Kronika: Giza Eskubideen XIV. Zinemaldia

Egilea: Iraia Labaca Vela (Gizarte Hezkuntzako ikaslea)

Giza Eskubideak, pertsona bakoitzari aitortzen zaizkion oinarrizko zenbait ahalmen edo baloreak dira. 1948ko abenduaren 10ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen. Horrela, gizabanako guztientzat giza eskubide unibertsalak aldarrikatzen zituen dokumentua sortu zen, Nazio Batuen Erakundea osatzen zuten estatuen gehiengoen onarpena izan zuelarik. Dokumentu hau, hitzaurre bat eta 30 atalez osatzen da eta horietan, eskubide zibil, politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak jasotzen dira. Eskubide hauek, pertsona guztiei dagozkie eta ezin zaizkio inori ukatu bere nazionalitate, bizileku, sexu, jatorri, arraza, larru-kolore, hizkuntza, erlijio, politika, ekonomia-maila edo beste inolako gorabeheragatik.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaz geroztik, giza eskubideei buruzko nazioarteko itun ezberdinak onartu dira: Arrazagatiko Diskriminazio Mota guztiak Ezabatzeari buruzko Nazioarteko Hitzarmena (1965), Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Ituna (1966), Emakumeen aurkako Diskriminazio Mota guztiak Ezabatzeari buruzko Nazioarteko Hitzarmena (1979), Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena (1989) …

Ikus daitekeen moduan, azken urteetan lan asko egin da giza eskubide hauen defentsan. Baina, begirada egungo errealitatean ipiniz gero, giza eskubideen urraketak eguneroko ogia diren egoera edo mundu bortitz, gatazkatsu, arazotsu eta ezezagun bat topatzen dugu. Etorkizuneko gizarte hezitzaile gisa, errealitatearekiko begirada hori ezagutzen, sakontzen eta zabaltzen lagundu didaten baliabide ezberdinak ezagutu ditut, eta azkena, Giza Eskubideen XIV. Zinemaldia izan da. Honek, gizartearen erronka eta gabezia handiei buruzko ikuspegi kritiko, solidario, aldarrikatzaile eta zabala eskaini eta eragiteko helburua du. Bertan, gazte epaimahai gisa parte hartuz, giza eskubideen inguruan sentsibilizazioa pizteko eta egungo gizartearen egoera erreala ezagutzeko izugarriak diren 29 herrialdeetako 56 film (33 luze eta 23 labur) ikusteko aukera izan nuen. Gainera, filmetako zuzendariekin, protagonistekin eta gizarte arloko profesional ezberdinekin eginiko solasaldiekin, gaiaren inguruan hausnartzeko eta ezagutzak konpartitzeko aukera ere eskaini zidan. Astebetez, gai ezberdinen inguruko ezagutzak jasotzeko aukeraz gozatu nuen: pobrezia, migrazioa, jihadismoa, facebook (teknologia eta informazioaren gizartea), emakumeen salerosketa, Ceutako muga, gerrako presoek jasandako tratu txarrak …

Batetik, azpimarratzekoa da zinemaldian parte hartzen duten ikertzaile eta profesionalek egiten duten lana eta jokatzen duten rola. Izan ere, itzalean ezkutatzen diren egiak argira ateratzeko ahalegin guztiak egiten dituzte eta aurrera eramaten dituzten film eta dokumentalak burutzeko garaian, arrisku larriko egoerei aurre egin behar izaten diete. Honen adibide garbia “Chicas Nuevas 24 Horas” izena duen emakumeen salerosketari buruzko film luzea litzateke. Bertan, Mabel Lozano (zuzendaria eta emakumeen salerosketan aditua) eta bere taldeak lan bikaina egin zuten, baina, Uruguay eta Peru bezalako herrialdeetan murgildu behar izan zuten, non polizia bera eta erakunde guztiak ustelkeriaz beteak eta salduta dauden. Ondorioz, guztia negozio horien jabe diren mafien esku dago eta filma grabatu bitartean beraien bizitzak ere ezer gutxi balio zuten. Baina, merezi ote du horrelako arriskuetatik igarotzeak? Honen inguruan hausnartzen aritu ondoren, ez dakit zein puntutaraino merezi duen ala ez eta erantzun egokiena egoera horien protagonistak izan direnek eman dezaketela pentsatzen dut. Hala ere, oso arro eta zoriontsu sentiarazten nau benetan Giza Eskubideetan sinesten duten pertsonak daudela eta horien alde etengabe borrokatzen dutela ikusi izanak.

