Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ULIBARRI, JOSE PAULO

(Okondo, 1775-Abando, 1847)
Alvaro Rabelli

Jose Paulo Ulibarri Arabako Okondo herrian jaio zen, baina gazte-gaztea zela Bilbo ondoko Abanto elizatera aldatu zen familiarekin batera. Bertan bizi izan zen hil arte Frantsesen kontrako Konbentzio Gerran parte hartu zuen Gipuzkoa aldean. Lanbidez albaitaria bazen ere, hainbat kargu politiko bete zuen Abandon eta Gernikako batzarretan. Foruzale amorratua zen honek euskal akademia sortzeko proposamena egin zuen. Halaber, guztiz euskalduna izango zen gaurko ikastolen antzeko hezkuntza sistema baten alde agertu zen. Eskabide hori Gernikako Batzar Nagusien aurrean aurkeztu zuen 1829an. “Abandoko ferratzaile euskaltzalea” izengoitia hartu zuen Ulibarrik hainbat lan utzi zituen. Argitara eman zuen lehenengoa Egunari euskerazkoa deritzon egutegia 1815ean (Egunari eusquerazcoa erderazcotik itzuliya. Vizcai, Guipuzcoa eta Arabaco Provinciaentzat. 1815´garren urteraco. Bilbaon). Jarraipenik izan gabe, Ulibarriren egutegi hau XIX. mendean idatziko ziren egutegi eta almanaken aitzindari dugu, etxe askotan egoten zen euskaraz idatzitako gauza bakanetakoa. Bestalde, 1814tik 1832ra bitartean Bilbon eta Abando herrian agertu ziren Gabon kantak izenekoen artean, zenbait alek Ulibarri izan zezaketen egile. Baina Ulibarriren lanik esanguratsuena Gutun liburua izenekoa dugu. 1822. urteaz geroztik batez ere, Ulibarrik garaiko entzute handiko pertsonekin izandako harremana biltzen du hein handi batean eskutitzez osotuta dagoen liburu honek. Garaiko euskaltzale, politikari, militar eta elizgizonekin izandako gutun trukaketaren erakusgarria da luzaroan argitaratu gabe iraun zuen Gutun liburua (1975, Arabako Foru Aldundia). Era berean, bilduma horretan ere biltzen dira egilearen narrazioak eta olerki didaktikoak Ezin esan lan onak direnik, batik bat beraietan euskaldunen jatorria eta euskal ohiturak ditu kantagai.

BIBLIOGRAFIA

ONAINDIA, Santi (1973): Euskal literatura II. Etor. Donostia.

RABELLI, Alvaro (2008): “Gutun liburua”. Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua.

SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Elkar. Donostia.

SAN MARTIN, Juan (1978): “Ulibarriren omenez”. Gogoz, gure herriko gauzak. Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa. Donostia.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus