Iruzkin berriak

    Euskaraz bizi, euskaraz lan egin

    Nire lan munduko ikuspegi historikoa egiteko moduan nago. Antzinakotasuneko lau egun (“kanoso”) dauzkat ordutegiaren kontroleko panelean eta ilea ere zurituz joan zait denboraren poderioz.

    Lana eta euskara, euskara eta lana. “Ordenak zerbait aldatzen du oraingoan?”, galdetzen diot neure buruari.

    Lanean hasi nintzenean, besteen iritziz euskara neraman nire aurpegian txertatuta eta nahigabe ere igartzen zidaten ingurukoek, erdaldun ugari zegoen ingurumaria hartan. Gaztelania zen idatzietarako zein harremanetarako hizkuntza eta jendaurrean lehenengo hitza euskaraz erabiltzen nuenez (modu naturalean), “la euskerika” ere deitu zidaten inoiz, baina niri ez zidan eragiten izenorde horrek, ni harro nengoen.

    Denbora gutxira, beste pertsona batzuekin lan egitea suertatu zitzaidan beste leku batean, gazteagoak eta hizkuntzarekiko errespetu handiagoa zutenak. Baina lanean gaztelaniak ardatz nagusi izaten jarraitzen zuen, bai harremanetan, baita lanerako tresnetan ere. Euskara beti joan zen gaztelaniaren atoian, merkante handi batek ondoan eramaten duen salbamenduzko txalupatxoa bailitzan. Eta ni gutxika-gutxika inguruko inprimakiak euskarara itzultzen…

    Langileak euskara ikastera joaten hasiak ziren garaietan, nik ez neukan joan beharrik, eta guardian geratzen nintzen lanean. Gustura hartzen nuen besteen lana egin beharra, banekielako handik urte batzuetara beraiekin euskaraz aritu eta lan egingo nuela. Eta euskaldundu direnekin horrela izan da, euskaraz egiten dugu nahi izan dugunean, eta gaztelaniaz ere bai.

    Teknologia aldetik ere, nabarmen aldatu da gure lan mundua. Gaur egun, lanerako erabiltzen ditugun tresna gehienak elebidunak dira. Lehenago ez ziren halakoak kontuan hartzen eta dena gaztelaniaz egiten zen. Gerora, hasieran pentsaezina zena gauzatuz joan da. Baina nekeza da egunerokoa ofizialki elebiduna den administrazioan…

    Oposaketa gainditu eta plaza aukeratzerakoan hizkuntzari erreparatu nion. Urteak neramatzan idazkaritza batean lanean eta neure gain hartzen nituen dokumentuak euskaratzea, aktak, irakasleen irakasteko programak… Dena nire borondatez. Nekeza zen, sinetsidazue.

    “Euskaraz lan egin nahiko nuke…”. Asmo horrek ekarri ninduen nagoen lanpostura. Zoriontsua naiz nire lanaren zatirik handiena hizkuntza zahar eta maitagarri honetan egiten dudalako. Nire buruak lasai dirudi…

    “Lur sail bat, urteak joan, urteak etorri, ereiten ez bada, aitzurra sartzen duzunean lur hori ez duzu hain erraz irauliko makinarik sartu gabe. Baina urterik urte ereiten baduzu, erraz irauliko duzu, lurra oxigenatu eta solteago egongo delako”. Horrela ikusten dut euskara nire 27 urteko lanaren ibilbide honetan.

    “Nafarroa Oinez” ikastolen aldeko jaiak, duela urteak erabilitako lema ezin hobearekin gogoratu naiz: “Ezina ekinez egina”.

    Jarrai dezagun ereiten, bestela ez da lur emankorrik gurean.

    Leire, AZPko langilea

    AZPidazkiz gain...

    Unibertsitatean euskaraz lanean aritzeko ahaleginetan gabiltzanoi ez zaigu bateria agortzen, beti dago topera, ez zaigu gogoa bukatzen. Horretarako egunotan buruan darabilgun AZPidazki, ez da Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordetzak eskura jartzen digun tresna bakarra. Badaude beste baliabide batzuk ere. Asko, ezagunak egingo zaizkizue. Hona hemen:
    EHULKU: Euskara Zerbitzuak UPV/EHUko euskal erkidegoari eskainitako euskararen erabilera zuzena eta egokia bultzatzeko kontsulta eta aholkularitza-zerbitzua da. http://www.ehu.eus/ehulku/
    • UPV/EHUko Euskara Zerbitzuak koordinatutako eskuliburuen itzulpenak kontsultatzeko aplikazio eleanitza (ingeles, frantses edo gaztelaniatik euskarara) da EHUskaratuak:
    http://ehuskaratuak.ehu.eus/kontsulta/
    • Euskara Zerbitzuaren koordinaziopean itzulitako eskuliburu horietako terminoak kontsultatzeko aplikazioa da GAIKA:
    http://gaika.ehu.eus/eu
    Itzulpen eta interpretazio zerbitzua: Zerbitzu hau unibertsitateko gobernuaren eta administrazioaren esparruko agiriak itzultzeko da. Zerbitzuak eskaintzen duena eta eskatzen duena ezagutzeko, hona jo behar da:
    https://www.ehu.eus/eu/web/euskara/itzulpen-eta-interpretazio-zerbitzua

    Non ibili badago… HARTU TARTETXOA HORRETARAKO!