Izan ere, garrantzitsua da egungo gizartean egia manipulatu edo/eta ezkutatzeko dagoen joera handiaz jabetzea, komunikabideetan batez ere. Informatzeko eta komunikatzeko baliabide hauek, gizarteko esparru gehienak bezala, merkatu ekonomikoaren (kapitalismoaren) baldintzapean daude. Komunikabide gehienen jabeak (telebista kateenak adibidez), enpresa eta bankuak dira eta hauen artean ere lehia dago. Publikoa irabazteko norgehiagoka horretan, publikoarengan eragina duten estrategia ezberdinak erabiltzen dituzte (lengoaia, metaforak, irudiak …). Ondorioz, medioak maneiatzeko boterea dutenak hiritarrengana ailegatzeko sekulako ahalmena du eta gaitasun hau eskuratzen den unetik, inguratzen gaituen guztiaren gaineko gure pertzepzioa baldintzatzeko aukera dago. Zori txarrez, medioen bitartez egiten diren manipulazioak ugariak dira eta komunikatzaileek errealitatea islatu beharrean birsortu egiten dute (dituzten interesen arabera). Halaber, kontakizun surrealistak erabiltzen dituzte gizartea despistatzeko, munduaren amaiera faltsuak adibidez. Baina, gutxi izaten dira zinemaldian bezala egia kontatzen dutenak eta ondorioz, errealitatean gertatzen diren zenbait gertakizun pelikuletako kontuak direla pentsatzen dugu, urruntasunez ikusten baititugu.

Bestalde, hasieran aipatu ditudan giza eskubideen inguruko aurrerapauso horien ondorioz, jendea asko lasaitu egin dela ikusten dut, legezko itun eta hitzarmen horiekin arazo guztiak amaitu direla pentsatzen duen jendea. Baina, zinemaldian ikasi eta ikusi dudan guztiaren ondorioz, hitz edo paper zati polit guzti horiek utopia hutsa izaten amaitu dutela pentsatzen dut, ez baitatoz bat bizi dugun eta zinemaldian islatzen den errealitatearekin. Urraketa ugari horien jatorri ezberdinen artean, bi izan dira nagusiki nabarmendu ditudanak: batetik, diruzalekeriak eragindako urraketak eta bestetik, berriz, sinesmen edo iritziak inposatu nahiak eragiten dituenak. Lehenengo kasuaren adibide garbiak, lehen aipaturiko “Chicas Nuevas 24 Horas” izeneko filma edo “Le Don” izeneko karitateari buruzko laburmetraia lirateke eta bigarrenaren adibide gisa, berriz, “Among the believers” izeneko film luzea aukeratuko nuke, madrasak eta jihadismoaren ingurukoa.

Orokorrean, zinema, aisiarako tresna izateaz gain, hezkuntzarako baliabide indartsua da eta askotan, giza eskubideekiko konpromiso handia duten ekintza, erlazio, pentsamendu eta egoera ugari erakusten ditu. Aldi berean, saltzen dizkiguten gezurrak ezeztatzeko, egiak argira ateratzeko, jendea elkartzeko, indarrak batzeko … ere balio du.

XXI. mendean bizi gara eta pertsonengan jarrera “moderno” gehiegi ikusten ditut, hau da, tolerantzia, errespetua, aniztasuna … bezalako baloreak modan daudela esan daiteke eta jende askoren ahotan errazegi entzuten dira “oso liberala naiz, guztia errespetatzen dut, tolerantzia handia dut, ez naiz arrazista …” eta horrelakoak. Baina, gutxi izaten dira benetan hori betetzen duten pertsonak, zaila baita guztia toleratu eta errespetatzea. Gogoratzen dut zinemaldiko egun batean, filma amaitu ostean, alboan nituen gazte batzuek (20 urtetik gorakoak) izan zuten jarrera. Benetan lotsagarria izan zen, parez pare tarteka lo geratzen zen mutiko bat zuten eta hauek bere kontura barrez eta txisteak egiten igaro zuten saioaren gehiengoa. Seguruenik gazte horiek beren borondate eta interes propioarengatik zeudela zinemaldian eta gainera, errespetuzko pertsonentzat izango dituztela beren buruak, baina, begira zein erreza den oharkabean errespetua galtzea. Hori gerta ez dadin, ezinbestekoa da lehenik kontzeptu horiek eta bizi dugun errealitatea ongi ezagutzea, eta askotan, hori izaten da zailena.

