Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

PEREZ DE LAZARRAGA, JUAN

(1548?-1605)
Iñaki Aldekoa

Joan Perez de Lazarraga Larrean (Araba) jaio zen 1548 inguruan (ez dakigu jaiotzaren data zehatza) eta 1605eko apirilaren 12an hil zen. Oñatin –Lazarragaren jauregian– zuten sorburua Arabako Lazarragatarrek. Familia-harremanak izan zituzten, besteak beste, Garibaitar eta Gebaratarrekin. Ahaide Zaharren leinuko beste partaide askoren moduan, Espainiako koroaren inguruan ibili ziren Lazarragatarrak ere. Adibidez, Juan Lopez de Lazarraga, Errege Katolikoen idazkari izan zen, eta bera Joan Madriden bizi izan zen 1567an. Pedro Perez de Lazarraga zuen aita –lehendabizi Graciana de Naharriarekin ezkondua eta gero Elena Lopez de Ordeñanarekin– eta 1564an hil zuen bere emazte zen familiako batek. Joan Perez de Lazarragak 1569an Gasteizen ospatutako torneo famatu batean hartu zuen parte. Catalina Gonzalez de Langarikarekin –arabar aberatsa baina idazten ez zekienarekin–, ezkondu zen 1575ean, eta bi seme-alaba izan zituzten.

Lazarragaren obren artean Historia de Alava delako bat dago, galdua, familiaren Genealogiari buruzko 79 folioko eskuizkribua (Relación… BNM, 11263 /7), eta 2004an Borja Aginagalde historialariak Madrilen aurkitu zuen euskaraz idatzitako manuskritoa, osatu gabeko artzai-eleberritxo bat eta berrogeita sei poema (horietako bederatzi gazteleraz).

Artean bere poemen arrastorik ere ez zenean, “el poeta” ezizenez zen ezaguna. Lana agertu eta berehala izan zuten interesatuek eskura Interneten eskuizkribuak eskaintzen zituen Lazarragaren bizitzako hainbat pasadizoren arrasto eta iradokizun, hala artean gaztea zelarik Euskal Herritik kanpo zebilela eta ezkontzeko etxeratzeko agindua jaso zuela, nola aitaren heriotzaren ingurukoak, zein zaldun eleberrien erara antolatutako torneoen aldeko jaidura, eta beste.

Erdi-Aroko mundua oso gertu bizi zuen oraindik XVI. mendeko jendeak. Lazarraga bera familia noble bateko kide zen, eta zaldunen estatus hartakoak ziren zaldun eleberrien irakurleak. Maila sublimatuan izanik ere, halako errepresentazioetan, beren arbasoek eta neurri batean beraiek ere nolabait partekatzen zuten gizarte aristokratikoaren balioak plazaratzen ziren. Bizi edo bizitzea gustatuko litzaiekeen munduaren irudikazioak. Baina mundu hura desagertzeko bidean zegoen, eta gogoz kontra bazen ere, noblezia hura Espainiako monarkia absolutuaren menera errenditua zegoen. Helburu horrekin erakarri zen aristokrazia nobiliarioa Gaztelako Gortera bertara, han abantailak eman eta, hiritartu ahala, gertutik hura zaintzeko. Aristokraziaren bilakaerarekin batera eman zen aldaketa horretan literatur generoetan: zaldun-eleberriak indarra galtzen joango ziren artzain-eleberrien onerako. Azken batean, Amadis eta antzeko eleberrietako balentria heroikoak ez zetozen bat garaiko gorteko bizimodu neurritsu eta orduko zeregin berriekin, nahiz eta zaldun-eleberrietako bizitza heroikoak nostalgia igurtzi ukaezin bat izan bazuen. Izan ere, hori guztia desagertzear baitzegoen, Erdi-Aroko azken printzeekin batera.

Ez dago zalantzarik zaldun-eleberrien arrakasta izugarria izan zela XVII. mendera arte, baina 1560ko urteetan indarra makaltzen hasia zen. Topiko bat da gaur egungo Literatura Historietan Cervantesen Kixoteak zaldun-eleberri tradizioari azken estokada eman ziola esatea, baina egia esan, ordurako, hau da, 1600erako (XVII. mende hasiera), zaldun-eleberrien tradizioa odolustuta zegoen. Hala ere, ez dugu ahaztu behar zaldun-eleberrigintza XII. mendean hedatu zela Europako literatura nagusietan eta, gutxienez, hiru-lau mende luzez elikatu zuela mendebaldeko irudimen mundua. Hasi ziklo bretoiarekin (Artur erregearen zikloa) XII. mendean eta Amadisen sagarekin jarraituta (XVI. mendean), Floristán eta Perzebal bezalako izenek irudimenetik errealitatera salto egin zuten eta zaldun askoren izen bihurtu ziren (geurean ere bai: “Mondragoeko erreketa” kantuko Pertzebal, esaterako).

Lazarragak bere artzain-eleberria idazten duenerako zaldunen sen gerlaria gero eta sentimentalagoa da, hau da: borroka gutxiago eta amodiozko intziri gehiago. Eta testuinguru horretantxe hartuko dio aurrena artzain-eleberriak zaldun-liburuari. Esan genezake zalduna artzaindu, otzandu, egiten dela apur bat. Hala ere, artzain-eleberriak zaldun-eleberriaren tradiziotik edaten du, baina jada otzandutako zaldun-eleberritik. Beste modu batera esanda, hasierako Amadis de Gaula-tik, haren jarraipenak idatzi zituen Feliciano de Silvarenetara badagoela aldea. Garbi dago zaldun-eleberrien imajinarioa estimuan zuela Lazarragak, eta eskuizkribuko lehen poeman mundu horixe agertzen du:

“Dontzella flordelisarik asko,

guztiak gorriz jantzirik,

gaztelu, Gebarakoan gara

gu bizi defendidurik.