    Arrate Atxa. Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordetzako teknikaria.
    AZPidazki taldearen izenean.
    azpidazki@ehu.eus

    Lanean euskaraz aritzeko behar duzuna

    Lanean euskaraz aritzeko, bi gauza ezinbestekoak dira: gogoa eta baliabideak.

    Testu hau irakurtzen ari bazara, dagoeneko lehenengo puntua beteta duzu, zorionak! Ez galdu inoiz gogo zoragarri hori, animo!.

    Bigarrenari buruz, aldiz, idazterakoan sarri asko zalantzak dauzkagu, batzuetan oso tontoak, eta ez dakigu nori galdetu edo non begiratu. Baliabideak behar ditugu horretarako. Arlo horretan laguntzeko asmoz sortu zen AZPidazki. Bi adar ditu:

    Zalantzak argitzea: aplikazio sinple batzuen bidez, ohikoak diren zalantzak argitzen lagunduko dizu; eta galderak egiteko aukera ere eskaintzen du.

    Ereduak proposatzea: zure lanerako eredu bat beharko bazenu, gero zuk moldatu eta egokitzeko, eredu hori bidali eta euskaratuko dizugu. Eta gero azpidazkin bertan jarriko dugu denon eskura egon dadin, denek probetxua atera ahal izateko egindako lanari. Esaterako: mezuak, ziurtagiriak, gutunak…

    Galdetu, eskatu, erabili AZPidazki. Zuen beharretara moldatuko dugu, erabilgarria, erakargarria eta eraginkorra egingo dugu denon artean.

    Ez galdu euskaraz lan egiteko gogo hori. Zurekin egongo gara, bultzatu, animatu eta laguntzeko beti.

    Juan Iturbe, Euskara Zerbitzuko itzultzaileen koordinatzailea.
    AZPidazki taldearen izenean.
    azpidazki@ehu.eus

    Aurkezpenak

     

    Martxan da AZPidazki berria, eta ezagutarazteko, aurkezpen-saioak antolatu ditugu UPV/EHUren campusetan. Hona hemen xehetasunak:

     

    Non

    Eguna Tokia Gela

    Ordua

    BILBO 2017/10/23, astelehena Bilboko Ingeniaritza Eskola (II. eraikina) P6M1l 10:30-12:00
    DONOSTIA 2017/10/24,

    asteartea

    Barriola eraikina

     

    Erabilera anitzeko gela 10:30-12:00
    LEIOA 2017/10/25,

    asteazkena

    Liburutegi nagusia Informatika-gela (ikastaroak) 10:30-12:00
    GASTEIZ 2017/10/31,

    asteartea

    Elurretako eraikina AI3 gela 10:30-12:00

     

    Saio horietan, AZPidazki berriaren ezaugarriak aurkezteaz gain, probatzeko eta erabiltzeko aukera ere izango dugu, eta etorkizunera begira baliagarriak izan daitezkeen ideia, proposamen, behar, iradokizun eta abar jasoko ditugu. Izan ere, AZPidazki, batez ere, EHUn euskaraz lan egiten laguntzeko tresna izatea nahi dugu.

    Gonbidatuta zaudete, eta joateko asmoa izanez gero, jakinarazi helbide honetara: arrate.atxa@ehu.eus.

    Ongi etorri!

    Ongi etorri AZPidazki blogera, UPV/EHUn euskaraz aritu nahi dugun AZPko langileen bilgunera. Gero eta gehiago gara Euskal Herriko Unibertsitatean euskaraz lan egiten dugunak, eta gune honen bidez gure arteko sarea ehundu nahi dugu, elkarren berri izan, elkarri lagundu, gure lana eta ahalegina agerian jarri eta nabarmendu.

    Hemen aholkuak, ideiak eta iruzkinak aurkituko dituzu. Administrazioan euskara ondo eta erraz erabiltzea posiblea dela ikusiko duzu.

    Bisitatu esteka hau ere, tresna eta baliabide interesgarriak ikusiko dituzu: http://www.ehu.eus/azpidazki

    Nahi duzuenerako, hemen gaituzue: azpidazki@ehu.eus

    AZPidazki taldea