Iruzkin berriak

    Euskaraz bizi, euskaraz lan egin

    Nire lan munduko ikuspegi historikoa egiteko moduan nago. Antzinakotasuneko lau egun (“kanoso”) dauzkat ordutegiaren kontroleko panelean eta ilea ere zurituz joan zait denboraren poderioz.

    Lana eta euskara, euskara eta lana. “Ordenak zerbait aldatzen du oraingoan?”, galdetzen diot neure buruari.

    Lanean hasi nintzenean, besteen iritziz euskara neraman nire aurpegian txertatuta eta nahigabe ere igartzen zidaten ingurukoek, erdaldun ugari zegoen ingurumaria hartan. Gaztelania zen idatzietarako zein harremanetarako hizkuntza eta jendaurrean lehenengo hitza euskaraz erabiltzen nuenez (modu naturalean), “la euskerika” ere deitu zidaten inoiz, baina niri ez zidan eragiten izenorde horrek, ni harro nengoen.

    Denbora gutxira, beste pertsona batzuekin lan egitea suertatu zitzaidan beste leku batean, gazteagoak eta hizkuntzarekiko errespetu handiagoa zutenak. Baina lanean gaztelaniak ardatz nagusi izaten jarraitzen zuen, bai harremanetan, baita lanerako tresnetan ere. Euskara beti joan zen gaztelaniaren atoian, merkante handi batek ondoan eramaten duen salbamenduzko txalupatxoa bailitzan. Eta ni gutxika-gutxika inguruko inprimakiak euskarara itzultzen…

    Langileak euskara ikastera joaten hasiak ziren garaietan, nik ez neukan joan beharrik, eta guardian geratzen nintzen lanean. Gustura hartzen nuen besteen lana egin beharra, banekielako handik urte batzuetara beraiekin euskaraz aritu eta lan egingo nuela. Eta euskaldundu direnekin horrela izan da, euskaraz egiten dugu nahi izan dugunean, eta gaztelaniaz ere bai.

    Teknologia aldetik ere, nabarmen aldatu da gure lan mundua. Gaur egun, lanerako erabiltzen ditugun tresna gehienak elebidunak dira. Lehenago ez ziren halakoak kontuan hartzen eta dena gaztelaniaz egiten zen. Gerora, hasieran pentsaezina zena gauzatuz joan da. Baina nekeza da egunerokoa ofizialki elebiduna den administrazioan…

    Oposaketa gainditu eta plaza aukeratzerakoan hizkuntzari erreparatu nion. Urteak neramatzan idazkaritza batean lanean eta neure gain hartzen nituen dokumentuak euskaratzea, aktak, irakasleen irakasteko programak… Dena nire borondatez. Nekeza zen, sinetsidazue.

    “Euskaraz lan egin nahiko nuke…”. Asmo horrek ekarri ninduen nagoen lanpostura. Zoriontsua naiz nire lanaren zatirik handiena hizkuntza zahar eta maitagarri honetan egiten dudalako. Nire buruak lasai dirudi…

    “Lur sail bat, urteak joan, urteak etorri, ereiten ez bada, aitzurra sartzen duzunean lur hori ez duzu hain erraz irauliko makinarik sartu gabe. Baina urterik urte ereiten baduzu, erraz irauliko duzu, lurra oxigenatu eta solteago egongo delako”. Horrela ikusten dut euskara nire 27 urteko lanaren ibilbide honetan.

    “Nafarroa Oinez” ikastolen aldeko jaiak, duela urteak erabilitako lema ezin hobearekin gogoratu naiz: “Ezina ekinez egina”.

    Jarrai dezagun ereiten, bestela ez da lur emankorrik gurean.

    Leire, AZPko langilea

    Erantzuna idatzi

     

     

     

    HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

    <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>