Iruzkin berriak

Aurkezpena

Informatikako Ingeniaritzan emakumeek duten egoeraz informazioa biltzeko eta zabaltzeko sortu dugu e-makumeak gune hau.

Gaia lantzeko interesa orain dela urte batzuk sortu zen, 2000. urtearen inguruan, ikasketa hauetara gero eta neska gutxiago hurbiltzen zirela nabaritu genuenean. Baina aldi berean gainontzeko ingeniaritzetan neska gehiago sartzen ari ziren. Hemen bildu ditugun lanak hiru motatakoak dira:

  • Informatikaren historian ezagun izan diren emakume informatikarien erreferentzia.
  • Azterketa estatistikoak eta kuantitatiboak, arlo honen irakaskuntzan eta lan-munduan emakumeek duten presentziaz.
  • Azterketa kualitatiboak, neskek eta emakumeek arlo honetan aurkitzen dituzten oztopoei buruz, gero ikasketa hauetan sartzeko eta jarraitzeko erabakigarriak izan daitezkeenak.

Desoreka kuantitatibo hori neskak arlo honetatik baztertzeko dauden joeren ondorioa dela uste dugu. Arrazoiak bilatu nahi ditugu; bide horretan galdera hauek plazaratzen ditugu:

  • Neskek eta mutilek interesgune berdintsuak dituzte ordenagailua erabiltzeko?
  • Orain arte garatu diren joko eta software nagusiek kontuan hartzen dituzte sexu bien gustuak eta trebetasunak? Edo batez ere publiko maskulinoarenak bakarrik?
  • Irakasleen joerak, keinuak eta espektatibak berdinak dira neskekin eta mutilekin?
  • Nolakoak dira gurasoen jokaerak? Indar berarekin animatzen dute alaba informatika ikasteko?
  • Neskak ondo estimatzen ditu makinarekin lortzen dituen trebetasun horiek?

Uste dugu neskek ere informatika lantzeko eta aprobetxatzeko interesa dutela. Baina informatikarien inguruan gizarte mailan estereotipo maskulino bat sortu egin dela, bakarti, isolatu eta aspergarri den ‘makinitas’ hori. Eta noski, estereotipo hori ez da erakargarria neskentzat. Uste dugu estereotipo hori  dela informatikari arruntaren ‘argazki’ zuzena. Neskek diziplina honen barruan dauden aukerak eta ezaugarri positiboak ezagutuko balituzte, isolatzeko baino komunikatzeko eta konpartitzeko balio duten tresna informatikoak ezagutuko balituzte, bat etorriko lirateke mundu honekin beren ekarpena egiteko. Garai batean horrela izan zen, informatikako ikasketak sortu zirenean neskak eta mutilak kopuru berdintsuetan sartzen ziren!