Behin baina gehiagotan eta pertsona ezberdinei entzun izan diet beldurra dela errepresiorako tresnarik boteretsuena, naiz eta hori egia izan, ikusi ditudan filmek gogorarazi didate ezjakintasuna ere sekulako arma izan daitekeela. Zerbait onartu baino lehen zertan ari garen jakiteak eta gure eskubideak zeintzuk diren ezagutzeak gure eguneroko bitzetan eta baita geure ongizatean ere zenbaterainoko eragina duen ikusi dut. Ondorioz, ezagutzea, jakitea, informatzea, hezkuntza on bat jasotzea eta zure bizitza aukeratu ahal izatea oinarrizkoak dira eta are gehiago, guztion eskubideak! Esan dudan bezala, etorkizunean gizarte hezitzailea izango naiz eta ezinbestekoa ikusten dut munduko egoera guztien inguruan eguneratua egotea, saltzen dizkiguten manipulazioak zeintzuk diren antzematen jakitea eta baita horien atzean dagoen egiaz jabetzen jakitea ere. Horregatik, oso ideia ona iruditzen zait unibertsitate bertatik Donostiako Giza Eskubideen XIV. Zinemaldian gazte epaimahai gisa parte hartzeko aukera eskaini izana, eta gainera, gai guzti horiek lantzeko aukerarekin bat unibertsitateko kredituak lortu ahal izatea.

Zinemaldiaren ostean nabarmendu daitekeen moduan, giza eskubideak guztiongan errespetatuak eta berdinak izan daitezen lortu nahi badugu, oraindik lan asko dugu egiteko. Horretarako, hezkuntzan oinarritu behar garela pentsatzen dut, hezkuntza on bat jasotzean dagoela gakoa. Hezkuntza formala, ez-formala zein informala, guztiak dira oinarrizkoak eta elkarlanean aritu behar dugu, horrela, txikitatik giza eskubideen eta tolerantzia, elkartasuna, errespetua, aniztasuna … bezalako baloreen inguruan heziz. Ildo beretik, ezin dugu ahaztu giza eskubideetan bertan ere sekulako lana dugula egiteko, hainbat autorek planteatu dituzten erronken artean honakoak dira nagusienak: giza eskubideen ikuspegi zabal eta oro ulerkorra ezartzea, benetako ikuspegi unibertsala lortzea, globalizazioak eskubide horiengan duen eraginaz jabetzea eta giza eskubideak babesteko mekanismoak hobetzea (bai nazio mailan eta bai nazioartean).

Ondorioz, beharrezkoa ikusten dut Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia bezalako ekintzak antolatu eta aurrera eramatea. Gainera, urtez urte ahal diren hobekuntza guztiak egiten direla pentsatzen dut eta aurten ez dut arazorik topatu ezgaitasunen bat duten pertsonak bertan parte hartu ahal izan dezaten. Orokorrean, oso sentsazio onarekin geratu izan arren, espero dut zinemaldiak ikusleengan izan dituen eraginak Victoria Eugenia Antzokitik urrutiago iritsi izana, hau da, parte hartzaileen pentsamenduetan eragiteaz gain, beren iritzi, ikuspegi, jarrera, bizimodu eta egunerokoan eragin izana. Horrela, gizabanakoak elkartu, indarrak batu eta aldaketa edo irtenbide posibleak bilatu eta martxan jarri ahal izateko. Amaitzeko, zinemaldiaz geroztik buruan bueltaka dudan esaldi bat aipatzea gustatuko litzaidake: “Askotan, delituak, gertakarien arrazoiak izaten dira eta ez gertakariak berak”.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>