Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako bloga/ Blog de la Escuela de Ingeniería de Gipuzkoa

Egutegia/ Calendario

Abril 2014
L M X J V S D
« Mar   May »
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
282930  

Twitter

Irakasleok hainbat aukera dauzkagu euskarazko ikasmaterialak argitaratzeko

Batzuetan gertatzen zaigu aukerarik dagoenik ere jakin ez eta horiei probetxurik ez ateratzea. Hori horrela izan ez dadin, Euskara Batzordeko kideoi bururatu zitzaigun gure irakaskuntzarekin lotutako materiala unibertsitatean euskaraz argitaratzeko dauden aukeren inguruan mintegi labur bat egitea, batez ere EHUko  Euskara Errektoreordetzak eskaintzen dituenak izanik aztergai. Unibertsitatean denbora luze daramatenek seguruenez badute  horien berri (sortu zenetik asmo berari eutsi baitio erakunde honek, alegia, euskararen erabilera bultzatze aldera, argitalpen alorrean ere laguntzak eskaintzeari), baina berriagoek agian hutsunea dute hor. Bada, apirilaren 2an, irakasle taldetxo bat elkartu ginen Eskolan horien inguruan aritzeko.

Labur-labur, hiru aukera eskaintzen dira: liburuak itzultzea, dagoeneko idatzita dauden liburu argitaratu gabeak argitaratzea, eta bestelako irakasmaterialak (gardenkiz eginiko aurkezpenak barne) sare-argitalpen gisa argitaratzea. Ikasturtean zehar deialdiak egiten dituzte Unibertsitateko iragarki-oholean, eta, ondoren, ezarrita dituzten irizpideen arabera onartzen edo baztertzen dituzte proposamenak.

Jakina, materialek eduki eta idazkera aldetik gutxieneko kalitatea izan behar dute. Hizkuntza-egokitasunari dagokionez, XUXEN zuzentzaile ortografikoa erabiltzea eta  EHUko web-gunean bertan (Euskara errektoreordetzaren barruan) eskaintzen diren baliabideak kontuan izatea baliosten dute, batez ere EHULKUko aholkuak eta  EIMAren estilo-liburua. Baliabide hauek norberak bere kabuz barnera ditzake, baina formakuntza-ikastaroak ere ematen dira, euskara errektoreordetza beraren nahiz Euskal Hizkuntza eta Komunikazio saileko irakasleen eskutik: Euskaltzaindiaren araugintza, hizkuntza-baliabideak eta terminologia-erakera eta –sorkuntza. Ikastaro hauen berri ere EHUko iragarki-oholean ematen da, eta terminologia-erakera eta –sorkuntza  lantzen duten tailerrak iragarki-oholean ez ezik, ikastetxeetan ere zabaltzen da.

Interesa duena, beraz, hemendik aurrera adi egon beharko da iragarki-oholean ageri diren deialdiei. Hala ere, Euskara Batzordetik ere ohartaraziko dugu.

Gainontzean, EHUko deialdiez gain, Elhuyar, UEU, Pearson eta McGraw Hill argitaratzaileak ere aipatu ziren.  Izatez, Pearsoneko komertzialekin bilera bat egiteko asmoa dago, jendeak interesa edukiz gero. Horren berri, beraz, beste batean.

Izaskun Aldezabal.
UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Saileko Unibertsitateko Irakasle Titularra.

Debe estar identificado para dejar un comentario.