irudiak dira, edota gauza xumez osaturiko mundu bat” (Lekuona, 1989, XX),

b) Izadiaren personalizazioa.

c) Metaforizaziorako joera.

Juan Mari Lekuonak (1989, XIX) Onaindiaren poesia Jose Ariztimuño, Aitzolen (1896-1936) proiektuaren barnean ikusten du, eta Jose Maria Agirre, Lizardi (1896-1933) eta Esteban Urkiaga, Lauaxeta lirateke bere eraginik nabarmenenak. Baina Nere Baserria epika txikiko generokoa da, eta hor Orixeren Euskaldunak poemaren itzala nabarmena da. Lau urte girotan banatuta dago, baserriko egloga nagusi hori. Gaiak ere xumetasunaren eta txikitasunaren ingurukoak dira.

Honela laburtu zuen lana Juan Mari Lekuonak:

“Poema nagusia da, baserria kantagai harturik landua. “Etxe” hitzaren etnografia eta etnologia dira hari-albainuak. Gaia sentitzeko eran, zenbait euskal idazleren bihozkada nabari dezakegu, gaiaren tratamendtu poetikoan Mogel, Elissamburu, D. Agirre, eta post-erromantikoen sentiberatasun jakina erakutsiz eta dardatuz. Eta autorearen lirikotasun herri-mailako olerkigintzatik ispilatuz” (Lekuona 1989: XXIV).

BIBLIOGRAFIA

BARAIAZARRA, Luis; URKIZA, Julen (1998): Santiago Onaindia. Bidegileak. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.

LEKUONA, Juan Mari (1989): “Aita Santi Onaindiaren olerkigintza” in ONAINDIA, Santi: Olerki guztien bilduma. Karmel. Larrea. XI-XXVI.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus