Iruzkin berriak

    Euskara Batuaren Eskuliburua

    Aurretik ere mintzagai izan ditugu euskaraz lan egiten lagungarriak diren baliabideak, batez ere UPV/EHUk dauzkanak (ikusi hemen). Gaurkoan, berriz, Euskaltzaindiak argitaratu duen eskuliburuaren berri eman nahi dizuegu.


    Lehendik ere Euskaltzaindiak liburu ugari argitaratu ditu, baina Euskara Batuaren Eskuliburuaren helburua berezia da; izan ere, liburuaren asmo nagusia da orain arteko arau, gomendio nahiz bestelako irizpideak era didaktikoan birformulatzea. Horretarako, alor ugaritako informazioa jasotzen du: lexikoa, kalkoak, ahoskera, ortotipografia… Sarrera bakoitzean argi adierazita dago zer eman duen Euskaltzaindiak arau moduan eta zer ez, zer daukan erabakia eta zer den gomendio edo hobespena, edota non komeni den batasuna egitea. Liburua oso tresna egokia eta lagungarria izango da euskaraz lan egin nahi dugunontzat, kontsultatzeko eta zalantzak argitzeko, irizpide garbi batzuk izateko.
    Eskuliburua Internet bidez ere kontsulta daiteke, Euskaltzaindiaren webgunean baitago, hemen, eta ordenagailura jaisteko aukera ere badago.

    Euskaraldia EHUn?

    Gero eta gehiago ari naiz entzuten eta irakurtzen Euskaraldiaz: esperimentua, ariketa kolektiboa, erabilera handitzea, belarriprestak eta ahobiziak… Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, euskaldun askoren konpromisoa erakutsiko eta ikusiko dugu nabarmen, eta EHUren barruan ere azaleratuko da, seguru. Aukera ona izango da arrazoietan edo aitzakietan babesten garenok (“zaila da aldatzea”, “beti egin izan dugu horrela”, “Jende gutxik daki-eta”…) aurrerapauso –txiki– bat emateko, euskararen erabileran.
    Nire ustez, AZPko langileok gutxien-gutxienez belarriprestak izan beharko genuke, hau da, guri euskaraz egiteko gonbidapena egin beharko genuke, euskaraz ulertzen dugula adierazi eta egitera gonbidatu. Ez zaizue iruditzen? Animatuko gara parte hartzera? Emango dugu izena? Animo, eta egin klik hemen.

    Naiara

    Saridunak

    Trebakuntza-pilulak eginez gero, arriskua zegoen zerbait tokatzeko, eta baditugu saridunak:

    • Emergentziako bateria bat (5000 MAH), pendrive bat (16 GB) eta UPV/EHUko boltsa bat: Ane Arruza Arrieta (Bilboko Ingeniaritza Eskola, Bizkaiko Campusa).
    • Bidaiatzeko maleta handi bat: Belen Bengoetxea Rementeria (Letren Fakultatea, Arabako Campusa).

    Zorionak biei, eta gainerako guztioi eskerrik asko parte hartzeagatik.

    Hurrena saririk ez da izango (oraingoz), baina animatu nahi zaituztegu trebakuntza-pilulak egiten jarraitzera. Hain zuzen ere, hemen daukazue azkena, laburtzapenak errepasatzekoa.

    Gozatu oporraldiaz, eta dagokizuenean, ongi etorri lanera!

    Zirriborro automatikoa

    Hogei urte baino gehiago pasa dira Xuxenen lehen bertsioa atera zenetik, eta ez alferrik: lehen zuzentzaile ortografikoa besterik ez zena hazi, handitu eta hobetu egin zaigu, eta orain ortografia-akatsak ez ezik, gramatika-akatsak ere harrapatzen ditu. Oso lagungarria da testu zuzenagoak idazteko.

    Eskuratzea oso erraza da, xuxen.eus webgunetik, eta behin instalatuta, ez da beste ezer egin behar, ez bada zuzentzeko hizkuntza egokia aukeratu, bestela alferrik ariko baikara. Gure ordenagailura deskargatuta, hizkuntza-zuzenketa eta -proposamen guztiak balia ditzakegu, zuzentzaileak oker daudenak azpimarratu egingo baitizkigu (gorriz gramatika-akatsak, urdinez edo berdez bestelakoak); halaber, geure hiztegia osatzeko aukera ere izango dugu, Xuxenekin erabiltzeko.

    Horrez gain, pluginak ere eskuragarri daude sistema hauetan guztietan txertatzeko: Openoffice/Libreoffice, Web-nabigatzaileak (Firefox, Chrome eta Internet Explorer) eta InDesign CS6 MAC.

    Azkenik, aukera badago testua webgunean zuzentzeko; horretarako, kopiatu eta itsatsi testua hemen.

    Beraz, instalatu eta erabili Xuxen, zuzenago idazteko!

    Trebatu (eta saritu?)

