Crítica: DEV BHOOMI (Land of the Gods)

Egilea: Nerea Oliban Lizarraga
Rahul Uttarakhandera bueltatzen da 40 urte igaro ondoren. Ez dauka harrera onik ez diotelako alde egin izanaren iraina barkatzen. Uttarakhand: madarikazioak egiten diren lurraldea. Uholde, lurrikara, glaziar eta baso sakonen tokia. Gangesen urak bustia, Himalayari esker zerua eta lurra lotua eta bere magala tenplu hindu ugariz jantzia. Tigre, ahuntz, elurretako lehoinabar zein erromesek ibilia. Airea espiritismoz josia, patuak dena dauka abian. Umezurtzak familiari hitz egiten dio oihuka eta oihartzuna du erantzun. Mendebaldearekiko filosofia-elkarrizketa desberdinak daude beldurrik gabeko heriotzaren onarpen irekian. Pinturak diruditen paisaiak, biztanle alaiak eta artzain ibiltariak; jantzi biziak. Ezkontza koloretsuak, dantzari lirain eta txalo artean… Baita derrigorpean.

Tradizioa lege da altuera hauetan. Bakar baten erabaki zein ekintzek familia osoaren abizenean eragina daukate. Presio honi egin behar dio aurre protagonistak. Film intimo hau lausoa da, geldoa, Uttarakhand berak ez baitauka prisa handirik. Ez dauka gora-behera intentsu askorik ikusle baten narrazioa delako. Emakumeekiko diskriminazioaren testigu da protagonista, bera ere, gaitzetsia izanik. Hitzarmendutako ezkontzak dituzte emakumeen %80ak hamasei urte betetzean. Ezarpen honen arrazoia ekonomia familiarra da eta horixe salatu nahi du Paskaljevicek, bertoko intelektualek eta guzti urraketa-sistema hau defendatzen baitute. Emakumeak manaerrazak izan behar dira eta ezkontzak morroi bilakatzen ditu. Senarrarengatik herria uzten dute ea bere familia berriro ikusiko duten jakin gabe. Hau onartzen ez duenak Jainko, ohitura eta patuak iraintzen ditu beraz, hezkuntzari leporatzen zaio errua. Gurasoak ikasketen aurka daude euren alabak unibertsitatera joan nahi dutenean, ikasketek amets eta beraienak ez diren pribilegioetan (eskubideak izanik) pentsarazten dituztelako.

Filmean zehar emakumeak kontrolatzeko moduak eta kasten garrantzia agertzen da. Ondorioz, pelikula hau ez da liraina ezta edozein publikorentzat egina. Ezin da edozein zinema aretotan proiektatu. Honakoa diodanean, bereziki Indiatik alde egin dutenentzat bideratua dagoela diot. Gaian interesik eduki ezean, astuna izan daiteke. Presupuestorik ez eta jasotako inbertsio bakarra emakume indiar batena da, zeinari familiak ez dion hitzik egiten banantzera ausartzeagatik. Datu garrantzitsua da pelikularen denuntzia errealitatera hurbiltzen duelako. Are gehiago, film serbiar hau grabatzerako orduan ministerio indiarrak ofizial bat bidali zuen oniritzia emateko.

Proiektua aberatsa da diskretuki asko irakasten duelako. Inprobisazio artistiko trebea eta baita fidela ere, dekoratu bakarduna. Hala ere, zinemaldia toki egokitzat daukat eta zeharka garbi uzten du narrasean emakumeak harrapatzen dituen ekaitza. Korronte hau indartsua, bideratua eta handiegia da. Zenbait emakume ito egiten dira bertan buruaz beste eginda, sakonenean hondoratuz. Agur korrontearen aurka egitearen borroka neketsuari. Gonak harriz beteta daude ibai honetan. Batzuek harriak hezkuntza dela diote, besteek aldatu beharreko ohiturak. Baina ororen gainetik Ingalaterran, Indian, Serbian zein Euskal Herrian… “toki guztietan bizirauteagatik borrokatzen da” (pelikulan aipatzen den bezala). Hots, harri zama gainetik kentzeagatik.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>