Zinemaren zirrara 15. Giza Eskubideen Zinemaldian

Egilea: Leire Etxeberria Lizaso

9 egun. Donostiako 15. Giza Eskubideen zinemaldia. Unibertsitateko praktikak nituen bertan, Gazte Epaiaren kide izan naiz eta azken egunean hauen ordezkari lanetan ere ibiltzea egokitu zidaten. Irrikaz nengoen aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldia hasteko, baina inork ezin izango zuen aurreikusi bertan biziko nuen guztia. 9 egun, film, solasaldi eta prentsaurrekoz beteak. Zinemaldiaren egunerokoan murgiltzeko aukera paregabea izan da.

Hasteko, pertsonalki, lezio handia izan dira egun hauek. Duela gutxi arte ez nuen zinemaldiaren berri izan, eta ohartu naiz nire ingurukoen egoera antzekoa zela. Gazteak Giza Eskubide hitzak entzutean soilik aspertzen direla dirudi. Agian zaharkitua geratu den terminoa, batzuetan hutsala dirudiena, gaur egun bizirik eta borroka sutsuan dirau. Oraingoan erreminta ezin hobeagoaren eskutik: zinema. Ikus-entzunezkoak beti izan dira tresna paregabe bat jendartea erakartzeko eta beste alde batera begira bizi den gizarte honetan, fokua benetan garrantzia duten gaietan jartzen du Giza Eskubideen Zinemaldiak

Gaien aniztasuna harrigarria da: kristau eta musulman komunitateen liskarretatik (Clash edota Watu Wote, film labur onenaren irabazlea), Euskal Herritik igarota (Ama, nora goaz?), lan-merkatuaren egoera (La Mano Invisible) eta pertsona transexualen eskubideak (Just a normal person) landu dira zinemaldian, besteak beste.
Aniztasunaz gain aurtengoan izan den kalitatea azpimarragarria da. Esperientzia gogorra ere izan dela onartu behar dut, film askoren gardentasuna izugarria izan da eta eskertzekoa den arren, egunero

Esanguratsua da Ikusleen Saria The Eagle Huntress (Otto Bell; AEB,2016) filmak eskuratzea. Aretotik irribarre batekin ateratzea lortu zuen film bakarra izan da. Mongoliako paisai izugarriak eta musika ezin hobearen akonpainamenduaz, berdintasun istorio polit bat kontatzen digu filmak. Zinemaldian oro har lantzen diren gai latzak kontuan izanik, salbuespena da filma, eta kasualitatez, Ikusleen Sariaren irabazlea. Agian munduan zehar pairatzen diren milaka bidegabekeriei aurrez aurre begiratzeko prest ez dagoen gizarte baten seinale. Amnistia Internazionaleko saria, berriz, Jackson (Maisie Crow; AEB, 2016) dokumentalak irabazi du eta aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria Deepa Mehta Indiarrak irabazi du.
Halakoa izan da zinemaldia, anitza, feminista eta borrokaz betea. Zurrunbilo honetan murgildurik, ametsetan ere irudikatu ere ez nituen bizipenak gozatzera iritsi naiz. Antzokian burua biratu eta ikusleen aurpegiak behatzearen magiaz ohartu naiz. Victoria Eugenia antzokian, filma pantaila handiaren atzetik ikustearen zirrara, kontroladore, foku eta mila kablez beteriko gune xarmagarria. Sari banaketaren aurreko urduritasun uneak. Baina batez ere, zinemaren indarraz ohartu naiz, indar eraldatzailea, ezagutza emailea eta ideia astintzailea.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>