    AZPidazkiko trebakuntza-pilulek ez dizute gaitzik sendatuko edo arinduko, baina agian lagunduko dizute euskaraz hobeto egiten edo zalantzaren bat argitzen, eta zortea izanez gero, sari bat irabazteko aukera ere izango duzu. Izan ere, ekainaren amaieran bi sari zozkatuko ditugu:
    • Emergentziako bateria bat (5000 MAH), pendrive bat ( 16 GB) eta UPV/EHUko boltsa bat.
    • Bidaiatzeko maleta handi bat.

    Zozketan parte hartzeko, nahikoa da AZPidazkiko pilularen bat egitea, baina UPV/EHUko helbidea adierazita; izan ere, parte hartzeko, ezinbestekoa da UPV/EHUko ikasle, irakasle, ikertzaile edo langilea izatea.
    Hil honetako trebakuntza-pilulan, laburdurak landuko ditugu, eta seguru asko izango duzu laburduren inguruko zalantzaren bat: nola da “eta abar” hitzaren laburdura? Eta “telefonoa” hitzarena? Nola lotu laburdura eta atzizkia? Nola bereizi siglak eta laburdura?… Horiek argitzeko, egin pilula, eta zortea izanez gero, gainera, sari bat egokituko zaizu!

     

    Arrate Atxa. Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordetzako teknikaria.
    AZPidazki taldearen izenean.

    Pilulek saria

    Aurreko batean adierazi genizuen trebakuntza-pilulak egiteagatik UPV/EHUko kideok saria irabazteko aukera geneukala, eta apirilaren 11n egin genuen zozketa.

    Hauek sariak eta saridunak:

    • Emergentziarako bateria (5000 MAH), 16GBko Pendrivea eta UPV/EHUko boltsa. Sariduna: Unai Arribas (TIKetako Gerenteordetza).
    • Elhuyar hiztegi berriaren ale bat. Sariduna: Urtzi Akesolo (Zientzia eta Teknologia Fakultatea).
    • ZIO bildumako Descartesen hutsegitea liburuaren ale bat eta UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuan argitaratutako Arte zinematografikoa liburuaren ale bat. Sarduna: Cristina Pujana (Bizkaiko Campuseko Gerenteordetza).

    Hiruroi zorionak, eta gainerakook jarraitu trebakuntza-pilulak egiten, ekainean beste zozketa bat egingo dugu eta!

    Txio-txio ala pio-pio?

    Txoriek txio-txio egiten dute euskaraz, pio-pio gaztelaniaz, tweet ingelesez… Azkenaldian ugaritu egin zaizkigu txoriak UPV/EHUko lantokietan, batez ere txantxangorriak; gero eta gehiago ikusten dira, euskaraz egiteko borondatearen seinale, euskarari hegoak eman nahian, euskara hauspotu nahian; txantxangorria euskaraz egiteko gonbitea da.

    Baina honelakoak ikusita eta irakurrita, txantxangorria mututu egiten da, ez dakielako pio-pio egiten; euskararen aldeko borondatea eta adierazpena keinu eta itxura huts bihurtzen dira, ez da sinesgarria eta indar guztia galtzen du.

    Zer iruditzen zuei?

    Sergio E. (langilea, AZPa)

    Oharra: argazkia benetakoa da, UPV/EHUren campus batean ateratakoa.

    Trebakuntza-pilulekin saria

    Asko dira urte hauetan zehar, UPV/EHUn, euren ahaleginarekin, euskarari bultzada eman dioten langile, irakasle, ikertzaile eta ikasleak.
    Esker ona adierazi nahi genieke atsedenik gabe parte aktibo izan direnei, egunero ale txiki bat jarri dutenei, baita ibilbide honetan zehar hurbildu zaizkigun lagun berriei ere.
    Iazko udazkenean berriro martxan jarri genuen AZPidazki, eta pixkana-pixkana bada ere, ari dira erabiltzaileak parte hartzen. Gero eta gehiago dira tresnan sartu eta “trebakuntza-pilulak” egiteko aukera galtzen ez duten erabiltzaileak, jolasean ohitura hartu dutenak eta parte hartzen dutenak. Zuk ere har dezakezu ohitura hori, eta parte hartu!
    Trebakuntza-pilulak betetzen dituzuenok saritu egin nahi zaituztegu; horregatik, martxoaren 30a arte parte hartzen duzuen EHU/UPVko ikasle, irakasle, ikertzaile eta langileon artean hiru sari zozkatuko ditugu:


    • Emergentziarako bateria (5000 MAH), 16GBko Pendrivea eta UPV/EHUko poltsa.
    Elhuyar hiztegi berriaren ale bat.
    • ZIO bildumako Descartesen hutsegitea liburuaren ale bat eta UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuan argitaratutako Arte zinematografikoa liburuaren ale bat.

    Irabazleen izenak apirilaren 12an jakinaraziko ditugu.

    Trebatu pilulekin eta ZORTE ON!

     

    Arrate Atxa. Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordetzako teknikaria.
    AZPidazki taldearen izenean.

    Euskaraz bizi, euskaraz lan egin

    Nire lan munduko ikuspegi historikoa egiteko moduan nago. Antzinakotasuneko lau egun (“kanoso”) dauzkat ordutegiaren kontroleko panelean eta ilea ere zurituz joan zait denboraren poderioz.