Gure jazteko gorrioz dira

kontentuagaz josirik,

justarik asko zaldun guztiok

egiten dabe gu gaiti…”

Zaldunen arteko justez edo borrokez ari da poema horretan, Erdi-Aroko zaldun-eleberrietako formatuari jarraituz, Chrétien de Troyes-engandik XV. eta XVI. mendekoetaraino aldatu gabe iritsi den eszenifikazio berean, Lancelot-en eta Camelot-en biltzen ziren Mahai Borobileko zaldunen arteko lagun-giroan egongo bagina bezala.

Ikus, esate baterako, poema hau:

1) Egun batean nendorrela

bide estretxo batean,

esku batean nekarrela

kaltzaidu utsez errodela

zaldi on baten gainean,

2) banekarren esku bestean

listra onezko dardoa,

adarga on bat artzoean

arnas gortitza gorputzean

koraza akaz kaskoa,

3) konpaniatzat tristurea

askotan legez arturik

giatzat barriz benturea,

baneroean etxarea

txitez guzti au galdurik,

4) neroeala forma onetan

Biotz au guztiz tristea,

nik ez nebela pentsaetan

gero nekusen gauzaetan

erratu neben bidea.

Hala ere, Lazarraga ere “gerlari-poeta” baino “artzain-poeta” izan genuen, eta pentsatzekoa da, garaiko beste artzain-eleberrigile askorentzat bezala, Jorge Montemayorren Diana-k liluratu zuela. Artzain-eleberriek nolabaiteko Arkadia bat ospatzen dute non artzainek beren amodio ezindu eta etsiak kantatzen dituzten. Arkadiako paisajea erabat tipifikatutakoa: iturriak, florestak, arbolak, ordoki zabalak, iturritxo freskagarriak, benetako atsegin-toki direnak (locus amoenus-en topikoa) eta ardiak. Hitz egiteko garaian erabilitako epitetoak ere tipifikatuak dira. Eta, zer egiten dute artzain-eleberrietako protagonistek? Bada, beren amodio-penak elkarri kontatu, eta aldiro-aldiro, vihuela, rabela eta zanbonba hartuta amodioaren penekin jarraitu, oraingoan kantatuz. Halakoetan, ardiak eurak ere jateari utzi eta artzainen arteko intzirien jardunari adi jartzen ziren. XIX. eta XX. mendetan irakurrita, zail egiten zaigu halako zozokeriek izan zuten arrakasta irudikatzea. Baina halaxe gertatu zen: moda bat izan zen, gortesauen arteko moda bat, Erdi-Arotik zetorren zalduneriaren tradizioari eutsiz XVI. mendean bertan justak egiten ziren bezala, gortearen inguruan festa-giro dibertigarriak eratzen ziren, artzain-eleberrietako azal eta mamiz mozorrotuta.

Lazarraga, baina, artzain-eleberrian nahiz garaiko –XV. eta XVI. Mendeetako– kantutegietan ohi ziren kopletan beti agertzen zaigu kortesiatsu. Lazarragaren poesian ez dira falta ez gorte kutsuko galaitasuna, ez manera delikatuak, ez eta maitasun adeitsuaren gainerako zeremonia guztiak; alegia, galai atsegina aztoratuta eta liluratuta utzi behar du bere damaren edertasunak, eta hura goraipatu beharra dauka haren edertasun, bertute eta zuhurtziagatik; berebat hura zerbitzatu beharra dauka, golardoa berari eman diezaion erreguka ari zaion bitartean. Poesia hori poesia gortesaua da, Proventzako poeten bidez Europa osora hedatu eta kode propio batera errenditzen dena: damaren begiak bi gezi dira eta poetaren bihotza zauritzen dute; damaren edo, Lazarragaren kasuan, dontzeilaren begiak ikusi ondoren maiteminduko da galaia. Azken batean, Erdi-Aroko eredu feudala inbertituz gauzatzen den harremana da: zalduna edo poeta da zerbitzaria, eta damari zor zaio gizarte feudalean jaun feudalari zor zaiona.

Zirkustantziazko beste poesia batzuk, kronikak eta erlijio-poesia ere idatzi zuen Lazarragak. Horien artean ez dira faltako irria helburu dutenak ere. Horiekin batera, idatzizko lehen bilantzikotzat har daitekeena ere badugu: “Perutxo eta Anton”.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2009): “Ernazimentua Lazarragaren literaturan”. Egan. 2009-1/2. 99-111 or.

CHEVALIER, Maxime (1976): Lectura y lectores en la España de los siglos XVI y XVII. Turner. Madrid.

GARTZIA, P. (2005); Lazarraga. Ernazimentua euskaraz. Pamiela. Iruñea.

LAKARRA, Joseba A. (2004): “Juan Perez Lazarragakoren eskuizkribua (XVI. mendea): lehen hurbilketa”.

RODRÃGUEZ-MOÑINO, Antonio (1968): Construcción crítica y realidad histórica en la poesía española de los siglos XVI y XVII. Castalia. Madrid.

URKIZU, Patrizio (2004): “Joan Pérez de Lazarraga, autor de Dianea / Koplak (Madrid, 1567), primer novelista y poeta vasco”. Revista de lengua y literatura catalana, gallega y vasca. 10. 165-170.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus