Jendaurrean Erabili

Jendaurrean Erabili es un proyecto en el que el campus de Gipuzkoa colabora con otros agentes para crear una comunidad de práctica orientada a mejorar el ámbito de la comunicación pública en euskera.

Este artículo presenta el proyecto y resume lo esencial del concepto de CP y su aplicación. Aquí un fragmento:

Funtsean, praktika komunitatea jakintza gestionatzeko metodo bat da. Kontzeptua Xerox enpresaren PARC (Palo Alto Research Center) delakoan sortu zen, fotokopiagailuak konpontzen ziharduten teknikarien inguruan egindako ikerketa baten baitan (Brown eta Duguid, 1991; Lave eta Wenger, 1991). Gutxi asko, ikerketa horrek agerian utzi zuen teknikari horiek euren arteko harreman informaletan elkarrengandik ikasi eta elkarri irakasten ziotela, hau da, ezagutza eta jakintza ari zirela bai sortzen, bai trukatzen, eta hori dena euren praktika (lan-praktika teknikoa) jakingai zutela. Ikerketak, beraz, lan-munduan eta ikaskuntza-prozesu guztietan oso agerikoa den zerbait erakutsi zuen: jauzi handiegia dagoela eguneroko egiten jakite (praktiko)tik eskuliburuetan edota ikaskuntza eta prestakuntza formaleko saioetan lantzen denera.

Ikerketa haren ondotik, E. Wengerrek (1998a) zehaztu zuen Praktika Komunitateen Teoria. Horren arabera, arazoen konponbideak harreman informaletan sortzen dira eta haietan partekatzen eta hedatzen dira. Ideia horietan oinarrituta, Wengerrek ikaskuntza kokatuaren teoria aurkeztu zuen. Ikaskuntza praktiken bidez egin beharreko prozesua da, eta praktiketan arizaleek ezinbestez ikasten dute, betiere zehaztapen hauekin:

  • Ikaskuntza fenomeno soziala da. Praktika berririk ikasteko besteen beharra dugu, elkarrekintzan ikasten da usu, baina, oro har, praktika jakin bat praktikatzen dutenen komunitatean sartuz, parte hartuz eta hango moduetan trebatuz ikasten dugu.
  • Ikaskuntza egoera jakin batean kokatutako praktika da, maiz, arazo zehatzei loturik, ez da praktikatik landa egiten den gogoeta edo hausnarketa, egoeran bertan esku hartuz ikasi ohi da.
  • Ezagutzan beti izaten dira alderdi esplizitua (diskurtsiboa) eta inplizitua (praktiko hutsa); hau da, azaltzen dakiguna eta egiten dakiguna ez dira bat etortzen eta azkena aurrena baino handiago izan ohi da.

Horrenbestez, praktika-komunitatea praktika komun baten inguruan ehuntzen den sarea trinkotzea da. Berez sortzen omen dira praktika berean ari direnek elkartzeko aukera dutenean, oso helburu zehatzak eduki ohi dituzte (arazoak konpontzeko amarruak, konponbide berezi edo berriak, eta abar) baina horiekin batera parekoen arteko harremanak ere josten eta indartzen dira. Halaber, praktika komunak dituztenen arteko harremanetan berrikuntza, aurreikuspena eta gogoeta prospektiboa landu daitezke (Wenger, 1998a; Wenger, 1998b; Wenger eta Snyder, 2000). Harreman sare horietan, beraz, agerian jartzen da ezagutzaren partekatze eta trukatze informala, eta nola handitzen eta berritzen den prozesu horietan, horrez gain, aditu eta ez-aditu artean konfiantza giroa sortzen dute eta horrela ere identitate-sentimendu bat jaio liteke.

Bestalde, praktika komunitateetan geruzak edo parte-hartze mailak egon ohi dira. Komunitate trinkoetan erdiguneko nukleoarekin batera bazterreko geruzak egoten dira, alegia, aritzaile trebatuek (practitioners) parte-hartze handiko nukleo bat osatzen dute eta inguruko periferian parte-hartze gutxi duten hasiberriak egoten dira. Ikerlariek guztiz legitimo eta onuragarritzat jotzen dute periferiaren parte-hartze txiki hori (Lave eta Wenger, 1991), batetik kanpotik erdigunera doan ikaste-bidaiaren hasiera izan daitekeelako, eta bestetik jakintza tasa handitzen dutelako. Honela, bada, hiru maila topatuko ditugu praktika-komunitateetan:

(1) Erdiguneko nukleoko parte hartzaile engaiatuak, parte-hartze handiko kideak, biziarazleak eta sustatzaileak;

(2) nukleo inguruko aritzaileak, nukleotik proposatzen diren ekitaldi eta ekimenetan parte hartzen duten kideak; eta

(3) periferia, aktiboki parte hartzen ez duten interesatuak, modu pasiboan edo segimendu bat egiten parte hartzen dutenak.

Komunitatea on-line antolatzen bada, azken geruza handiena izaten da, diferentzia handiz. Gainera, ikerlari batzuek ikaskuntza-taldea, praktika-komunitatea eta praktika-sarea bereizi dituzte (Brown eta Duguid, 2000). Baina ikusi denez hirurak txertatu ahal dira modu osagarri batean.

Fuente: Apodaka, E., Anduaga, U., Suberbiola, P. & Eskisabel, I. 2017. Jendaurrean Erabili Praktika Komunitatea, euskarazko komunikazio publikoari eraginez. BAT Soziolinguistika Aldizkaria 103 (2), 89-113.

 

Leave a Reply

 

 

 

You can use these HTML tags

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>