    Lana eta euskara, euskara eta lana. “Ordenak zerbait aldatzen du oraingoan?”, galdetzen diot neure buruari.

    Lanean hasi nintzenean, besteen iritziz euskara neraman nire aurpegian txertatuta eta nahigabe ere igartzen zidaten ingurukoek, erdaldun ugari zegoen ingurumaria hartan. Gaztelania zen idatzietarako zein harremanetarako hizkuntza eta jendaurrean lehenengo hitza euskaraz erabiltzen nuenez (modu naturalean), “la euskerika” ere deitu zidaten inoiz, baina niri ez zidan eragiten izenorde horrek, ni harro nengoen.

    Denbora gutxira, beste pertsona batzuekin lan egitea suertatu zitzaidan beste leku batean, gazteagoak eta hizkuntzarekiko errespetu handiagoa zutenak. Baina lanean gaztelaniak ardatz nagusi izaten jarraitzen zuen, bai harremanetan, baita lanerako tresnetan ere. Euskara beti joan zen gaztelaniaren atoian, merkante handi batek ondoan eramaten duen salbamenduzko txalupatxoa bailitzan. Eta ni gutxika-gutxika inguruko inprimakiak euskarara itzultzen…

    Langileak euskara ikastera joaten hasiak ziren garaietan, nik ez neukan joan beharrik, eta guardian geratzen nintzen lanean. Gustura hartzen nuen besteen lana egin beharra, banekielako handik urte batzuetara beraiekin euskaraz aritu eta lan egingo nuela. Eta euskaldundu direnekin horrela izan da, euskaraz egiten dugu nahi izan dugunean, eta gaztelaniaz ere bai.

    Teknologia aldetik ere, nabarmen aldatu da gure lan mundua. Gaur egun, lanerako erabiltzen ditugun tresna gehienak elebidunak dira. Lehenago ez ziren halakoak kontuan hartzen eta dena gaztelaniaz egiten zen. Gerora, hasieran pentsaezina zena gauzatuz joan da. Baina nekeza da egunerokoa ofizialki elebiduna den administrazioan…

    Oposaketa gainditu eta plaza aukeratzerakoan hizkuntzari erreparatu nion. Urteak neramatzan idazkaritza batean lanean eta neure gain hartzen nituen dokumentuak euskaratzea, aktak, irakasleen irakasteko programak… Dena nire borondatez. Nekeza zen, sinetsidazue.

    “Euskaraz lan egin nahiko nuke…”. Asmo horrek ekarri ninduen nagoen lanpostura. Zoriontsua naiz nire lanaren zatirik handiena hizkuntza zahar eta maitagarri honetan egiten dudalako. Nire buruak lasai dirudi…

    “Lur sail bat, urteak joan, urteak etorri, ereiten ez bada, aitzurra sartzen duzunean lur hori ez duzu hain erraz irauliko makinarik sartu gabe. Baina urterik urte ereiten baduzu, erraz irauliko duzu, lurra oxigenatu eta solteago egongo delako”. Horrela ikusten dut euskara nire 27 urteko lanaren ibilbide honetan.

    “Nafarroa Oinez” ikastolen aldeko jaiak, duela urteak erabilitako lema ezin hobearekin gogoratu naiz: “Ezina ekinez egina”.

    Jarrai dezagun ereiten, bestela ez da lur emankorrik gurean.

    Leire, AZPko langilea

    AZPidazkiz gain...

    Unibertsitatean euskaraz lanean aritzeko ahaleginetan gabiltzanoi ez zaigu bateria agortzen, beti dago topera, ez zaigu gogoa bukatzen. Horretarako egunotan buruan darabilgun AZPidazki, ez da Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordetzak eskura jartzen digun tresna bakarra. Badaude beste baliabide batzuk ere. Asko, ezagunak egingo zaizkizue. Hona hemen:
    EHULKU: Euskara Zerbitzuak UPV/EHUko euskal erkidegoari eskainitako euskararen erabilera zuzena eta egokia bultzatzeko kontsulta eta aholkularitza-zerbitzua da. http://www.ehu.eus/ehulku/
    • UPV/EHUko Euskara Zerbitzuak koordinatutako eskuliburuen itzulpenak kontsultatzeko aplikazio eleanitza (ingeles, frantses edo gaztelaniatik euskarara) da EHUskaratuak:
    http://ehuskaratuak.ehu.eus/kontsulta/
    • Euskara Zerbitzuaren koordinaziopean itzulitako eskuliburu horietako terminoak kontsultatzeko aplikazioa da GAIKA:
    http://gaika.ehu.eus/eu
    Itzulpen eta interpretazio zerbitzua: Zerbitzu hau unibertsitateko gobernuaren eta administrazioaren esparruko agiriak itzultzeko da. Zerbitzuak eskaintzen duena eta eskatzen duena ezagutzeko, hona jo behar da:
    https://www.ehu.eus/eu/web/euskara/itzulpen-eta-interpretazio-zerbitzua

    Non ibili badago… HARTU TARTETXOA HORRETARAKO!

    Arrate Atxa. Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordetzako teknikaria.
    AZPidazki taldearen izenean.
    azpidazki@ehu.eus