Kritika: AMA, NORA GOAZ?

Egilea: Leire Etxeberria Lizaso

Txikitatik entzun izan nuen aitaren ahotik amonak gerratean Frantziara joan behar izan zuela. Ez dugu inoiz asko hitz egin horri buruz hala ere, horrelakoxea izan da emakumearen historia, gordina baina gordea. Gerrateko emakumeek pairatu behar izan zituzten egoera latzek ez dute fikzioaren munduan leku handirik izan, ospetsuagoak dira tiroka ibili ziren gizon ugarien kontaketak, komertzialagoak behintzat badirela argi geratu da. Betetzea beharrezkoa zen hutsune hori asetzeko pausua ematen du film honek, emakume borrokalari horiek merezitako errespetua eta errekonozimendua dute azkenik.

Gaur egun milaka errefuxiatuk beraien herrialdeetatik ihes egiten duten moduan, filmean behin eta berriz azpimarratzen den paralelismoa, 1000 emakumetik gorak hanka egin behar izan zuten beraien etxeetatik eta umeak besoetan, herria atzean utzi zuten. Haur hauek dira​ Ama, nora goaz?​ filmaren protagonista eta kontalari. Zaila da andre hauen istorioez ez gozatzea, une gogor artean, hunkitzeaz gain, irrifar bat ere eragiten du ikuslearen aurpegian filmak. Hunkigarria da ikustea nola gogoratzen dituzten beraien amen hitzak:«Ez ahaztu, berriro gerta ez dadin, baina gorrotorik ez», «Ez gelditu atzera begira maitea, bidea aurrean da eta». Horixe da filmaren mezu nagusia, gogoan izan aurrekoek bizitakoa, errepika ez dadin, aurrera egin etorkizun hobeago baten esperoan.

Fikzioa eta dokumentala nahasten ditu filmak, Edurne Aizpurua, Lore Albizu, Margari Albizu, Josune Sasiain, Lide Balenciaga, Agate Sodupe, Tere Larrar, Itziar Sagarzazu, Matilda Aizpurua, Garbiñe Andonegi, Arantza Bullain, Anita Usiain protagonisten testigantzaz gain une oro Esther Remiro (amona) eta Barbara Rivas (iloba) aktoreen pertsonaiak ditugu istorioaren haria gidatzen. Kamera batekin eskuan duela 80 urte igarotako bidea egiten du ilobak, isilik dagoen amonaren ahotsa ekartzen digu gazteak. Film honetan soberan dagoen elementu bakarra da honakoa. Fikzioa eta errealitatea nahastea zuzendariak narrazio hobe baterako hartu zuren erabakia izan arren, ez du filmean ekarpen handirik egiten eta askotan Barbara Rivasen pertsonaia soberan sumatzen dugu filmean.

Hala eta guztiz ere, erabat film gomendagarria dela deritzot, hein batean beharrezkoa bai
euskal zinemarentzat, eta baita euskal historiaren hedapenarentzat ere. Emakumeen indarrari merezitako omenaldia izateaz gain, egun hauetan hain beharrezkoa den memoria historikoarentzat opari bat da filma.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>